Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Kontsumo-Barometroaren bosgarren urtea : Kontsumoan zorrotz eta osasunaz kezkati
Produktu-kontsumitzaile eta zerbitzu-erabiltzaile den aldetik, espainiar hiritarrak dituen aztura eta jokabideen bilakaera erakusten du inkesta erraldoi honek
Horiexek dira, produktu-kontsumitzaile eta zerbitzu-erabiltzaile den aldetik, espainiar hiritarrak agertzen dituen ezaugarri bereizgarrienetako batzuk, 2001ez geroztik urtero Fundación Eroski-k editatu eta Enpresa Institutuak gauzatzen duen Kontsumo Barometroaren arabera. Horra hor hiritar horren beste hainbat ezaugarri: etxeko erosotasun giroa estimatzen du eta, aldi berean, oporretan kanporako bidaia egiten geroz eta ohitura handiagoa hartzen ari da, gobernuz kanpoko erakundeetan jarduteari muzin egiten dio, hondakinen jasotze selektiboan kolaboratzeko kontzientziadun dabil, erosketetara joan edo merkatal guneetan paseatzen zaletuago etxetik kanpora bazkaldu edo afaltzera irteten, zinemara edo kirol ikuskizunetara joaten baino areago.
Bost urtean, kontsumitzaileak aldaketa gutxi
Elikagaien gaineko informazio-iturri diren aldetik, kontsumitzaile elkarteetan jendeak gehiago sinesten duela atzematen da baina, era berean, alor honetan Herri Administrazioen jarrera uzkurra da, hobetze bidetik omen doan arren. Azpimarratzekoa, nola ez, bi irakurketa sakon egiteko motiboa ematen duen aldakuntza: elikagaien etiketetako iraungitze datari kontsumitzaileak lehen baino gutxiagotan erreparatzen dio baina, bestetik, osagaien zerrendaren eta nutrizioari buruzko informazioaren irakurketa maizago egiten du. Alde batetik, balio erantsiko informazioa eskatu eta baliatzen duen hiritarraren prestakuntza lanabes eraginkorra da osasunaren eta itxura fisikoaren kezkak produktuen hautapenera bideratzeko; bestetik, elikagaien ekoizle eta banatzaileen profesionaltasunean eta eraginkortasunean lehen baino gehiago, sakonago sinesten da: iraungitze data gutxiago kontsultatze hori, seguru-seguru, egun dendetan data gainditu duten produktuak aurkitzea salbuespen hutsa izatearen adierazle da.
Dena den, guk geurea: bizitza garesti dagoela uste dugu, ordaindu dugunaren truk jasotzen dugun horrek ez gaitu behar bezala asetzen, ratioaren eboluzioak ez du duda-izpirik uzten: 2001ean 5,7 puntuz hasi zen eta Barometroaren edizio bakar batean ez da 5,8ra iritsi. Badaude albiste onak, ordea: produktuan edo zerbitzuan jarri ditugun itxaropenak bete ezean, erreklamazio formalak egiteko eskubidea geroz eta gehiagotan baliatzen dugu. Aldaketa mesedegarriekin jarraitzeko, gizarte informatizatuagoa osatzen dugu eta Internet eta teknologia berriak jende gehiagorengana iristen dira, mesfidantza gutxiago harrotuz. Beste alderditik, ostera, produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko baliagarri izan daitekeen informazioarekiko asebetetze-maila ez da hobetzen, itxuraz aldaezin den erdipurdiko ilunpean geratu baita: alor honetan asebetetze gehien sorrarazten duen sektorea osasun-zerbitzuena da (6,7 puntu), ondotik elikadura (6,4 puntu) datorkiola. Biak, ikusten denez, kalifikazio apalak eraman dituzte. Aseguru, etxetresna elektrikoen konponketa eta etxebizitzaren gaineko informazioa, aldiz, nota txarreneko ditugu hemen. Lehenago monopolio ziren sektore zenbaiten (argindar eta gasaren banakuntzaz eta telefoniaz ari gara) liberalizazioaren emaitza gisa, hornitzailez aldatu diren erabiltzaileen kopurua aintzat hartuta, hautemaniko dinamismo eskas hori hobe bazterrean uztea.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 4]
- Joan hurrengo orrialdera Egungo kontsumitzaile espainiarraren ezaugarriak »