Zergatik dira kaltegarri harreman batzuk?
Norekin nahi dugun hautatzea garrantzi handiko kontua da; ongi aukeratzea, funtsezkoa. Gure begiak norbaitengan pausatzean erakartze-estimuluari erantzuten ari gatzaizkio. Fisikoki atsegin zaigu pertsona hori baina hori, lotura finkatu arte, pixkanaka ezaugarri eta bertuteez osatuko den katearen begi bat baizik ez da. Kontuan izan dezagun, dena den, lokarri hori helduago eta osasuntsuago izango dela “geure buruarekiko harremana” ona bada. Bestela esateko, bikotekidea bilatu eta aukeratzeko, abiagune egokiagoan kokatuko gara geure burua ezagutzen badugu, auto-estimua birrinduta ez badugu, geure mugaz hein batean kontziente bagara eta, hortaz, hautatzeko askatasunaren jabe bagara.
Maitatzea ez da kateatzea, lotzea baizik
Beste pertsonarekiko kontaktuan aurrera egiteko zailtasunak izango ditugu geure burua aske, arduratsu eta paregabe ikusten ez badugu. Bestela, oso litekeena da okerreko morrontzat sortzea, gure afektibotasunean ditugun hutsuneen ondorioz.
- Elkar maite ez badugu nekez onartuko dugu eskaintzen zaigun maitasuna. Hitz goxo bat aditzen dugunean bezala gertatuko da: bere gorputzarekin gustura sentitzen ez denak ez du adierazpide hori eskertuko, ez du sinetsiko eta, areago, ez du toleratuko.
- Garen bezala geure burua erakusten ez badugu, bestearekin komunikatzen ez bagara, beste horri ezinezkoa zaio egiaz existitzen garela jakitea; gehienez ere, proiektatzen dugun ikusezintasuna bueltatu baizik ezingo du egin.
- Geure burua, zor zaion duintasunez eta errespetuz tratatua izateko eskubidedun gisa ikusten ez badugu, nekez eskatuko dugu merezi bezala har gaitzaten.
- Geure muga, potentzialtasun eta erritmoen berri ez badakigu, lausoan biziko gara, bestearen espazioa inbadituz eta geure espazio kutun pertsonalean eginiko inbasioak onartuz.
Morrontzazko harremanetan erortzeaz
Auto-estimu maila apal hori sufritzen ari garela jakitera iristea ez da kontu samurra baina hori aintzat hartzea aurrerapauso itzela da. Hasteko, ikus ditzagun jarraian dauden sintomak. Hiru baino gehiago biltzen baditugu, oso litekeena da auto-estimua egoera larrian egotea:
- Segurtasun pertsonal apala. Segurtasuna ez da neurritan adierazten, baina haren tamaina ezagutzen dugu. Ausardia eta segurtasuna ez da gauza bera: bere ahuleziak ezagutzen dituena, ezkutatzen ez dituena, onartzen dituena da pertsona segurua.
- Indibidualtasunaren garapen pertsonalaren aurrean beldur handia. Pertsona den bezala agertzeak izutu egiten du. Agian, nortasunaren ezaugarri zenbait gehiegitan aurpegiratu zaizkio eta, ondorioz, horiek gordetzea erabaki du.
- Frustrazioaren aurreko tolerantzia txikia, itxaropen pertsonal eskasak eta, areago, arriskuak onartzeko joera ahula. Akatsak izatearen ondoriozko nahigabeari saihets egitea da kontua: beldurrak geldiarazi eta isilarazten gaitu.
- Balioen barneratze zurruna eta, ondorioz, erruduntasunaren berehalako agerpena. Auzitan ezin jar daitezkeen -horrela eginez gero, zigorra litzateke erantzun bakarra- beraren edo besteren printzipio mugiezinak onartu egiten ditu pertsonak.
- Pentsaera-sistema zurrun, perfekzionista eta kontrolatzailea. Sortu duen mozorroa hertsiki itsatsirik darama eta, gainera, mugi ez dadin ahaleginetan dihardu pertsona horrek.
- Autonomia pertsonal urria; horrenbestez, erreferentzi ereduak -ama edo aita, bereziki, imitatzeko edo horietatik urruntzeko- imitatzen ditu eta bikoteak izan beharko omen lukeena adierazten duten mitoetan sinesten du.
- Ez gara laranja erdiak. Laranja erdiaren mitoak, osatuko gaituen beste erdiaren bila dabilen zerbait garela sinestera garamatza. Geure hutsune eta guzti baina unitate osoak gara, geure zoriontasunaz arduratu behar dugunak.
- Ez dugu beste pertsonaren osagai edo ondasun izan behar. “Zu gabe ez naiz ezer”: mito horri ama-umearen arteko lokarriaren tekoa dario. Zilbor hestea ebakitzea autonomo izatera heltzea da. libre izatea, alegia.
- Egiazko maitasuna ez da beste pertsonarekin bat egitea. Bikotekidearekin bat egitea inoiz ezinbestekoa bada ere, bat egite horretaraino iritsi ahal izateko nork bere burua bakar eta bereiz dela jakin behar du.
- Denetarako bat eginik, ez. Bikotekideek elkarrekin komunikatu eta partekatu behar dute; horrek esan nahi du espazio bat parteka dezakegula baldin eta espazio horren jabe bagara, bakoitzak bere buruarentzat zaintzen eta mimatzen duen lursaila daukanean: lursail hori izango da partekatzeko gaia.
- Egin zoriontsu zure bikotekidea eta hark zu egingo zaitu zoriontsu: maitasuna ez da horren soila. Zoriontasuna eskaini eta eskuzabal partekatu ahal izateko, bikotekide bakoitzak, berez eta bereiz, zoriontsu izan behar du.
- Bestearen jarraitzaile erabat zintzoa izan behar duzu: akats larria. Bikotekideak, egin behar duenean, zuzentzen ez bagaitu, txalorik ere ez digu eskainiko. Lokarriaren ondoriozko obligazioak sorrarazitako onarpen edo amore emate hori nagusitzen denean ezaxolakerian amil daitezke bikotekideak.
- Bestearena asmatu egin behar da, hemen ez dago magiarik. Inork ezin lezake seguru jakin besteak zer pentsatzen, zer sentitzen duen. Ezta bere buruari dagokionean ere. Igarpenetan jolastea inkomunikazioaren iturri da.
- Bikotearen arazoak ez dira jorratzen: oso litekeena da isiltasunak lokarria ebakitzea. Kontua ez da jasatea eta matrimonioaren iraupenaren alde sutsu borrokatzea; kontua da nork bere buruarentzako laguntza bilatzea. Pertsona da berreskuratu behar dena: era horretan baliteke bikoteak funtzionatzea. Baita ez funtzionatzea ere.