Gominolak: azukrea eta aditiboak, funtsez

Maiz kontsumitzea, gizentasun eta kariesaren eragile

Lau markatako eta prezio bereko (0,72 euro ehun gramoko) zortzi gominola lagin aztertu dira oraingoan (kola botilak, melokotoiak, marrazoak, frutatxoak, gutiziak, dulcipica marrubizkoak, gomatxoak eta masustak)
1 iraila de 2002

Maiz kontsumitzea, gizentasun eta kariesaren eragile

Haurrentzako gominolak gozogintzako produktuak dira, hainbat tamaina eta itxurekin agertzen direnak eta, aditibo mordoari esker, kolorez eta usainez apaintzen den azukre hutsez osaturiko ore trinko samarra dute oinarri. Mantenugai ugariena karbohidrato soilak dituzte: glukosa, sakarosa eta fruktosa guztirako pisuaren %70 edo %80raino iristen dira. Gominolen proteina-proportzio ohikoena %5-%6koa izaten bada ere, azterketako lagin batek %7 eta besteak %1,5 baizik ez zuen. Proteina, batik bat, gelatina gisa agertzen da eta produktu honek bere-berezkoa duen goma-ukitua ematen dio. Gantzak, berriz, nekez iristen dira %1era. Ur edukia %14 baino txikiagoa zen gure laginetan eta, areago, bakarren batean %5etik %8ra bitartean zebilen. Bukatzeko, energi ekarpena 320 – 360 kaloria 100 gramoko da, hots, nutrizio alorretik ia inongo baliorik ez duen (beraz, kontsumitzeko premiarik ez dugun) produktu honetan, handiegia inondik ere.

Gominolak maiz jatea gizentasun eta kariesen eragile izan daiteke: ahoan dauzkagun bakterio jakin batzuek produktua ahoratu eta hogei bat minutuan azukre mota bat (sakarosa, batik bat) azido bihurtzen dituzte; azidook listuarekin eta jan partikulekin nahasita, esmalteari atxiki eta erasotzen dion geruza kaltegarria osatzen dute. Honelako eta bestelako litxarreriak -are gutxi-gutxi- kontsumitu ondoren, hortzak eskuilatu behar izaten dira, ahotik azukre-kondarrak suntsitzeko. Kariesa nozitzeko arriskua ez da larritzen kontsumitu dugun azukre kopuruaren araberakoa, maiztasunaren araberakoa baizik.

Gominola, batik bat, azukre soilek (glukosa, fruktosa eta sakarosa) osatua dagoenez, azkar asko asimilatzen ditu organismoak. Azukre horiek, metabolizatzean, glukosa bihurtu, gure hesteak irentsi eta hortik gibelera igaroko da. Bertan glukogeno bilakatu eta energi erreserba gisa (gibelean 100 gramo eta giharretan 200 gramo, gehienez ere) metatuko dugu. Azukre kopuruak glukogenoaren metaketa-muga horiek gaindituz gero, odoletako gehiegizko glukosa ehun adiposoan gantz gisa bilduko da, epe luzerako energi erreserba, alegia. Haurtzaroko gizentasuna ez da batere mesedegarria, garai horretantxe eta energia irenstearekin loturik, gantz ehun horren zelula kopuruaren gehikuntza gertatzen delako. Gantz zelulen ugalketa handia bada, atzera nekez ekar genezakeen gizentasunaren hastapena izango genuke hor: pisu gehikuntza hori orekatzeko kalorien murrizketa eragin beharko genuke eta horrek, aldi berean, nerabearen hazkuntzan eragin kaltegarriak izan litzake.

Gominola gehientsuenetan, gelatina gisa agertzen da proteina eta aminoazidoen osaera osagabekoa du bereizgarri nagusia, ez baikaitu premiazko batzuen (metionina, lisina eta triptofanoa) gutxieneko kopuruaz hornitzen. Gominola, beraz, ezin dezakegu proteina ekarletzat jo.

Hitz gutxitan gogora dezagun, gominolak energi ekarpen handia, kalitate urriko proteina urri, mineral gutxi-gutxi eta bitaminarik bat ere eskaintzen ez digunez, ez lukeela gure ohiko elikabidearen osagai izan beharko. Kontu horri buruzko arauteriarik ez badago ere, tamaina handienekoak haur txikientzat arriskutsuak dira: ukitu gomatsukoak direlarik, nekez murtxikatzen dira: horren erruz, kontrako eztarritik abiatu eta asfixia ere eragin izan dute behin baino gehiagotan.

Etiketan irregulartasun ugari hauteman dira. Roypas frutatxoak laginak bakarrik betetzen du araua: saltzeko izendapena, osagaien zerrenda, lotea eta kontserbatzeko era dira okerren adierazitako datuak beste laginetan.

Produktu honek nutrizio alderditik ia baliorik ez izateak eta maiz kontsumitzeak eragiten dituen kalteak (gizentasuna eta kariesa) kontuan izaki, nahiago izan dugu kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokirik ez aukeratzea.

Nola egiten diren

Era guztietako gominolak biltzeko unean, fabrikatzaile gehientsuek bilgarri berbera baliatzen dute. Fini (kola botilak, marrazoak eta melokotoiak) eta Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) laginek hainbat izendapen eta osagaien zerrenda agertzen dituzte, beste hainbat gominola mota adierazita: beraz, ezin dezakegu jakin produktuaren izenik, ezta gominola jakin batek nolako osagarriak dituen ere. Roypas (frutatxoak eta gutiziak) eta Dulciora (masustak) laginen bilgarriak osagaien zerrenda bakarra du, hots: azukrea, glukosa siropa, jelifikatzaileak, ura, gelatina (Roypas frutatxoak eta Dulciora), almidoi eraldatua (Roypas frutatxoak), dextrosa (Roypas gutiziak), azidulatzaileak, lurrinak eta koloratzaileak. Dulciora masustek, datu horiez gainera, azaleko geruzaren osagaiak ere agertzen dituzte: landarezko olioa, erle ezkoa eta karnauba ezkoa. Nolanahi ere, azterturiko zortzietatik osagaien berri hiruk bakarrik ematen duten arren, azukrea da denen osagai behinena, ondoren gelatina eta aditiboak datozkiola.

Gominolen gaia osatzeko unean, azukrea, glukosa siropa eta aditiboak nahasi, berotu eta moldetan sartzen dira, oreak azken itxura hori har dezan. Ondoren, hoztu egiten da, gogortu arte. Solido bihurtutakoan, gominolak eskuilatu egingo dira, gehiegizko ore pusketak kentzeko; pusketa horiek berriro berotu eta gominola bihurtuko dira hurrengo beroketan.

Aditibo mordoa

Gominola aditibo ugariko produktua da. Hona hemen ohikoenak: lurrinak, koloratzaileak, azidulatzaileak eta jelifikatzaileak. Lurrinek usain eta zaporea ematen diote lehengaiari; azidulatzaileak, berriz, usainkari edota kontserbakari gisa erabiltzen dituzte. Etiketen arabera, baliatzen diren azidulatzaileetako batzuk azido zitrikoa, azido laktikoa, azido malikoa eta azido tartarikoa dira. Orea epeltzean, jelifikatzaileek jele ukitua moldatzen dute; gehien baliatutakoak agar-agar, almidoi eraldatua eta pektinak dira. Koloratzaileek, noski, lehengaiak (azukrea eta glukosa siropa, biak ere kolorgeak) kolorez janzten dute orea: tartrazina (E-102), kinoleina-horia (E-104), hori laranjatua (E-110), azorrubina (E-122), kukurutx-gorria (E-124), allura-gorria (E-129) eta patente-urdina (E-131) dira laginek agertu dituztenak. Bilgarrietan adierazitako koloratzaileen zerrendak ere ez datoz bat barruan dauden produktuekin, litxarrerien osotasunarekin baino. Dulciora masustak eta Roypas frutatxoak laginek bakarrik dute “koloratzaileak, produktuaren arabera” eta “balizko koloratzaileak” espainol hutsezko adierazpenak. Baliaturiko koloratzaile guztiak artifizialak dira, baina Arauak baimenduta daude. Aipatutako horiek konbinatuz lortzen dira gominolek erakusten dituzten kolore guztiak. Zazpi koloratzaileetako bost azoikoak dira (tartrazina, hori laranjatua, azorrubina, kukurutx-gorria eta allura-gorria). Horietako batzuei, izan ere, haurren jokamoldean trastornoak eta alergiak sortaraztea egozten zaizkie. Tartrazinak (E-102), esate baterako, erreakzio kaltegarriak sortaraz ditzake (alergia ez larriak eta larruazalean edo arnasketan nolabaiteko sintomak) pertsona asmatikoengan eta aspirinaren aurkako alergia duten gizakien %10engan. Horrelako aditiboa daukate Roypas markako frutatxoek eta gutiziek. Zortzi laginetatik, Fini markako kola botilak dira koloratzaile azoikorik ez daukaten bakarrak.

Etiketak ez daude zuzen

Fabrikatzaile batzuek hainbat gominola mota desberdin film berberean biltzen dute, bertan, fabrikatzen dituzten produktu guztien osagaien zerrendak adierazten dituztelarik. Bilgarrian dagoen produktuari berariazko izenik eta berariazko osagaien zerrendarik ezarri ez diotenez, Araua urratzen ari dira. Zortzi laginetatik bost, nahasgarri gertatzen dira: Fini (kola botilak, melokotoiak eta marrazoak) eta Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) laginek kasuan kasurako izen eta osagaien zerrendak agertzen dituzte; Roypas (gutiziak) laginak, berriz, osagaien zerrenda bakarra agertzen du, baina produktuaren izenik ez du adierazten, Araua urratuz. Dulciora (masustak) laginak ez du adierazten pisu garbirik, ez loterik ere; Roypas (gutiziak) laginak, azkenik, loteari dagokionez, bi adierazpen erakusten ditu.

Kontserbatzeko modua Dulciora (masustak), Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) eta Roypas (frutatxoak) laginek bakarrik adierazten dute. Fini (kola botilak, melokotoiak eta marrazoak) eta Roypas (gutiziak) ez dute datu hori ematen, Araua urratuta. Kontsumitzeko data egokiena produktu honetan adieraztea derrigorrezkoa ez den arren, Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak), Dulciora (masustak) eta Roypas (frutatxoak) laginek adierazi egin dute: eskertzeko jokaera da hori. Beste horrenbeste gertatzen da gune berdearekin (birzikla daitezkeen ontziek daramatena) Fini eta Vidal laginetan. Lagin bakar batek ez dakar nutrizioari buruzko informaziorik: datu hori jartzea ez da nahitaezkoa, baina komeni izaten da osagaien berri jakitea.

Roypas (frutatxoak) laginaren etiketa da zortzietan zuzen dagoen bakarra. Okerrena Fini markak agertzen du: saltzeko izena eta osagaien zerrenda modu nahasgarrian erakusteaz gainera, kontserbatzeko modua ez du adierazten.

Autozerbitzu erregimenean merkaturatzen badira, hurrengo baldintzak bete behar dira: etiketako informazioa azken salmenta amaitu arte mantendu beharko du saltzaileak; produktua erakusleihoetan edo ongi babesturiko ontzietan agertu beharko da; ontzi horietan produktuaren izena, osagaien zerrenda eta fabrikatzailea edo ontziratzailea argi eta garbi eta era ezabaezinean azaldu behar dira. Salmenta saltzaileak egin behar du, den-denetan behar bezalako tresnak (pintzak, palatxoak, etab.) baliatuz.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Lau markako zortzi gominola mota aztertu dira (kola botilak, melokotoiak, marrazoak, frutatxoak, gutiziak, dulcipica marrubizkoak, gomatxoak eta masustak). Zortziek ere prezio berbera dute: 0,72 euro ehun gramoko.
  • Kaloria asko daukate (300etik gora, ehun gramoko), baina nutrizio aldetik ez dute ia deus eskaintzen. Batik bat, karbohidrato soilez (sakarosa, gehienbat) osatuak daudelarik, gantz eta proteinen edukia hutsaren hurrengo dute, bitamina eta mineralekin gertatzen den bezala.
  • Litxarreria hauek ez dira maiz kontsumitu behar, elikabidea desorekatzeaz gainera, gizentasuna eta hortzetako kariesak eragiten dituztelako.
  • Aurkituriko zazpi koloratzailetatik bost azoiko dira: susmoak harrotzen dituzte, printzipioz, haurren jokamoldean trastornoak eragin eta alergiak bezalako sintomak agertzen dituztelako; halaxe frogatu izan da tartrazinan (E-102): aditibo hori ez dute kontsumitu behar asmatikoek edo aspirina pairatzen ez duten gizakiek. Tartrazina daukaten gominolak Roypas markako frutatxoak eta gutiziak dira.Fini markako kola botila da azoikorik gabeko lagin bakarra.
  • Roypas (frutatxoak) da etiketari buruzko araua betetzen duen lagin bakarra. Saltzeko izena, osagaien zerrenda, lotea eta kontserbatzeko modua dira okerren ematen diren informazioak.
  • Gominola batzuen tamaina handiegikoak -berez, murtxikatzeko zaila delako, ukitu gomatsua duenez- haur txikiei eztarriak trabes gera dakizkieke.
MARKA FINI
B. Cola Gdes Azúcar
FINI
Melocotones Gdes Az
FINI
Tiburones brillo
ROYPAS
Frutitas Brillo
Izena Nahasgarria Nahasgarria Nahasgarria Gomazko gozokia
Prezioa (euro/100 gramoko) 0,72 0,72 0,72 0,72
Hezetasuna (%) 10,3 12,1 11,8 10,2
Karbohidratoak (%) 83,43 81 82,8 84,9
Proteinak (%) 6,2 6,9 5,4 4,9
Gantza (%) 0,07 0 0 0
Kaloriak (kcal/100 g) 359 351,6 352,8 359,2
Sakarosa (%)1 48,6 45,3 29,9 51,7
Glukosa (%) 20,3 19 10,6 1,9
Fruktosa (%) 1,3 2,5 0,5 1
Koloratzaileak2
Tartrazina3(E-102) No No No
Kinoleina-horia (E-104) No No
Hori-laranjatua3S (E-110) No No
Azorrubina3 (E-122) No No No
Kukurutx-gorria3 A (E-124) No No
Allura-gorria3 AC (E-129) No No No No
Patente-urdina (E-131) No
MARKA ROYPAS
Delicias
VIDAL
Dulcipica Fresa
VIDAL
Gomitas
DULCIORA
Zarzamoras
Izena Ez du adierazten Nahasgarria Nahasgarria Gomazko gozokia
Prezioa (euro/100 gramoko) 0,72 0,72 0,72 0,72
Hezetasuna (%) 13,8 5,7 8,6 7,8
Karbohidratoak (%) 81,1 92,8 86,3 89,2
Proteinak (%) 5 1,5 5 3
Gantza (%) 0,07 0 0,11 0
Kaloriak (kcal/100 g) 345 377,2 365,7 358,8
Sakarosa (%)1 65,0 60,2 52,7 64,7
Glukosa (%) 4,5 12,9 7,2 6
Fruktosa (%) 3,9 8,1 2 3,1
Koloratzaileak2
Tartrazina3(E-102) No No No
Kinoleina-horia (E-104) No No No
Hori-laranjatua3S (E-110) No No No
Azorrubina3 (E-122)
Kukurutx-gorria3 A (E-124) No No No No
Allura-gorria3 AC (E-129) No
Patente-urdina (E-131) No No

1Sakarosa: ohiko azukrea

2Baliatutako koloratzaile guztiak artifizialak dira

3Koloratzaile azoikoak

Banan-banan

Zortzi gominola, banan-banan

FINI KOLA BOTILAK

  • 0,72 euro 100 gramoko. Itxura: kolore berde eta marroiko botilak, azukrez estaliak.
  • Etiketari buruzko Araua urratzen du: produktuari ezin eman dakioke saltzeko izen berezirik, ezta osagaien zerrendarik, etiketan bat baino gehiago agertzen baitira; bestetik, ez du adierazten kontserbatzeko modua. Glukosa portzentajerik handiena (%20).
  • Bi koloratzaile baliatzen ditu: kinoleina-horia (E-104) eta patente-urdina V (E-131). Ez bata ez bestea, ez dira azoikoak (balizko alboko ondorio eta guzti).

FINI MELOKOTOIAK

  • 0,72 euro 100 gramoko.
    Itxura: bi koloretako (gorria eta laranja) bihotzak, azukrez estaliak.
  • Etiketak Araua urratzen du, ontziratutako produktuari ezin eman dakiokeelako saltzeko izen berezirik; ez du adierazten kontserbatzeko modua. Proteina gehien daukana (%6,9).
  • Gantzik ez du. Balio energetiko ahulenetako bat (352 kaloria 100 gramoko).
  • Bi koloratzaile baliatzen ditu: kinoleina-horia (E-104) eta kukurutx-gorria A (E-124). Bigarrena azoikoa da (balizko alboko ondorio eta guzti).

FINI MARRAZO DISTIRANTEAK

  • 0,72 euro 100 gramoko.
    Itxura: kolore hori, gorri, laranja, berde eta urdineko marrazoak.
  • Etiketak Araua urratzen du, ontziratutako produktuari ezin eman baitakioke saltzeko izen berezirik, ezta osagaien zerrendarik, eta kontserbatzeko modua adierazten ez duelako.
  • Sakarosa eta fruktosa eduki apalenekoa (%29,9 eta %0,5). Gantzik ez du. Hiru koloratzaile baliatzen ditu: hori laranjatua S (E-110), kukurutx-gorria A (E-124) eta patente-urdina V (E-131). Hirugarren hau bakarrik ez da azoikoa (alboko ondoriorik gabea).

ROYPAS FRUTATXO DISTIRANTEAK

  • 0,72 euro 100 gramoko.
    Izena: “omazko gozokiak”.
  • Tamaina txikiko hainbat frutaren itxurarekin: marrubi, banana, udare, laranja eta anana hori, berde, laranja, gorri eta moreak. Araua betetzen duten bakarrak. Glukosa eduki apalena dute hauek (%1,9).
  • Gantzik ez dute. Lau koloratzaile baliatzen ditu: tartrazina (E-102), hori-laranjatua (E-110), azorrubina (E-122) eta patente-urdina V (E-131). Azken hauxe da azoiko ez den bakarra (alboko ondorioak izan litzakeena).

ROYPAS GUTIZIAK

  • 0,72 euro 100gramo.
    Itxura zehatzik ez duten ale hori, berde, gorri eta laranja koloretakoak.
  • Etiketak Araua urratzen du: osagaien zerrenda bakarra dauka, salmentako izenik eta kontserbatzeko modurik adierazten ez duelarik; loteari dagokionez, bi adierazpen desberdin agertzen dira.
  • Hezetasun (%14) eta sakarosa (%65) edukiak, denetan handienak. Kaloria gutxienekoa: 345 kaloria baino ez ehun gramoko. Lau koloratzaile baliatzen ditu: tartrazina (E-102), hori laranjatua S (E-110), azorrubina (E-122) eta patente-urdina V (E-131). Laugarren hau bakarrik ez da azoikoa (alboko ondoriorik gabea).

VIDAL DULCIPICA MARRUBIZKOAK

  • 0,72 euro 100gramo.
    Itxura: gominola zuriz beteriko ziri gorri laburrak, azukrez estaliak.
  • Etiketak Araua urratzen du, hainbat izen eta osagaien zerrenda agertzen dituelako. Hezetasun (%5,7) eta proteinen (%1,5) edukia txikiena da zortzietan, karbohidratoena (%93), aldiz, handiena. Fruktosa gehien daukana (%8).
  • Gantzik ez du. Kaloria gehienekoa: 377 kaloria ehun gramoko. Bi koloratzaile baliatzen ditu: azorrubina (E-122) eta allura-gorria AC (E-129), biak ere azoikoak (biak ere, alboko ondorioak izan litzaketenak).

VIDAL GOMATXOAK

  • 0,72 euro 100gramo.
    Itxura: bolatxo berde, hori eta gorriak, azukrez estaliak.
  • Etiketak Araua urratzen du, ontziratutako produktuari ezin eman baitakioke saltzeko izen berezirik, ezta osagaien zerrendarik, eta kontserbatzeko modua adierazten ez duelako.
  • Gantz edukirik handiena (%0,1) eta kaloria asko: 366, 100 gramoko. Lau koloratzaile baliatzen ditu: azorrubina (E-122), allura-gorria AC (E-129), kinoleina-horia (E-104) eta patente-urdina V (E-131). Azken bi hauek bakarrik ez dira azoikoak (alboko ondoriorik gabeak).

GUMMY MASUSTAK

  • 0,72 euro 100gramo.
    Izena: “Gomazko gozokiak”.
  • Itxura: masusta gorri eta beltzak.
  • Etiketak Araua urratzen du, produktuaren lotea eta kopuru garbia ez baititu adierazten. Gantzik ez du. Bi koloratzaile baliatzen ditu: azorrubina (E-122) eta allura-gorria AC (E-129), biak ere azoikoak (alboko ondorioak izan litzaketenak).