Milioika datu zentimetro urritan
“Perfumerik delikatuena flasko txikienean” esan ohi da. Horixe bera aplika dakieke ekipo mugikorretako teknologia berriei ere. Kamera digitalean (argazkiak), GPS nabigatzailean (ibilbide guztien datuak dauzkan programa), telefono mugikorrean (izen eta zenbakiak) edo PDA agenda batean (artxiboak, mezuak, helbideak, etc.) benetako garrantzia daukan elementu hori pare bat milimetroko lodiera eta zentimetro karratu gutxiko azalera daukan “flash” memoriadun txartelean sartzen da.
Tamaina txiki baina erresistentzia handikoak
Disko gogor tradizionalen aldean “flash” memoriadun txartelak garestiak dira, prezioa eta datuak biltzeko gaitasunaren arteko proportzioa dezente biziagoa delako. Txartelaren abantailak bestelakoak dira: arin-arinak izaki eta espazio gutxi behar dutenez, egun osoan aldean daramatzagun aparatu txikietarako egokienak dira. Horrez gainera, osagai mugikorrik ez daukatenez, nahi adina astin ditzakegu ekipoak, aparatua edo zerbitzua hondatu gabe (disko gogorreko orratza footing saio baten erritmoan astintzen badugu, aparatua hondatu egingo digu).
Txartelak gelaxka mikroskopikoez osatuak daude: elektrizitatea igarotzean boltaje desberdinetan dabiltzan elektroiak horietan biltzen dira eta, era horretan, karga elektriko desberdinez osaturiko mapa moldatzen da: horrela gordetzen du txartelak dispositibo mugikorretik jasotzen dituen datuak (argazkiak, dokumentuak, bideoak, etab.). “Flash” memoriadun txartelei “ez-lurrunkor” derizte, elektrizitatetik deskonektatzean ere datuak gordetzen dituztelako. Estreinako txartel “ez-lurrunkorrak” 1971an asmatu eta EPROM (“Erasable Programmable Read-Only Memory”) bataiatu ziren, hots, irakurtzeko bakarrik balio duen memoria programagarri eta ezabagarria. EPROM haiek ere ez zuten daturik galtzen argindarrak huts egiten bazuen baina, berriro grabatu ahal izateko, izpi ultramoreen laguntzarekin ezabatu behar ziren aurrenik. Hitz batez, haietan ez zegoen grabatzerik oraingoek ematen duten erraztasunekin.
Ehun mila aldiz birgrabatzeko modukoak
Intel enpresak (EPROM zahar hura asmatu zuen berbera) fabrikatu zuen memoriadun txarteleko gelaxkek bereiz funtziona zezaketen; horri esker, aldi berean gordetze eragiketa bat baino gehiago egin zitekeen. Izpi ultramoreen azpitik igaro gabe ezabatu eta birgrabatzeko aukera ematen zuen txartel berriak EEPROM izena hartu zuen. Egungo “flash” memoriadun txartelak EEPROM zaharren “ume” diren heinean, haien ezaugarri nagusiak dituzte: exekutatzeko azkartasuna eta birgrabatzeko aukera, batik bat. Hala eta guztiz ere, birgrabatzeko aukerak mugatuak dira (ehuntxo bat mila baino gutxiago) baina aski da hori erabilera konbentzional baterako.
“Flash” memoriadun txartelen datu-edukiera (testu-dokumentuak, musika, filmak, programak, etab.) 8 MB-tik 128 Gigabytetaraino doa, marka eta modelo batetik bestera aldaketak hautematen ditugularik. Aukera horretan, 256 Megabyte eta 2 Gigabyte bitartean gordetzeko ahalmena daukaten txartelak erabiltzea da ohikoena. Prezioa, gordetzeko ahalmenaz gainera, beste faktore baten arabera ere aldatuko da: datu-transferentziaren abiadura (zenbat Megabyte segundoko neurtu eta, “x” hizkiaren ondoko zenbaki bidez adierazten da). Transferentzi abiadura horrek garrantzi handia du ekipo zenbaitetan (bereizmen handiko argazki kameretan, adibidez; gainerakoetan aski da 40x inguruko abiadura, hots, 4 Megabyte segundoko), aparatu horrek datuak azkar gorde edo ezabatzeko (hau da, eraginkortasunez jarduteko) aukera emango duelako.
Datuak biltzeko ahalmen handi-handiko eta transferentzi abiadura biziko txartelak eskura daitezke merkatuan, oso modu onean: 72 euroren truk Gigabyte bateko edukiera eta segundoko 11 Megabyteko (73x) idazketako txartela eskura daiteke. Hortik aurrera prezioak jauzi itzela egingo du: 2 Gigabyteko edukiera eta segundoko 12 Megabyteko (80x) idazketako txartelen kostua, adibidez, 150 eurotik gora doa.