Terapia berriak minbiziari aurre egiteko

Minbiziaren kontrako borroka desorekatua

Aurrerapen nagusiak patologia onkologikoak garaiz detektatu eta zehazki diagnostikatzean eta kirurgia, erradioterapia eta kimioterapian dautza
1 urria de 2007
Img salud listado 493

Minbiziaren kontrako borroka desorekatua

Minbiziaren aurkako borrokak tragedia pertsonal gehiegi eragiten ditu oraino baina albiste denak ez dira txarrak. Etorkizun hobea ekarriko diguten terapia berrien garapenak eta pixkanaka metatzen ari den ezagutzak gaixotasun hau nozitzen duten pazienteek eta beren senitartekoek pairatzen duten fatalismoa arintzen dute egunez egun. Oraintxe bertan, milako erdi molekula txandaren zain daude, gizakiengan saiakera noiz eragingo zaien. Bien bitartean, garaizko detekzioak, prebentzioak eta belaunaldi berriko botikek hilkortasuna murriztea lortu dute: egun, diagnostikatzen diren kasuen erdiak baino gutxiago hiltzen dira.

Zifrei bakarrik erreparatuta, minbizia -200 agerpen kliniko ditu- oraino ere gaixotasunik birrintzaileenetako bat dela ondorioztatuko genuke. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) arabera, munduan urtero-urtero sexu bietako 7,6 milioi pertsona hiltzen dira. Herrialde garatuetan bigarren hilkortasun-kausa da eta, mundu zabalean, urtean 20 – 25 milioi pertsonak harrapatzen dute gaitza.

Estatistikak beldurgarriak dira: Amerikako Estatu Batuetan -gaixotasun honen inpaktuaren kontrol zorrotz samarra daukaten herrialde bakanetako bat izaki-, 2007 urtearen amaierarako milioi eta erdi kasu diagnostikatuko omen dira: horietatik herenak aurten bertan hilko dira, kasuen %90etan gaitza beste organo batzuetara hedatzearren (metastasi ikaragarria da hori). Arazoak eraginiko kostua 70.000 milioi euro da, tratamendua eta ospitaleko egonaldia kontabilizatuz gero. Zeharkako kostuak (gaixotasunak eraginiko lanorduen eta produktibitatearen galera eta behar baino goizago etorritako heriotza) aintzat hartzen badira, zifra hori 120.000 milioi euroraino doa. Espainian, urteko kostuak 3.900 milioi eurotara iristen dira baina ikaragarri areagotuko lirateke senitarteko eta adiskideek minbiziak gaixorik dagoen pazienteari eskaintzen dioten denbora ez ezik, zaintzailearen patologia izenekoek (min muskulu-eskeletikoak, depresioa, nekea, estresa, etc.) giro horretan eragiten duten inpaktu emozionala ere aintzat hartuko balitz.

Zifren gibelean?

Minbiziaren aurkako borrokan, baina, dena ez da zenbaki. Azken hamabost urteotan -ikerkuntza genetikoan aplikatutako teknologien aurrerapen latzaren ondorioz, batik bat- lortu den jauzi kualitatiboak ateak zabaldu dizkio itxaropenari. Kimioterapiak bere arma konbentzionalak oraino darabiltzan arren, minbiziak jotako zelulak dituen oinarri biokimikoak hobeki ezagutzeari eta produktu berriak agertzeari esker, tratamendu selektiboagoak eta, pazientearentzat, toxikotasun apalagokoak aplikatzen zaizkio gaixotasunari. Horrela, gainera, emaitza hobeak eskuratzen dira. Hobekuntza horiek minbiziaren aurkako borrokaren funtsezko alorretatik lautan gertatu dira: patologiak garaiz detektatu eta zehazki diagnostikatzean, kirurgian, erradioterapian eta kimioterapian, alegia.

Kontrakoa badirudi ere, minbiziak jotako gaixoa artatzen duen sendagile-taldeak aintzat jotzen dituen aukeren artean lehenetako bat da oraino kirurgia. Baina aspaldiko inpaktu fisiko eta psikologiko hura (hein handi batean teknika kirurgikoen funtsa gorputz atalak gupidagabe ebakitzean zetzalako) arras arindu da. Hasteko, minbizi-plegu nagusiak garaiz detektatzeko programen generalizazioari esker, gutxi-gutxi garatu diren tumoreak atzeman daitezkeelako; horrek, jakina, kirurgia arinagoa praktikatzeko aukera ematen du. Bigarrenik, ebakuntza aurretik botikak hartzeak, kasu asko-askotan, tumorearen tamaina “ebakigarri” bihurtzeraino txikitzea laguntzen duelako.

Botikak hartu eta erradioterapiarekin konbinatuta, kirurgia geroz eta kontserbatzaileago bihurtu da, hainbat teknika (endoskopia, laparoskopia) garatzearen ondorioz; areago, ablazioa alboratua duten metodoak maiz aplikatzen dira: krioterapia, irrati-maiztasuna, elektrolisia edota kimio-hipertermia, adibidez. Horiek denak egokiak dira gaitza arintzeko estrategia gisa, baita ebakuntza kirurgiko konbentzionalaren osagarri edo terapia bezala.

Egun ere, minbizi-plegu askoren hastapeneko tratamendu-aukera nagusia izate horren arrazoia, neurri batean, terapia neo-laguntzaileen erabilera da: horrelakoek, erradioterapia eta kimioterapiarekin konbinatuz gero, tumorearen masa txikitu egiten dute, ebakuntza egin aurretik. Mundu osoan paziente onkologikoen erdiak hartzen dute erradioterapia-saiorik, gaixotasuna tratatzean.

Erradioterapia aplikatzeko gainditu behar den eragozpen larriena, tratamendu horrek agintzen duen epe luzerako plangintza egitea eta espezialista mediko, fisiko eta teknikoak edukitzea da. Horiek dira, onkologo-taldearekin elkar harturik, tumorea osatzen duten zelula minbizidunak ezabatzeko eta, horrekin batera, okupatzen dituen ehun osasuntsuak “garbitzeko” erradiazio ionizatzaileak administratzeko arduradunak.

Erradioterapiaren eraginkortasuna biziki hobetu da irudi-teknologia baliatzen hasi denetik: honi esker, tumorea non den eta mugak non dituen ikus daiteke. Erresonantzia magnetiko nuklearrak, hiru dimentsioko irudi-teknikek eta, berrikiago, tumore-aktibitatea duten gorputz-atalak hautemateko aukera ematen duen positroien emisio bidezko la tomografiak (PET) emaitzak hobetzen lagundu dute.

Kimioterapiaren itxura berria

Tumore gaiztoa agertzea -berrehun bat gaixotasun dira guztira, denek ere berezko ezaugarriak dituztenak-, zelula baten nukleoak daukan kode genetikoan jazotako mutazioak eragiten du, funtsean. Herentziak arazo honetan kargarik badu ere, gaur badakigu organismoak berak zuzendu ez duen ADN kate luzeko begiren batean izaniko alterazio batek -dela zelula-zatiketa prozesuaren eraginez, dela toxiko edo erradiazio baten ondore gisa- zelularen ohiko jokabidea aldarazi eta gaiztotzea ondoriozta dezake.

Alterazio horiek, azken finean, zelula arduradun-motaren (gauza bat da larruazaleko zelula, beste bat birikakoa) eta paziente bakoitzean tumoreak hartzen duen profil genetikoaren arabera gertatzen dira. Prozesu horren bereizgarria muturrerainoko indibidualizazioa denez, tratamenduen aurreko erantzuna -eta, noski, minbizi-plegua- aldatu egiten da pertsona batetik bestera.

Halaz ere, minbizi-forma batzuetan alterazio molekular eta genetiko berberak jazotzen direla idorotzeak belaunaldi berriko botikak sortzeko aukera eman du: hauen helburuak, aurreko belaunaldikoenak ez bezala, ez da zelulak suntsitzea, tumoredun zelularen bereizgarri diren funtsezko bideak blokeatzea baizik. Oinarrizko sei gaitasun aipatzen dituzte ikertzailek: mugagabe banatzea, ehunak bertatik bertara eta urrutira inbaditzea (metastasia), oxigenoa eta elikagaia erdiesteko odol-hodi berriak sortzea, beren heriotza saihestea (zelula normal orok noiz hil behar duen adierazten dion programaz hornitua dago), hazkuntza-faktore hormonalak ekoiztea eta hazkuntza galarazten dioten faktoreak saihestea. Minbizidun zelulak ezinbestekoaz dituzten gaitasun horiek denek botika berriak garatzeko informazio behinena ematen dute.

“Arrazional” deritzon hurrenkera horren emaitza dira dagoeneko merkatuan dauden belaunaldi berriko hamar bat botika ez ezik, aldez edo moldezko minbizi-aktibitatea agertzen duten ehun erdi bat molekula jakin ere, denak ikertze-fasean. Beste bostehun bat, ordea, itxarote zerrendan daude, ikerkuntza-fase aurreklinikoren batean (egiazko pazienteetan saiakerak egin aurreko fasean); saiakuntza horien %10 inguru arrakastaz amaituko omen da.

Horri guztiari, kimioterapia konbentzionala osatzen duten botikak erantsi behar zaizkio: aloger-eragileak (tumoredun zelulen ADNan zuzenean eragiten dute, hauen ugaltzea galarazteko), nitrosoureak (ADNren konpontze-mekanismoetan interferentziak sortzen dituzte), antimetabolitoak (zelularen estruktura aldaraztea xede dute), tumoreen kontrako antibiotikoak (zelula-mintza aldarazi eta zatiketa galarazten dute) eta inhibitzaile mitotikoak (zelula-banaketa eragozteko gai dira).

Arma berri hauek eskuetan, kontua da tumorearen bideragarritasuna mantentzen duen molekula-makineriako osagai zehatz-zehatzei erasotzea. Arrakasta bizia bildu duten botiketako batzuk dira, adibidez, Gleevec (bere buruaren alterazioa nozitzean, leuzemia mieloide kronikoa probokatzen duen gene berezi baten ezagutzan oinarritua), Herceptin (antigorputz monoklonal honek, bularreko tumoreen %15 inguruan zabaldurik agertzen den HER2 onkogenearen jarduera eragozten du), Tarceva (EGFR onkogenea ituan dauka, erretzaile ez diren pazienteen birika-minbizian), Erbitux (koloneko minbizia du ardura) eta Avastin (kolon eta ipurtesteko tumoreetako odol-hodien aurkakoa).

Botika konbentzionalak, batetik, eta oinarrizko ikerkuntzan indarrean dauden ikuspuntuak praktikan jartzeari esker sortu diren belaunaldi berrikoak, bestetik, elkarrekin konbinatuz erabiltzeak printzipio aktibo berriak agertu dira. Proposamen horiek eragin sinergikoak dituzte minbizi-plegu askotan: biziraupen-indize estatistikoak, gaixoaldi askea eta bizi-kalitatea dezente hobetzen ari dira, egunez egun.


Helbura: metastasiak galarztea

Minbiziari egozten zaizkion heriotzen %90, gaixotasuna bizitzeko ezinbestekoak diren urrutiko organo eta ehunetara hedatzearen ondorioz gertatzen dira. Aresti arte, ordea, deus ez genekien horien jokabideaz eta tumore primario batetik bizitzeko ezinbestekoa den beste toki batera zelula joan eta bertan beste tumore bat probokatzea posible bihurtzen duten klabeez. Joan Massagué ikertzaile espainiarrak New Yorken egin dituen lanei esker, berriz, jokabide horren parte baten zergatiak argitzen ari dira.

Oraintsu eginiko ikerlanetan Massagué irakasleak idoro du gene jakin batzuek adierazten dutela nola zelula jatorrizko tumoretik irteten den eta, kapilarren tartetik igarota, odoletara iristen den, hor nola egiten dion buru sistema immuneari eta nola doan berriro, odol-hodietan barrena, urrutiko organo batean finkatu arte. Bertan, habia eginik, beste tumore bat sortaraziko du.

Massaguéren iritziz, prozesua gene-multzo baten aktibazioak gidatzen du; gene horietako asko ezagunak dira eta oso litekeena da nolako tumore-mota halako genea izatea, denen eraginak antzekoak badira ere. Aurkikuntza horri esker, lehenagotik ezagunak ziren botika batzuk eta profil genetiko jakinak identifikatzen dituzten ikerlanak garatzen ari dira. Itxaropenak mantentzeko erantzuna ematen ari dira oraino ikerlanak.

Itsapeko ñimiñoaren itxurako itxaropena

Kimika molekularra, nanoteknologia eta magnetismoa elkarrekin konbinatzeak ezustekoak sortaraz ditzake minbiziaren tratamenduan. Helburua, minbiziak jotako zelularaino botikak eroateko moduko ibilgailu mikroskopikoa eratzea, “eraikitzea” da. Bertan, era selektiboan liberaturik, zelula suntsitu egingo lukete. Europar Batasunaren babesarekin diharduten ikertzaile espainiarren eta gainerakoen azterlanak hastapen-fasean dauden arren, aukera hori etorkizunean ez baztertzeko modukotzat jo daiteke.

Teknologikoki, behintzat, badago ibilgailu hori (“itsaspeko ñimiñoa” deritzote adituek) diseinatzea: baldintza fisiologikoei aurre egiteko gauza diren atomoak elkartu eta bertan botikaren printzipio aktiboa “sartzea” da kontua. Minbizidun zelula hipertermia (tenperatura altua) bidez identifikatu eta sistema, berriz, berariazko eremu magnetikoen teknikak baliatuz aktibatuko da.