Goiz tratatzen bada, arazo horien bilakaera gerora daiteke
Populazio osoaren %10 – %15 inguruk (lanean dabilenaren %5 inguruk, alegia) zainetako arazoak nozitzen ditu. Egoera horietako gehientsuenak patologikoki larriak ez badira ere, gogaikarriak gerta daitezke, uda parteko eguraldi beroan, batik bat. Bestetik, arazo horiek tratatzeko neurri egokiak hartzen ez badira eta gaitza garatzen uzten baldin bada, egoerak aski larriak izan daitezke. Esaerak dioenez, zainetako gabezia hasieran pairatu egiten da, geroago nozitu eta azkenean ezgaitu egiten gaitu. Patologia horien berri zehatzagoa izatea komeni da, beraz.
Bi eratako gaitzak
Behe ataletan (zangoetan) odola gelditze orokor horri dagokionez, bi gaixotasun mota bereiziko ditugu:
Barize funtsezko edo lehen mailakoak: azaleko sistemako zainen dilatazioak, erraz hauteman daitezkeenak, larruazal azpian sumatu eta ukitu daitezkeen soka fin edo lodien antzekoak. Gaitz horretan sakoneko sistemak ez du deus pairatzen eta gehienetan sintomak ahulak izaten dira. Gaitz hori agertzen laguntzen dute gizentasunak, idorreriak, eserita luzaro egoteak, behe atalak eta gerria estutzen dituzten arropak (galtzariak, gerrikoak, galtzerdiak, etab.) eramateak, ordu asko zutik edo eserita egoteak, haurdunaldiak, antisorgailuak, berotan egoteak… Barizeen sortzaile dira, era berean, faktore genetiko edo herentziazkoak ere eta, balbula-sistema behar bezalakoa ez bada, azaleko sisteman ere zainen dilatazioak jazotzen dira: horietan odola gelditu edo mantso-mantso zirkulatzen du.
Dilatazio handi horiek ez ezik, baliteke plegu txikiagoak ere agertzea: barikulak -zain txiki-txikiak-, armiarma edo izar baskularrak -sare gisa eratutako barize txikiak- eta telangektasiak -hatzarekin zanpatzean, husten diren zain dilatazioak-.
Eskuarki, oso sintoma gutxi agerrarazten dituzte barizeek: zauri izateraino bilakatzen direnak bakanak dira eta ohiko arazoak kolpeen ondoriozko hemorragiak, barizea puskatzea, azaleko tronboflebitisa -honelakoetan, sokatxo gorri eta mingarri gisa agertzen da zaina- eta barize-ultzera.
Sakoneko sistemaren zainen gutxiegitasuna, berriz, bestelako arazoa da. Sakoneko zainak itsutu eta odola azaleko sistemarantz doa. Horretakoetan zergatia sakoneko flebitisa -tronboflebitis deitzen dena- izaki, bere intzidentzia, mila laguneko, 0,5 eta 1,6 izaten da. Helduen populazioan, berriz, %6 edo %8raino igotzen dira indizeak. Traumatismoak, inmobilizazio luzeak, ebakuntza kirurgikoak eta kateterismoak dira arrisku faktore ohikoenak. Sakoneko zain-tronbosia afekzio larria da, biriketako tronboenbolismoen zergati behinena baita.
Behe atalak hanpatzea -belaunetik behera, batik bat-, hankak inurritzea, azkura-sentsazioa eta karranpak, nekea eta mina dira sintoma ohikoenak, eguna aurrera joan ahala okertzen direnak (eragindako pertsona denbora luzean geldirik egon denean, bereziki). Hurrengo fase batean marroi edo okre koloreko pigmentazioa azalduko da, orkatilen inguruan batez ere, eta zainen hanpadura txikiak. Batzuetan larruazala distiratsu eta fin bihurtzen da eta, tratamendu eraginkorrik aplikatu ezean, oso litekeena da orkatilen barne aldeetan ultzerak agertzea.
Diagnostikoa eta tratamendua
Zainen trastornoen diagnostikoa egiten da egun inbasibo ez diren tekniken bitartez, hala nola dopplerra, eko-dopplerra edota pletismografia, baita inbasiboen bidez ere: flebografíaz adibidez. Zainetako zirkulazioa hobetzen duten botikak lagungarri izan daitezke baina, horrekin batera, ariketa fisikoa egin eta antzeko neurriak (21. orrialdeko “Oinazeak arintzeko…” atalean adieraziak) ere hartu behar izaten dira.
Barize tronkularrak agertzen direnean kirurgia da ia erabateko tratamendu bakarra. Zain gabezia non dagoen eta zenbat hedatu den, teknika bat edo bestea aplikatuko dira: fleboerauzketa, perforatzaile ez-askien ligadura, balbulak berreratzea, balbula osasuntsuak dauzkan zain pusketa baten transplantea, etab. Arazo bakoitzari dagokio bere konponbidea. Tratamendu esklerosatzailea aplikatzea komeni izaten da barize txikiak, barikulak, telangektasiak eta kirurgi ondoko barizeak direnean. Askotan tratamendua ez da behin betirakoa, baina esku artatsuak eta behar bezalako teknika baliatuz, arazo askori irtenbide egokia ematen zaie.
Zirkulazio sistemaren funtzionamendua
Organismoak erabiliz gero, odolak bihotzera itzuli behar du, zain sisteman barrena. Sistema hori, grabitate indarraz kontra odola behetik gora eramateko diseinaturik dago. Muskuluen kontrakzioek eta zainetan dauden balbulek, diastolean bihotzak egiten duen “aspirazioak” eta oin zola belaki gisa funtzionarazten duen bultza-mekanismoak, denek batera, odola gorantz ekartzen dute, grabitate indarraz beste aldera bide luzea eginez.
Behe ataletan zehazki desberdinak diren bi zain-sistema daude: azaleko sistema, batetik, safena izeneko bi zain handiek eta berorien adarrek osatua, funtsez; sakoneko sistema, muskuluen tartetik eta arteriekin batera doazen zainek osatutakoa, bestetik. Bi sistemak elkarrekin komunikatuak daude, zain komunikatzaileen bitartez; zain hauek ere balbulak dauzkate, odola azaleko sistematik sakonekora eramateko, alderantzizko bidea galaraziz.
Sistema konplexu horretako zatiren batek behar bezala funtzionatzen ez duenean, odola behe ataletan gelditu egiten da. Gelditze horrek, aldi berean, zainen gutxiegitasun kronikoaren sindromea osatzen duten alterazio eta agerpenak eragiten ditu. Agerpen ikusgarri ohikoenak barizeak dira.
Behe ataletan barizeak, nekea edo hanpadura agertzean, sendagilearen eta angiologoaren kontsultara jotzea izaten da egokiena: tratamendu goiztiarrak bilakaera geroratu egin dezake, baina barize tronkularrak kirurgiaz senda daitezke behin betirako. Nolanahi ere, oinazeak arindu eta egoera hobetzeko,
- Ez jantzi hanketako eta gerriko muskuluak hertsatzen dituen arropa (galtzari, gerriko, oinetako estuak).
- Ez hartu kilo gehiegi: gizentasunaren ondorioz ugaltzen dira barizeak.
- Egiezu saihets beroari, ez ezarri hankak eguzkitan egun eguzkitsu eta beroetan.
- Dutxatu hankak ur hotzarekin.
- Ez egon geldirik. Lan jardunaldian oinez ibiltzea ezinezkoa bazaizu, jar zaitez tarteka oin puntetan.
- Eduki ohean oinak burua baino altuago (ohearen alderdi horren azpian egur pusketak jarrita, altxa dezakezu), gauez, odolak hobeki zirkula dezan.
- Hanka zerbaiten gainean jarrita edo altxaturik, igurtzi ezazu masajeak eraginez, orkatilatik belaunaldirantz.
- Eduki larruazala behar bezala hidrataturik, kremak-edo aplikatuz.
- Ibili kontuz, zauririk edo bestelako lesiorik eragin gabe.
- Goizetik gauera erabili galtzerdi elastikoak.
- Funtsezkoa da ariketa fisikoa, hala nola oinez ibiltzea, korrika mantso-mantso egitea, igeriketa, bizikleta gainean ibiltzea, etab.: muskuluak, biltzean, benetako bihotz periferiko gisa dihardute, zainak estutu eta odola behetik gora bidaliz.