Etiketa nutrizionala

Osasuntsu jateko argibideak

Elikabide osasuntsua egiten lagunduko duen informazio soil, argi eta baliagarria emateko azken proposamenetako bat semaforo nutrizionala da
1 urria de 2007
Img alimentacion listado 433

Osasuntsu jateko argibideak

Espainiako kontsumitzaile gehienek zalantzak erakusten ditu erositako elikagaien etiketak irakurtzeko unean. Are eta zalantza eta kezka larriagoak, informazio nutrizionalaren aurrean denean. Maiz hau eta osagaien zerrenda nahasten ditu, nutrizioari buruzko datuek jangaien printzipio, balio energetiko eta antzekoen gaineko informazioa baizik emango ez badiote ere.

Elikagai-anoa batek edo ehun gramoko zenbat kaloria dituen jakitea interesgarri gerta dakieke dieta jakin bat egiten ari diren pertsonei ez ezik, jan behar dutenaren balio energetikoaz informatuak egon nahi duten guztiei ere. Beste horrenbeste esan daiteke produktuak dauzkan proteina, karbohidrato, gantz, bitamina, mineral, zuntz edo oligoelementuez, dela portzentajezko presentziari, dela kopuru osoari dagokionean.

Informazio hori -etiketa nutrizional osatzen duena, alegia- Europar Batasunak oraingoz aukerazkotzat jotzen du, hots, elikagai batek eduki ditzakeen nutrienteen berri ezagutzea arras baliagarria bada ere, jangaien ekoizpen, transformazio eta ontziraketa-lanetan diharduten enpresak erabat aske dira informazio hori beren produktuen etiketan sartuko duten erabakitzeko. Eta aukera horretaz hamaikatxo enpresa baliatzen da, dela informazio partziala baizik ez emanez, dela herritar xumeak nekez uler litzakeen terminoak erabiliz.

Hori dela medio, jende askorentzat egunero kontsumitzen diren elikagaien ohiko osagaien ezaugarriak ezezagunak dira oraino. Iritzi-inkestetan kontsumitzaileek oraindik ere zalantzak agertu eta erantzun nahasiak ematen dituzten hainbat terminoren (karbohidrato, azukre, gantz saturatu edo poliintsaturatu, gantz hidrogenatu, etc.) esanahia galdetu dietenean. Beste horrenbeste gertatu da zeinahi landare-olio osasungarri den edo fruktosa azukrea baino hobea den itaundu izan zaienean.

Informazio nutrizionala, maiz, osagaien zerrendarekin identifikatzen du kontsumitzaileak eta, askotan, etiketak dioena interpretatzen ez daki. Marka handien publizitate-kanpainen eraginez, hein handi batean, nutrizio eta osasun alorretako kontzeptuak nahasten ditu herritar xumeak.

Inkestaren emaitzak, etsigarri

“Dauzkan kaloriak”, “Gizentzen duena eta gizentzen ez duena”… Horra hor kontsumitzaileek emaniko erantzun ohikoenetako batzuk, etiketa nutrizionala zer den galdegin zaienean, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Ministerioko Elikagaien Kontsumo eta Banakuntzaren Behategiak 2006an eginiko inkesta bati buruzko ondorioek erakusten dutenez.

Inkesta horretako emaitzen arabera, gehiengoak (%61) dio elikagaien etiketa beti edo gehienetan ordena honetan kontsultatzen duela: kontsumitzeko data egokiena edo amaiera-data, kontserbatu eta baliatzeko argibideak, osagaien zerrenda eta etiketa nutrizionala.

Ihardespen horretatik dieta orekatu eta osasuntsua egiteko sentikortasuna eta elikaduraz kultura handitu egin direla ondoriozta daitekeen arren, elikagaien etiketan agertzen den informazioa ulertzeko unean kontsumitzaileak eragozpen latzak ditu. Nutrizio-alorreko terminoak asimilatzeko ulermena 10etik 5,9 baino ez da, inkesta horretan.

Halaz ere, inkestari erantzun dioten pertsona asko informazio teknikoa ulertzeko gauza sentitzen dira, etiketan agertzen diren osagai eta gehigarri askotxoren esanahi nutrizionalaz eta hauek osasunean dituzten eraginez jendeak, argi eta garbi, askorik ez daki oraindik ere. Lau elkarrizketatutik ia batek (%22,5) termino asko ulertzeko orduan eragozpenak dituela aitortzen du eta etiketa nutrizionala baliatzen zaila dela salatu du.


Aukera berriak: semaforo nutrizionala

Egungo etiketak produktuei buruzko informazio nutrizional zabalagoa agertzen duen arren, emaitzak ikusirik, badirudi baliatu ohi diren terminologia eta formulak aldrebesak eta ulertezinak direla. Ezarritako helburua, hortaz, ez da erdiesten ari, kontsumitzaileak informatu gabe segitzen baitu. Ondorio kaltegarri hori saihesteko xedez, enpresa zenbaitek, saltzen edo ekoizten dituzten elikagaiez kontsumitzailea informatzeak duen garrantziaz jabeturik, horri datu argi, interesgarri eta ulergarriak helaraziko dizkioten tresna baliagarriak diseinatzeko ahaleginetan dihardute.

Arestiko adibideetako bat semaforo nutrizionala da. Produktuaren bildukian etiketa bat ezarri da: bertan, begiratu bat emanik, kontsumitzaileak, bere osasunean eragina duten bost nutriente nagusiak (azukrea, gantza, gantz saturatua, gatza eta zuntza) eta kaloriak ezagutu ahal izango ditu.

Horien guztien “gehieneko irenste aholkatua” zehaztu denez, beren kontsumoa zorrotz begiratu beharra dago; zuntzaren kasuan alderantziz gertatzen da, aholkatzen dena gutxieneko kopurua baita, zuntzaren kontsumoa areagotu egin behar delako. Informazioa anoako ematen da eta, pertsona heldu batek egunean kontsumitu behar duen eguneko kopuru orientagarriaren (EKO) arabera, nutrienteak zein portzentajetan hartu behar diren agertzen da bertan.

Etiketan EKO horiek irakurtzean gogoan izan dezagun premiak aldatu egiten direla sexu, adin, jarduera fisiko eta beste hainbat faktoreren arabera: horregatik ez dira berdinak EKO horiek pertsona guztientzat. Dena den, etiketan EKO balioak adieraztean emakume helduari dagokion EKO hartu da ereduzko erreferentzia, horixe baita biztanleria gehienaren EKO-ra gehien hurreratzen dena.

Proportzio horien arabera, elementuetako bakoitza kolore batean agertuko da: honek adieraziko du anoa baten kaloria, azukre, gantz, gantz saturatu eta gatz edukia altua (laranja), ertaina (horia) edo apala den (berdea). Kolore berdeak mugarik gabe kontsumi daitekeela esan nahi du; horiek, tamainaz har daitekeela eta laranjak, aldiz, arretaz kontsumitu behar dela, neurriz. Produkturen baten etiketak laranja kolorea edukitzeak ez du esan nahi bertatik hartu behar ez denik, nolanahi ere. Informazio hori egunean zehar kontsumitzen ditugun nutrienteen berri bakarrik ematen digu eta xedea, jakina, aukera osasuntsuak egin daitezen laguntzea da.

Etiketa nutrizionalaren jomuga, batetik, informazio nutrizionala kontsumitzaileari era argiago, osatuago eta ulergarriagoan agertzea da, honek, begiratu batez, elikagaien balio nutrizionalak eta osasunean eragina duten nutriente nagusiak ezagutaraztea; bestetik, produktuak hautatzeko unean laguntza ematea.

Nola interpretatu semaforo nutrizionala

3 gailetako anoak (55 g.) hurrengo elementuak dauzka:
Kaloriak Azukrea Gantza Gantz saturatuak Gatza Zuntza
274 1 21,4g 1 14,4g 1 9g 1 0g 1 / 3 1,7g
%14 %24 %21 2 %45 2 %1 baino gutxiago %7

* Pertsona heldu batentzako eguneko kopuru orientagarria (EKO)

(1) Anoak daukan nutriente kopurua

(2) Elikagai horren anoa batek daukan nutrientearen portzentajea, egunean premiazkoa den kopuruarekiko (EKO)

(3) Adibidea: 55 gramoko anoak zenbat gatza daukan

Semaforo nutrizionaleko koloreek zer adierazten duten
Kaloriak Azukrea Gantza Gantz saturatua Gatza
Zer den apala, anoako 150 edo gutxiago 6,75g edo gutxiago 5,25g edo gutxiago 1,50g edo gutxiago 0,45g edo gutxiago
Zer den ertaina, anoako 150 – 400 artean 6,75g – 18g artean 5,25g – 14g artean 1,50g – 4g artean 0,45g – 1,20 g artean
Zer den altua, anoako 400 edo gehiago 18g edo gehiago 14g edo gehiago 4g edo gehiago 1,20g edo gehiago
  • Apala (eguneko kopuru orientagarriaren %7,5 edo gutxiago)
  • Ertaina (%7,5 – % 20)
  • Altua (%20tik gora)
Eguneko kopuru orientagarria (EKO) emakume, gizon eta haurrentzat
Nutrientea EKO emakume heldua EKO gizon heldua EKO haurra (5-10 urte)
Energia (Kcal) 2000 2500 1800
Proteina (g) 45 55 24
Karbohidratoak (g) 230 300 220
Azukreak (g) 90 120 85
Gantza (g) 70 95 70
Gantz saturatua (g) 20 30 20
Gatza (g) 6 6 4
Sodio baliokidea (g) 2,4 2,4 1,4
Zuntza (g) 24 24 15

Dokumentu honetan baliatu diren aholkaturiko irenste aholkatuak Guideline Daily Amounts/Eguneko kopuru orientagarriak (GDA/EKO) dira eta “Committee on Medical Aspects of Food and Nutrition Policy (COMA) eta “Scientific Advisory Committee on Nutrition” (SCAN) erakundeek emaniko aholkuetan oinarrituak daude.

Etiketa nutrizionala irakurtzean aintzat izateko alderdiak
Etiketa nutrizionalean hau agertzen bada: Hauxe jakin beharko dugu:
Azukreak Elikagaiek zenbat azukre daukaten (karbohidratoez gainera, alegia) jakitea komenigarria da, aholkatutakoa ez gainditu gabe dieta orekatua egin nahi denean datu hau ere aintzat hartu ahal izateko. Egunean zehar bi zorro azukre (20 gramo azukre), baso bat zuku (20 gramo azukre) eta hiru gaileta txokolatezko (13 gramo azukre) hartzean, aholkatutako guztirako azukrearen erdia baino gehiago kontsumitu dugu.
Gantza / Gantz saturatuak Hamaika produktu ekoiztean baliatzen diren “landare-olio” edo “landare gantz” horietan, gantz-azido saturatu asko duten koko edo palmondo-olioak egon daitezke ezkutaturik. Geroz eta elikagai gehiagok -krispetak, patata frijituak, aurrez kuzinatuak, opil industrialak- dauzkaten beren osagai zerrendetan “gantz hidrogenatu edo partzialki hidrogenatuak”: gantz hauek saturatuek baino dezente ondorio kaltegarriagoak dituzte gure kolesterolean, triglizeridoetan eta arterietako osasunean.
Komeniko litzateke etiketak gantz horien ezaugarriak agertzea: guztirako gantza, saturatua, monointsaturatua, poliintsaturatua eta trans motakoak, alegia.
Zuntza Zuntzari dagokionez, eguneko kopuru orientagarria 24 gramo da.
Integral edo zuntz asko daukatela dioten produktu asko benetan ez dira espero zitekeen bezain integral edo zuntz ugarikoak, alderdi hori produktu horien baliokide arruntenekin edo bestelako marketako antzeko produktuenekin konparatuz gero.