Ordaintzea bai, baina bidezkoa
Neoizko argirik gabe bada ere, banketxe askotako “Zero komisio” iragartzen duten letreroek aspaldi honetan berebiziko interesa harrotu dutenez, oinarrizko zerbitzuengatik -transferentziak egin, txekeak kobratu, kontu korrontea edukitzea, etab.- ez ordaintzeak erakarrita sentitzen diren aurreztaile askok arreta horietara zuzendu dute. Hau ote da, ordea, bankuen komisioen amaieraren hastapena? Inondik ere ez, noski. Estimazioek diotenez, Espainiako bankuetako bezeroen %15 inguru horrelako kanpainaren baten onuradun dira; kanpainek, jakina, hainbat betebehar ere ezartzen dituzte, hala nola nomina eta hainbat errezibo helbideratzea eta bankuan gutxienez urte eta erdiko epean edukitzeko konpromisoa hartzea, adibidez. Halaz ere, sustapen hauetatik kanpo beste hamaika komisio dabiltza: horietantxe dute banketxeek mahuka eta pagotxa. Pentsio plan bat mantentzeagatiko, inbertsio fondoak kudeatzeagatiko, gordailu bat baliogabetzeagatiko, hipoteka kapital bat amortizatzeagatiko, kontuan zorpekoak izateagatiko, nomina helbideratzegatiko… tarifak: sustapenezko kanpainetan sartzen ez diren komisioen zerrenda amaigabea da, geroz eta luzeagoa, eta ederki esplikatzen du horrek banketxeak kontzeptu honen bitartez sartzen ari diren dirutza ikaragarrien zergatia.
Urteko lehen sei hilabetetan, Espainiako bost banku handienek 4.001 milioi euroraino sartu zituzten komisioengatik, hots, aurreko urtean eskuratutako 3.558 milioi haiek baino %12,4 gehiago. Erakunderen batek 206 baino %20 gehiago irabazi du kontzeptu horrengatik.
Komisioak ordaintzea, askotan, saihestezina bihurtzen da; halaz ere, horretan ere erabiltzaileak baditu hainbat eskubide: hauek ezagutu eta egikaritu egin behar ditu, gehiegikeriarik gerta ez dakion.
Komisio mota nagusiak
Zerbitzuengatiko komisioak
- Horrela derizte banku eta aurrezki kutxa batzuek oinarri-oinarrizko zerbitzuengatik (erabiltzaile guztiek baliatu ohi dituztenak) aplikatzen dituzten komisioei. Kontua edukitzearren, txekeak kobratzearren, transferentziak egitearren… kobratzen diren komisioak dira horiek. Sustapen kanpainak gorabehera, erakundeak geroz eta garestiago ipintzen ari dira zerbitzu horiengatiko prezioak.
- Kontua mantentzeagatiko komisioak. Kontu korrontea edukitzearren batez beste 36 euro ordaindu behar dira urtean, baina zifra hori 72 euroetaraino ere iristen da. Hemen, aurreztaileak erne egon behar du, erakundeak gainerako erabiltzaileei baino gehiago kobra ez diezaion kontuan saldo apalago bat mantentzearren. Errenta apalenak zigortzen dituen horri atzerako komisioen aplikazioa deritzo. Espainiako Bankukoen iritziz, hori banku-praktika gaiztoa da eta, zenbaitetan, horren biktima izan den bezeroak indemnizazioa eskatu ahal izan lezake.
- Transferentziengatiko komisioak. Urteko lehen zortzi hilabeteetan, Espainian eta hiri berean, transferentzia bat egitearren batez besteko tarifa %9,45 garestitu zenez, 3,01 euroetaraino iritsi zen, Espainiako Bankuak emaniko datuen arabera. Datu hori, erakunde beraren barnean eginiko transferentziei dagokie eta transferitu nahi den kapitalaren %0,26 iristen da. Nolanahi ere, batez besteko prezioa da (10.000 euroko transferentzia batengatik kobratzen zaiguna). Erakundeek, oro har, kopuruak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta komisio handiagoak aplikatu ohi dituzte. Transferitu nahi den kapitalaren gaineko portzentajeak %0,05etik %0,40raino doaz: gutxienez 1,50 euro kobratzen dute eta, gehienez, 75 euro.
- Txartelak baliatzeagatiko komisioa. Partida honetatik ateratzen dituzte bankuek etekinik zukutsuenak. Sare berean (Servired, Euro 6000 o 4B) baina bezeroarena ez den beste finantza-erakunde batean zor-txartel batekin kutxazainetik dirua ateratzea, abuztuaren kondarrean, 0,6 euro kostatzen zen batez beste, hots, 2006ko abenduko tasen aldean, %11,11 garestiagoa. Dirua bezeroarena ez den beste sare bateko banku edo aurrezki kutxatik atera nahi bada, ordea, erabiltzaileak 2006 urtearen amaieran baino %1,97 gehiago ordainduko du (2,59 euro). Datu hauek batez besteko ateratzeei dagozkie (300 eurokoak). Halaz ere, alor honetan ere erakundeek aplikatzen dituzten komisioak aldatu egiten dira, kutxazainetik ateratzen den diru kopuruaren arabera. Zor-txarteletan, sare bereko beste finantza erakunde bateko kutxazainetik dirua ateratzeagatik gehien kobratzen dena, atera denaren %2raino heltzen da. Kreditu-txarteletan, berriz, kutxazainetik ateratako diruaren %2 eta %4 artean ohi dabil.
- Kontuko zorpekoengatiko komisioa. Kontuan zorpeko bat izatearren, zenbaki gorritan dagoen kapitalaren %12,5erainoko komisioa kobra dezakete erakundeek. Izan ere, martxoaren 23ko 7/1995 Legearen 19 artikuluko 19. atalak dioenez, zorpeko egoerengatik jasotzen den komisioa, bere interes eta guzti, ezingo da izan diruaren legezko interesa bider 2,5 baino handiagoa (hori, egun, %5 inguru dabil).
Zer egin liteke oinarrizko zerbitzuengatiko ordainketa horiek saihesteko?
- Apunta zaitez “Zero komisio” sustapen batera. Horrelako ordainketei saihets egiteko modurik egokiena, erakunde askok martxan daukaten “Zero komisio” sustapenetako batean sartzea da. Horretarako, banketxeek nomina, hainbat errezibo helbideratzea edo epe luzerako inbertsio produkturen bat (pentsio plana, adibidez) kontratatzea eskatzen dute.
- Negoziatu banketxearekin. Zenbaitetan, erakundeak “zero komisio” delako produktu paketerik ez badu ere, oinarrizko komisio horien ezabaketa negoziatzeko jarrera agertzen du. Askotan, erakundeak prest daude “lagapen” hori egiteko, bezeroaren leialtasuna saritzeko eta haren konfiantza irabazteko. Areago, ohiko bankua erakundez aldatuko zarela mehatxa dezakezu. Estratagema horrek, maiz, emaitza politak ekartzen ditu, bezeroak galtzea ez baita inoren gustukoa.
- Sar zaitez “on-line” bankan. Azken finean, merkeago gertatuko zaizun beste erakunde batera alde egite hori serio plantea dezakezu. Egun, finantza sektorean bezeroak harrapatzeko dagoen lehiaketa bortitza denez, zerbait aurkituko duzu, seguru. “On-line” bankak ez du kobratzen hemen adierazitako kontzeptuengatik eta ez dizu inolako baldintzarik betearaziko (kontu korrontea irekitzea baino ez).
- Gehiegizkotzat jotzen diren komisioen aurrean, erakundean bertan err4eklamazioa aurkez dezakezu eta, ondoren, beharrezkoa bada, Espainiako Bankuan bertan (Erreklamazio Zerbitzua. Banco de España. Alcalá, 48. 28014 Madril. Telefonoa: 91 338 65 30).
Inbertsiozko produktuengatiko komisioa
- Inbertsio eta pentsio fondoak. Beren inbertsio produktuak kudeatzearren aplikatzen dituzten komisioak ezartzeko aske dira erakundeak baina, halaz ere, Espainiako Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalak (inbertsio fondoak direnean) edo Aseguruen eta Pentsio Planen Zuzendaritza Nagusiak (pentsio planak direnean) finkatzen dituzte gehieneko kopuruak.
- Fondoei dagokiela, kudeatzeagatiko gehieneko komisioa %2,25 izango da, gordailukoa %0,20 eta izenpetze eta errenboltsokoak, %5. Komisioek inbertsio fondoen araudian agertu behar dute. Tarifak areagotu edo murrizteko, kudeatzaileak Espainiako Balioen Merkatuaren Batzorde Nazionalari baimena eskatu behar dio. Aldaketak onetsita, horrekin ados ez dauden partaideek, hilabeteko epean, fondotik irten ahal izango dira, horregatik inolako zigorrik pairatu gabe.
- Pentsio planen kasuan, kudeatzeagatiko komisioa gehi gordailu komisioa, baturik, ezin da kapitalaren %2,5 baino gehiago izan. Erakunde askok, halaz ere, tarifak finkatzeko garaian goialdeko muga horiei heltzen diete. Nazioarteko Finantza Analisten txosten baten arabera, Espainian errenta aldakorreko pentsio plan bat duten partaideen erdia baino gehiagok %2,35tik gorako komisioak ordaintzen dituzte eta lau titularretik batek legeak onarturiko komisio handiena ordaintzen du. Pentsio fondoa kontratatua daukatenek beren planei aplikatutako komisioak kontsulta ditzakete, horretarako Espainiako Aseguruen eta Pentsio Planen Zuzendaritza Nagusiak berariaz sortua duen bilatzailean .
- Burtsa. Balio kontu bat eduki eta Burtsan aritzeagatiko komisioak biziki aldatzen dira erakunde batetik bestera. Interneten bidez jardunez gero, orokorki, artekaritza komisioak dezente apalagoak dira. Ohiko kontua da, adibidez, honelako zerbitzuak ezagutarazteko eta bezeroa Burtsarekin lotzeko, epe jakin batean komisiorik ordaindu gabe aritzeko aukera ematen duten erakundeen sustapen kanpainak. Aginduak betetze hutsagatik Espainiako tarifak, 12.000 eurotik beherako eragiketetan, negoziatzen ari den diruaren %0,25 eta %3 artean ohi dabiltza.
Nola murriztu honelako komisioen kostua inbertsio produktuetan?
Inbertsio produktuengatiko komisioen kobrantza, ordaintze baliabideekin batera, finantza erakundeentzako segmenturik errentagarrienetako bat da. Negozio-atal honetan ere lehia bizi-bizia den arren, komisioa jaisteari buru egiten diote erakundeek. Halaz ere, produktuen aukera zabala denez, oso posible da komisio arras desberdinak dituzten inbertsio edo pentsio plan berdin-berdintsuak (inbertsio politikaz, errentagarritasun-itxaropenez, etab.) topatzea. Erakunde handienek, orokorki, askoz ere tarifa garestiagoak aplikatzen dituzte (legeak baimendutakoen mugan, gehienetan) eta aurrezki kutxa edo elkarte espezializatu txikiek (gestorak, aseguru-agentziak, etab), aldiz, antzeko produktuak dezente merkeago kudeatzen dituzte. Zure fondoak komisio garestiak aplikatzen baditu, araka ezazu merkatua. Antzeko zerbait aurkituko duzu, seguru, prezio merkeagoan. Pentsio planetan komisioen eragina izugarria da azken errentagarritasunean.
Esate baterako, urtean 150 euro inbertitzen ari diren bi partaidek 30 urtetan antzeko ezaugarriak (errenta finkokoak, urteko errentagarritasun-itxaropenak %3koak izaki, etc) dituzten bi pentsio planetan, azken kapitalean alde handia (ia 1.000 eurokoa) topatuko dute, plan batetik bestera %1eko komisio-aldea baldin badago. Esate baterako, lehen inbertitzaileak (%1eko komisioa ordaintzen duelarik), 30 urteen buruan 6.176 euroko kapitala metatuko luke; bigarren inbertitzaileak (%2ko kudeatze-komisioa ordaintzen duenak) 5.219 euro baizik ez luke izango.
Burtsan arituz gero, komisioen kobrantza murrizteko forma egokietako bat Internet bidezko bankuren baten bitartez jardutea da. “On-line” balioen salerosketengatiko komisioak erakunde tradizionaletan baino %20 merkeagoak izan daitezke bertan.
Komisioa maileguetan
Erakundeen diru-emari oparoenetako bat hipotekak direnez, maiz banketxeak bezeroekin baldintzen hobekuntzak negoziatzeko prest egoten dira hauek beste erakunde batera joan ez daitezen. Une hauetan, azterketa egitearren (bezeroari erakundeak mailegua eman diezaiokeen ala ez kalkulatzearren, alegia) komisiorik ez kobratzea da joera orokorra. Irekierako, epea bete aurretik baliogabetzeko eta amaierako komisioak, aldiz, arras desberdinak dira. Hipoteka irekitzearren, tarifa %0 eta %1,5 artean dabil, interes aldagarriko hipoteken kasuan eta %3raino doaz interes finkoko hipoteketan. Hipoteka partzialki edo osorik indargabetzearren, ordaintzeko dagoen diru kopuruaren %0 eta %2 artean dabil komisioa. Subrogazioagatiko komisioak, berriz, %2,5era irits daitezke aise.
Aholkuak
Nola murriztu maileguengatiko komisioak?
Tarifa egokiak lortzeko modurik hoberena, banketxearekin negoziatzea da. Negozio-adar honetan dagoen lehia bizia dela medio, erakundeak dira bezeroa kontserbatzeko eta baldintza interesgarriak eskaintzeko interes handiena dutenak, bere dirua hartu eta beste batera joan ez dadin. Negoziatu beharrekoa, gainera, ez da komisioa bakarrik. Interes tasa ere negoziatzeko modukoa da. Egun, erakundeek badute euribor gehi %0,3ko diferentzial batez erreferentziatuiko hipotekak eskaintzeko margena.
Batez besteko komisioa (euro) | Gehienez (euro) | Gutxienez (euro) | ||
---|---|---|---|---|
Kontu korronteak mantentzea | 18,84 | 36 | 9,02 | |
Aurrezki kontuak mantentzea | 18 | 36 | 9,02 | |
Apuntearen zenbatekoa | 0,31 | 0,6 | 0 | |
Zorpekoak | 8,15 | 15,03 | 3 | |
Zorpekoen erreklamazioa | 26,81 | 30,05 | 9 | |
Transferentzia nazionalak | ||||
Norbere hirian | 3,01 | 4,5 | 1,5 | |
Beste hiri batean | 3,24 | 6,01 | 2,4 | |
Txekeak | ||||
Sarrerak norbere hirian | 2,08 | 4,51 | 0 | |
Sarrerak beste hiri batean | 2,52 | 4,51 | 0,9 | |
Txekeak itzultzea norbere hirian | 9,2 | 15 | 3,01 | |
Txekeak itzultzea beste hiri batean | 9,29 | 15 | 3,01 | |
Txartelak | ||||
Diru kutxazainean ateratzea (zenbatekoaren arabera). Zor txartelak | ||||
Norbere entitatean | 0 | 0 | 0 | |
Norbere sarean | 0,6 | 1 | 0 | |
Beste sare batzuetan | 2,59 | 3,01 | 1,65 | |
Atzerrian | 2,76 | 3,5 | 1,65 | |
Txartelak | ||||
Dirua kutxazainean ateratzea (zenbatekoaren arabera). Kreditu txartelak | ||||
Norbere entitatean | 2,18 | 3 | 1,2 | |
Norbere sarean | 2,91 | 4 | 1,2 | |
Beste sare batzuetan | 3,13 | 4 | 2,4 | |
Atzerrian | 3,43 | 6 | 2,4 | |
Hipoteka kredituak eta maileguak | ||||
Azterketa | %0,57, 85,20 eurora | %2, 210,35 | 0 | |
Irekitzea | %2,57, 551,94 eurora | %4, 901,52 eurora | %1, 120 eurora | |
Lehenago baliogabetzeaa | %3,88 | %5,00% | %2,50 | |
Subrogazioa | %1,45, 381,88 eurora | %4, 601,01 eurora | 60,10 eurora |
Iturria: Espainiako Bankua. Datuak 2007ko itxierakoak dira
- Kobratzen den zeinahi komisio, erakundeak emaniko zerbitzuen gainekoa izango da. “Kontua ez baliatzearren” eta antzeko kontzeptuengatik ezin daiteke inongo komisiorik kobratu eta, era berean, erakundeak hertsaturiko zerbitzuengatik zigorrik edo tarifarik ezin da aplikatu.
- Erakunde batek aplikatzen duen zeinahi komisio, produktua kontratatzeko garaian bezeroak sinatu zuen kontratuan agertu beharko da.
- Erakundeek beren sukurtsaletako iragarki-tauletan gehieneko komisioen zerrendak erakutsi eta Espainiako Bankuan erregistratu behar dituzte. Erakunde horretan kontsulta daitezke.
- Erakunde batek kontua mantentzeagatiko komisioa aplikatzen badu, ez du zertan aplikatu banku-apuntea egitearren.