Babarrun prestatu ontziratuak

Ohiko jaki bihurtzea baino hobe pasadizotik irteteko soilik hartzea

Lekaleak oso kalorikoak ez badira ere, haragizkoek gantz saturatu ugari eta gatz asko dauzkate
1 urria de 2007
Img analisis listado 157

Ohiko jaki bihurtzea baino hobe pasadizotik irteteko soilik hartzea

Analisi honetan azterturiko fabada eta antzeko kontserba batzuei esker, kontsumitzaileak minutu gutxitan (berotzea kostatzen den une hori baizik ez) eta inolako esfortzurik egin gabe bazkariko jakia aurrean dauka. Janari horiek nutrizio alorreko propietate guztiak eta ezaugarri organoleptikoak hilabetetan mantentzen dituzte, hotzetan gordetzeko premiarik gabe, eta gainera bidezko prezioa dute: azterturiko sei laginak (bost fabada eta bat, babarrunak txorizoarekin), kiloko 2 eurotik 5,6 euro artean kostatzen dira. Dena ez da abantaila, ordea: haragizko pusketak direla medio, gantz asko daukate (%6tik %11 arte) eta horren parte handi bat saturatua da (osasunari mesede gutxien egiten diona), gatza ere, dezente; eta, horiek ez ezik, errezeta tradizionalak baliatzen ez zituen gehigarri batzuk ere. Kontsumitzaileen dastatze-probetan bildutako emaitzak ez dira bikainak, inondik ere: lagin bakar bat ere hurbildu zen 7 puntuetara, 9tik.

Zer daukaten

Babarrunez gainera -batez beste, edukiaren %80 betetzen dute lekaleok, baina lagin batetik bestera alde handiak daude: %69tik (Campanal) %88ra arte (Gallina Blanca)- hornikuntza bat daukate; horren osagai ohikoenak txorizoa, odolkia, hirugiharra eta urdaia dira (horixe da Litoral, Louriño eta Gallina Blanca laginen errezeta). Orlando (ez da komertzializatzen “fabada asturiar” gisa, “babarrunak txorizoarekin” izendapenarekin baizik) formaturik oinarrizkoena da: babarrun (87%), txorizo (6%) eta urdai (6%). Albo-k urdaiaren ordez hirugiharra ipini du (guztiaren ia %9). Campanal laginaren errezetan (hauxe da azterketako laginik garestiena) goarnizio ugariago sartzen da: babarrunak produktu guztiaren %69 baizik ez dira; odolkia (%11) eta txorizo (%9) gehien daukana eta lakoia (%5) ezarri duen bakarra da. Gallina Blancak (bigarren lagin garestiena) babarrun gehien (%88) eta okelazko gutxien sartu duena da. Babarrun, okela, ur, gatz eta olioaz gainera, lagin batzuek espeziak (ereinotza, baratxuria, piperrauts gorria) edota barazkiak (tipula eta porrua) ipintzen dituzte. Osagai zerrendetan gehigarriak ere agertzen dira: aromak, koloratzaileak, zapore-indartzaileak, oxidazioaren kontrakoak, kontserbatzaileak eta egonkortzaileak. Lagin batzuek horiek denak erabiltzen ez dituztenez, kontsumitzaileak datu hau gogoan izan dezake marka bat edo bestea aukeratzeko unean. Osagaiak ugarienetik urrienera agertzen dira beti zerrendan (ugariena zerrendaburu eta urriena, atzena).

Laborategian, nutrizio alorrekoak

Honelako kontserbetan uraren presentzia handia da %68tik (Campanal, okela gehien eta babarrun gutxien dauzkana) %74era (Orlando eta Gallina Blanca, lekale gehien dauzkatenak). Babarrunak izaki, normal-normala da karbohidratoak izatea presentzia handieneko makronutrientea: produktuaren %12raino iristen da, batez bestekoan. Babarrunek, praktikan, ia gantzik bat ere ez daukaten arren, jaki hauek produktuaren batez besteko %8,6 daukate. Gantz eta kolesterol eduki handi hori okelazkoak (odolkia, txorizo, urdai eta hirugiharra) erabiltzearen ondorio da. Gantz ugariagatik nabarmentzen dira Campanal eta Louriño (edukiaren %11); koipe gutxienekoa, aldiz, Albo da (%6 baino gutxiago).

Kontserba hauen gantzen profila kontuan hartu beharrekoa da: gantzaren ia %38 saturatua da, ohikoetan kaltegarriena. Orlando bakarrik dabil hortik urrun: gantzaren %32 bakarrik da saturatua baina beste hiru laginek %40rainoko gantz saturatuak dauzkate. Zehatz dezagun, hala ere: produktuaren gantz profila osasuntsurik ez bada ere (gantz saturatuaren proportzio altua), gantz-edukia txikia bada, saturatuen edukia ere apala izango da. Analisi honetan, Campanal markako fabada lata batek (425 gramo) 17 gramo gantz saturatu dauka, Litoral laginak adina eta Gallina Blanca eta Louriño laginek (19 gramo gantz saturatu) baino gutxixeago. Gainerako bietan gantz saturatuen edukia askoz txikiagoa da: 8 gramo eskas Orlando laginean eta 9 gramo Albo markakoan. Aldeak nabariak dira, sei laginen pisuak berdintsuak direlako: 400 eta 435 gramo tartean dabiltza. Horregatik, produktua aukeratzerakoan (maiz kontsumitzen bada, batik bat) gantz saturatuari dagokion irizpidea aintzat jo daiteke.

Lagin proteikoenak Albo eta Campanal dira (%7,3) eta proteina gutxienekoak Litoral (%5) eta Gallina Blanca (%5,2). Louriño eta Orlando laginetan proteina %6tik gora dabil. Nutriente horien presentziak, prestaturiko babarrun horiek kaloria gehiegiko jaki bihur ditzake baina, egiari zor, ez da horrenbesteraino. Energetikoenak Campanal dira (179 kaloria 100 gramoko); beste muturrean Orlando dabil (128 kaloria). Gainerakoak 133 eta 168 kaloria bitartean daude. Kalori ekarpen hori ez da gehiegizkoa, prestaturiko babarrunok jakitzat hartzen badira, zerbait arinaren ondotik (entsalada edo barazkiak patatekin, adibidez). Zuntz ugari dauka babarrunak eta, hortaz, hesteetako trantsitua erregulatzen laguntzen du..

Gatza eta gehigarriak

Produktu honen guztirako gatz-edukia %1,2etik (Orlando) %0,5era (Louriño eta Gallina Blanca) doa. Gatz gutxikoak dira, era berean, Albo (%0,6) eta Litoral (%0,7). Gatz-eduki larregitzat jotzen da %1,8tik gorakoa. Babarrun, okelazko, gatz eta gehigarriez gainera (kontserbatzaileak, aromak, koloratzaileak eta bestelakoak) jaki prestatu hauei beste hainbat gauza ere eranstea baimendua dago, hala nola zapore-indartzaileak (glutamato monosodiko ezaguna, adibidez: etiketan E-621 klabe gisa dator eta alferrikakoa da hau gehitzea honelako zapore biziko jaki bati. Elikagaiari zapore biziagoa ematen dio eta, gehienez ere, milioiko 10.000 zatitan erabiltzea legezkoa da. Glutamatoa lagin guztietan neurtu zuen laborategiak: baliaturiko kopuruak legeak baimentzen duenez dezente behetik zeuden denak; presentzia handiena Gallina Blanca (570 zm) eta Louriño (350 zm) laginek erakutsi zuten; bi hauek dira osagaien zerrendan osagai hori adierazten duten bakarrak. Gainerako laginetan glutamatoaren presentzia urriagoa izan zen: 90 zm (Litoral) eta 140 zm (Orlando eta Campanal) ziren muturrekoak. Gehigarri hau ipini izana adierazi ez duten lagin horietako hutsaren hurrengo eduki hori, seguru aski, beraiek baliaturiko okelazkoek azido glutamikoa edukitzearen ondorio da, fabrikatzaileek berariaz baliatzeari gabe.

Osasunaz ari garela...

Lekalea elikagai egoki-egokia bada ere -zuntz-hornitzaile bikaina baita, besteak beste- komeni baino gutxiago kontsumitzen da. Adituek diotenez lekaleak astean bitan hartu beharko genituzke gutxienez, baina hobe genuke hiruzpalautan ere kontsumituko bagenitu. Prestaturiko babarrun horien kontsumoa, beraz, aholku nutrizional hori betetzeko balio lezakeela uste genezakeen arren, errealitatea bestelakoa da: horiek ohiko dietan hartzeak gure organismoan gantz saturatu eta gatz kopuru handiak sartzea litzateke. Gehiegizko pisua duten pertsonek, digestio astuna nozitzen dutenek edo urdaila delikatu daukatenek (jakia gantzatsua eta astuna baita), zeliakoek eta behi-esnearen proteinari alergia diotenek eta sodio urriko dieta egiten dutenek murriztu edo zeharo baztertu beharko dituzte honelako jakiak.

Prestaturiko babarrun hauek kontsumitu arte sukaldeko tenperaturan baldintza higieniko-sanitario bikainetan iraun dezaten, produktua ontziratutakoan esterilizatze-tratamendu termikoa aplikatzen zaio: horrek, elikagaiak izan litzakeen mikroorganismo patogenoen lorratzak suntsituko ditu. CONSUMER EROSKI-k sei laginei azterketa mikrobiologikoa egin zien eta adierazitako parametro denetako emaitzak onak izan ziren: produktuak esteril eta egoera higieniko onean zeudela egiaztatu zen, beraz.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Babarrunez osaturiko sei jaki prestatu aztertu dira. Albo, Litoral, Louriño, Campanal eta Gallina Blanca laginek “fabada asturiar” izendapena dute eta Orlando laginak, aldiz, “babarrunak txorizoarekin”.
  • Horien pisua 400 – 435 gramo da eta latetan merkaturatzen dira, Gallina Blanca lagina izan ezik, hau lurrezko kazolan baitator. Orlando eta Louriño laginen prezioa ez da iristen 3 eurora, kiloko; Gallina Blanca-rena 5 euro inguru dabil eta Campanal markakoarena hortik gora doa.
  • Babarrun zuriak, txorizoa, urdaia, odolkia, hirugiharra eta lakoia dira atzeman diren osagaiak, horiek denak lagin bakar batek ez badauzka ere. Aukera gutxienekoak Orlando (osagai horietako hiru soilik) eta Albo (lau) dira; gainerakoek bost dauzkate. Campanal da lakoia daukan bakarra (urdaiaren ordez).
  • Proteina ugarien (%0,7) eta, hortaz, okelazko produktu gehien daukana Campanal da, denetan garestiena dena; beste muturrean (%5,2) Gallina Blanca dago baina ez da denetan merkeena, bigarren garestiena baizik.
  • Espero baino kaloria gutxiago dituzte: 152 kaloria batez beste 100 gramoko; gehienekoa (179 kaloria) Campanal da eta gutxienekoa (128 kaloria), Orlando. Gogoan izan, jaki hau prestatua dagoenez, ez zaiola gehituko kaloria bakar bat ere.
  • Osagai ugariena babarruna da; lekale hau nagusiki karbohidratoek osatzen dute (produktuaren %12). Gantz edukia, batez beste %8,6 izan zen (%11raino iritsi zen Campanal baina %5,8raino jaitsi zen Albo), proteinak bezala (%6,3, batez beste) okelazkoek ematen dute.
  • Gantz hori, hein handi batean saturatua da (hiru laginetan, guztirako gantzaren %40raino iristen da), osasunari mesede gutxien egiten diona. Gantz saturatu gutxien daukaten laginak (ez dira iristen, latako, 9 gramora) Orlando eta Albo dira. Gainerako lauen edukia 17 eta 19 gramo artekoa da .
  • Gatz asko daukate: %0,5etik (Louriño) %1,2raino (Orlando). Elikagaiaren gatz edukia larregia da produktuaren %1,8tik gora doanean.
  • Campanal laginak izan ezik, gainerakoek arautegia urratu dute, etiketan ez baitute agertzen okelazkoen edukia, irudien bitartez denak nabarmentzen dituzten arren.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena: Louriño fabada asturiarra. Dastatze-proban nabarmendu zen, merkea da, okelazko gehien daukatenetan bigarrena da eta gatz gutxi dauka (%0,5).
Marka
Izendapena
Louriño
“Fabada asturiarra”
Orlando
“Babarrunak txorizorekino”
Albo
“Fabada asturiarra”
Formatua (g) 435 425 425
Prezioa (euro kiloko) 2,62 2,31 3,36
Etiketa Ez dago zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen
Osagaiak:
Babarrunak (%) 77,9 87,4 83,4
Txorizoa (%) 6 6,4 4,1
Odolkia (%) 5 3,9
Hirugiharra (%) 6,9 8,6
Urdaia (%) 4,2 6,2
Lakoia (%)
Hezetasuna (%) 70,4 73,8 72,3
Proteina (%) 6,2 6,1 7,3
Guztirako gantza (%), horretatik: 10,8 6,3 5,8
Saturatua (%) 40,7 31,6 36,4
Mono- intsaturatua (%) 46,7 40,9 43,3
Poli- intsaturatua (%) 12,6 27,5 20,3
Karbohidratoak (%) 11,4 11,7 13
Balio kalorikoa (kaloriak 100 gramoko) 168 128 133
Gatza (%) 1 0,5 1,2 0,6
Azido glutamikoa (ppm) 2 350 140 135
Egoera higieniko-sanitarioa Zuzen Zuzen Zuzen
Dastatze-proba 6,6 5,5 6,4
Marca Denomi- nación Litoral
“Fabada asturiarra”
Gallina Blanca
“Fabada asturiarra”
Campanal
“Fabada asturiarra”
Formatua (g) 435 400 425
Prezioa (euro kiloko) 3,81 4,93 5,59
Etiketa Ez dago zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Osagaiak:
Babarrunak (%) 81,8 88,2 69,3
Txorizoa (%) 4,3 3,4 8,6
Odolkia (%) 4,7 3 10,8
Hirugiharra (%) 4,2 2,2 6,6
Urdaia (%) 5 3,2
Lakoia (%) 4,7
Hezetasuna (%) 70,5 73,5 67,6
Proteina (%) 5,5 5,2 7,2
Guztirako gantza (%), horretatik: 9,8 7,9 11
Saturatua (%) 40,3 40,9 37
Mono- intsaturatua (%) 47,7 43,4 47,9
Poli- intsaturatua (%) 12 15,6 15,1
Karbohidratoak (%) 12,7 12 12,7
Balio kalorikoa (kaloriak 100 gramoko) 161 140 179
Gatza (%) 1 0,7 0,5 0,7
Azido glutamikoa (ppm) 2 90 570 140
Egoera higieniko-sanitarioa Zuzen Zuzen Zuzen
Dastatze-proba 6,3 5,5 5,6

(1) Gatza: gatz larregi dauka elikagai batek edukiaren %1,8tik gora badu.

(2) Azido glutamikoa (edo glutamatoa): zaporea areagotzen duen gehigarri hau (gehienez ere 10.000 zati milioiko) erabiltzea baimendua dago. Albo, Litoral, Orlando eta Campanal marketako azterturiko produktuek agertzen duten glutamato-eduki apala, bera osatzen duten haragizko lehengaiek berez edukitzea izan daiteke. Gallina Blanca eta Louriño laginek gehigarri hau baliatu dutela etiketan adierazten dute.

Banan-banan

Sei fabadak, banan-banan

Louriño

  • “Fabada asturiarra”
  • 2,62 euro kiloko; merkea. 435 gramoko lata. Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokienekoa.
  • Etiketa ez dago zuzen: osagai batzuen presentzia irudien bidez nabarmentzen du baina horien edukiaren berri ez du ematen. Gainerako gehienak baino gantz gehiago (edukiaren %11); gatz gutxien ipini dutenetako bat (%0,5). Zaporea indartzeko, E-621 edo glutamato monosodikoa (350 parte milioiko) dauka eta halaxe adierazten du etiketan.
  • Dastatze-proban 6,6 puntuz, gogokoenetako bat izan da. Aldeko alderdiak: “zapore xuabea”, “samurra” eta “kolorea”; kontrako alderdiak: “zapore motela”, “irintsuak” eta “txikiak”.

Orlando

  • “Babarrunak txorizoarekin”
  • 2,31 euro kiloko, denetan merkeenak. 425 gramoko lata.
  • Etiketa ez dago zuzen: urdaiaren presentzia irudien bidez nabarmentzen du baina horren edukiaren berri ez du ematen. Aukera urrieneko goarnizioa (txorizoa eta urdaia soilik) eta bigarren eskasena, kopuruz. Kaloria gutxien (128, ehun gramoko) baina gatz gehien ipini dutenak (%1,2). Albo laginarekin batera, gainerako laurek baino dezente gantz saturatu gutxiago.
  • Dastatze-proban 5,5 puntuz, zaletasun gutxien bildu dutenetako bat. Aldeko alderdiak: “samurra” eta “zaporea”; kontrakoak: “zaporerik ez”, eta “babarrun txikia”.

Albo

  • “Fabada asturiarra”
  • 3,36 euro kiloko; 425 gramoko lata.
  • Etiketa ez dago zuzen: osagai batzuen presentzia irudien bidez nabarmentzen du baina horien edukiaren berri ez du ematen. Gantz gutxien (%5,8) eta kaloria gutxien dauzkatenetako bat (133 kal. 100 gramoko); gatz gutxien ipini dutenetako bat (%0,5). Orlando laginarekin batera, gainerako laurek baino dezente gantz saturatu gutxiago.
  • Dastatze-proban 6,4 puntuz, gogokoenetako bat da. Aldeko alderdiak: “zaporea” eta “samurra”; kontrako alderdia: “zapore motela”.

Litoral

  • “Fabada asturiarra”
  • 3,81 euro kiloko. 435 gramoko lata.
  • Etiketa ez dago zuzen: osagai batzuen presentzia irudien bidez nabarmentzen du baina horien edukiaren berri ez du ematen. Proteina gutxien (%5,5) dauzkatenetako bat.
  • Dastatze-proban 6,3 puntu. Aldeko alderdiak: “saltsaren zaporea”, “samurrak” eta “babarrunen tamaina”; kontrako alderdiak: “zapore motela” eta “kolore iluna”.

Gallina Blanca

  • “Fabada asturiarra”.
  • 4,93 euro kiloko. 400 gramoko buztinezko kazola.
  • Etiketa ez dago zuzen: odolkiaren presentzia irudien bidez nabarmentzen du baina horren edukiaren berri ez du ematen. Goarnizio urrienekoa, proteina gutxienekoa (%5,2); gatz gutxien ipini dutenetako bat (%0,5). Zaporea indartzeko, E-621 edo glutamato monosodikoa (570 parte milioiko) dauka eta halaxe adierazten du etiketan.
  • Dastatze-proban 5,5 puntuz, zaletasun gutxien bildu dutenetako bat. Aldeko alderdiak: “samurrak”, “tamaina politekoak” eta “zaporetsuak”; kontrakoak: “zapore sendoegia”, eta “kolore iluna”.

Campanal

  • “Fabada asturiarra”
  • 5,59 euro kiloko, denetan garestienak. 425 gramoko lata.
  • Babarrun urrienekoa (produktuaren %69). Lakoia daukan bakarra. Proteina (%7) eta gantz (%11) ugarienetako bat; kaloria gehien dauzkana (179 kaloria 100 gramoko).
  • Dastatze proban, 5,6 puntuz, zaletasun gutxien bildu dutenetako bat. Aldeko alderdiak: “zapore bizia”, “kolorea” eta “babarrun samurrak”; kontrakoak: “babarrun handiak”, “gantz asko” eta “ongailu asko”.