Lurrun-plantxa elektrikoak

Garesti izanagatik ez dute hobeki lisatzen

Potentzia ertaineko (1400-1750 watt) zortzi lurrun-plantxa elektriko aztertu dira oraingoan. Zortzi laginek antzeko prezioak dituzte, gorabehera txikiekin: 6.690 pezetatik (Moulinex Ocealys 250) 7.990 pezetaraino (Efesa Milenium). Bada, halaz ere, homogeneotasun horretan salbuespen bat: Jata Avant Garde lisaburdina 3.995 pezeta baizik ez da kostatzen.
1 urtarrila de 2001

Garesti izanagatik ez dute hobeki lisatzen

Azterketak eskaintzen dituen ondorioetatik bi nabarmenduko ditugu: batetik, segurtasun elektrikoari buruzko araua plantxa guztiek betetzen dute; bestetik, lagin batek (Rowenta Delphino: “erdipurdiko” kalifikazioa jaso zuenak) izan ezik, lisatze-proba praktikoa denek “ongi” notarekin gainditu zuten.

Bi ezaugarrik ezartzen dute lurrun-plantxa elektrikoen arteko aldea: lurruna aplikatzeko kalitatea -erregulagarria den ala ez eta erregulagarritasun hori zenbaterainokoa den, alegia- eta jaurtitzen duen lurrun-bolumena. Lurrunaren aplikazioan, garastaketan eta tanta-jarioaren kontrako sisteman, Moulinex, Philips eta Tefal nabarmentzen dira. Atal honetan laginik okerrena Rowenta lagina da, ondotik Jata eta Fagor datozkiola.

Beste alde batetik, lisaketaren kalitatea neurtzeko egin ziren saiakuntzek emaitza berdintsuak eskaini zituzten, bi lagin bakarrik nabarmendu zirelarik: Moulinex -hoberena izaki, “oso ongi” kalifikazioa irabazi baitzuen- eta Rowenta Delphino -denetan txarrena, “erdipurdiko” nota atera zuelako-. Laburbilduz, Rowenta markakoa (hainbat probatan suspentsoa eraman zuena) izan ezik, plantxa hauen kalitatea ona edo onargarria da. Zortzi plantxa hauen ezaugarriak (potentzia, hariaren luzera eta mugikortasuna, pisua, muturraren angelua…), prezioa eta egindako saiakuntzak (segurtasun elektrikoa, plantxa mugitzeko behar den indarra, lurrunaren aplikazioa, tanta-jarioaren aurkako sistema, plantxaren zolako tenperaturaren uniformetasuna eta lisaketaren ebaluazio praktikoa, alegia) kontuan izaki, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Moulinex Ocealys 250 laginak agertu zuen: bigarren merkeena izateaz gainera, lisaketa hoberena egin eta, gainera, lurrunaren aplikazioan, garastaketan eta muturra alderdi zailetara iristen nabarmendu zelako.

Gogoan hartzeko beste aukera bat Jata Avant Garden da: gainontzeko guztiek baino dezente prezio merkeago duelarik (3.995 pezeta baizik ez da kostatzen), ederki lisatzen du eta garastaketa txarra (arropa blai uzten du) eta hari laburregia bakarrik ditu akatsak.

Lurruna, funtsezko lagungarri

Lurrunari esker, honelako plantxak erabiltzean ez dugu garastailurik edo oihal pusketa hezerik baliatu behar, arropa nahi bezala lisatzeko. Jakina den bezala, arropa zenbat eta finagoa izan, orduan eta lurrun gutxiago behar da lisatzeko: horregatik komeni da lisaburdinak lurrunaren irteera erregulatuko duen aparailua izatea, lisatu behar den arropa-motaren arabera lurrun-bolumena egokitu ahal izateko. Aztertutako lagin guztiek dute lurruna erregulatzeko aparailua, aparteko lurrun-jariatzea emateko aukera ere eskaintzen dutelarik. Zortzi lisaburdina hauetako lurrun-aplikazioa erregulatzen duen sistemaren eraginkortasuna, posiziorik zabalenean lurrun-jariatzearen uniformetasuna eta aparteko jariatze-sistemaren eraginkortasuna laborategian egiaztatu ziren. Era berean, posizio horretan plantxari tantarik ba ote zerion ere begiratu zen eta, amaitzeko, lurrun-kontsumoa goreneko posizioan neurtu zen. Teknikarien iritziz, lurrun-aplikaziorik egokiena Moulinex laginak agertzen du. Gainontzekoek, Fagor markakoak izan ezik (aukeratutako posizioa zeinahi zelarik, jario berbera zuenez, “erdipurdiko” kalifikazioa baizik ez zuen eraman), atal honetan aprobatu egin zuten.

Oihal hezearen ordezkoa, ura lainoztatzen duen aparailua dauka plantxak. Garastatze-eginkizun horretan “oso ongi” notarekin Moulinex, Philips eta Tefal marketako lisaburdinak nabarmendu ziren; izan ere, horiexek dira azterturiko guztietan hiru hoberenak, oro har. Solac eta Fagor laginek “ongi” hutsa irabazi zuten eta Ufesa markakoak “erdipurdikoa” baizik ez zuen jaso. Garastatze horretan txarrenak Jata eta Rowenta izan ziren, arropa blai-blai eginik utzi zuten eta.

Bai lurruna, bai garastatu beharreko ura nolabaiteko estankotasunaz babestu beharra dago, arropa gehiegi busti ez dezaten. Helburu hori lortzeko, lisaburdinaren batek (azterketa honetako Fagor, Moulinex, Philips eta Ufesa, hain zuzen) tantarik ez jariatzeko sistema daukate. Horrelakoaren eraginkortasuna neurtzeko laborategian egin ziren saiakuntzek argi eta garbi frogatu zuten sistema hori nahikoa ez dela Rowenta laginean, Fagor markan (tantarik ez jariatzeko sistema daukan arren) eta Solac markakoan “erdipurdikoa” baizik ez izaki; gainontzeko guztietan, ordea, ona izan zen, Jata eta Tefal laginek sistema hori ez badaukate ere. Laburbilduz, lurruna aplikatzean, garastatzean eta tantarik ez jariatzeko sistemaren eraginkortasunean Moulinex, Philips eta Tefal nabarmentzen dira. Alderdi honetan plantxarik eskasena Rowenta da, atzetik Jata eta Fagor markakoak datozkiola.

Lisaketa erraza

Zimur aldrebesa plantxa astunak lehenago desagertzen du, aparailua irristarazteko erabiltzaileak ahalegin handiagoa egin behar badu ere. Azterturiko laginen pisuak gorabehera txikiak erakutsi zituen batetik bestera: 1,16 kilotik (Rowenta Delphino) 1,51 kiloraino (Solac Turbomax 400). Ikusi batera, bederen, erabiltzeko erosoago omen dira lisaburdina arinak, lanean baliatzeko indar edo ahalegin txikiagoa eskatzen dutelako astunek baino. Baina hipotesi hori ez zen goitik behera berretsi laborategian eginiko analisietan. Plantxak eragiteko behar den indarra antzekoa izan zen kasu gehienetan (4 eta 5,5 newtonen bitartekoa); orokortasun horretatik Tefal lagina salbuetsi beharra dago, bera izan baitzen irristatzeko indar gutxien eskatzen zuen lisaburdina: 3,4 newton baizik ez, astunenetako bat den arren (1,34 kilo baitu). Plantxa atzera eta aurrera mugitzeko behar den indarraren alderditik begiratuta, erabiltzailea asebetetzeko moduko erosotasuna hauteman zen lagin guztietan.

Beste alderdi batetik, teknikariek dioten legez, hari-luzagarria erabiltzeke arropa erosotasunez eta egokiro lisatzeko, plantxaren hariak gutxienez bi metroko luzera izatea komeni da. Jata Avantgarde eta Rowenta Delphino laginetan (biek ere 1,8 metrokoa daukatela) haria ez da nahi bezain luzea. Horietan luzeena Fagor markakoarena izan zen: 2,5 metroko haria. Era berean, lisaburdinaren haria norabide guztietara mugitu ahal izatea komeni den arren, Fagor eta Jata laginek bakarrik daukate 360 gradu bira daitekeen hari jirakaria. Gainerako laginek oszilagarria dutenez, 180 gradu baino gehiagorik ezin da biratu. Amaitzeko, botoi tarteko alderdiak behar bezain zehazki lisatzeari dagokionez, plantxa-muturraren diseinuak berebiziko garrantzia du. Denetan zorrotzena Moulinex markakoarena denez, lisatu beharreko alderdi aldrebesenetara iristeko unean plantxa hori da egokiena. Zerrendako beste muturrean daude Fagor, Solac eta Rowenta lisaburdinak: hauek dira zortzietan mutur kamutsenekoak.

Lisatu bai, baina erre gabe

Erabiltzaileak, konturatzeke, plantxa arroparen gainean une batez uztean erredurarik eragin ez dezan, beharrezkoa da lisaburdinaren zolak ez iristea tenperatura jakin batzuk: termostatoa behereneko posizioan dagoela, 110 gradu (zuntz sintetikoak lisatzeko egokia), 150 gradu tarteko posizioan (zeta eta artileari aplikatzeko) eta 200 gradu gorenekoan (kotoizko arropa egokitzen denean baliatu beharrekoa). Rowenta laginak bakarrik gainditu zuen behereneko posizioan aholkatzen den tenperatura, 116º C-tara heldu baitzen. Rowenta eta Tefal gehieneko tenperaturetatik gertu ibili ziren gainontzeko posizioetan; horregatik, seguru asko, aurkitu dira zuntz-hondakinak lagin horien zoletan, lisaketa-proba bukatu ondoren. Gainerako laginek gehieneko tenperaturetatik urrutiko balioak agertu zituztenez, emaitza onuragarriak eskaini zituztela esan daiteke. Nolanahi ere, lagin guztiek erdietsitako tenperatura nahikoa izan zen lisaketa zuzena egin ahal izateko.

Lurrun-lisaburdinen ezaugarri interesgarrietako beste bat, zola osoan gorabehera handirik gabeko tenperatura mantentzea da. Uniformetasunik egokiena Philips laginak agertu zuen (“oso ongi” kalifikazioa irabazi zuen bakarra, hain zuzen ere) eta txarrena, berriz, Rowenta markakoak (“gaizki” nota eraman zuen bakarra, bere aldetik). Fagor eta Moulinex modeloen zolako tenperaturen uniformetasuna “erdipurdikoa” baino ez zen izan. Ufesa, zertxobait hobea, “onargarri” agertu zen eta beste hirurak (Tefal, Solac eta Jata) “ongi” mailaraino igo ziren.

Amaitzeko esan dezagun plantxa guztiok denbora-tarte berdintsua behar dutela lortu nahi dugun tenperaturaraino berotzeko eta tarte hori egokia dela, kasu guztietan ere. Operatibo jartzeko denbora gutxien behar duena Jata Avant Garde da. minutua eta segundo bat; tarte luzeenaren premia duena, aitzitik, Fagor lagina: minutu eta erdia.

Denak dira seguruak

Etxetresna elektriko hauei dagozkien elektrizitate-alorreko segurtasun-baldintzak EN 55014, EN 61000-2-3 eta EN 60335-1 europar arauek xedatuak daude. Horiei esker egiazta daitezke talka elektrikoen aurreko babesa (deskarga elektrikoak sor ditzaketen atalekin erabiltzaileak zuzenean ukitzeko aukera edo arriskua), ihes-korrontea (hau da, aparailua zeharka lezakeen gehieneko korronte-intentsitatea neurtzen duena), zurruntasun dielektrikoa (isolamendua zehazteko beste neurri bat) eta beroaren eta suaren kontrako erresistentzia. Era berean, sarean konektaturik dauden beste aparailuetan plantxak interferentziarik eragiten ez duela egiaztatzeko, elkargarritasun elektromagnetikoko saiakuntzak ere egin ziren laboratorioan.

Araua lagin guzti-guztiek ederki betetzen dutenez, emaitzak onak direla aitortu behar da. Azpimarra dezagun hemen Fagor markako lisaburdinak segurantzia dezente areagotzen duen aparailua daukala: horri esker, plantxa toki beretik mugitu gabe minutu erdia egon ondoren, automatikoki desentxufatzen da. Potentziaz ari garela, zortzi modelo hauena aski berdintsua da: 1.400 watt ditu txikienak (Rowenta) eta 1.750 watt indartsuenak (Philips), bigarren posizioan. Lau laginek 1.600 watt dituzten bitartean, Solac 1.500 wattera iristen da, ozta-ozta iritsi ere.

Osagarriak ere, garrantzitsu

Azterturiko zortzi plantxa hauek haria biltzeko sistema, ur-depositua, lurrun-mekanismoa (erregulagarria, lurrunik gabe eta aparteko lurrun-bolumena), beroketa adierazten duen argia, garastagailu-lainoztakaria eta lisaburdina pausatzeko euskailua dauzkate. Osagarri hauez gainera lagin gehienek (ez daukatenak Philips eta Solac dira, bakarrik) kare-filtroa dute. Jata eta Ufesa markakoak izan ezik, bere burua garbitzeko sistemaz ere hornituta daude plantxa hauek.

Tantarik ez jariatzeko mekanismoa Fagor, Moulinex, Philips eta Ufesa marketako laginek baizik ez daukate. Eta, amaitzeko, Fagor laginak bakarrik eskaintzen du plantxa automatikoki deskonektatzeko aukera: konturatu ez izanarren edo bestelako zeinahi arrazoirengatik lisaburdina minutu erdiz toki berean utziz gero bere burua itzaliko du, ehunetan erredurarik edo ezbehar larriagorik gerta ez dadin. Zortzi plantxa hauek eskaintzen duten bermeak ordezko piezak eta eskulana hartzen ditu. Lagin gehientsuenek 12 hilekoa badute ere, Solac eta Ufesa markakoek osagaien bermealdi luzeagoa eskaintzen dute: 24 hilabeterainokoa, alegia. Berme-agiriak zuzenak dira, egokiak, Tefal laginari dagokiona izan ezik: honek ez du tokirik uzten bermearen titularra agertzeko. Lagin guztietako argibideak, azkenik, egokitzat hartu dira.

Betebeharrekoa den bezala, zortzi etxetresna elektriko hauetan agertzen dira fabrikatzailearen edo Europar Batasuneko inportatzailearen izen-helbideak. Bukatzeko, eskura ditugun zerbitzu teknikoen berri edo, arazo zein matxurarik gertatzekotan, kontsumitzailea atenditzeko telefono-zenbakia dakarte denek.

Lisaketa ebaluatzeko proba

Laborategian, UNE-EN 60311 arauan zehaztutakoaren arabera aurretiaz egokitutako kotoizko oihal batean, indar bera aplikatuz eta lisaburdina guztiek ur-karga berdina zutela, lisaketa-saiakuntza praktikoa egin zen. Emaitzak teknikariek balioetsi zituztelarik, hurrengo ondorioak azpimarratu ziren: jokamolderik egokiena, lisaketa errazen eta asebetetzekoena Moulinex Ocealys 250 laginak egin zuen. Rowenta (zerrendan hurrengoa izaki, “erdipurdiko” kalifikazioa lorturik) izan zen asebetetzeko emaitza lortu ez zuen lagin bakarra; gainontzekoek proba honetan “ongi” kalifikazioa atera zuten.

Gogoan izan dezagun azterketako Rowenta laginak hainbat akats zituela garastatze-sisteman, tantarik ez jariatzeko mekanismoan eta lisaburdinaren zolako tenperaturaren uniformetasunean. umeak ere esku har dezake jostagarria hautatzeko unean. Baina kontsumitzailea informatzeari, segurtasunari buruzko arauteria betetzeari buruzko irizpideak eta balorazio pedagogikoa konparatzen baldin badira jostailuaren prezioarekin, pilekin ez dabiltzan jostailuetan prezio-kalitate erlaziorik hoberena Distingo con el Tacto eta Mi Pequeño Pony dira. Elektrikoetan, ostera, La Pequeña Granja nabarmentzen da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Potentzia ertaineko (1.400-1.750 watt) zortzi lurrun-lisaburdina elektriko aztertu dira oraingoan; zortzietatik zazpiren prezioak 6.690 pezetatik (Moulinex Ocealys 250) 7.990 pezetara (Ufesa Milenium) doaz. Merkeena Jata Avant Garde da, 3.995 pezeta baino kostatzen ez delarik.
  • Segurtasun elektrikoari buruzko araua zortzi laginek betetzen dute egokiro. Fagor Amiga 1600 lagina da, toki berean mugitzeke minutu erdia eman ondoren, automatikoki deskonektatzen den bakarra.
  • Rowenta Delphino laginak izan ezik (“erdipurdi” kalifikazioa baino ez zuen irabazi) gainontzeko guztiek lisaketa-proba praktikoa ederki gainditu zuten.
  • Lurruna aplikatu, ura garastatu eta tantarik ez jariatzeko sisteman Moulinex, Philips eta Tefal dira nabarmendu beharrekoak. Okerrena Rowenta da.
  • Ezaugarriak kontuan izaki (potentzia, hariaren luzera eta mugikortasuna, pisua, plantxa-muturraren zorroztasuna), prezioa eta egindako saiakuntzetan (segurtasun elektrikoa, plantxaren muturraren angelua, aparailua mugitzeko behar den indarra, lurrunaren aplikazioa, tantarik ez jariatzeko sistema, lisaburdinaren zolako tenperaturaren uniformetasuna eta lisaketa-probaren ebaluazio praktikoa) agerturiko emaitzak kontuan izanik, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Moulinex Ocealys 250 laginak eskaintzen du: bera da bigarren merkeena eta saiakuntzan lisaketa hoberena egin zuena. Lurrunaren aplikazioa, garastatzea eta alderdi zailetara muturra zorrotza iristeko erraztasuna ere aldeko ezaugarriak ditu.
  • Jata Avant Garde ere aukera polita da, oso prezio erakargarria (4.000 pezeta inguru) izateaz gainera, jokamolde egokia agertu zuelako; beste aldetik, ur-garastaketa du lagin horrek kontrako alderdia, arropa blai uzten baitu.
Moulinex Ocealys 250 Philips Elance 24 Tefal Ultragliss Diffusion 50 Fagor Amiga 1600
Precio, ptas 6.690 7.990 6.990 7.580
Potencia (Watios) 1.600 1450/1750 1.600 1.600
Peso (kg) 1.32 1.24 1.34 1.40
Longitud cable (m) 2 2.4 1.9 2.5
Movilidad cable 180º 180º 180º 360º
Seguridad electrica Correcto Correcto Correcto Correcto
Angulo punta Muy Bien Bien Bien Regular
Fuerza Arrastre (N) 4.6 4.9 3.4 4.8
Aplicación Vapor Muy Bien Bien Bien Regular
Rociado Muy Bien Muy Bien Muy Bien Bien
Antigoteo Bien Bien Bien Regular
Uniformidad de Temperaturaen la suela de la plancha Regular Muy bien Bien Regular
Prueba practica de Planchado Muy bien Bien Bien Bien
Solac Turbomax 400 Rowenta Delphino Jata Avant garde Ufesa Milenium
Precio, ptas 6.990 6.900 3.995 7.990
Potencia (Watios) 1.500 1.400 1.600 1.600
Peso (kg) 1.51 1.16 1.24 1.38
Longitud cable (m) 2.3 1.8 1.8 2
Movilidad cable 180º 180º 360º 180º
Seguridad electrica Correcto Correcto Correcto Correcto
Angulo punta Regular Regular Bien Bien
Fuerza Arrastre (N) 5.5 4.5 4.8 4.2
Aplicación Vapor Bien Bien Bien Bien
Rociado Bien Mal Mal Regular
Antigoteo Regular Mal Bien Bien
Uniformidad de Temperaturaen la suela de la plancha Bien Mal Bien Regular
Prueba practica de Planchado Bien Regular Bien Bien

Banan-banan

Gama ertaineko zortzi lurrun-plantxa elektrikoak, banan-banan

Moulinex Ocealys 250

  • 6.690 pezeta, bigarren merkeena.
    Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Hainbat ezaugarri eta prestaziotan nabarmentzen da: bere muturra, denetan zorrotzena, arropa-atal gehiagotara iristen da; lurrunaren aplikazio hoberena eta garastaketarik onenetako bat; horiez gainera, lagin hau izan zen saiakuntza praktikoan lisaketa onena egin zuena. Hobetzeko modukoa: zolako tenperaturaren uniformetasuna bakarrik.

Jata Avant Garde

  • 3.995 pezeta.
    Denetan merkeena, askozaz ere. Baita, dudarik gabe, aukera politena, diru gutxi gastatu nahi duenarentzat. Garastaketan izan ezik (arropa blai-blai eginik uzten baitu), emaitza onak erdietsi zituen. Hari laburra (1,8 metro) baina erabat birakaria 360 gradutara.

Tefal Ultragliss Diffusion 50

  • 6.990 pezeta.
    Aztertutako laginetan, hiru hoberenen artekoa. Emaitza onak jaso zituen proba guztietan. Lisatu beharreko oihaletan zehar irristatzeko indar gutxien behar duena. Eragozpen bakarra: lisaketaren ondoren, zolan zuntz-hondakinak hauteman ziren.

Philips Elance 24

  • 7.990 pezeta, bi garestienetako bat.
    Zortzi laginetan hiru hoberenetako bat da hauxe. Azterturiko atal bakar batean ere ez zuen huts egin (denetan “ongi” edo “oso ongi” kalifikazioak erdietsi zituen). Lisaburdinaren zolako tenperaturaren uniformetasunean hoberena.

Solac Turbomax 400

  • 6.990 pezeta.
    Astunena (1,5 kilo) eta arroparen gainetik irristatzeko indar handiena eskatzen duena. Emaitza onak agertu zituen, oro har. Hobetzeko modukoak: plantxa-muturraren angelua eta tantarik ez jariatzeko sistema.

Ufesa Milenium 50

  • 7.990 pezeta, bi garestienetako bat.
    Ez da ezertan nabarmentzen, baina proba gehienetan oso emaitza politak jaso zituen. Hobetzeko modukoak: garastatze-sistema eta zolako tenperaturaren uniformetasuna.

Fagor Amiga 1600

  • 7.580 pezeta, garestienetako bat.
    Proba gehientsuenetan, erdipurdikoa. Segurtasunean hoberena, plantxa toki berean mugitu gabe minutu erdia egon ondoren bere burua deskonektatzen duelako. Haririk luzeena (2,5 metro), 360º biratzeko gauza dena. Hobetzeko modukoak: plantxa-muturraren zorroztasuna, lurrunaren erregulazioa, tantarik ez jariatzeko sistema eta zolako tenperaturaren uniformetasuna.

Rowenta Delphino

  • 6.900 pezeta.
    Azterturiko guztien artean kalitate urrienekoa. Arinena da (1,2 kilo baino gutxiago). Garastatzeko sistema, tantarik ez jariatzekoa eta zolako tenperaturaren uniformetasuna, gaizki. Lisaketa-proba praktikoa gutxienez “ongi” kalifikazioarekin gainditu ez zuen bakarra. Termostatoa behereneko posizioan, aholkaturiko tenperatura gainditu zuen.