Arte ikasketak

Musikari, dantzari eta aktoreak ere, goi-tituludun

Ikasketa horiek ere normaltasunean sartu ditu LOGSE Legeak: horrelako arte-ildoetatik bizibide aukeratuta jardun ahal izango dira profesionalak
1 iraila de 2002
Img informe listado 166

Musikari, dantzari eta aktoreak ere, goi-tituludun

Aresti arte, musikan, antzertian edo dantzan profesionalki aritzea hautatzen zutenek eragotzirik jarduten zuten. Antzertia, dantza edo musika bere bizimodu bihurtzen duen jendeari egozten zaizkion aurreiritziak alde batera utzita, arte ikasketak ez zeuden erabat arauturik eta, hortaz, aipatu hiru arte-bide horietako batetik karrera ikastea aski zaila gertatzen zen -musika aukeratzean, ez horren zaila- eta, jakina, karrera horiek egiaztatu edo, areago, unibertsitarioen parean kokatuko zituzkeen titulurik eskuratzea ez zen eginkizun samurra. LOGSE legeari esker, ordea, ikasketa horiek normaltasunaren bidetik abiatu dira eta aurrerantzean ofizialki aintzat harturiko bide akademikoa egin ahal izango du zeinahi gaztek, musika, dantza edo antzertiko unibertsitate mailako tituludun bihurtzeko. Beste gainerako lanbideekin honek izango duen alde nagusia, dantza eta musikaren kasuan bereziki, ikasketak adin txiki-txikian hasi behar izatean datza. Dramaturgia aukeratzen duenarentzat, goi-eskolak fakultateen parekoak dira eta bertan sartzeko ere, antzerako eskakizunak bete behar izaten dira.

Musika ikasketak

8 eta 23 urte bitarteko 130.000 haur, nerabe eta gazte ari dira orain musika ikasten eta etorkizunean horiek denek arte-esparru horren barneko lanbideak izango ez badituzte ere, ikasleetako gehien-gehienak -12 urtetik gorakoak, bereziki- Estatu espainiarreko 1.400 zentro ofizialetako batean -hala nola Musika Kontserbatorio edo Musika-Zentro Baimenduetan- daude matrikulatuta.

Zortzi urteak betetakoan eta proba bat gainditu ondoren, zentro ofizial zein baimenduetan matrikula daitezke gaztetxoak. Hautapen horretan kontuan hartzen dena ez da umearen ezagutza, musikarako gaitasun eta trebezia baizik. Nolanahi ere, irakaskuntza arautuan adin horretan hasteak ez du baztertzen lehenagoko ikaskuntzarik. Valentziako Generalitateko Kultura Kontseilaritzako adituen arabera eta CONSUMER-ek galdeturiko pedagogoen iritziz, 3 – 4 urterekin haurrak musikarekin harremanetan jartzea mesedegarria du. Urte horietan, ikasgaietako edukien helburua, umea erritmoan, musikaltasunean eta tonuetan sartzea da, solfeoa nahiz diziplina akademikoa inondik ere azaldu gabe. Musika eskola horiek, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten Espainiako herri gehien-gehienetan daude eta matrikula prezioak hilean 120 eurotik 240 eurora doaz.

Oinarrizko Graduan lau urte ikasten eman ondoren Gradu Ertainera pasako da ikaslea, sarrerako proba gainditzen badu. Ikasketak zentro ofizialetan egin ez dituzten ikasleak ere aurkez daitezke azterketa horretara, horrela Kontserbatorioan sartu eta, Gradu Ertaineko Lehen Ikastaroan hasi ordez, bitarteko ikastaroetan jardun ahal izateko. Bigarren Gradu hori sei ikastarok osatzen dute eta, amaitzean, Batxilergoa gainditu baldin badu, Musikako Batxilergo titulua eskuratuko du ikasleak. Bai Oinarrizko Gradua, bai Ertaina ere, derrigorrezko irakaskuntzarekin batera ikasi beharrekoak izaten direnez, ikastaro horiek eskaintzen dituzten ikastegiek derrigorrezko irakaskuntzara egokitutako ordutegietan dihardute.

Goi Gradua, geroaldian musika lanbide bihurtu nahi duten gazteei (hau da, arte diziplina horretan ikasketak hasi dituztenen %4 inguru) zuzendurik dago. Jorratzen diren musika alorrak hauek dira: Konposizioa, Interpretazioa (Orkestra-Zuzendaritza eta Kantagintza barne), Ikerkuntza eta Irakaskuntza. Goi Graduko ikasketek lauzpabost urte irauten dute, aukeratutako espezialitatearen arabera. Sarrerako proba gainditzeaz gainera, Gradu horretan hasteko Batxilergo titulua eta Musika Irakaskuntzetako Gradu Ertainekoaren jabe izan behar du ikasleak. Dena den, musikan lorturiko maila egiaztatuko duten berariazko ezagutzaren eta ezagutza orokorren azterketa proba gainditzen duenari ere Goi Graduan sartzea onartzen dio Legeak.

Kontserbatorioetako prezioak aldatu egiten dira, Autonomi Erkidego batetik bestera. Oinarrizko Graduaren prezioa, oro har, ikasturteko 70 eta 80 euro bitarte ohi dabil. Esan dezagun, adibidez, Madrilgo Amaniel Lanbide Kontserbatorioan lehen eta bigarren ikasturteak 70 euro kostatzen direla eta hirugarren eta laugarrenekoak (beste ikasgai bat baitute), berriz, 105 euro ikasturteko, hau da, Soriako “Oreste Camarca” Oinarrizko Kontserbatorioko prezioaren paretsukoa. Aviles-ko (Asturias) Julian Arbon Kontserbatorioan ikasleak 26 euro ordaintzen ditu matrikula gisa; horri beste 26 euro erantsiko dizkio hileko, ikasgai (biolina, kontrabaxua, pianoa, etab.) bakarra badu eta 43 euro, bi ikasgai baldin baditu. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Goi Kontserbatorioan, berriz, Oinarrizko Gradua (lau ikastaro) 266 euro inguru kostatzen da.

Gradu Ertainean sartzeko azterketaren kostua ere zentro batetik bestera aldatu egiten bada ere, eskuarki ez da 50 euro baino handiagoa izaten; Gradu Ertaineko matrikularen prezioa ere, CONSUMER-ek galdeturiko zentroetan berdintsua da. Ikasgai gutxieneko ikasketak (pianokoa, adibidez) egiteko, ikastaroa 128 euro kostatzen da, batez beste; beste hainbat instrumentu ikasteko (ikasgai gehiago dituztenak) oso litekeena da urtearen buruan 171 euro ordaindu behar izatea. Adibide bat eman dezagun, Almeriako Kontserbatorioan piano edo gitarrako lehen edo bigarren kurtsoa egitea 121 eta 236 euro bitarte kostatzen da, ikastaroaren arabera. Zentro berean, bestelako instrumentuak hautatzen baldin badira, kurtsoaren prezioa gora joango da: 160 eta 275 euro bitartera.

Musikako goi ikasketen erreferentzia gisa Madrilgo Musika Errege-Kontserbatorioa hartu du CONSUMER-ek. Zentro horretan sartu ahal izateko, 36 euro kostatzen den proba gainditu eta ikasgai bakoitzeko 48na euro ordaindu beharra dago. Kurtso bakoitzean gutxienez 6 eta gehienez 9 ikasgai jorratzen direnez, urteko matrikularen prezioa aldatu egiten da, 288 eta 432 euro bitartean.

Prezio horiei beste bat erantsi beharko zaie aurki: musika instrumentua kostatzen dena, bera baita ikasleen ezinbesteko lanabesa. Haurrak klarinetea aukeratu badu 1.100 euro kostatuko da horrelako soil bat erostea. Baina ikasketetan aurrera egiteko dezente kalitate handiagoko tresna ekarri nahi baldin badu, ordainketa 3.000 eurotara irits daiteke. Prezio hori askozaz ere handiagoa da pianoaren, baxuaren edo soka-instrumentu handien kasuan, adibidez.

GRADUAK IRAUPENA SARTZEKO BALDINTZAK
Oinarrizkoa 4 urte
  • Gutxienez, 8 urte izatea
  • Gaitasun-proba gainditzea
Ertaina

6 urte

(Bi urteko hiru ziklo)

Ezagutza-proba gainditzea
Goi Gradua 4 edo 5 urte, espezialitateen arabera
  • LOGSE Batxilergoa
  • Lanbide titulua
  • Ezagutza proba gainditzea

Baldintza akademikoak bete gabe ere sartzea onartzen dio Legeak, bestelako proba bat gainditzen duenari

GRADUAK IRAUPENA ESKURATZEN DEN AGIRIA
Oinarrizkoa 4 urte Ikasketa-agiria
Ertaina

6 urte

(Bi urteko hiru ziklo)

  • Lanbide-titulua
  • Musika-Batxilergoa, Batxilergoko ikasgai komunak ere gainditu badira
Goi Gradua 4 edo 5 urte, espezialitateen arabera

Goi titulua

(Efektu guztietarako, Lizentziatu unibertsitarioaren parekoa, LOGSE-ko 42.3 artikuluaren arabera)

Dantza ikasketak

Espainian dantza ikaragarri suspertzen ari den arren, bertan ikasten diharduen jendearen kopurua musika ikasleena baino askoz ere urriagoa da. Musika ikasketen kasuan bezala, hiru ikasketa-maila xedatu ditu LOGSE-k. Bai Oinarrizko Gradua, baita Ertaina ere, derrigorrezko irakaskuntzarekin batera egiten direnez, kontserbatorioek ordutegia egokitu egin dute. Goi Graduak, aldiz, erabateko dedikazioa eskaintzea agintzen du, dantzan profesionalki arituko direnei zuzendurik baitago karrera hau.

Oinarrizko Graduan zortzi urterekin sartu nahi duenari gaitasun-proba bat gaindiaraziko dio kontserbatorioak. Proba horretan, musikarekin azaldu dugun bezala, izangaien musikaltasun eta baldintza fisikoak aztertzen dira, ezagutza alboan utzita, teorian behintzat, horrelakorik ez baitu. Proba hori gaindituta, Oinarrizko Graduak lau ikasturte ditu. Hurrengo gradura igarotzeko beste proba bat gainditu behar da eta, Gradu Ertaineko seigarren urtea amaitzean, Batxilergoa ere burutua baldin badu, ikaslea Dantza-Batxilergoa tituluaren jabe da.

Lanbide etapa -Goi Gradua- lau urtean zehar burutzen da: horietan, ikasleak Koreografia, Interpretazio, Flamenko edo Pedagogian espezializatzeko aukera izango du eta, ikasketa horiek amaitzean, “efektu guztietarako” (LOGSE-ko 42.3 artikuluaren arabera) “lizentziatu unibertsitarioaren” pareko titulua jasoko du ikasleak.

Dantza oinarrizko zikloan 8 urteko ume bat matrikulatzea 121 euro kostatzen da eta bertan sartzen dira espedientearen irekiera eta ikasturte oso bateko matrikula. Ikasleak aurreko urtetik ikasgairik gainditzeke utzi badu, ikasgai bakoitzaren prezioa 42 euro inguru izaten da.

Gradu Ertaineko ikasketetan, urteko matrikularen kostuak gora egiten du. Bigarren ziklo horretan sartzeko proba 33 euro kostatzen da Madrilgo Dantza Errege-Kontserbatorioan. Ikastaroa, oso-osorik, espedientea irekitze eta guzti, 326 euroraino iristen da. Ziklo honetan, aurreko urtetik utziriko ikasgai bakoitzaren prezioa 48 euro da.

Goi Graduan ikasten segitzen dutenentzat sarrera probaren prezioa ez da aldatzen (33 euro), baina matrikula eta espediente-irekiera 498 eurora iritsiko dira. Aurreko urteetako ikasgai bakoitzaren prezioa 54,69 euro da eta eta ikasgai solteko 48,08 euro ordaindu behar da.

Eszena-Arteetan Trebatzeko Zentro Egonkorrean (CEFAE) dantza ikastaro bat 200 euro kostatzen da.

GRADUAK IRAUPENA SARTZEKO BALDINTZAK
Oinarrizkoa 4 urte
  • Gutxienez, 8 urte izatea
  • Gaitasunen proba gainditzea
Ertaina

6 urte

(Bi urteko hiru ziklo)

Ezagutza-proba gainditzea
Goi Gradua Iraupena, irakaskuntzaren ezaugarrien arabera zehaztuko da
  • LOGSE Batxilergoa
  • Lanbide titulua
  • Ezagutza proba gainditzea

Baldintza akademikoak bete gabe ere sartzea onartzen dio Legeak, bestelako proba bat gainditzen duenari

GRADUAK IRAUPENA ESKURATZEN DEN AGIRIA
Oinarrizkoa 4 urte Ikasketa-agiria
Ertaina

6 urte

(Bi urteko hiru ziklo)

  • Lanbide-titulua
  • Dantza-Batxilergoa, batxilergoko ikasgai komunak ere gainditu badira
Goi Gradua Iraupena, irakaskuntzaren ezaugarrien arabera zehaztuko da

Goi titulua

(Efektu guztietarako, Lizentziatu unibertsitarioaren parekoa, LOGSE-ko 42.3 artikuluaren arabera)

Dramaturgia

Dramaturgiako eskoletan sartzea askoz ere konbentzionalago gertatzen da, beste zeinahi karreratan legez, Batxilergoko Bigarrena edo UOI amaitzean sartzen baita bertan. Kasu horretan ez da derrigorrezkoa selektibitate azterketa gainditzea: interpretazio-eskolak berak ezartzen du sarrerako berariazko proba. Horrelako zentroetan sartzeko beste modu bat 20 urteak beterik izatea eta interpretazioan eskarmentua egiaztatzea da. Madrilgo Dramaturgiako Errege-Eskolan, ekainean aurre-inskripzioa (36 euro) egin daiteke eta irailean sarrerako proba egitea nahitaezkoa da. Matrikularen prezioa 421 eurokoa da eta ikasketek lau urte irauten dute. Epe horretan Eszena Zuzendaritza eta Dramaturgian, Eszenografian eta Interpretazioan espezializatu ahal izango dira ikasleak eta, ikasketak bukatzean, efektu guztietarako Lizentziatu Unibertsitarioaren pareko titulua jasotzen du ikasleak. Horrela, karrera amaitzean, idazketa dramatikoan, kritika eta ikerkuntzan, muntai eszenografikoan eta interpretazioaren gainerako alorretan (ahotsa, gorputza, objektuen -txotxongiloak, panpinak, etab.- maneiua, antzerki musikala) espezializatutako profesionalak erdiesten dira.

Bartzelonako Collegi de Teatre ikastegiko prezioak 205 eta 225 euro bitartean dabiltza hilabeteko; Malagako Dramaturgiako Goi Eskolako matrikula, berriz, 420 euro inguru dabil.

GRADUAK IRAUPENA SARTZEKO BALDINTZAK ESKURATZEN DEN AGIRIA
Goi Gradua 4 urte
  • LOGSE Batxilergoa
  • Sartzeko proba

Baldintza akademikoak bete gabe ere sartzea onartzen dio Legeak, bestelako proba bat gainditzen duenari, 20 urteak beteta baldin baditu.

Goi Titulua

(Efektu guztietarako, Lizentziatu unibertsitarioaren parekoa, LOGSE-ko 42.3 artikuluaren arabera)