Ura, sustraien garbiketa eta mimo asko
Gainean dugu udazkena, alderdi batzuetan uda parteko bero eta lehorretik negu aldiko hezetasun eta hotzerako iragapide: urte sasoi horretan pilatzen da seguru aski lanik gehien. Aste horietan landare eta loreek, neguteari eta nozituko duten hainbeste aldaketari aurre egiteko behar bezala prestaturik agertu beharko dute. Eragiketa garrantzitsuenetakoak, garaiko kimaketa edo inausketa eta ereintza izanik, arreta berezia eskatuko digu lehortearen eraginez gehien kalteturiko aleak suspertzeak. Landareak hiltzearen zergati behinena sustraien endekapena da, ur gutxiegi edo gehiegi izan dutelako: kasu batean zein bestean, egunik kritikoenak ekinozio ingurukoak izaten dira. Irailekoan, uda amaierarekin batera, oporraldietako itzulera egokitzen da. Berriro etxerakoan errealitate mingotsa izango dugu aurrean: atseden hartzea eskertu zuen zaintzaileak, baina landareari kalte egin dio.
Garastatzea, inaustea
Lorezaintza alorrean sekulako aurrerakuntzak ezagutu eta teknologia landareen munduan ere sartu den arren (garastatzea antolatu eta tantoz tantoko sistema erabiltzea ahalbideratzea, esate baterako), oporraldietatik etxera itzultzean ez da harritzekoa izaten landareren batek itxura zimela azaltzea. Hosto horixka, idorrak, enbor zuritua, orrigabetua, lur lehor eta zartatua… horiek denek atalen bat hilik dagoela adierazten digute: gaitza arinduko bada, kimatzeko guraizeak hartu eta sufritu duten alderdiak bakarrik arreta biziz kendu beharko ditugu. Landareak idorte-sintoma nabarmenak agertzen baditu -lurrean hatza sarturik hautemango dugu hori, azaleko zentimetroek engainatu gabe, horietan pausatzen baita hezetasuna barrura sartzeke- eskuzabal garastatu beharko dugu behin eta birritan, putzurik inola ere egiten utzi gabe. Kontraesana badirudi ere, gehiegizko ura ere kaltegarri gerta dakioke landareari. Horrelakorik jazotzekotan, erantsi turba lehorra. Gogoan izan, nolanahi ere, lurra ondo lehortu arte ez dugula ostera garastatu behar.
Kalteturiko sustraiak begiratzea
Bai hotzak bai beroak, biek ere energia erauzten diote landareari. Oso litekeena da, uda ondoren sustraia mindurik dagoelako, beste lur batera aldatu behar izatea. Ez ahantzi eragiketa horretan sustraiek heze egon behar dutela; beraz, lur edo ontzi batetik atera dugun egun horretan bertan beste batean ezartzea ezinezkoa bada, landarea eguzki eta haizetik babestu beharko dugu, turbarekin edo plastiko hezeekin estaliz. Landarea bere espazio berrian kokatutakoan, blaitu sustraiak eta, hortik aurrera, garastatu arreta handiz, berriro lehor ez daitezen. Hurrengo egunetan arreta handia jarri beharko dugu, inondik ere gehiegi ureztatu gabe: soberako urak sustraietan putzua egin eta landarea ito egin dezake.
Hozberoa atsegina da oraino
Irailean ere tenperatura polita izaten dugunez, lorategiak eder-eder agertzen dira oraindik. Dena den, gaua fresko izaten da eta eguna urratzean ihintza agertzen da belarretan. Eragin mesedegarria du horrek landare eta loreetan, beroak eragindako higidura-aldi latzaren ostean landarezkoek neguteari aurre egiteko beharrezkoak dituzten freskotasun eta indarrez hornitzen direlako. Gogoan izan ditzagun espezie bakoitzaren bereizgarriak, egun horietan bizi-jarduera edo atsedenaren onuraz ari gaitezen. Egoera baten edo bestearen mesedetan aski da sarriago garastatzea (edo ez garastatzea) eta ongarri ugari (edo bat ere ez) botatzea. Zimeldutako loreak inausten baditugu, berrien sorrera lagunduko dugu.
Irailean, lorategiaz eta lorontziez arduratzea
Hil honetan lorategia garbi edukitzen eta landareak neguari aurre egiteko prestatzen ahalegindu behar dugu. Hona sasoiko lanak, gutxi-asko:
- Urteko landareak ereitea.
- Neguko landareentzako sailak prestatzea.
- Loraldi goiztiarreko erreboilak landatzea.
- Landare tapizatzaileak bakandu eta ongarritzea.
- Landare belarkara iraunkorrak ebaki eta banantzea.
- Aldaxkak egitea.
- Geranioak deskargatu eta ongarriztatzea.
- Heskai edo palaxuak kimatzea.
- Arrosak kimatu eta zaintzea.
- Belazea ebaki, aireztatu eta landatzea.
Biziari heldu egiten dio landareak: uda parteko gure utzikeriak dezente endekatu duela adierazten badigu ere, gehienetan gaixotasunak sendatu egin daitezke. Beharrezkoa duena ura, garbiketa edo lur berria baldin bada, eskakizun horiek beteko dizkiogu. Baliteke, ordea, gaitzak sakonagoak izatea, landarearen hondamena gaitz-eragileek (onddoak, bakterioak, birusak…) sortua delako.
- Onddoak hainbat eratan agertzen dira; horietara erreparatuz igarriko dugu gaixoturiko landarean badiren: lizuna, punttu beltzak edota gorrina horien ariketaren adierazle zehatza izaten dira. Hona hemen onddoak badirela atzemateko adierazleak:
- Muskilak usteltzea. Eraginiko arrosa eta cyclamenen loreetan eta zurtoinetan ikusten dira eskuarki. Landarean hilik, momifikaturik aspaldi dauden hildako organoak dira.
- Punttu beltzak. Honelakoak landare jakin batzuen -krabelinetan, adibidez- lepoaldean hautematen ditugu. Ustelkeriaren eragile diren onddoen presentzia salatzen duen lizun zuri edo zuri-gorrixka izan ohi da.
- Oidiuma. Eraginiko landareetako (arrosa, begonia, kalendula, dalia eta zinnia, batik bat) hostoen gainaldean agertzen den belus zurixka hori, hatzez igurztean erraz jausten da, hostoan orban horixka utzirik. Fotosintesia eta mantenugaiak xurgatzea galarazten dio landareari.
- Gorrina izeneko gaitzaren bereizgarria, hostoen azpialdean hainbat koloretako (horia, gorria, nabarra, laranja, etab.) erupzio txikiak agertzea da. Arrosak, krisantemoak, krabelinak eta ezpata-loreak nozitzen dute, besteak beste, gorrinaren eragina.
- Fumagina. Kedarra bezalako geruza iluna agertzen da hostoetan. Geruza horiek kukurutxek eta zorriek isuritako azukredun sekrezioez elikatzen diren onddoez osatuak daude. Landareari kalte egiten dio fumaginak, fotosintesia eta ohiko transpirazioa galarazi egiten dionez, geruza azpian klorosi eta nekrosia sortarazten duelako. Intsektu horien erasoa pairatzen duen zeinahi landarek nozi dezake gaixotasun hori, baina eskuarki zitrikoetan, jasminean, ereinotzean eta huntzean azaltzen da.
- Bakterioak, zooglea izeneko exudatuei esker hautematen dira.
- Birusak mikroskopio elektronikoa baliatuz bakarrik ikus daitezkeenez, oso ohikoa da sintomarik agertzen ez dutela pentsatzea. Zergatia edozein dela ere, gaixotasun horri buru egiteko modu bakarra, agente patogenoari aurre egiten dioten produktu kimikoetara jotzea da, gaurkoz.