Puntualtasuna eta informazioa, hiri-busen gabezia nagusiak
Agian metroaren, tranbiaren edo trenaren lehiagatik, agian geroz eta zorrotzago bihurtzen ari den erabiltzaileari zerbitzua eman behar zaiolako, agian garraio publikoa sustatzeko modurik eraginkorrena horien kalitatea hobetzea dela ulertu dutelako botere publikoek. Kontuak kontu, Espainian hiri-busek ematen duten zerbitzua dezente hobetu da lau urte honetan. Horrelaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-k, bertako teknikoek 18 hiritan 300 linea aztertu ondoren: 30 bus-linea Madril eta Bartzelonan, 25 Valentzia eta Sevillan, 20 Malaga, Zaragoza eta Bilbon, 18 Murtzian, 15 Alacant eta Valladoliden, 12 Granadan eta 10 Kordoba, A Coruña, Logroño, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen. Aurtengo azterketa hiri-busek batez besteko “ongi” kalifikazioarekin gainditu dute baina 2003 urtean CONSUMER EROSKI-k antzeko ikerlana egin zuenean, batez besteko kalifikazioa “gaizki” hutsa izan zen.
Aurrerapenik esanguratsuena -harrigarri ere gertatzen dena, batez besteko “oso gaizki” hartatik “oso ongi” berrira etorri baita- bus-gidariek lana egiteko modua izan da. Orain lau urte geldiketa latzak, azkarregi gelditzea, behar ez bezala geratzea eta, hitz batez, gidaritza lakarra ohikoa zelarik, 2007ko honetan bakanak izan dira horrelakoak. Ez da harritzekoa, beraz, bidaiaren kalitatea eta erosotasuna eta geltokietan ezarritako azpiegiturak ikerlan honetako alderdi positiboenen artean agertzea. Dena, ordea, ez da argi: bada oraino zuzendu beharreko akatsak, hala nola erabiltzaileari, bai geltokian, bai ibilgailu barruan eman beharreko informazioa, puntualtasuna (azterturiko zortzi lineatik bat geltokira bost minutu berandu iritsi zen, behintzat) eta ezinduen premietarako egokipena (hainbat hiritan, busen %15 – %20 egokitu gabe daude oraino).
Hiri-busen zerbitzurik hoberenak Madril, Malaga, Oviedo eta Bilbon ikusi ziren (denen batez bestekoa, “oso ongi” erabatekoa); emaitza txarrenak, berriz, Alacant eta A Coruñako busek jaso zituzten: batez besteko nota “onargarri” baino ez dute merezi izan (Granada, Logroño, Murtzia, Valladolid eta Gasteizkoek bezala). Azterketak erakutsi duenez, autobusen batez besteko maiztasuna 16 minutukoa da linea bakoitzean astegunetan eta 23 minutukoa asteburu eta jaiegunetan; dena den, hiri eta linea batetik bestera alde nabarmenak atzeman dira. Indarrean dauden tarifez ari garela, ibilbide bakarreko ohiko txartelaren batez besteko prezioa 0,97 euro da: Logroñon kobratzen duten 0,56 eurotik Bartzelonako 1,25 euro horretara. Hainbat bidaia egiteko abonua hartzen bada, ibilbideko prezioa %42an murrizten da batez beste, hots, 0,55 euroraino doa. Erabiltzaile gehienek hainbat ibilbide egiteko bono edo txartelak hartzen dituztela kontuan izaki, Bartzelonako busaren prezio handia nabarmendu egiten dela ondorioztatuko dugu (0,69 euro ibilbide bakoitzeko); ondotik Donostia, A Coruña eta Oviedokoak datoz; merkeenen artean Logroño (0,42 euro ibilbideko), Gasteiz, Valentzia, Iruñea eta Zaragoza agertzen dira.
Txostenak hiri-busa hartu ohi duten erabiltzaileen iritzia ere jaso du. Horretarako, 18 hirietan, geltokitik gertu, 3.000 erabiltzaileri egin zaizkie hainbat galdera. Egunero darabilten autobusarekin gustura daude erabiltzaileak, oro har, baina erdiak baino gehiago kexu agertzen dira hiru kontutan: linea batzuen maiztasun eskasa, puntualtasunik eza eta gehiegizko prezioa. Dezente agertzen den erreklamazio bat (inkestan parte hartu dutenen %37k horrela dio) profesionalek garraio publikoko ibilgailuak gidatzen duten modu aldrebesa da. Autobusen txukuntasun eta kontserbazio egoera, eta gidariengandik hartzen duten tratamendua asetzeko modukoak dira erabiltzaile gehien-gehienentzat.
Geltokia, itxaroteko lekua
Bidaiariaren ibilbidea, autobus geltokira iritsitakoan hasten da. CONSUMER EROSKI-ko teknikariek bisitatu dituzten hamar gunetik ia zortzi garbi eta txukun zeuden. Bartzelona eta Murtzian azterturikoen erdietan, eta A Coruña, Malaga eta Gasteizko hamar geltokitik hirutan, zikinkeria, pintaketak, edota kristal hautsiak atzeman dira. Geltokien %83k markesina eta aulkia dauzkate: egoera 2003koaren antzekoa bada ere, gogoan izan dezagun urte hartan hiru geltokitik batean ez zegoela horrelako elementurik (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Kordoba, Murtzia eta Gasteizen, adibidez).
Geltoki gehien-gehienetan hiri-busen ibilbideak, maiztasunak eta ordutegiak agertzen zituzten taulak ikusi ziren (salbuespenak: Granada eta Sevilla). Erabiltzailea artatzeko zerbitzuez eta tarifez informazioa ematen duten geltokiak erdiak baizik ez dira (A Coruña, Kordoba, Logroño, Murtzia, Oviedo, Sevilla eta Zaragozan bisitatu direnetan, bakar bat ere ez).
Azterturiko 300 lineen hamarna erabiltzaileri inkesta txiki bat egin zieten CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, hots, ohiko 3.000 autobus-erabiltzaileri galdetu zitzaien. Emaitzek, erabiltzaile horien hein bateko asetzea baizik ez dute agertzen: kexa egiteko motibo behienak maiztasunak, puntualtasuna eta txartelaren prezioa dira.
Izan ere, inkestari erantzun dioten erabiltzaileen %44k bakarrik uste du autobusak puntual dabiltzala; %17k, berriz, bere orduan behin ere iristen ez direla esan zuen. Inkestari erantzun dioten erabiltzaileen erdiak baino gehiagok, gainera, autobusen maiztasunak aproposak ez direla esan zuten (hamarretik zortzik Malagan eta hamarretik zazpik Bartzelona eta Zaragozan). Txartelaren prezioari dagokiola, hamar erabiltzailetik ia seik prezio horrekin ados ez daudela ihardetsi zuten.
Hamar erabiltzailetik zortzik, aldiz, autobusen kontserbazio eta garbitasun egoerari ona irizten diote; %63ren aburuz, gidariek ibilgailuak behar bezala daramatzate baina, %37ren iritziz, alderdi hori dezente hobetu daiteke. Amaitzeko, Espainiako hiri-busen lau erabiltzailetik hiruren iritziz, autobusetako gidarien jokaera ona edo oso ona da.
Hamar erabiltzailetik ia zazpik uste du hirietako zonak eta auzategiak hiri-bus lineen bidez ederki lotuak daudela. Asetze-maila garaiena Sevilla eta Malagako erabiltzaileek agertu zuten; desadostasunik nabarmenenak A Coruña eta Gasteizen aurkitu ziren, lineen kopuru eta maiztasun urriak arrazoi behinena izaki.
Maiztasunak: bi minututik bi ordu arte
Autobusak igarotzen direneko maiztasuna linea baten zerbitzuaren kalitatea baloratzeko irizpiderik behienenetako bat da. Aldizkari honetako teknikariek ibilbide guztiak astegun goizeko zortzietatik hamarrak arte, eguerdiko ordu batetik hirurak arte eta ilunabarreko seietatik zortziak arte egin zituzten, ordutegi horietan erabiltzaile gehiagok baliatzen baitituzte ibilgailu hauek. Azterturiko 300 lineetan hiri-busen batez besteko maiztasuna 16 minutu bada ere, hiri bakoitzeko zerbitzuen arteko aldeak izugarriak dira. Madril da hiri denetan hoberenetako bat, autobusak geltokitik sei minutuan behin igarotzen direlako. Ondotik Bartzelona datorkio: bertako batez besteko maiztasuna 10 minutu da; hiri honetatik gertu datoz Granada, Valentzia eta Zaragoza (11 minutu, batez beste). Zerrendako beste muturrean agertzen da Oviedo (38 minutuko maiztasuna, batez beste, aztertu zaizkion 10 lineetan), Alacant, Murtzia, Valladolid, Logroño eta Gasteiz: hiri honetan, hiri-bus bat eta hurrengoaren arteko tartea 20 minutu baino handiagoa da.
Linea bereko ibilgailuen arteko itxaronaldi luzeena Oviedon hauteman zen: 4. linean (Fdez. Ladrera – S. Andrés de Trubia) bi orduetaraino doa tarte hori. Ondotik Alacanteko “L30-San Vicente-Cañada-Alcoraya-Rebolledo-Alacant” linea datorkio: autobus batetik bestera ordu eta erdia. Madril, Granada, Sevilla eta Valentzia hirietan, aitzitik, autobus batetik besterako tartea ez da behin ere 20 minutu baino luzeagorik. Jaiegunetan, berriz, itxaronaldia luzeagoa da. Jaietako batez besteko maiztasuna, azterketan egiaztatu denez, 23 minutukoa da. Oraingoan ere Madril, Bartzelona, Granada, Valentzia eta Zaragozako autobusak dira maiztasun hoberenekoak (12 eta 17 minutu artekoak), Murtzia, Oviedo, Alacant, Logroño eta Gasteizkoak (de 31 a 48 minutu) baino askozaz ere hobeto.
Zortzi lineatik batean maiztasuna ez da betetzen
Autobus-zerbitzu ona erdipurdikotik bereizten duen bereizgarri nagusietako bat puntualtasuna da. Hori betetzen zela egiaztatzeko, azterturiko 300 lineetako geltoki bakoitzean CONSUMER EROSKI-ko teknikariek lehen autobusaren helduera itxaron zuten; hura hartu ez eta hurrengoa iritsi arte zain egon ziren (honakoa hartu zuten) markesinetan adierazitako maiztasunak benetakoak ote ziren egiaztatzeko. Adierazitako orduan baino bost minutu beranduago iristea ere onartzeko modukotzat jo da, hiriko trafiko-baldintzen aldakortasunak erabiltzaileari horretara nolazpait egokitzea eskatzen baitio.
Tarteak tarte, azterturiko zortzi lineatik batek (%12) ez zuen bete markesinetan adierazitako maiztasuna. Datu hori, 2003 urteko emaitzen aldean egoera hobetu dela adierazten badigu ere, hutsune larria da, berez. Puntualtasuna larrikien urratzen duten autobus-zerbitzuak Murtzian aztertutakoak dira (lineen %44 berandu iritsi baitzen); ondotik Logroño (hamar autobusetik hiru berant heldu zen) eta Malaga (lau lineatik batek ez zuen bete adierazitako maiztasuna). Beste aldetik, A Coruña, Bilbo, Kordoba eta Oviedon azterturiko autobus bakar bat ere ez zen bost minutu baino beranduago heldu.
Teknologia berriei esker erabiltzaileak jakin dezake zenbat denbora falta den hurrengo autobusa iritsi arte, beranduago iritsiko den, oraintxe bertan non dabilen edota hurrengoa noiz helduko den. Geroz eta udal edo autobus-enpresa gehiagok ipintzen dituzte hiri-bus eta gainerako ibilgailuetan GPS dispositiboak, autobusak noiznahi non diren jakin ahal izateko. Horrelako datuak transmititzeko euskailuetako bat, autobus geltokietan instalatzen diren pantailak dira (bisitatu ditugun lau geltokitik hirutan daude horrelakoak).
Adiera horretan aurreratuen dauden hiriak hauek dira: Bilbo (bisitatu ditugun geltokien %80tan baziren pantailak), Valladolid eta Donostia (%70tan), Oviedo (%60tan) eta Murtzia (erdietan daude pantailak). Inolako pantailarik ez zen ikusi Iruñea, Valentzia eta Gasteizko geltokietan (nahiz azken hiri horretako 50 geltokitan ipintzeko prozesuari ekin zaion). Nolanahi, hutsuneak atzeman ziren aplikazio horretan ere: Logroñoko denetan eta Donostiako hirutik batean informazioa ez zegoen eskuragarri pantailak itzalita zeudelako; Granadako lautik batean funtzionamendu-alorreko akatsak atzeman ziren.
Interesa duen pertsonak datuok Internet (Bilbo, Bartzelona, Madril eta Kordoban bakar-bakarrik) eta telefonia mugikorreko mezuen bitartez ere kontsultatu ahal izango ditu (azterturiko 18 hirietatik hamarretan dago eskura, baliagarri eta erabiltzaileari mezu bakoitza 15 eta 30 zentimo artean kostatuko zaio).
Autobusean
Hona azterketan aintzat hartu den alderdietako bat: autobusa geltokiko espaloira behar bezala gerturatzen den, alegia, bidaiariak erosoago sartu eta irten daitezen ibilgailutik. Horretan ere, bereizketa bat egin da: gidariarekin zerikusirik ez duten kausengatik (batez ere, inguruetan beste ibilgailu batzuk geratuak daudelako) gerturatzen ez diren autobusak eta, ikusi batera, bederen, motiborik gabe hurbiltzen ez direnak. Lau autobusetik bat A Coruñan, hamarretik bi Iruñea eta Granadan, eta Valentzian azterturiko 25etatik bi ez dira espaloira hurreratu, hori ezerk ere eragozten ez zuen arren.
Autobusen %95ek ez zituzten ateak zabaldu ibilgailua zeharo geldirik egon arte; antzeko proportzioan zeuden ateak erabat itxi arte abiatu ez zirenak. Erabiltzailea bere eserleku edo bestelako tokian erabat kokatu arte gidariak ibilbideari ez ekitea biziki eskertzen du. Halaz ere, bisitaturiko autobusen %60tan ikusi zenez, gidariak autobusa martxan jarri zuen bidaiariak behar bezala pausatu aurretik. Horrelaxe gertatu zen A Coruña eta Oviedon azterturiko autobus denetan eta Granada, Donostia eta Valladoliden bisitaturiko hamar autobusetik bederatzitan. Alde horretatik, arduratsuenak Valentzia eta Gasteizko gidariak dira.
Gidaritza bortitzegia dela medio, ibilbidean astindurik sentitzea arras desatsegin gertatzen zaio bidaiariari. Hamar autobusetik bitan gidariak ibilgailua bortizki azeleratu edo gelditu zuen, 2003 urteko azterketan gertatutako proportzioak berriro errepikatuz. Horrela jazo zen Donostiako hamar autobusetik seitan, eta Granada, Logroño eta Gasteizen aztertutako ibilbideen erdietan.
Ibilbideen %97tan trafiko-seinaleak gidariak errespetatzen zituela egiaztatu zen. Gidatzen ari ziren bitartean beste norbaitekin hitz egiteko debekapena gutxiagok bete zuten. Hamar autobusetik bitan gidariak hala egiten zuen baina, hori bai, hein handi batean lineako geldialdiez erabiltzaileek zituzten zalantzak argitzeko bakar-bakarrik. Gidariak, oro har, gizabidezko jokaera agertu zuten bidaiariekin.
Ekipamendua
Ikerlanean azterturiko autobus guztiek ikuspen-dispositibo bat zeukaten: gehienetan, ibilgailua gelditzea eskatu dela adierazten duen argi bidezko elementu bat. Ibilbideko geldialdien izena adierazten duten ikuspen-sistemak (argi-pantailak, orokorki) ere badauzkate autobus gehienek; elementu hori biziki baliagarria du ibilbidea ezagutzen ez duen bidaiariak eta, nola ez, entzumen alorreko arazoak nozitzen dituenak. Alderdi horretan nabarmentzekoak dira Donostia, Bilbo, Malaga, Zaragoza, Madril, Gasteiz eta Sevillako zerbitzuak, bertako autobus guztiek monitore edo pantailak dauzkatelako. Valentzian ere, hamar autobusetik zazpitan instalatua dago sistema hori.
Autobusen kontserbazio eta garbitasun egoera hobetzeko modukoa da: hortxe dute hiritarrek ardura handia. Hamarretik bik ez dute honako proba gainditu.
Erabiltzailearen eskubide eta betebeharrekoak eta konparaketako taula
Aldizkari honetako teknikariak ohiko txartela kasuan kasuko zerbitzuak finkatua duen gehieneko zatiaren arabera ordaintzen saiatu ziren, eskubide hori errespetatzen den egiaztatzeko. Gehieneko zatia, ikerlan honetan, bost eurotik hogei eurora doa. Era horretan, azterturiko 18 hirietatik zortzitan (A Coruña, Madril, Malaga, Murtzia, Sevilla, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozan) ezin izan zen ordaindu bost euro baino balio handiagoko billete batekin. Halaz ere, Madril, Murtzia eta Sevillan arazoak jazo ziren teknikaria horrelako billetearekin ordaintzen saiatu zenean: horrelakoetan autobuseko gidariak mesedez eskatzen zien bidaiariei txanponez ordain zezaten edo, bestela, kostua doi-doi eskatzen zien (horrela gertatu zen Sevillan eginiko ibilbideen %87tan). Azterturiko sei hiritan bakarrik (A Coruña, Alacant, Bilbo, Oviedo, Valentzia eta Valladolid) ez zitzaion inolako eragozpenik ipini aldizkari honetako teknikariari baimenduriko gehieneko billetearekin ordaintzeko unean.
Garrantzi handiko beste alderdi bat, bidaia-titulu desberdinetako tarifak ikusgarri agertzea da. Ohiko billetearen prezioa, hartu ziren 300 autobusen %72tan agertzen zen zehazturik baina %28tan soil-soilik ikusi ziren haur, jubilatu edota ezinduei dagozkien salbuespenei buruzko kartelak. Horrez gainera, A Coruña, Kordoba, Granada eta Donostian azterturiko ibilgailu bakar batean ere ez zitzaion bidaiariari adierazpenik ematen egin beharrekoari buruz, larrialdi edo istripurik gertatzekotan.
Autobus den-denetan larrialdiko leihoak ederki adieraziak zeuden arren, lau autobusetik batek leihoak hausteko mailurik ez zeukan (edo ez zen ikusi), ebaluazioa gertatzekotan. Era berean, hamar autobusetik zortzitan bazen su-itzalgailu bat gutxienez; botikinen presentzia askoz ere urriagoa da: hiru autobusetik bakar batek zeukan elementu hori begi bistan.
Azterturiko hamar autobusetik bederatzi mugikortasun mugatuko pertsonentzat egokituak zeuden baina hiri batzuetan proportzioa ez zen horretaraino iritsi: Iruñean eta Valentzian (ibilgailuen %21etan ez da neurririk hartu), Valladoliden (autobusen %18 egokitu gabe dago oraino), Sevillan (%15, egokitzeke). Autobusean sartutakoan, hauen %06k badaukate ezgaiturik dauden pertsonentzako zona egokitua. Espazio horien %85etan bada altuera egokian geldialdia eskatzeko botoi bat eta pertsona estekatzeko segurtasun-uhala. Ikusmen-ezgaitasuna nozitzen duten pertsonek, berriz, egoera ez dute horren aldeko: lau ibilgailutik batek ez dauka inolako dispositibo akustikorik, itsuen kolektiboari autobus-zerbitzua errazteko.