Garrantzitsuena: larruazala hidratatzea eta arropa eta elikadura egokia izatea
Tenperatura hotzak eta euria direla eta, negua ez da urtaro beroak bezain atsegina izaten eta nolabaiteko deserosotasuna sentiturik, naturan ibiltzea saihestu eta etxe zuloan sartzeko gogoa sortzen zaigu. Negua ongi eraman eta gogo onez aurre egiteko, ohitura onak hartzea izango da egokiena, hotzaren eragin desatseginenak hain garrantzitsu izan ez daitezen.
Kontuz larruazalarekin
- Hidratazioa, babesa eta nutrizioa dira larruazalak hotzaren eta tenperatura aldaketa bortitzen eraginari aurre egiteko behar dituen oinarrizko zainketak.
- Babestu larruazala udakoa baino krema hidratatzaile sendo, aberats eta koipetsuagoarekin, geruza hidrolipikoa ez galtzeko. Koipea da hotzaren aurkako isolatzailerik onena.
- Larruazal sentikorra edo rosazea gaitza nahiz kuperosi arazoak dituztenek kontu handia izan behar dute kolpeko tenperatura aldaketekin, epe luzera kalte handiak izan baititzake azalak.
- Ez ahaztu gorputzeko gainerako atalak ere zaintzea. Beroki itxiak edo estuegiak gehiegi erabiltzeak eta oxigenaziorik ezak ez diote uzten larruazalari arnasa hartzen eta ezkatatu egiten da.
Ezpainak, eskuak eta sudurra…
- Ezpainak ebaki edo lehor ez daitezen, babestu hidratatzaile edo ezpain-barrarekin.
- Eskuek ere sufritzen dute neguan. Eman egunero krema hidratatzailea eta luzaroan hotzetan ibili behar baduzu, jantzi eskularruak.
- Hotzaren eraginez sudurra gorritu egiten bazaizu, kendu dietatik zirkulazio txarra eragiten duen guztia (kafea, alkohola, jaki minak edo tabakoa).
Jan bitamina eta fruitu lehor gehiago
- Aurre egin neguaren erasoari A eta C motako bitaminak hartuz. A bitaminak (batez ere esnearen koipe, gurin, margarina aberastu, gazta, gibel eta arrautza gorringoan izaten da) babestu egiten du larruazala hotzaren aurrean, kutisa lehortu eta ezpainak zartatzea saihestu eta ospelak sortzea galarazten du. C bitaminak (bitamina hori ugari izaten da zitriko, tomate, piper berde, azalore eta barazkietan orokorrean) defentsak gehitzen ditu eta marranta eta hotzeriaren prebentziorako lagungarri da.
- Neguan, eguzki gutxiago izaten denez, gutxitu egiten da D bitamina baliatzeko gorputzak duen gaitasuna, kaltzioa eta fosforoa zurgatzea erregulatzen dituena. Horregatik, osteoporosi arazoak dituzten emakumeei kaltzio dosi osagarria (egunean 1.000 mg) hartzea komeni izaten zaie sarritan.
- Neguan kaloria gehiago behar izaten du gorputzak, hotzari aurre egiteko. Dietari erantsi fruitu lehor kopuru txikiak eta esnea eta kafea gozatzeko, erabili eztia.
Kirola, neguan ere bai
- Egizu ariketa fisikoa: berotu egingo zara eta hotzari errazago aurre egingo diozu.
- Hartu sauna edo lurrun bainuak. Paregabeak dira gorputzak izerditu eta toxinak bota ditzan eta hori garrantzitsua da edozein urtarotan.
- Neguko kirolak gogoko dituztenek neurri zorrotzagoak hartu behar dituzte eguzki izpien aurrean eta mendiko tenperatura hotzetan jartzen direnean. Alergiak eta erredurak saihesteko, erabili babes kremak (gutxieneko babes maila: 15), bi edo hiru ordutik behin. Ez ahaztu ezpainak, bereziki sentiberak dira eta.
Kolpetik tenperatura aldaketa handirik ez
- Oso tenperatura hotza jasan behar baduzu, erabili ehun termikoko berokiak. Larruazala lehor eduki, beroari eutsi eta izerdia lurrintzen uzten dute.
- Saihestu kolpetik tenperatura aldaketa handiak izatea. Muturreko tenperaturak kaltegarri izaten dira.
- Etxeko tenperaturari eutsi 22 graduren inguruan, baina ez ahaztu hezetasuna beharrezkoa dela giroa txartu ez dadin. Giroari fresko eusteko batez besteko hezetasun maila egokia %60-70 izaten da. Hori lortzeko, berogailuetatik hurbil hezegailua jar dezakezu.