Haurraren ikusmen-osasuna
Faktore bat baino gehiagok dute eragina behar bezalako eskola-emaitzan. Horietako funtsezko bat ikusmena da, bera baita informazio gehien (%90, hor nonbait) jasotzeko darabilgun zentzumena. Madrilgo Ikusmen Zientzietako Institutuaren (INCIVI) Fundazioak aresti eginiko azterketa baten arabera, eskola porrot asko (%15 – % 30 artean) ikusmen alorreko arazoengatik gertatzen dira. Kaligrafia txarra, ortografi akatsak eta irakurtzeko zailtasunak, besteak beste, fokatze edo pertzepzioarekin zerikusia izaten dute. Esan gabe doa arazo horiek, sendagilearen laguntzarik gabe nekez detekta daitezkeela. Asko-askotan haurra kexatzen ez bada ere, jarrera eta jokaera zenbaitek arazoa ote dagoen, susmoa piztu diezagukete.
Zerbait ongi ez doan seinale…
- Zoaz aldizka-aldizka okulistagana, haurrak hiru urte betetakoan, lehenago arazorik atzeman ez bazaio edo familiakoek ikusmen-arazoen aurrekinik agertu badute.
- Gogoan izan betaurrekoen premia duen baina erabiltzen ez dituen umeak, azkenean, munduarekiko ikuspen bihurritua daukala. Arazoak zenbat eta lehenago zuzendu, hainbat eta hobe.
- Umeak, aurreneko urteetan, ez ohi digu ikusmen-arazoen berririk ohartarazten. Horrelakoak atzematen laguntzen duen sintoma nagusietako bat, maiz burukominak jasatea da.
- Begira ezazu umea telebistara gehiegi hurbiltzen den, begiak nekatuta izateaz kexatzen den, urrutiko zerbait begiratzeko begiak estutzen dituen, korrika egiteko zailtasunak dituen, behaztopa maiz egiten duen, malko ugari darizkion, begietako hazkura nozitzen duen…
- Hona beste hainbat sintoma: keinuka maiz egitea, begiak gorri-gorri agertzea, tortikolisa, maiz begitxindorrak agertzea, burua alde batera okertzea edo begia eta eskuaren arteko komunikazioa okerra izatea.
- Eskola-umeen artean zerbait ongi ez doan seinale ohikoenak hauek dira: arreta gutxi edo bat ere ez ipintzea, urrutitik irakurtzeko zailtasuna, irakurtzeko eta ikasteko interesa galtzea, mantso irakurtzea, lerroa saltatu edo birritan irakurtzea, hitzak oker ahoskatzea, irakurritakoa gogoan hartzeko gaitasunik eza, idatzi edo irakurtzean aurpegia asko gerturatzea, maiz nekaturik, urduri, haserre agertzea edo bestelako joera okerrak.
- Haurra oraino txikia badaukazu, hona haren ikusmena ongi ez dagoela jakinarazten digun sintoma: bere begiek dar-dar egiten dute, motiborik gabe apartatzen dira edo ez diote gurasoen ahotsari edo aurpegiari segitzen.
- Kontsulta ezazu espezialistarekin, haurrak hiru urte betetakoan, begiak paralelo ez baditu, begi-erdialdean isla anormalik atzeman baduzu edo begiaren gardentasunaz zalantzarik badaukazu edo, urtea betetakoan, nini bat bestea baino handiagoa badu, edo begiko zuria urdinxka agertzen badu.
Telebista eta ordenagailua, behar bezain urruti
- Etxeko txikiek bideojokoak eta ordenagailuak erabiltzeari dagokiela, ez da frogatu oraino aparatu horiek ikusmenean alteraziorik eragiten dutenik, horrelakoak baliatzean gertatzen den ikuspen-kontzentrazio hori dela medio, begietan nekea ager daitekeen arren.
- Halaz ere, telebista ikusteko eta ordenagailuan lanean aritzean -horien pantailak argitasun handi eta kontraste motelekoak direnez- begiek estresik nozi ez dezaten, hobe da giroko argitasuna apaltzea, pantailan islatzen diren lanpara eta leihoetako distirak suntsituz.
- Telebistako pantaila eta begiaren arteko distantzia egokia bizpahiru metrokoa da.
- Ordenagailuan lanean aritzeko distantzia egokiena 45 – 55 cm da; pantaila, horizontaletik 10º – 20º-ko angeluan ipini behar da. Maiz atseden hartu behar izaten da, begiak nekerik jasan ez dezan.
- Ikasgelako hormen azalerek mate izan behar dute, kolore argikoak.
- Ikasteko argirik hoberena, egun argia. Artifiziala baliatzen denean, erabiltzailea eskuina bada, ezkerretan ipiniko da eta haren eskuinean, ezkerra bada.
- Idatzi, irakurri edo eskulanak egitean, begia eta objektuaren arteko distantzia egokia 30 – 40 cm. da.
Betaurrekoak bai, traumarik ez
- Haurraren betaurrekoek eroso eta erresistenteak izan behar dute.
- Hamaika betaurreko-modelo bilatuko dituzu merkatuan. Aukerak ugariak direnez, hoberena duzu haurrari hautatzen uztea: berak hartuko du bere aurpegiarekin hobekien konbinatzen duena eta, hitz batez, gustukoena daukana. Betaurrekoak berak erabiliko dituenez, errespeta itzazu bere iritzi eta hautua.
- Segurtasun fisikoa dela-eta, egokiena kristal organikoak ipintzea da, beirak hautsi egiten direla kontuan izaki.
- Adin batetara iritsita (9 – 11 urtera) haur askok, irudia hobetu nahian, ukipen-lenteak nahiago izaten dituzte. Egokiena, berriz ere, horrelako lenteek agintzen dituzten erabilera eta garbiketa zuzenaz arduratzeko gauza direnean baliatzea, ez lehenago.
Espezialisten arabera, eskolan dabiltzan haurren %20 baino gehiagok nozitzen dituzte begietako arazoak, hala nola miopia, hipermetropia, estrabismoa eta beste hainbat.
- Miopia. Gaitz hau nozitzen duten haurrek urruti dauden gauzak ez dituzte ongi ikusten. Miopeen sintomak trastorno batzuekin (dislexiarekin, adibidez) nahas daitezke: haur askok, ongi ikusten ez dutenez, arbeletik testuak kopiatzean zenbait letra elkarrekin nahas baititzakete, hala nola p eta q, d eta b, etc.
- Hipermetropia. Miopiaren kontrakoa, hain zuzen. Hipermetropeek gertuko gauzak lauso ikusten dituzte.
- Astigmatismoa. Gaitz hau nozitzen duten pertsonen kornea kurboagoa da norabidea batean bestean bainoago. Astigmatismoak, oro har, ikuspen lauso eta desfokatua sortarazten du. Normalean herentziaz hartzen da.
- Ambliopia edo begi nagia. Ehun haurretik lauk nozitzen dute eta lenteen bitartez ezin zuzen daiteke. Haurraren begi batek edo biek jasan duten ikusmen-galera partziala da. Detektatzen denean zuzen daiteke, beti ere zazpi urteak bete aurretik. Ordurako ez egitekotan, begiak ikusmen ia osoa jasan dezake, behar bezala garatuko ez delako; orduan, pixkanaka-pixkanaka lanean aritzeari utziko dio, pizgarririk ez du hartuko eta, azkenean, ikusteko gaitasunik galduko du. Begi patologia hori haurretan agertzen denez, funtsezkoa da garaiz detektatzea, behar bezalako tratamendua aplika dakion.
- Estrabismoa. Begien paralelismoaren galera. Begi bakoitza norabide batera begiratzen du.