Urtebetetik hiru urte bitarteko haurraren elikadura

Denetik jaten ikasteko urte egokienak

Funtsezkoak dira lehen urte horiek, elikabide osasuntsua zertan den irakatsiko badiegu
1 iraila de 2002
Img alimentacion listado 151

Denetik jaten ikasteko urte egokienak

Bizitzako lehen urtea bete edo edoskitzaroa amaiturik, haurrak familiaren elikabidean sartu beharko du pixkanaka, etorkizuneko elikadura-azturetan erabateko eragina izango duen ereduari jarraiki. Hortik aurrerako dieta, beraz, era guztietako elikabideak osatuko du eta osoa izango da. Umeari denetik jan dezala irakatsi behar zaio, mota askotako elikagaiek osaturiko dietak apetitua suspertu, nutrizio alorreko premiak ase eta, geroari begira, behar bezalako azturak taxutzen lagunduko diolako.

Elikagaien ukituak aldatuz doaz

Hamabigarren hilabetetik aurrera, haurraren dietan ukitu latzagoko elikagaiak sartu behar dira, zatitan ebakitako janariarekin pixkanaka-pixkanaka ohi dadin. Hasteko, sardexkaz zanpaturiko janak emango zaizkio dastatzera; hurrengo urratsean txiki-txiki ebakitako pusketak hartuko ditu, umearen eta murtxikatzen ikasteko gaitasunaren arabera, nolanahi ere. Helburua, urte eta erdi edo bi urte betetzean, umeak zatitan ebakitako elikagaiak hartzea izango da.

Ongi jatea

  • Janariak ordutegi erregularrez egitea: hobe janari tartean haurrak deus ez jatea, ondo elika dadin janari nagusiak aprobetxatuz.
  • Elikabidean era guztietako osagaiak sartzea: mota askotako plater, ukitu, usain eta zaporeak tartekatzea, umearen dastamena aberasten hasteko, nutrizio alorreko behar bezalako ekarpena erdietsiko bada.
  • Elikagai berriak sartzeko garaian, jardun pittinka-pittinka, otorduen hasierak aprobetxatuz (orduantxe baitu haurrak apetitua bizienik).
  • Sartu umearen eguneroko dietan hurrengo multzoetako elikagaiak:
    • Esne osoa eta esnekiak (jogurt, gazta eta antzekoak). Nutrizio eta Gastroenterologia Pediatrikoko Europar Elkarteko Nutrizio Batzordeak umeak hiru urte bete bitartean jarraipeneko esnea hartzea aholkatzen duen arren, familia gehienek ez diote hori ematen txikiari (askotan, esne horren prezio altua tarteko). Arestian, hazkuntzarako esnea (“junior”) agertu da merkatuan: jarraipeneko esnea eta behi-esnearen tartekoa, “junior” motakoa baino merkeago da eta urtebetetik aurrerako haurrei ematen zaie.
    • Laboreak (ogia, oreak, arroza, gaileta soilak…), lekale eta fekulak (patata). Janarietan ogia jaten hasi behar du haurrak. Zazpi urteak bete aurretik ez zaio komeni ogi integrala hartzea, hesteak narritatzen baititu horrek. Gaileten ordezkari izateaz gainera, hortz-haginak ateratzean lagungarri gerta dakioke umeari ogia (horrelakoetan, azala luzeran ebaki behar da). Kontsumitzeko prest datozen gosaritako laboreak jatun txikiari murtxikatzeko nekezak jazo dakizkiokeenez, hobe izaten da egosi beharrekoak aukeratzea (olo-malutak, 5 laboreen malutak, etab): horiek, goiz parteko ahia ordezkatu ahal izango dute, aldian behin.
    • Barazki, entsaladak eta frutak (sarrerako plateren osagai edo jaki nahiz postreen osagarri gisa).
    • Haragi, arrain eta arrautzak.
    • Gantzak (gisatzekoak eta ontzekoak): oliba olioa, ahal dela.
  • Prestakizunik egokienak, koipe gutxiz ondutako zopa, pure, krema eta erregosiak, birrindu edo pusketa txikitan xehatutako okelak, kroketak, tortillak, plater zukutsu eta erraz murtxikatzeko modukoak izaten dira. Plantxan erretako eta zukutsurik gertatzen ez diren okelak ez zaizkio eman behar haur txikiari, lehorregi jazotzen baitzaizkio.
  • Adin horietan, zapore leun eta ongarri gutxiko jakiak aukeratu behar dira, umeak kasuan kasuko elikagaiaren zaporea ezagut dezan.
  • Janarietan gatza tamainaz eranstea eta, era berean, gazituriko, keztaturiko edo kontserban mantenduriko janaririk ez hartu edo kopuru txikitan hartzea.
  • Gantz gehiegiko elikagaiei (arkumea, gazta zaharra, fruitu siku frijituak eta antzekoak umeak ez ditu erraz digeritzen) eta nutrizio-balio urrikoei (gozokeriak, aperitiboak, freskagarriak…) saihets egitea, janari nagusien tarteetan batik bat, elikagaiok gosea ase bai, baina haurraren premiak betetzen ez dituztelako.
  • Azukredun edari freskagarri gehiegi ez hartzea (kola-estraktu, limoi zein laranja zapore edo bestez apaindutakoak), ez janarietan, ez tarteetan ere.
  • Haurrak funtsezko elikagai bat hartzeari uko egiten badio, antzeko balioa duen beste bat ordezko sartzen saiatzea, edo ukatutako hori ezkutatzeko ongarri zein elikagaiekin nahastea. Funtsezko elikagai hori hainbat eratan prestatzen ahalegintzea: lekale eta barazkien purea, zaporez apaindutako esnea, arrainezko albondigak, ziazerbak bexamelarekin, etab.
  • Ahalegindu umeak jokaera apetatsu edota monotonoak har ez ditzan (elikagai bakan batzuk bakarrik nahi izaki, gainontzeko guztien kaltetan): hainbat elementuren gabezia ager dezakeen elikabidean ohitu ahal izango delako horrela.
  • Haurtzaindegian bazkaltzen badu, eguneroko otordua ezagutu beharra dago, hango elikabidea etxeko janariekin osatu eta orekatzeko.
  • Janarien ordutegia: hobe haurrak egunean lauzpabost otordu egiten baditu, hau da, bere digeritze-ahalmenari dagokiona, txiki-txikia denean, batez ere.
El menú infantil más adecuado

Sarrera:
Eskuarki arroz, ore, barazki eta patata edota lekale-purea, oinarritzat. Jaki horren nutrizio-balioa ekarpen energetikoan datza, karbohidrato konplexu askoren iturri baita. Garrantzi handikoa da umea horrelakoak hartzen ohitzea: energi premiak dira bete beharreko aurrenak, jakiaren proteinek organismoan ehunak osatu eta hazkuntzarentzat mesedegarri gertatzea nahi badugu. Hori kontuan hartu ezean, organismoak proteinak energi premiak asetzeko baliatuko dituenez, elikadura hori desorekatua izango da.

Jakia:
Haragia, haragikiak, arraina edo arrautzak. Elikagaiok proteina, burdina eta bestelako mantenugai ugari dituztelarik, kopuru txikitan agertu behar dira (gosea ez da proteinez ase behar). Entsalada, barazki edo patatez (erreak, egosiak edo pure eginik) lagun daitezke. Astean hirutan behintzat arrain zuri edo urdina eta arrautzak ere sartzea komeni da.

Postreak:
Hoberena, fruta ale bat (edo anoa bat, gerezi, mahats, meloi eta antzekoetan). Esneki soilekin (jogurt, petit suisse, etab) tarteka daiteke.

Gosaria:
a aukera: ahia: katilu bat esne oso eta 5 koilarakada labore-irin “instantaneo”.
b aukera: basokada bat esne oso eta kakaoa. Ogia (hatz bateko lodierako bi ogi-xerra) gurin edo margarina eta marmeladaz.

Bazkaria:
Arroza ilarrekin
Legatz budina (30 gramo legatz eta 40 gramo bexamel), tomate saltsa pittin batez
Ogia eta udarea

Merienda:
Petit suisse bat, bizpahiru gaileta soil, laranja baten zukua edo fruta naturalen irabiakia.

Afaria:
Tomate eta pepino (azalik gabe) koadrotxoen entsalada.
York urdaiazpikoaren tortilla.
Ogia eta katilu bat esne oso.