Menuen erdiaren nutrizio kalitatea, eskasa
Horixe da CONSUMERek egindako ikerketatik ateratzen den ondorio bikoitza eta nagusia. 1.000 eta 2000 pezeta arteko eguneko menua eskaintzen zuten 143 jatetxetara bidali ditu aldizkariak bere teknikariak (beti bezero gisa eta aldizkariko teknikari direla aitortu gabe); jatetxeak hirien erdigunean zeuden, 12 hiritan: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Castelló, Valentzia, Santander, Madril, Bartzelona, Iruñea, Alacant, Malaga eta Burgosen. Datuak hartu ondoren, nutrizio arloko adituek menu bakoitzaren osaketa baloratu zuten (beti ere dieta orekatu eta osasuntsua neurtzeko irizpide zorrotzekin), eskaintza eta nutrizio aldetik zituen merituak baloratuz. 143 eguneko menuen batez besteko kostua 1.273 pezetakoa zen.
Zerbitzuaren kalitateari dagokionez (jatetxe bakoitzean 64 aldagai aztertu ziren, 7 ataletan sailkatuta), orokorrean plater aukera bakarrik da hobetu beharrekoa – edo lehen eta bigarren platererako, edaritarako eta postrerako aukera kopurua-; baina batez besteko kalifikazio onargarria lortu zuten. Edozein modutan ere, panorama orokor on hori gorabehera, indarrean den araudia ez da beti betetzen: hamar jatetxetatik batek (horietatik hiru Bartzelonakoak) ez zuen erreklamazio orririk bezeroen eskura. Menuaren prezioa bistan jartzea ere derrigorrezkoa da, baina bisitaturiko jatetxeen %15en (horietako asko Burgos eta Santanderren) ez zen baldintza hori betetzen. Azkenik, jangelako garbitasun maila “erdipurdiko” gisa definitu zen jatetxeen %13n (batez ere Iruñea, Burgos eta Santanderren). Eta Bartzelonako jatetxe batean eskas ere jo zen higienea. Bezeroarenganako arretari buruzko datu orokorretara itzulita, era positiboan nabarmendu zen jatetxeetako komunen egoera eta janari-edariak zerbitzeko azkartasuna; atal bietan ere batez beste 8,5 puntutik gora eman zen. Eta lautik baten (kasurik gehien Burgosen eta Valentzian) ez zen jendaurrean iragartzen menuari buruzko informaziorik.
Nutrizioaren alderdia ez da behar adina zaintzen.
Eguneko menuen nutrizio kalitateari dagokionez, eta jakien aukera anitza den arren, ondorioa ez da inondik ere ona: menu horietan %43k ez zuen gainditu elikadura arloko adituen azterketa eta %30 txartzat edo oso txartzat jo zuten espezialistek, gainera. %29k bakarrik lortu zuen on edo bikain kalifikazioa dieta osasungarriaren ikuspegitik. Azterketa gainditzerik lortu ez zuten menuek ez zuten nutrizio-orekarik, ez baitzuten barazki edo entsaladarik eta eltzekari eta arrainik eskaintzen. Izan ere, aukera horiek ezinbesteko dira dieta osasungarri eta orekatuan. Bestalde, kritikagarria da aurrez prestaturiko jaki gehiegi ematen dela menuetan (san jakoboak, kroketak, txibiak…) eta postrerako sarritan ez dela sasoiko frutarik ematen.
Menu hauetan entsaladak lehen plater gisa eskaintzen dira eta horregatik sarritan ez ditu aukeratzen bezeroak, gosez geratzeko beldurrez. Dietisten iritziz interesgarria litzateke entsaladak sarrerako jaki gisa edo bigarren plateraren lagungarri eskaintzea. Arroza, pasta eta patata, bestalde, ohiko dira menuetan baina animalia jatorriko osagarri gehiegi (haragia, arrautza, hestebeteak, arraina, itsaskia) eransten zaie eta horrek proteina eta koipeen ekarpen handiegia eragin lezake eguneroko elikaduran. Hobetu beharreko beste kontu bat haragi-eskaintza da, arraina baino askoz ere gehiago ematen baita eta gutxienez berdintsu agertu behar lukete menuan. Haragia %50eko proportzioan sartzen da bigarren platerean eta arraina, berriz, ez da %30era iristen. Gainerako akatsen artean, postrerako sasoiko frutan aukera txikia eskaintzen dela azpimarratu behar eta gainera, gozokia baino askoz ere proportzio txikiagoan ageri da menuetan. Azkenik, ia jatetxe gehienek ogi zuria besterik ez dute eskaintzen eta ez diote bezeroari ogi integrala aukeratzeko biderik ematen, zuntz gehiago duenez osasunerako hobea izan arren..
Nutrizio arloko espezialistek diotenez, etxetik kanpo maiz jaten dutenek aukera izan behar lukete gustuko jakiak aukeratzeaz gain nutrizio aldetik dituzten beharrak aseko dizkietena hautatzeko ere. Horrenbestez, erantzukizuna bikoitza da: kontsumitzailearena, dieta osasungarri eta orekatua definitzen duten irizpideak kontuan izanik aukeratu behar baitu, eta jatetxeena, nutrizio aldetiko kalitatearen irizpide hau kontuan izan behar bailukete eguneko menuak prestatzean. Kalitate organoleptikoari dagokionez, emaitzak onargarriak izan ziren otordu merkeak direla kontuan izanda. Hala ere, CONSUMEReko teknikariek jan zituzten eguneko menuen %9 ez ziren hain gozoak eta %8 hotza iritsi zen mahaira. %3 gaizki aurkezturik zegoen eta %6tan desegokitzat jo zen jakien testura edo eraketa.
Menuak, hirien arabera
Lagina txikia izateak ez du ondorio guztiz adierazgarririk ateratzeko biderik ematen, baina hiri batetik bestera egoera oso desberdina dela esan liteke, batez ere eguneko menuen nutrizio-balioaren ikuspuntutik. Bezeroarenganako arretan eta zerbitzuaren kalitatean Donostian eta Madrilen azterturiko jatetxeak nabarmendu ziren; hala ere, zerbitzua gutxien zaintzen duten hirian (Iruñean) ere, batez beste 7,7ko nota ona atera zuten. Alde nabarmenagoak antzeman dira nutrizio-kalitateari dagokionez: azterturikoen artetik jatetxerik onenak Iruñea eta Bartzelonakoak izan dira, hiri bietan ere menuen %84 onargarritzat jo baita. Bartzelonan nutrizioaren aldetik oso ona edo bikaina zen menuen %42. Eta bi hiri horietan menuen %16 bakarrik kontsideratu zen eskas (txarra eta erdipurdikoa, baina sekula ez oso txarra). Madrilen eta Donostian, lautik hiru onargarritzat jo zen; emaitza ona, beraz. Bilbon menuen %17 bikain gisa kalifikatu zela azpimarratu behar, baina Bizkaiko hiriburuan bertan, menuen %41 eskas kalifikatu zen.
Beste muturrean Malaga nabarmentzen da, menuen %75 eskasak baitziren eta horietatik %60 inguru nutrizio aldetik txarrak edo oso txarrak. Andaluziako hiriburuan azterturiko 12 menuetatik bakarrak jaso zuen “ona” kalifikazioa. Santander eta Valentzia ere ez ziren leku onean geratu, menuen ia %60 eskasak iruditu baitzitzaizkien teknikariei. Alacant, Gasteiz eta Castellón azterturiko menuen erdia kalitate eskasekoa zela kontsideratu zen. Eta Burgosen aurkitu zen menu oso txarren proportziorik handiena (%18), nutrizio-kalitateari begiratuta.
Prezioak eraginik bai?
Eguneko menuaren prezioak bezeroari ematen zaion zerbitzuarekin eta eskaintzen diren jakiekin zuzeneko harremanik duen ere galde genezake. Ikus dezagun. Bezeroari eskaintzen zaion arretan 8 puntutik gora eskuratu duten jatetxeek batez beste 1.355 pezeta kobratzen dute; 7 puntura iristen ez direnen tarifa, berriz, 1.056 pezetakoa da bakarrik, batez beste. Horrenbestez, kalitateak prezio bat du eta logikoa da, gainera. Hala ere, ez da hala gertatzen nutrizio-kalitatea eta prezioa konparatzen direnean. Nutrizio aldetik eskas kontsideratu zituzten eta 3 puntu lortzera ere iritsi ez ziren menuek, batez beste 1.277 pezetako kostua zuten; 7 puntu edo gehiago erdietsi zutenak, berriz, batez beste 1.200 pezeta ordaindu ziren. Beraz, menuagatik gehiago ordaintzeak ez du esan nahi jakiak osasungarriagoak eta dieta orekatuaren araberakoak direnik.
Hiriei dagokienez, Malagan aurkitu genituen menurik merkeenak (ez dezagun ahaztu 1.000 eta 2.000 pezeta arteko menuak aztertu ditugula) batez beste 1.050 pezetan; eta atzetik Valentzia (1.082 pezeta) eta Castelló (1.150 pezeta) zetozen Garestienak, berriz, Donostian eta Burgosen, batez beste 1.400 pezeta baino gehiago kobratzen baitute. Azterturiko ia ehun eta berrogeita hamar menuen batez besteko prezioa 1.273 pezeta da.
Egunero ongi elikatzeko zenbait aholku.
Eguneroko elikaduran ez da sekula falta izan behar entsalada edo barazkiz osatutako plater bat; arroza edo pasta, berriz, astean behin edo birritan hartu behar lirateke; eltzekariak, hobeto astean hiru bider. Patatak egunero jan daitezke eta modu askotara prestaturik gainera. Haragia eta arraina berdintsu jan behar dira eta kolesterol arazorik izan ezik, sei arrautza jan daitezke astean zehar. Postrean fruta jatea komeni da, egunean gutxienez bi ale eta horietako bat gutxienez zitrikoa edo C bitamina asko duena (kiwia, meloia, marrubiak). Esneki arinak ere aukera polita dira, adibidez yogurra (ahal bada gaingabetua, koipe eta kaloria gutxiago duelako), gatzatua edo gazta biguna. Ogia, noski, hobe integrala.
Aipagarriena eta bitxiena
- Araudia betetzeko da. Jatetxeen %15ek ez du agerian jartzen eguneko menuaren prezioa, araudiak hala agindu arren. Eta %10ek ez zuen erreklamazio orririk bezeroen eskura. Aitzakia ohikoenak: aurkitu ezina edo orriok “aholkularitzan” zituztela eta bulegoa ez zutela arratsaldera arte irekitzen.
- Zer dugu gaurko? Lau lokaletik baten ez da jendaurrean jartzen otorduko jakien berri eta horrek eragozpenak sortzen dizkio bezeroari.
- Hamar plater arte, aukeran. Malagan, jatetxe batek bederatzi aukera eskaintzen zituen lehen platererako eta Alacanteko beste batean 10 aukera zeuden bigarrenerako. Gehienetan (jatetxeen erdiak) hiru edo lau aukera izaten dira plater bakoitzerako.
- Posterik gabe, zigorturik. Donostian eta Malagan aurkitu genituen postrerik gabeko bi menu. Bilbon, berriz, jatetxe batek 13 postreko zituen aukeran.
- Entremesik, ezta pentsatu ere. Azterturiko menuen %3k baino ez ditu eskaintzen.
- Kafea, gutxik. Eguneko menuen %16k du kafea prezioaren barruan. Madril, Castelló, Iruñea eta Santanderren ohikoagoa da hori.
- Kopa eta purua, inon ez. Ezta behar ere.
- Ura, iturrikoa? Hamar jatetxetik baten bakarrik ematen da iturriko ura menuarekin batera. Iruñean bisitaturiko jatetxeen erdiak baino gehiagok egiten du hori.
- Ogia: zuria edo bat ere ez. Jatetxeen %6k bakarrik ematen zuen ogi mota aukeran. Horietan erdia Malagakoak.
- Papera ugari. Eguneko menua ematen duten jatetxeen %56k paperezko esku-zapiak jartzen ditu. Bisitaturiko jatetxeetan, %8k ez du mahai-zapirik jartzen eta mahaia janzteko elementu hori erabiltzen dutenen artean, %44k paperezkoa darabil.
- Mahai-tresna eta edontzi horiek… Sei jatetxetatik baten labainak ez zeuden behar bezain zorrotz. %10en edontzi edo kopek modu bateko edo besteko akatsak zituzten eta %5en ez zeuden garbiak.
- Azkar, azkar. Azterturiko lokalen %10en, postrea jan eta berehala zerbitzariek, beren jarrerarekin, mahaitik altxatzeko gonbitea egiten diotela sentitzen du bezeroak.
- Txartelarekin ordain dezaket? Ez beti: bost jatetxetatik baten ezin zen eguneko menua txartelarekin ordaindu. Valentzian, ia kasuen erdian gertatzen zen hori.
- Zarata? Ez, eskerrik asko. Jatetxeen %22n zarata handia zegoen jangelan (musika, telebista, sukaldeko langileak edo bezeroak tabernan), batez ere Bartzelonan eta Alacaten.
- Mahaiak, bereiztuta hobeto.. Jatetxeen %27n mahaiak hurbilegi zeuden eta mahaikideei estutasuna eragiten zien horrek.
- Ezkutuan jatea. Hamar lokaletik ia seitan kafetegiko bezeroen bistan geratzen da bazkaltzen ari direnetatik norbait.
- Garbitasuna, gauza guztien gainetik. Jatetxeen %13n jangelako garbitasuna hobetzeko modukoa zela ikusi zen, batez ere Iruñea, Burgos eta Santanderren. Eta hamarretik baten jangelaraino iristen zen sukaldeko usaina.
- Komunak garrantzitsuak dira. Jatetxeen %30en ez zeuden emakumezko eta gizonezkoen komunak bereizita. %22tan hobetzeko modukoa zen komunen garbitasuna eta %6tan garbitasuna ez zen nahikoa. Lokalen %11k ez zuen xaboirik komunean (gehienak Gasteizen eta Malagan).
Eguneroko jatorduetan akatsa da...
- Entsaladarik ez jatea. Entsalada ia ezinbestekoa da. Etxetik kanpo jaten baduzu, aukeratu entsalada lehen plater gisa eta horrela bigarren plater kalorikoagoa eta postre gozoa ere hartu ahal izango duzu.
- Sukaldeko teknika oso kalorikoekin prestaturiko jakiak aukeratzea, adibidez frijituak, gisatu eta erregosiak, saltsak, errebozatuak, maionesa… Osasungarriagoa da errekia eta plantxan edo lurrunetan egindako jakiak jatea.
- Arraina, noizean behin bakarrik. Arrain gehiago jan behar genuke eta gutxienez haragia bezain sarri. Haragia bezain elikagarria da, baina koipe eta kaloria gutxiago du. Eta arrain urdina baldin bada, koipe mota hori osasungarria da bihotzerako.
- Patata frijituak ohiko lagungarri gisa erabiltzea bigarren platerean. Kaloria larregi dute eta, gainera, astunak dira.
- Uraren ordez edari freskagarriak hartzea.
- Jatorduan ardo larregi edo likor kopatxoa hartzea.
- Kaloria askoko postreak (flana esnegainarekin, tartak, pastelak, profiterolak, natilak…) jatea fruta edo yogurraren ordez.