Nekazal biodibertsitatearen biltegiak
Biodibertsitatearen galeraz ari garenean, ingurune exotiko samarretan bizi diren basa piztiak imajinatu ohi ditugu baina, egiari zor, gure soroetako laboreak eta mahaiko jangaiak ere mehatxupekoak dira. Haziak berreskuratzeko bankuak eta sareak aberastasun genetiko hori babesteko ahaleginetan ari dira. Europan bertan, adibidez, XX. mendearen hasieran lantzen ziren fruta eta barazki barietateen %70 galdu omen da eta Asia hego-ekialdean arroz-barietateen %90 betirako desagertu bide dira. Estatu Batuetan kalkulatu dutenez, XIX. mendean lantzen ziren 7.100 sagar-barietate haietatik 6.800 suntsitutzat eman daitezke. Horiek denak, nagusituz etorri diren barietate komertzialen aurrean galdu egin dira.
Murrizketa hori merkatuan hauteman dezake kontsumitzaileak. Orain dela hogei urte baino gutxiago, ur-melokotoi goiztiarra ohi zegoen salgai: samur-samurra izaki, ukitu bakarrik eta gure hatz-markak azalean geratzen zitzaizkion; patata-barietate batzuk luze gorde zitezkeen toki ilun freskoetan. Baina, hori arazo al da? Adituen arabera, arazo larria da: “Atzeranzko bilakaera horrek -dio Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO)-, nekazaritzaren ahulezia areagotu eta gizakiaren elikabidea pobretu egin du”. Dibertsitate genetikoaren galera da, hein batean (kontzeptu horrek, FAO-k dioenez, “barietate tradizionalak eta modernoak ez ezik, gaur edo bihar elikaduran eta nekazaritzan balia daitezkeen bestelako basa-espezie zenbait ere biltzen ditu”. Horiek denek, gure jakitegia osatzen duten elikagaiak, botikak, animalien bazka, zuntza, janzkera, etxebizitza edota energia-iturriak dira.
Biodibertsitate horrek, izurrite edo alterazio klimatikorik gertatzekotan, barietate jakin batek bizirik irauteko edo erresistentzia handiagoa agertzeko aukerak izango dituela bermatzen du. XIX. mendearen hasieran Europa osoa astindu zuen goseteak (hainbat urtetan patata-uztak galarazi zituen plaga baten eraginez) gaixotasunaren aurreko erresistentzia handia zuten patata-barietateen (Hegoamerikatik etorritakoak) laguntzari esker bakarrik gainditu ahal izan zen. Biodibertsitatea, landareak hobetzeko jomugaz, ikertzaileek ezaugarri berriak bilatzeko unean arakatzen duten bankua da, era berean.
Biodibertsitatea iraunarazteko bankuak
Nekazal biodibertsitate genetiko hori mantentzeko ekimenetako bat hazi-bankuak dira. Munduan 1.400 inguru daude, soiletatik hasita, hotzetan edo izozturik ehunka mila hazi dauzkaten biltegietaraino. Horien funtzioa, landare ugaltzaileak eta ikertzaileak haziz hornitzea da. Hazi-bankurik handienak Txina, Errusia, Japonia, India, Hego Korea, Alemania eta Kanadan daudenak eta Nazioarteko Nekazal Ikerkuntzarako Aholkulari Taldeak (CGIAR, hainbat herrialde eta nekazaritza-zentroren arteko aliantza estrategiko bat) kudeatzen dituenak dira.
Haziak, ordea, ezin gorde daitezke betirako: labore- eta ekilore-hazi batzuk, izozturik, hamarka eta ehunka urtetan kontserba daitezke baina ilar-hazi bat, onik ernamuinduko bada, gehienez ere 30 urtez bakarrik gorde daiteke. Horregatik, bankuen funtsezko jardueretako bat urterik urte hazi-kopuru bat banatzea da, landatuak izan daitezen, eta baratze edo soroan hazi berriak biltzea. Horrez gainera, adituen arabera, hazien mantenua prozedura dinamikoa da: Laborariak hazi hoberenak hautatu eta urtez urte bestelako landareen aldamenean eta giro-presio jakin batean lantzen dituenez, barietatea eboluzionatuz eta ingurunera egokituz doa. Horregatik, diote, biodibertsitateak kanpoan egon behar du.
Espainian, bide horretatik doan ekimenetako bat, Espainia osoko tokiko barietateak bilatu eta berreskuratzean diharduen “Intercambiando y resembrando” hazi-sarea da. Haziak topatutakoan, landatu eta horrela hazi berriak erdietsiko dira, kontserbatu eta Espainia osoko nekazarien artean banatzeko: horrela, barietate horiek berreskuratu eta bizirik iraungo dute.
Nekazal biodibertsitatea berreskuratzean kontsumitzailearen funtzioak berealdiko garrantzia du: interes komertzial eskasa izatearren galdu dira barietateetako asko, komertzialak bezain ugari edo gogor ez izateagatik edo ezin direlako urrun-urrunera eraman. Autokontsumoan edota tokiko merkatuan interesgarriak dira, ordea Inoiz edo behin bakarrik bada ere, kontsumitzaileak barietate horiek erostea laguntza handia da, nekazariek horien hazkuntza eta iraupena susta dezaten.
Espainian, “Intercambiando y resembrando” hazi-sareari esker, kontsumitzaileak, pixka bat bilatuz gero, non edo han topatuko dituen barietate batzuk berreskuratu ahal izan dira, hala nola, Katalunia eta Aragoin, “ciri” sagarra (urrian bildu eta, hozkailuren beharrik gabe, toki ilun freskoetan negu osoan gorde daiteke; azala zimurtu baizik ez zaio egingo) edo, Andaluzian, azenario morea (mutur moreko, mami zuriko eta erremolatxaren tankerako zaporeduna).
Nekazal biodibertsitatea mantentzeko jomugako proiekturik ikusgarriena Ipar Polotik kilometro gutxitara, Artikoko mendi batean hondeatzen ari da: “Svalbardeko Nazioarteko Hazi Ganbera”, hain zuzen. Norvegiako gobernuak bultzaturik eta hainbat erakundek finantzatuta, planeta osoko hazi-bankurik seguruena izatea du helburu: era guztietako ezbehar natural, gerrate edo hekatonbetatik onik ateratzeko gauza izango da. Klima-aldaketa jasateko ere isolatuko da ganbara hori. “Azken judizioko ganbera” bataiatu dute hedabideek.
Ganberaren eraikuntza aurten amaitu eta hazien bilketa 2008ko martxoan hastea espero dute. Harkaitz izoztuan hondeatzen ari den 120 metroko tunel horretan milioi eta erdi barietateko haziak gordeko dira. Beste hainbat bankutan gertatzen den legez, hazietako batzuk urtero-urtero landatuko dira eta horien partez mundu zabaleko toki guztietatik ekarritako hazi berriak sartuko dira tunelean. Aspaldi Indonesian Durian tifoiak edo berrikiago Irak eta Afganistanen gerrek galarazi zituzten hazi-bankuen galerak atzera buelta izan lezake etorkizunean, Noeren hazi-kutxa horri esker, nekazal biodibertsitatearentzako azken biltegia baita.