Ricardo Oleaga, CONSUMER EROSKI-ko Zuzendaria

"Informazio erabilgarria eguneroko bizitzan, modu atseginez emana"

Egun CONSUMER EROSKI jarraitzen duten milioi pertsona horien ia erdiek 1974ko martxoan -aldizkariaren lehen alea kaleratu zeneko data, alegia- ez zekiten irakurtzen.
1 ekaina de 2006
Img img editoresb

"Informazio erabilgarria eguneroko bizitzan, modu atseginez emana"

/imgs/20060601/img.editorial.01.jpg

Horrek esan nahi omen du kontsumo eta eguneroko bizimoduaren gaineko informazio espezializatuan aldizkari hau Espainian aitzindari bada ere, hilero-hilero jorratu ohi dituen gaiek eta zeregin hori betetzeko erak hiritarraren interesa pizten duela oraino ere, hogeita hamar urte igarota.

Aldizkari honen funtsezko helburua, erabaki zuzenak hartzen eta pittin bat hobeki bizitzen laguntzeko moduko informazioa ematea da. Alor zabal, korapilotsu eta aldagarriak sakonetik jorratzea agintzen digu horrek: elikadura, osasun eta segurtasuna, hirietako bizi kalitatea, finantza produktuak eta etxeko ekonomia, etxebizitza, bidaiak eta aisialdiaren industria, produktu teknologikoak, etab. Horrez gainera, erronkari eutsi eta jarrera hartzen dugu: baloratu, kritikatu, aholkatu, kalitate eta prezioen arteko erlazio egokienak proposatzen ditugu.

Gure eguneroko lana gidatzen duen ipar orratza, agerian dagoenez, zorroztasun teknikoarekin, datuaren zehaztasunarekin eta irakurlearentzat gure informazioak agertu behar duen baliagarritasunarekin harturiko konpromisoa da: honek, zuzen eta didaktiko bihurtu gaitu edo, bestela esateko, herritar izateko bokazioz sorturiko aldizkari hauetan egun ohiko estilo orokorra den hori baino apalago eta isilago izan gaitezen. Ez dugu etsiko, ordea. Baliagarritasuna eta zorroztasuna atsegintasunarekin egokiro uztar daitezke: aldizkari hau entretenigarriago, irakurtzen atsegingarriago izan daiteke. Izan behar du.

CONSUMER EROSKI berritu honekin atsegintasunezko hobekuntza hori maketetara, testuetara, argazkietara, aztergaien garapenera, irudietara, paperaren ezaugarrietara eta gainerakoetara hedarazi nahi izan dugu baina irakurleak lehenik hautemango duela tamaina izango da: handitu egin da aldizkaria, orain arteko 48 orrialde horietatik egungo 68etara igaro baikara. Horrek, gai gehiago jorratzeko aukera emateaz gainera, era dinamikoagoan eta begiarentzat erakargarriagoan aritzea ahalbideratuko digu.

Aldizkariaren birmoldaketa eta ekimen hau gorpuzteko nahi bizia kontsumitzaileekin eta, zehazkiago, eguneroko bizimoduan baliagarri izango den informazioarekin FUNDACIÓN EROSKI-k aspaldi hartua duen konpromisoaren froga eta indartzaile dira.

Bestetik, duela zortzi urte Interneten agertzeko apustua egin genuen eta gaur, OJD erakundearen datu ofizialen arabera, Espainian gehien ikustendiren hedabideetan bosgarrena gara: joan den maiatzean CONSUMER EROSKI weba bi milioi erabiltzailek bisitatu zuten. Arrakastaz harro gara baina, hori bai, gure informazio-proiektu honen (inprimaturiko aldizkari eta gida praktikoak, Interneteko egunkaria, kontsumo-barometroa) sorburua paperezko aldizkaria dela ahantzi gabe. Euskarri horri ere iritsi zaio eguneratzeko eta hazteko tenorea.

Amaitzeko, teknikari eta espezialista, CONSUMER EROSKI-n lanean diharduten koordinatzaile eta kudeatzaile, kazetari eta gainerako profesionalek osaturiko taldearen, FUNDACIÓN EROSKI erakundearen eta ene izenean, zuek, irakurle preziatuok, aldizkari honek duen helburua bete ahal izan dezan eskaini diguzuen arreta bihotzez eskertu behar dizuet.

Ricardo Oleaga
CONSUMER EROSKI-ko Zuzendaria