Bitrozeramikentzako garbigarriak

Garbitu eta babestu bai, baina alde handia dago batetik bestera

Bi laginik garestienek jaso zituzten kalifikazio hoberenak plakaren zainketan eta gantza erauzteko ahalmenean
1 iraila de 2002

Garbitu eta babestu bai, baina alde handia dago batetik bestera

Litroko 3,94 eurotik (Froggy) 17,10 eurora (Vitroclen) bitarteko prezioa dutela, bitrozeramikentzako zazpi garbigarri aztertu dira oraingoan. Bitrozeramiketan kazola eta gainerako ontziek, plaka (bero-iturria) babesten duen kristala ukitzen dutenez, ohiko kontua da likidoek gainezka egin eta kristalean atxikita geratzea.

Lagin denetan bi garestienek (Forza eta Vitroclen) eraman zituzten balorazio hoberenak (“oso ongi”), garbitzeko ahalmen handia eta plakari ez erasotzea ezaugarri nabarmenenak izan zituztelarik. Forza da prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Prezio ertaineko bitrozeramikentzako garbigarrietako batek (Luminia, 8,40 euro litroko) jaso zuen baloraziorik txarrena: “erdipurdikoa” baino ez, alegia.

Bitrozeramikentzako garbigarri on batek gantza erauzteko ahalmen handia erakutsi behar du. Gaitasun hori lortzeko, produktuaren formulari mineral urratzaileak erantsi behar zaizkio, nahiz hauek plaka bera edo alboko elementuak (silikonazko juntura, granitozko gaina, etab.) honda ditzaketen. Horrelako mineralak ez ezik, eragile tentsoaktiboak (zikintasuna ezabatzeko), disolbagarriak (gantzak urtzeko), silikonadunak (plaka babestu eta distiratsu uzteko) eta bahitzaileak (ura gogortzen duten metalak harrapatzen dituzte, garbitze lanaren mesedetan) dauzkate garbigarriok.

Orban aldrebesak

Produktu horiek garbitzeko unean duten eraginkortasuna bi orban-mota oldarkorrekin frogatu zen: batetik, esnetan azukrea disolbatu (%50ean) eta zeharo ikazturikoa eta, bestetik, ikatz bihurtzeraino beroturiko oliba olioa: biak ere oso-oso zailak dira kentzeko. Disoluzio bakoitza plaka bero batean isurita, plaka hoztu arte utzi zen, osaturiko geruza desagertzea baitzen kontua. Horretarako, lagin bakoitzetik hiru mililitro gai eta sukaldeko papera erabili ziren. Hori aski ez izatean, arraspa baliatu zen; ondoren, sukaldeko papera eta produktua erabili ziren ostera.

Ikaztutako esne eta azukrezko orbana garbitzen Forza izan zen eraginkorrena: geruza suntsitu zuen arren, orbanaren lorratza ez zuen erabat ezabatu; Vitroclen eta Scotch-Brite ikazturiko olioa garbitzeko hobeak dira, bai geruza, baita arrastoa ere zeharo suntsitu zituztelako. Vitroclen eta KH-7 laginek ezin izan zuten garbitu esne eta azukrezko orbana, ezta lorratza ere; Luminia, berriz, indarge agertu zen bai mota bateko, bai besteko orbanen aurrean.

Produktuen garbitzeko eraginkortasuna egiaztatzen duen beste proba bat, gantz edo koipeak erauzteko ahalmena neurtzea da. Puntuaziorik hoberenak Forza, Vitroclen, Sidol eta Scotch-Brite laginek lortu zituzten; Froggy, KH-7 eta Luminia, aldiz, onargarri baino ez ziren gertatu.

pH faktorea

Guztiz balore handi zein txikiko (oso azido edo oso basikoak baitira) pH faktoreko bitrozeramiken garbigarriak dira gaitasun handienekoak; baita, aldi berean, gure larruazalarentzat kaltegarrienak ere. Hortaz, hobe da kontuz ibili eta horrelako produktuak aplikatzean zapi bat edo sukaldeko papera erabiltzea. Muturretako pH faktorekoak dira Forza (pH 2,4) eta KH-7 (pH 11,7); neutroena edo, bestela esateko, erdi paretik (pH 7) gertuenekoa, aitzitik, Scotch-Brite (pH 7,9).

Eragile tentsoaktiboei (zikintasuna suntsitzen dutenak) dagokiela, lagin guztiak arauaren araberako dira, osagai hori denek adierazten dituztelako. Vitroclen eta Sidol dira tentsoaktibo gehien dauzkatenak (%5 eta %4); Luminia eta KH-7 laginek, berriz, %2,5 eta %3 baizik ez. Forza lagina bazterrean utzi zuten laborategian parametro hau adieraztean, azterketako emaitzak zehaztasunez neurtzea galarazten baitzituzten bere formulako elementu kimiko batzuek.

Bitrozeramikentzako garbigarriek plakako distira areagotzen ote zuten egiaztatzeko, islaturiko argiaren portzentajea neurtu zen produktua aplikatu aurretik eta ondoren: Forza (%5,8ko areagotzea) eta Froggy (%4,2) izan ziren alderdi honetan hoberenak; Sidol laginak, ordea, ez zuen isla batere aldatzerik izan.

Plakan kalteak eragiteaz

CONSUMER-ek erabilera-proba bat egin zuen, bitrozeramikentzako garbigarriek plaka urratzen zuten edo ez egiaztatzeko. Sukaldeko paperarekin 2.000 zikloz igurztea zen proba, 400 zikloko etapa bakoitzean 3 ml. produktu erantsiz. Saiakera amaitzean inongo kalterik hauteman ez bazen ere, Luminia laginak plakaren zimurtasuna %33an areagotu zuen. Forza, Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy laginek kalifikazio hoberenak eraman zituzten, plakaren zimurtasuna ez baitzuten deus areagotu.

Plaka, izan, garbigarriak urra ditzakeen elementuetako bat baino ez da. Horrenbestez, 3 ml. produktu jarri ziren plastikozko aginteetan, plaka eta gaina elkartzen duen altzairu herdoilezinezko xaflan eta granitozko gainean, bertan 24 orduz egon zitezen. Zazpi laginetatik bakar bat ere ez zen oldarkor agertu plastikozko aginteetan, ezta altzairuan ere. Granitoan, berriz, gorabeherak izan ziren: Luminia, Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy laginek gaina ilundu egin zuten eta Forza eta Sidol markakoek, berriz, produktua aplikatu zen hartan arrastoa utzi zuten. Vitroclen laginak bakarrik agertu zuen horrelako gainen aurreko errespetua.

Bitrozeramikentzako garbigarrien ontziez ari garela, buruz behera bi ordu egon ondoren, denak hermetiko zirela egiaztatu zen. Ontzien erresistentzia ikusteko, marka bakoitzeko lau bilgarri metro beteko altueratik jaurti ziren, lehendabizi hondoaren kontra eta bigarrenean alboetako baten kontra eror zitezen. Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy marketako lau ontzietako bana hautsi ziren saio horretan.

Informazioa eta etiketa, ongi

Garbigarri eta desinfektatzaileen etiketei buruzko arautegiak (bertan sartzen dira bitrozeramikentzako garbigarriak) alderdi ugari xedatzen ditu. Betiko elementuez gainera (osaketa, fabrikatzailea, eduki garbia, etab.), etiketak erraz irakurtzeko moduko testuak agertu behar dituela dio: “Eduki haurren eskumenetik kanpo”, “Ez irentsi” eta “Ezbeharrik gertatzekotan, deitu osasun zerbitzura”, larrialdietarako informazioa eskatzeko moduko telefono zenbaki eta guzti.

Scotch-Brite laginak produktuaren edukia adierazten duen letraren tamaina, Arauak xedatutakoa baino txikiago da. Gainontzean, legeztaturikoa ederki betetzen dute zazpi etiketek, testu erantsiak ere agertzen baitira bertan. Luminia, Forza, Vitroclen eta Scotch-Brite garbigarriek, begia ukituz gero produktuak narritadura eragin lezakeela ere jasotzen dute. Forza lagina da osatuenetako bat: “Larruazalarekin ez ukitu luzaro” eta “Produktua erabili ondoren, garbitu eta lehortu eskuak” gehitu du. Sidol laginak honela nabarmendu du: “Irentsiz gero, jo berehala sendagileagana eta erakuts etiketa edo ontzia”. KH-7 produktuak arropa, larruazal eta aluminioari erasotzen dielarik, honela adierazten du etiketan: “Aluminioan aplikatzekotan, ureztatu berehala”. Froggy markakoak ingurumenari buruzko oharrak gaineratu ditu, bere osaketa eta ontziaren ezaugarriak kontuan izanda. Forza, Sidol, Vitroclen eta Scotch-Brite laginek doaneko telefonoa ematen dute, kontsumitzaileari informazioa eskaintzeko.

Bitrozeramika zaintzea

Azterturiko bitrozeramikentzako garbigarrietako bakar batek ez ditu proban eraginiko bi orbanak (azukre eta esnea disolbatu eta ikaztua, eta oliba olio ikaztua) zeharo garbitu. Hortaz, bitrozeramiken bizitza baliagarria luzatzeko, erabiltzean neurri zorrotzak hartu beharra dago, produktu garbigarrien eraginkortasunean sineste hutsa aski ez baita gertatzen.

  • Ez erabili buztinezko kazolak
  • Ez igurtzi kazolak plakan erori diren elikagai kondarren gainetik, urratu egin zenezake eta
  • Zabaldu bitrozeramikentzako garbigarria sukaldeko paper edo zapi batekin, ahal dela produktua hatzekin ukitu gabe
  • Nahi gabe edo, bitrozeramikentzako garbigarri plaka gainera erori ordez beste zernahitan (gaina, plastikozko botoiak, silikonazko juntura, altzairu herdoilezinezko xafla, etab) jausi bada, garbitu berehala, elementu hori kalteturik gerta liteke eta
  • Zikintasuna plakan txertaturik baldin badago, erabil ezazu berariazko arraspa; ez saiatu labana edo antzeko lanabesekin.
  • Bitrozeramikentzako garbigarriak erabili ondoren, garbitu eskuak.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Oso prezio desberdinetako zazpi bitrozeramikentzako garbigarri aztertu dira; denetan garestiena (Vitroclen, 17,10 euro litroko) merkeena (Froggy, 3,94 euro litroko) baino lau aldiz gehiago kostatzen da.
  • Etiketa guztiek arautegiak xedatutakoa betetzen dute; areago, gehienek, ohartarazpenak ere erantsi dituzte.
  • Plakaren distira areagotzen dute denek -%0,6 eta %5,8 bitartean- Sidol laginak izan ezik.
  • Bitrozeramikentzako garbigarri hauek ez dute urradura ikusgarririk eragiten bitrozeramikazko plakan baina, frogatu den bezala, Luminia laginak plakaren zimurtasuna %33an areagotu du. Zazpi laginetako bakar batek ez die erasotzen ez plastikozko aginteei, ezta altzairu herdoilezinari ere. Nolanahi ere, Scotch-Brite, Froggy, KH-7 eta Luminia laginek granitoa ilundu egiten dute.
  • Produktuaren osoko balorazioari goazkiola, Forza eta Vitroclen laginek kalifikazio garaiena irabazi zuten (“oso ongi”), Sidol eta Scotch-Brite laginek “ongi” lortu zuten, Froggy eta KH-7 “onargarri” hutsean gelditu ziren eta Luminia, azkenean, “erdipurdi” eskasean nabarmendu zen.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena bigarren garestienak agertzen du: Forza laginak -Vitroclen-ekin batera- kalifikazio hoberenak jaso zituen.
Marka FORZA VITRO CLEN SIDOL SCOTCH – BRITE FROGGY KH-7 LUMINIA
Prezioa (euro / litroko) 16 17,10 13,90 12,56 3,94 4,46 8,40
Informazioa eta etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Adierazitako eduki garbia (ml) 200 200 200 250 500 500 250
Egiazko eduki garbia (ml) 205 200 200 258 495 510 260
Ezaugarri fisiko eta kimikoak
– Ontziaren hermetikotasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
– Ontziaren erresistentzia hausturaren aurka Zuzen Zuzen Zuzen Oker Oker Oker Zuzen
– pH 2,4 3,6 2,9 7,9 9,8 11,7 8,3
– Eragile tentsoaktiboen edukia1:
(%) Anionikoak 0,1 baino gutxiago 1 0,1 baino gutxiago 1 0,1 baino gutxiago 0,3 0,5
(%) Kationikoak 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago 0,1 baino gutxiago
(%) Ez-ionikoak No procede 6 4 4 2 3 1 2
Produktuaren eraginkortasuna
– (%) Distiraren areagotzea2 5,8 1,2 0 0,6 4,2 1,9 3,1
-(%) Plakaren gaineko urragarritasuna3 Oso ongi Onar- garri Ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Erdipurdi
– Materialen aurreko agresibitatea 4:
Plastikozko aginteak Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi
Altzairu herdoilezina Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi
Granitoa Onar- garri Oso ongi Onar- garri Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi
– Garbitzeko eraginkortasuna 5:
sne/azukre
ikaztua
Ongi Gaizki Onar- garri Onar- garri Onar- garri Gaizki Gaizki
Gantz ikaztua Onar- garri Oso ongi Onar- garri Oso ongi Onar- garri Ongi Gaizki
– Gantza erauzteko ahalmena Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi Onar- garri Onar- garri Onar- garri
Osoko balorazioa Oso ongi Oso ongi Ongi Ongi Onar- garri Onar- garri Erdipurdi

(1) Hiru motakoak baliatzen dira: anionikoak, kationikoak eta ez-ionikoak.

(2) Atzeman diren osagaietako batzuen ezaugarri nagusia azaleko tentsioa ahultzea, zikintasunaren suntsiketaren mesedetan eta zikintasun hori mantentzea bideratuz, formulazioetan ahalezkoa da, baldin eta produktuek plakaren islamenaren areagotzea eragiten badute.

(3) Delako produktuak eragiten duen abrasioa balioztatu da, tratamendua hartu duen azalaren zimurtasuna areagotzen duen zehaztu delarik.

(4) Produktuak oldarkor gerta daitezkeen zehaztu da eta, horrekin batera, hainbatetan kalterik sortarazten duten, hala nola: plakako plastikozko aginteetan, altzairu herdoilezinezko ataletan edo granitozko gainetan.

(5) Produktuen eraginkortasuna bi eratako zikintasunean balioztatu da: gantz eta azukre ikaztuetan.

Banan-banan

Bitrozeramikentzako garbigarriak, banan-banan

FORZA

  • 16 euro litroko. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio hoberena. Muturrekoa du pH faktorea (garbitzeko, egokiena).
  • Plakaren distira gehien areagotzen duena (%5,8). Ez du plaka urratzen, ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen. Ikazturiko esne eta azukrezko orbana hobekien garbitzen duena.
  • Gantza erauzteko ahalmen handikoa, Vitroclen, Sidol eta Scotch-Brite bezala. Orokorreko balorazio handienekoa (“oso ongi”) Vitroclen laginarekin batera.

VITROCLEN

  • 17,10 euro litroko
  • Denetan garestiena, balorazio hoberenetako bat lortu du. Ez die plastikozko aginteei, plakari zein altzairu herdoilezinari erasotzen. Ikazturiko olioa garbitzeko eraginkorrena, Scotch-Brite bezala. Gantza erauzteko ahalmen handikoa, Forza, Sidol eta Scotch-Brite legez. Balorazio orokorra: oso ongi

SIDOL

  • 13,90 euro litroko
  • Etiketa zuzen daukan arren, eduki garbia tamaina handiagoko letraz adierazi beharko luke. Plakaren distira areagotzen ez duen bakarra. Ez du plaka urratzen, ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen. Gantza erauzteko ahalmen handikoa, Forza, Vitroclen eta Scotch-Brite bezala. Balorazio orokorra: ongi.

SCOTH-BRITE

  • 12,56 euro litroko.
  • Ontziaren hermetikotasuna ona da; ez horrela bere erresistentzia. pH-rik neutroena (txarrena). Ez du plaka urratzen, ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen. Granitozko gainari hein batean erasotzen dio. Gantza erauzteko ahalmen handikoa, ikazturiko olioa ederki garbitzen du. Balorazio orokorra: ongi

FROGGY

  • 3,94 euro litroko
  • Denetan merkeena. Egiazko edukia, zuzen dagoen arren, adierazitakoa baino 5 ml. txikiagoa da. Ontziaren hermetikotasuna ona da; ez horrela bere erresistentzia.
  • Ez du plaka urratzen, ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen, baina granitozko gaina ilundu egiten du. Gantza erauzteko ahalmen apalekoa, KH7 eta Luminia bezala. Balorazio orokorra: onargarri.

KH7

  • 4,46 euro litroko
  • Bigarren merkeena. Ontziaren hermetikotasuna ona da; ez horrela bere erresistentzia. Ez du plaka urratzen, ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen, baina granitozko gaina ilundu egiten du.
  • Ikazturiko azukrea okerren garbitzen duenetako bat, Vitroclen eta Luminia laginekin batera. Gantza erauzteko ahalmen apalekoa, Froggy eta Luminia bezala. Balorazio orokorra: onargarri.

LUMINIA

  • 8,40 euro litroko.
  • Balorazio txarrenekoa. Plaka gehien urratzen duena. Ez die plastikozko aginteei zein altzairu herdoilezinari erasotzen, baina granitozko gaina ilundu egiten du. Zikintasuna garbitzeko ahalmen apalenetako bat. Froggy eta KH7 bezala, gantza erauzteko ahalmena onargarri baizik ez da. Balorazio orokorra: erdipurdi.