Oreka ematen duten antzinako irakasgaiak
Gero eta zentro gehiagok eskaintzen dute aukera ekialdeko kultura aberatsetatik datozen antzinako irakasgai hauetara hurbiltzeko. Hainbat adituk Egiptoko eta Colonen aurreko Amerikako sinbologia eta artearen aztarnetan oinarrituta diotenez, yoga antzinako Atlantidan sortu zen, baina Indiako yoga maisuek hobetu eta zaindu dute mendez mende.
Jatorrian baztertu egiten zen Jainkoaren ideia, baina geroago, erantsi egin zitzaion norbere burua errealizatzearen baitan nagusitzen den zentzu izpirituala. Baina yoga eta tai ji (jatorria Txinan duena) batez ere osasunaren zientziak dira, osasuna zentzurik zabalenean hartuta eta mistizismoa edo metafisika albora utzita.
Yoga ez da, beraz, erlijio, gimnastikako teknika edo filosofia bat, gorputza eta burua ordenatzen dituen irakasgaia baizik. Eta tai ji ere borroka-arte hutsa baino gehiago da; norbere burua babesteko sistema honek, segurtasuna ere eskaintzen duen arren, lasaitzea eta kontzentratzeko gaitasuna sendotzen baititu.
Gorputzez osasuntsu dauden pertsonentzat da batez ere yoga, baina gaitz txiki zenbait tratatu eta jarrerako akatsak zuzentzeko ere erabil liteke. Yogako maisuen arabera, nerabezaroan hastea da egokiena, horrela gorputzak malgutasun handia lortzen baitu. Hala ere, edozein adinetik hasi omen liteke, malgutasuna asana edo yogako jarreren osagaietako bat besterik ez baita. Yogako eskola guztiak bat datoz oinarrizko teknikak ikasteko zentro espezializatu batean ikastea komeni dela esatean. Hiru edo lau urte behar dira, ikasleak yogako ariketa bere garapen mailara eta beharretara egokitzea komeni izaten da eta etxean ere bere kasa ariketak egitea; baina irakaslearekin harremanetan jarraitzea eta norbere estiloa osatzeko beste metodo batzuk ere ikastea aholkatzen da.
Ezagunen egin diren yoga-teknika eta -metodoak (guztira oinarrizko zortzi adar daude) Hatha Yoga (ariketa fisikoak) eta Radja Yoga (buruko ariketak) dira.)
Lehen multzoa, Hatha Yoga, Raja Yoga edo kontrol, garapen eta hobekuntza psikomentalerako arauen barruko praktikak ikasteko arau psikofisiologikoek osatzen dute.
Hatha Yoga. ‘Ha’ eguzkia da ‘Tha” ilargia eta irakasgai honen helburua organismoan dauden eguzki- eta ilargi-energiak orekatzea dela esan nahi du; gorputzaren eskuin eta ezker aldeari, nerbio sistema sinpatiko eta parasinpatikoari, bizkar-hezurreko bizitza energiaren kanalei, burmuineko eskuin eta ezker hemisferioei… dagokie. Oreka lortzeko honako teknikak erabiltzen dira:
- Asanak: jarrera dinamiko eta estatikoak, gorputzean indarra, malgutasuna, erresistentzia, koordinazioa, erritmoa, oreka eta tonu egokia garatzeko.
- Pranayamak: arnasaren erritmoa era kontzientean erregulatzeko teknikak, arnasa hartu, bota eta eustearen bitartez gorputzeko bizitza-energia egoki berotu, hoztu, orekatu eta banatzeko.
- Mudrak: keinuen bidezko teknikak, bizitza-energia gorputzeko puntu jakinetara bideratu eta dinamizatzeko.
- Bandhak: gorputzeko atal batzuen kontrakzio teknikak, organismoko hainbat gunetan energia blokeatu, bildu edo atxikitzeko.
- Shatkarmas: gorputza barrutik garbitzeko teknikak: sudurzuloak, begiak, aurreko sinuak, mihia, liseriketa aparatu guztia eta batez ere hesteak garbitzeko.
- Radja Yoga. Errege Yoga esan nahi du eta erlajazio sakonaren bitartez kontzientzia barneratzea du helburu. Gainera, gorputzeko hainbat puntu eta hainbat sentsazio, emozio eta pentsamendu iristeko aukera ematen du. Kontzentrazioa eta meditazioa (kontenplazio konkretu edo abstraktua) lortzea da helburua.
- ElHatha Yoga da bi dotrina horietan hedatu eta herrikoiena, ikasteko eta praktikatzeko erraza delako eta onura nahiko laster antzematen delako. Adituek diotenez gorputz osasuntsua, elastikoa, harmoniaz betea eta sendoa lortzen da eta kontzentratzeko gaitasuna, arreta eta memoria hobetu egiten dira. Teknika hau garatzeari esker izaera sendoagoa, disziplina eta borondate handiagoa lortzen ditu pertsonak eta gaitasun horiei esker, gaitz psikologikoei aurre egitea eta kontzientzia zabaltzea.
Tai ji, berriz, borroka-artea da, Txinako kulturan antzinatasun eta tradizio handiko teknika eta irakasgaiak biltzen dituena. XIII. mendean sortu zuen Zhang Sanfeng maisuak. Bizitza-energiari buruzko antzinako ezagupen taoistak giza gorputzaren fisiolagiari buruzko ezagupenak batu zituen Sanfeng-ek. Horrela, bizitza-energia garraiatzen duten meridianoak sakon ezagutu zituen eta aurkakoen teoria garatu zuen: Yin-Yang eta bi horien arteko oreka; bere egin zituen bost elementuei buruzko teoria eta sinbologia eta unibertsoa etengabe zirkulu eta espiraletan mugitzen dela dioen printzipioa. Tai ji-n mikrokosmos dinamiko gisa hartzen da gizakia, makrokosmosari eta unibertsoari lotua, bere osotasunean.
Diziplina honek ez du eskakizun edo muga berezirik: bere aldekoen arabera, osasun fisiko edo emozionala hobetu eta gorputz eta buruaren arteko oreka lortu nahi duen edozein pertsonak onura nabarmena lortzen du.
Tai ji praktikatzeak hobetu egin ditzake zirkulazioa, arnasketa, liseriketa, nerbio eta erreuma arazoak. Eta ohitura osasungarriak hartzen laguntzen du, estresa kontrolatzen eta sedentarismoa saihesten eta alkoholismoa, tabakismoa eta antzeko aztura toxikoak gainditzeko beste tratamenduen osagarri izan liteke. Borrokaren ikuspegitik, norbere babeserako sistema bat da tai ji, erabiltzaileari segurtasuna ematen diona, bere indarra eta besteena ezagutzea lortzen baitu. Borroka-irakasgai honetako maisuek esaten dutenez, tai ji era jarraian egiteak bizitza-energia (Qi delakoa) Shen edo energia izpiritual bihurtzea dakar tekniketan maila ona lortu denean. Eraldakuntza horixe da alkimia taoistaren oinarria: gorputza eta unibertsoa arautzen duten Yin-Yang energiak orekatzea.
Meditazioa praktikatzeak, zalantzarik gabe, lasaitasuna eta kontzentrazioa ematen ditu. Gaur egun errazago da jakintza hauetara hurbiltzea, izan ere, garai batean isilpeak gordetzen ziren eta praktikatzaile aurreratu edo ikasle hautatuei baino irakasten ez zitzaien teknika asko modu irekian ematen baitira gaur egun, pertsona guztien onerako izan daitezen.
Mendebaldeko yogaren helburua erlajazioa da, baina denbora behar da, nolabaiteko diziplina (arauak betetzeko) eta pazientzia dezente, onura antzematen hasteko. Yoga egiteko behar den denboraz gain, jakina (ordubete saioko). Ekialdeko filosofiei buruzko bibliografia ugari dagoen arren, yoga ikasteko aditu batekin hastea izaten da onena. Horrela, beti beteko dira oinarrizko arauak:
- Asanak (jarrerak) sabela hutsik dagoela egin behar dira eta, ahal dela, hesteak eta maskuria ere hutsik direla.
- Ez da asanarik egin behar neke fisikoaren ondoren edo luzaro eguzkia hartu eta berehala.
- Asanak egin aurretik eta ondoren basokada bat ur edan liteke, baina bukatu eta berehala ez da ariketa bortitzik egin edo dutxa hotzik hartu behar.
- Yoga egiteko gela handi bat aukeratu, nahikoa aire eta argi duena. Hotz badago, kiroletarako arropa lasaia eta zuntz naturalez (kotoia, artilea…) egina erabiltzea komeni da eta bero badago, berriz, ahalik eta arropa gutxien.
- Asanak bukatzean arropa jantzi edo gorputza manta batez estali behar da.
- Nahi izanez gero musika lasaia entzun daiteke, baina ez da beharrezkoa eta zenbaitetan kaltegarri ere izan liteke.