Gauzak nola begiratzen diren
Gauzen alde negatiboa ikusteko joerak eta batez ere alderdi positiboa ikustekoak, gure aldartean eragina izatez gain, eragina du azkenean egiten dugunaren emaitzetan ere. Dagoeneko topiko hutsa da pertsona optimistak pesimista gaizki informatu gisa deskribatzea edo errealitatearen alderdi guztiak harrapatzen ez dituzten pertsona inuzentetzat hartzea; edo lehenago edo geroago inozo izateari utzi eta bizitza konponbide zaileko arazo pila handia dela ohartu beharko dutela esatea. Baina optimista edo baikorra izatea ez da kaskarina edo zentzugabea izatea. Egoera bakoitzaren alde ona aurkitzen duena da pertsona baikorra, pertzepzio horretatik aurrera egoera bakoitzak planteatzen dituen aukerak optimizatzeko gai dena. Hona giza psikologiako egiarik sakonenetako bat, esaera zahar batean bildua: “ezer ez da egia edo gezurra, begiratzeko erabili den beiraren kolorearen araberakoa da guztia”. Egoera bat oso desberdina izan daiteke bi pertsonaren pertzepzioaren arabera. Ezin da kategorikoki esan “hau honela da” eta egokiagoa da “nik hau honela ikusten dut” esatea, errealitatea interpretatzeko ikasi dugun moduak erabat baldintzatuko baitu gure aldartea, eta horrek gure bizitzari emango diogun norabidea.
Egia esan, pertsona adina ikuspuntu dago ia-ia, guztiok desberdinak gara eta. Baina sailkapen oso xumea eta beharbada murriztailea eginez, pertsona optimistak eta pesimistak bereiz ditzakegu. Pertsona pesimistek alderik negatiboenetik interpretatzen dute errealitatea eta optimistek, berriz, egoera bakoitzetik onena ikusten dute; baina horrek ez du esan nahi alde txarrak baztertzen dituztenik. Pertsona ezkorrak, sufrimendua ziurtaturik izateaz gain, bere jarrerarekin nekez emango die arazoei konponbide egokirik. Pertsona optimistak, berriz, zoriontsuago bizi ohi dira eta errazago gainditzen dituzte zailtasunak.
Bi jarrera mota
Jarrera itxiak izaten dituzte zailtasunak mehatxu gisa ikusten dituzten pertsonek, irtenbideei atea itxi, dramatikotasunean murgildu eta batez ere zailtasunak ikusten dituztenek. Aitzitik, jarrera irekiak izan ohi dituzte zailtasunak gainditu beharreko arazo gisa ikusten dituztenek eta ahalik eta irteera eraginkorrena bilatzen dute. Larrialdian daudenean, ez dute denborarik galtzen kexaka eta arazoarentzako irtenbide bila hasten dira.
Aukeratu beharra dago
Hitz batean esanda, aukera egitea da kontua, zer pentsamendu eta jarrera mota komeni zaigun erabakitzea. Eguneroko bizitzak eramateko eta gainditzeko zailak diren egoerak ekartzen dizkigu sarri. Horretan ez du inork zalantzarik. Baina pentsamendu positiboak lagundu egiten digu egoera horiek gestionatzen, konstruktiboa delako eta giza-harremanak era orekatuago batean enfokatzen dituelako, sinesmen batean oinarritzen baita: gauza guztiak joan daitezke hobeto gure aldetik jarrera positiboa jartzen badugu. Gainera, jarrera horren atzean norbere burua eta besteekiko konfiantzarik eza izaten da askotan. “Nahiago nuke optimista izatea, baina errealista izatera eraman nau bizitzak”. Baieztapen horren atzean aldaketari uko egitea ezkutatu ohi da ia beti, pertsonak diren bezalakoak direla eta jendearen izaera eta jarrera aldatzen ahalegintzea alferra dela sinetsita. Eta uste okerra da hori. Egia da, bai, guztiok dugula osagai genetiko bat, aldatzen zaila dena; baina jokaera ikasiek ere osatzen dute pertsonalitatea eta horiek alda daitezke. Horixe da norbere pertsonalitatea hobetzeko prozesua, funtsezkoena bizitzako lehen urteetan eraikitzen den arren, aldatu ere egin daiteke eta. Era jakin batekoak garela uste izan arren, gure bizitzako azken bost edo hamar urteei begira jarrita ikusiko dugu gertatu diren gertaeren aurrean izan ditugun jokaerak nola aldatu diren. Eta bizitzak serio eta zentzudunago egiten bagaitu, zergatik ezin dugu geure borondatez gauzak ikusteko dugun era aldatu, baikorrago bizi ahal izateko?
Norbere buruarekin hitz egin
Víktor E. Frankl psikiatrak, “El hombre en busca de sentido” liburuan, nazien eremu bateko judutar talde baten gorabeherak kontatzen dizkigu. Frankl bera buru zela, bizirik irauteko eta esperantzari eusteko arrazoiak bilatzen eta aurkitzen zituzten judutar haiek. Jarrera positiboak bizirik irauteko bide gisa ikertzen jarraitu zuen Frankl-ek eta logoterapia hitza asmatu zuen, metodo terapeutiko bat, sendatzeko elementu gisa gizaki orok positibo pentsatu, hitz egin eta bere buruari hitz egiteko duen gaitasuna erabiltzen duena. Pentsamendu negatiboak mugatu eta geure buruarengan dugun fedea sustatzea da gakoa, une bakoitzean gure arazoentzako konponbide egokiena bilatuta. Kontua ez da zailtasunik ez dagoela esatea, zailtasun horiek gainditzen lagunduko diguten mezuak geure buruari helaraztea baizik. Guztiok ikusi izan ditugu noizbait tenis jokalariak partidan zehar beren burua animatzen, zuzentzen eta adorea ematen. Horretarakoxe entrenatu dituzte psikologikoki, ahulezia edo adore gabeziako une horiek gainditu eta beren buruari adorea eman eta beren barneko indarra eta jarrera positibo eta baikorra ateratzeko.
Gauzen alde ona bilatzeak hobeto sentitzen laguntzen du, ongizate sentimenduak sorrarazten ditu eta indarra eta energia ematen du egoera zailei aurre egiteko. Bizitzako gauza onei erreparatzea, zaindu eta landu daitekeen jarrera da. Hona zenbait aholku:
- Gauza bat erabat negatibo moduan ikusten dugunean, zalantza izan behar dugu pentsamendu horren inguruan. Beti izan behar du egoerari alderdi positiboren bat aurkitzeko moduren bat, edo gutxienez, larritasuna erlatibizatzekoa.
- Irteerarik gabeko kale itsu batean harrapaturik gaudela sentitzen dugunean, ez da komeni berehala erreakzionatzea. Gelditu, gogoeta egin eta alternatibak bilatu beharra dago.
- Egin dezagun sarri-sarri dauzkagun gauza on guztien inbentarioa, asko dira eta. Gogora dezagun zenbat pertsona dauden gu baino okerrago.
- Entzun diezaiegun garen bezala maite eta baloratzen gaituztenei.
- Erabil ditzagun pentsamendu konstruktiboak: “nahi dut”, “ahal dut”,”gai naiz”. Gogora ditzagun baikortasunez erantzundako egoerak.
- Bazter ditzagun “nire adinean ezin naiz aldatu” eta antzeko pentsamenduak.
- Onar ditzagun gure akatsak. Huts egiten duena bakarrik dago benetan bizirik. Sekula huts egiten ez dutenek egiten dute okerrik handiena, ez baitute arriskurik onartzen: kontziente edo inkontzienteki, amore eman dute, “planto” esan dute.
- Bizitzak indartzeko ematen dizkigun aukerak izaten dira zailtasunak. Borroka horietatik indarturik eta autoestima handiagoz irten dezakegu.