Bizi-aseguruak

Gainerakoen bizia aseguratzea

Aseguruaren hartzailearen mendean bizi direnengan heriotzak berehala eta epe ertainean duen eragin ekonomikoa arintzea dute helburu honelako aseguruek
1 iraila de 2002
Img economia domestica listado

Gainerakoen bizia aseguratzea

Bizi-aseguruaz mintzatu edo pentsatzea, ia tabu bihurtu dugun heriotzaren sail iluna jorratzearen pareko da, ezinbestean. Nolanahi ere, aseguru horren premiazkotasuna balioztatzea, aseguratuak gehien maite zituen eta bere heriotzak gehien kaltetuko dituen gizakiei zuzeneko onurak ematearekin dago loturik. Aseguruaren hartzailearen mendean bizi direnengan heriotzak berehala eta epe ertainean izaten duen eragin ekonomikoa arintzea dute helburu honelako aseguruek, maite genuen hura galtzean bizitza pertsonala erabat aldatzen bada ere, fakturak, letrak eta etxeko premiak aurreko berberak izango baitira, horiek ez dutelako egoeraren hunkigarria nozitzen.

Bizi-asegurua urtero berriztatu edo hainbeste urtez hitzartzen den kontratua da eta, halakotzat, primaren arabera zehazten den diru-sarrera bermatzen du: hura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobea izango da indemnizazioa ere; aldi berean, aseguruaren hartzailearen adina aurrera joan ahala, hainbat eta gehiago jaitsiko da jasotzeko dirutza ere; adin batera iritsitakoan (65 edo 70 urte, konpainien arabera), aseguruek ez dute kontratua berriztatzen. Aseguru hau ez da errentak sortarazten dituen depositua (pentsio fondoa halakoxea da: zenbat eta urte gehiago kotizatu orduan eta diru kopuru handiagoa osatuz doa), kopuru bat eta beste baten baliokidetasuna baizik. Esate baterako, 261 euroko prima duen asegurua kontratatzen bada, heriotza gertatzean balizko onuradunek 100.000 euro kobratu ahal izango dute, egoera jakin batean. Aseguruaren titularrak diru hori behin ere eskuratuko ez duen arren, bera hiltzean bere familiari egokia gertatzen zaion diru-kopurua biltzeko zenbat euro ordaindu behar dituen kalkulatzeko aukera ematen zaio.

Seme-alaba txiki edo koxkorrak dituzten familia-buruak

Konpainiek, adin jakin batetik aurrerako aseguraturik onartu nahi ez izatea bezala, onuradunek beren independentzia ekonomikoa lortu dutenean bizi-asegurua egitea ere ez da oso zentzuzkoa. Alargun edo umezurtzentzat bizi-asegurua baino interesgarriago gerta daitezke beste hainbat aurrezki- edo aseguru-formula. Oinarrizko bizi-aseguruaren abantaila begi bistakoa da: kuota ez da garestia, sortaraz dezakeen dirutza kontuan izanda. Honelako asegurua egokia da besteren mende bizi diren pertsonentzat (beren ongizatea gurasoenarekin lotzen duten seme-alaben aitamen kasuan, adibidez). Bereziki baliagarria da familia osoan aseguruaren hartzailea diru-ekarle bakarra denean. Horrelakoetan, menpekoek bestelako euskarria lortu arte, irauteko bezainbesteko estaldura eskaini behar du aseguruak.

Asegurua kalkulatzea

Hipotekek bere buruarekin loturik daramaten bizi-aseguruak hipoteka horrixe aurre egiteko moduko bermea eskaintzen du: etxebizitza berea daukaten familietan berebiziko gastua bada ere, soldata bakarra edo nagusia aurrezki-kontuan jada sartzen ez denean familia horien deskapitalizazioa ekiditen du. Aseguruaren onura kalkulatzeko oinarrizko formula, alargundutakoak enplegua lortzeko zenbat denbora beharko duen, hemendik seme-alabak autonomiaz bizitzen hasi arte zenbat urte diren edo, areago, seme-alabak zurtz geratuko balira senideek zenbat diru beharko luketen kalkulatzea da. Izan ere, diru-kopuru horrek, aurreneko urteetan bereziki, jornala etxera ekartzen zuen pertsonaren heriotzaren ondorengo bizi-maila mantentzeko familiak beharrezkoak dituen diru-sarrerak ase beharko ditu, zorrak eta mailegu txikiak ahaztu gabe. Era berean, seme-alaben hezkuntza burutzeko edota premia larriko egoerei aurre egiteko fondo modukoa osatzeko ere balio du.

Osasuna eta adina, funtsezkoak

Arauak estandar badira ere, bizi-aseguru bakoitza berezia da eta hartzailearen gorabehera guztiak kontuan izanda kontratatzen da. Adin, gaixotasun edo enplegu arriskutsua dela medio, konpainiarentzat arriskutsuenak diren pertsonek ordaintzen dute asegurua garestien (asegurua egitea lortzen dutenean, konpainiek ez baitute bezeroa onartzeko inongo obligaziorik). Aseguratzaileak hartzailearen azterketa egin ondoren, ordaindu beharko zaion gutxieneko prima zehazteko lesio, gaixotasun eta heriotza-arriskuak iragarriko ditu; horretarako, bezeroaren adina, osasun-egoera, lanbidea, aisialdiko jolasak, azturak eta, areago, kreditu-historiala ikertuko du arretaz. Konpainia batzuetan, esate baterako, erretzaileek bizi-asegurua garestiago ordaintzen dute. Emakumeen kuotak, berriz, bizi-itxaropen handiagoa dutenez, prezio txikiagoa izaten du. Gehiegizko pisua daukanari ere gehixeago kobratzen zaio eskuarki. Baldintza horien guztien arabera zehaztuko da kasuan kasuko prima: asegurua izenpetzean, kontratuari atxikita datorren osasunari buruzko galdetegia (baita, zenbaitetan, osasun-azterketak eta sendagilearen agiriak ere) bete beharko du hartzaileak, horretarako. Adierazitakoa egia ez izatea, onuradunen erreklamazioa ordaintzeari aseguratzaileak uko egiteko bezain arrazoi ahaltsua izan daiteke.

Ordaintzeaz, kobratzeaz

Urteko kostua kalkulatzeko aukerak era askotakoak badira ere, oinarria bera da beti: indemnizazioa erreklamatzeko eskubidea ematen duen kuota ordaintzen da. jeneralean, polizaren jabeak bi prima-mota aukera ditzake: orekatuak edo urtero berriztatu beharrekoak.

Aurrenekoen oinarria ez da aldatzen polizaren iraunaldi osoan (gehienez ere 65 edo 70 urteetan iraungiko dena). Bigarrenak urterik urte garestituz doaz, aseguratuaren adina handituz doan heinean. Poliza orekatuek zahartzea kontuan hartzen ez dutenez, urtero-urtero berriztatu beharrekoak baino garestiago izan ohi dira aurreneko urteetan, baina dezente merkeagoak atzenekoetan: kopuru bera beti ordaintzen den arren, poliza izenpetu zen garaiko diruaren prezioa eta handik hogei urtekoa ez da bera. Nolanahi ere, onuradunek argi eta garbi jakin behar dute asegurua kobratzera joateko unean oso litekeena dela heriotzaren kausa (ezkutuko gaixotasunen baten ondorioz gertatu ez dela, adibidez) egiaztatzen duen sendagilearen agiria konpainiak eskatzea. Hauek bi kobrantza-aukera eskaintzen dizkiote onuradunari: kapital osoa familiari behingoz entregatu, sendiak administra dezan edo, bestela, depositu hori aldian aldiko diru-sarrerak bermatuko dituen nolabaiteko finantza-formula bihurtzea. Onuradunek erabakiko dute zeri heldu baina, hori bai, jasotako diru-munta horren gaineko Oinordetza eta Emakiden Zerga kitatu behar dela jakin beharko dute. Ogasunari ordaindu beharreko muntak aldatu egiten dira zenduaren helbide fiskalaren eta hark onuradunarekin zuen ahaidetasun-lokarrien arabera; baina, nolanahi ere, bizi-aseguru denez geroztik, murrizketak izaten ditu; areago, zenbaitetan zergarik ez zaio aplikatzen.

Heriotza-asegurua, zerbitzu hutsa

Hiltzea ez da kontu merkea. Baserri mundutik kalera eta herri batetik bestera ehorzketaren kostuak eta hileta-ospakizunen ingurukoen prezioak biziki desberdinak badira ere, errealitatea latza da: zendutakoaren familiak 3.000 euro inguruko gastuari egin beharko dio aurre. Horregatik geroz eta onartuago bihurtzen ari dira heriotza-aseguruak: heriotzako ohiko gastuak estaltzen dituztelarik, aseguru-poliza baino areago hileta-zerbitzuengatiko kontratu bilakatu dira. Gastuak aurreztea eta hildakoaren senideei erabakiak hartzen laguntzea da kontua, hark eginiko asegurua heriotza inguruko (ehorzketa, loreak, ibilgailuak, eskelak, oroigarriak…) gastuak ordaintzeko aski izango dela bermaturik. Hona hemen poliza horri aurre egiteko ohiko bi formulak: batetik, prima urtero-urtero berriztatzea; kopuru hori beti goraka joango da, KPIaren eta aseguratuaren adinaren arabera (50 urteko emakume batentzako gutxi gorabeherako kostua 70 euro da, urteko; gizonezkoen kasuan, 92 euro). Bestetik, lurperatze, hileta-elizkizun eta gainerako ospakizunen gastuak urte gutxitan (3 – 5) ordaintzea, berme erantsi batez: azken kopurua ordaindu aurretik hilez gero, prima osoa ordaindutzat joko da.