Bizarra kentzeko aitzurrak

Aitzur garestiak baliatuz, ebakera leun eta seguruagoa

Aldaketa latzak izan dituzte bizarra egiteko aitzur eta xaflek urte gutxian: xafla biko aurreneko aitzur hark eraginiko berrikuntzatik, banda lubrifikatzailea duen xafla biko baskulagarrira igaro ondoren, hiru xaflaz hornituriko hiru norabideetan mugitzen den burua eta bestelako berrikuntzak ere agertzen dituena erabiltzera iritsi gara
1 apirila de 2000

Aitzur garestiak baliatuz, ebakera leun eta seguruagoa

Erabiltzaileak zer nahi duen (eraginkortasuna, ebakera hertsia, larruazala zaintzea eta erabiltzeko erosotasuna) fabrikatzaileak ederki dakienez, ikerkuntza teknologikoan dirutzazko inbertsioak egin ondotik, marketin-kanpaina setatien bidez jakinarazten dituzten hobekuntzak proposatzen ari dira etengabe. Horrenbesteko berritasun eta aukera zabalaren aurrean hautatzea ez da kontu makala.
Zortzi aitzur alderatu eta aztertu ditu CONSUMERek: horietako hiru, xafla biko erabili eta botatzekoak eta beste bostak, aldiz, erabilera anitzekoak. Azken hauetatik lau xafla bikoitzekoak ziren eta bestea, Gillette Mach, hiru xaflakoa. Aitzurra erabiltzailearen aurpegira moldatzeko gaitasunari dagokionez, hiru aitzurrek (Lea, Wilkinson Extra II eta Gillette GII Plus) xafla finkoa dute eta gainerakoek, baskulagarria.

Prezio batetik besterako aldeak handi-handiak dira: Lea markako aitzurra 16 pezeta baizik kostatzen ez delarik (erabili eta botatzekoak diren beste biak, Wilkinson Extra II eta Gillette Blue II Plus, alegia, baino dezente merkeagoa da) ordezko bi osagarri dituen Gillette Mach3 aitzurragatik 968 pezeta ordaindu behar da eta geroagoko osagarri bakoitza 258 pezetan erosiko dugu. Erabilera anitzeko beste lauak (Wilkinson FX Performer, Wilkinson Protector 3D, Gillette Contour Plus eta Gillette II Plus) merkeagoak diren arren, erabili eta botatzekoak baino dezente garestiagoak dira. Izan ere, aitzur bakoitza merke edo garesti gertatzea, erabiltzaileak zenbatetan baliatuko duen kontuan harturik neurtu beharko da. Aitzur horien ezaugarriak aztertu dira laboratorioan: neurriak, ebakera-angeluak, ebakitzeko indarra, xaflen zaharkitzea, ordezko piezen moldagarritasuna, etab. Prestazioak eta erabiltzeko egokitasuna (ebakera hertsia, leuntasuna, erosotasuna, narritadurak eragiteko erraztasuna, etab.), produktu hau aztertzeko bereziki zailduriko erabiltzaile-talde batek eginiko saiakera praktikoaren bitartez neurtu ziren.

Hoberena denetan Gillette Mach3 da, garestiena eta hiru xafla dituen bakarra. Bai ezaugarrietan, bai erabiltzeko egokitasunean nabarmentzen da lagin hori. Erabiltzaileen taldeak horren bizar-ebakera “malgu, moldagarri, eroso, leun eta eraginkorra” dela esan du. Aitzur honetan bakar-bakarrik egokitzen dira xaflak erabiltzailearen larruazalaren ukipen-planoaren arabera: horri esker, bizarra egitea ariketa soil, leun eta segurua da. Akats larri bakarra du, ordea: zaharkitze okerrena duena da bera, hamar saio egin ondoren, ebakitzeko ahalmen gehien galtzen duena baita.

Bigarren hoberena Wilkinson FX Performer (erabilera anitzekoa, bi xafla baskulagarri dituena) da, bigarren garestiena, hain zuzen ere. Asebetetzeko moduko ezaugarriak ditu eta gainera ez da Gillette Mach3 bezain agudo zahartzen. Ahalbideratzen duen bizar-ebakera, gainera, eraginkor eta leun-leuna da. Erabiltzaileek honen aurretik Wilkinson Protector 3D lagina jarri dute, honen ebakeraren segurtasuna diseinu ergonometrikoa goretsita. Azken aitzur hau, prezioz FX Performer laginaren parean dabilela, teknologikoki oso ona da baina ebakitzeko ahalmena urria du. Erabili eta botatzekoetan, hoberena Wilkinson Extra II dugu, 66 pezetako prezioa duena eta “bizar-ebakitze on, eroso eta ergonomikoa” egiten dizuna.

Lau laginetan (erabili eta botatzeko diren Lea eta Gillette Blue II Plus, eta Gillette Contour Plus eta Gillette II Plus modeloetan) erabiltzaileek larruazalean narritadurak edota ebakiak eragiteko nolabaiteko joera atzeman zuten. Aitzurrik okerrena Lea da (erabili eta botatzekoa, bi xafla finko dituena, baina banda lubrifikatzailerik gabea): honen ezaugarri teknikoak batere asebetetzekoak ez direnez, kalifikaziorik apalenak jaso zituen erabiltzaileen aldetik. Beste aldetik, merkeena dela ere gogoratu behar dugu: bakoitza 16 pezeta besterik kostatzen ez den bitartean, erabili eta botatzeko besteen prezioak 66 (Wilkinson Extra II) eta 95 pezeta (Gillette Blue II Plus) dira. Azken honek baditu bi xafla baskulagarri baina, halaz ere, xafla finkoak dauzkan Wilkinson Extra II laginak baino prestazio okerragoak ematen ditu.

Emaitza hauen zergatia

Hona aitzur hauen kalitatea neurtzeko parametroetako batzuk: ebakeraren eraginkortasuna, ebakera hertsia, segurtasuna, larruazala zaintzea eta erabiltzeko erosotasuna. Baremo hauen arabera sailkatu ditu azterketak zortzi laginak, bakoitzaren bereizgarriak laboratorioan egiaztatuz eta prestazioak erabiltzaileen taldeak eginiko probetan berretsiz. Eraginkortasuntzat jotzen dugu aitzurrak asebetetzeko moduko bizar-ebakera egitea ahalegin gutxirekin eta pasada gutxi eginez.

Ebakera hertsia, aldiz, bizarra sakon-sakonetik ebakitzeko gaitasuna da, larruazalean bizar-hondarrak suntsituz. Elkarren osagarriak diren prestazio hauek hobetu edo makaltzen dira ebakera-angeluaren eta buru edo kirtenaren angeluaren arabera: larruazalarekiko, xaflek nolako inklinazioz diharduten eta buruak kirtenarekiko zenbateko angelua duen, alegia. Biak ere batera aztertu behar dira. Aitzurra buru baskulagarrikoa baldin bada, angelu hori ere kontuan hartzeko modukoa izango da. Ebakera egiteko xaflen indarra ere garrantzi handikoa da (paperezko orri bat eta poliesterrezko hari bat ebakitzen neurtu zen), larruazalaren ukitze-azalerarekiko, xaflen posizioa bezalaxe: jarrera egokienean, larruazalaren planoa xaflek igurtzi egiten dute, izan ere, horretara iristen ez badira, aitzurraren eraginkortasuna makalagoa izango da; bestetik, plano horretatik kanpora irteten badira, larruazalean narritadura eta ebakiak eragin ditzakete.

Azkenean, aitzurraren eraginkortasun eta ebakera hertsian, aparailuaren gorputzak eta xaflaren ahoak osatzen duten angeluak eragin handia du. Angelu hori txikia bada, ahoa zorrotzago dagoenez, ebakitzeko gaitasun handiagoa agertuko du, zaharkitze azkarragoa izango badu ere. Beste alde batetik, aitzur baten jokaera balioztatzeko, gailu horren ezaugarriak aztertu behar dira xafla berri-berri dagoenean eta erabilera batzuk eginikoan, batzuek zaharkitze hobeagoa dutelako beste zenbaitek baino. Alderdi hori neurtzeko, xafla berria zela nolako indarrez eragin behar zen kontuan izaki, erabilera batzuk egindakoan, aritzeko nolako indar-gehitzeaz jardun behar den kalkulatzen da. Horren arabera erdiesten da zaharkitzeari dagokion datua.

Segurtasuna eta leuntasuna, berriz, banda lubrifikatzailea egoteak edo ez egoteak baldintzatuko du, nagusiki; baita xaflek nolako jarrera duten, larruazalaren planoarekiko (plano horretatik kanpora irteten badira, larruazalean narritadura eta ebakiak eragin ditzakete xaflek; bertara iristen ez badira, aitzurraren eraginkortasuna makalagoa izango da) eta segurtasun-gailuengatik, hala nola hari babesleak, buru malguak, xafla atzeragarriak, etab. Hari babesleek xaflek larruazalean agresibitatez eragitea galarazten dute; xafla atzeragarriek eta buru malguek, azkenik, gehiegizko presioaren eraginak arindu egiten dituzte. Erabiltzeko erosotasuna kirtenak (ergonomikoa edo ez, labaingarria edo ez) eta xaflen arteko tarteak baldintzatzen dute (zulaturik baldin badago, xafletan geratzen diren aparra eta bizar-hondarrak garbitzea eta ureztatzea errazagoa izango da), neurri handi batean. Bukatzeko, beste kirten batzuei moldatzen zaien ordezko piezari esker, erabiltzaileak ordezko piezak bakarrik erosteko aukera izango du, aitzurrak ordaindu behar izan gabe.

Bi xafladun erabili eta botatzeko aitzurrak

Honelako hiru lagin aztertu dira: Lea, Wilkinson Extra II eta Gillette Blue II Plus. Plastikozko (poliestireno) atal batek eta burdinazko bi xaflak osatuta daude. Plastikozko barra bati esker bi xaflak elkarrengandik aparte daude beti. Wilkinson eta Gillette laginek banda lubrifikatzaileak dauzkate buruko aurrealde irtenean ebakera errazteko eta larruazalaren narritadura arintzeko. Osagai, itxura eta neurriei dagokiela, beste biak ez bezalakoa da Lea: arina izaki, kirtena oso laburra dauka; lagin horretako xaflak eta hauen bitarteko barra zulaturik ez egoteak xaflen tarteko espazioa garbitzea zaildu egiten du. Wilkinson Extra II eta Gillette Blue II Plus homogeneoago dira, batetik bestera ere alderik dagoen arren.

Nagusia: Gillette laginak buru baskulagarria duen bitartean (aurpegiaren gorabeheretara egokiago moldatzen da) Wilkinson laginekoa finkoa da. Bien neurriak antzekoak badira ere, desberdinak dira kirtenaren diseinuak (Wilkinson laginarena ergonomikoa da) eta xaflen lodiera: Gillette markakoak meheago dira. Xaflen mehetasuna teknologikoki aurreratuago dagoen fabrikatze-prozesuarekin eta, bizarra ebakitzeko unean, emaitza hobeekin lotzen da. Bi laginetan ere, xaflen arteko espazioa garbitzeak ez du zailtasunik agertzen, Gillete laginak xaflak zulaturik eta tarteko barra dauzkalako eta Wilkinson markakoak sakagailua baitu, tarteko barrarekin loturik.

Lea da hiruretan txarrena. Orain arte esandakoaz gainera, xaflen ebakitzeko gaitasuna ez da egokia eta, hortaz, aitzur horren ebakera da okerrena, erabiltzaileen arabera. Hori bai, merkeena da denetan, askozaz ere: unitatea 16 pezeta baizik ez da kostatzen. Beste bi laginetan, berriz, aurpegiaren planoarekiko xaflen tolestera egokiagoa da Wilkinson laginean Gillette aparailuan baino: honetan, xaflak ukitze-planotik haratago doazenez, aise ulertzen da Gillette Blue II Plus aitzurrak larruazalean narritadurak eta ebakiak eragitea, proba praktikoan agertu zen bezala. Erabiltzaileen ikuspegitik hiruretan hoberena izan zen Wilkinson Extra II, Gillette baino merkeagoa den arren (66 pezeta Wilkinson, 95 Gillette).

Bi xafladun erabilera anitzeko aitzurrak

Honelako aitzurretan, xafla pare bakoitza hainbat aldiz baliatu ondoren, kirten zaharra mantendu eta buru berria jartzen zaio, bizarra egiten segi ahal izateko. Gillette Contour Plus, Gillette GII Plus, Wilkinson FX Performer eta Wilkinson Protector 3D laginak aztertu dira. Horien ezaugarrien berri eman ditzagun, Gillette Contour Plus laginak bi xafla, buru baskulagarri eta banda lubrifikatzailea ditu. Gillette II Plus bestelako itxura eta neurriak izateaz gainera burua finko dauka. Wilkinson FX Performer laginak buru malgu baskulagarria dauka (desitxuratu egiten da, eskuak eraginiko presiopean barru aldera makotu eta aurpegiko gorabeheretara moldatuz). Bestetik, banda bat, lubrifikatzailea, eta beste bat, babeslea dauzka, bere kirtena ergonomiko eta labaingaitza izaki. Protector 3D modelokoa sofistikatuagoa da: bi norabidetan (aurrealde eta alboetarako baskulagarri izaki) mugi daitekeen burua dauka, xaflak “dinamikoak” direlarik, hau da, presio handiegia eragiten denean, atzera egiten dute; baina bada besterik: larruazala babesteko helburua duten hari finak ditu zeharka. Lauretan ere, xafla batetik besterako tarteari esker, aitzurra erraz garbi daiteke. Gillette laginen xaflen posizioa ez da Wilkinson laginena bezain egokia. Ebakeraren segurtasunean du eragina horrek, erabiltzaileek berretsi zuten bezala: horien esanetan, bizarra ongi ebakitzen duten arren, Gillette markako biek larruazalean narritadura eta ebakiak eragiten zituzten. Xaflarik mehenak Gillette markako aitzurrak zituen oraingoan ere. Kalitate handiko aitzur seguru-segurua izanik ere, Wilkinson Protector 3D laginaren ebakitzeko gaitasuna, laboratorioan azterturik, ez zen asebetetzeko modukoa izan. Wilkinson FX Performer lagina da, laburbildurik, kategoria honetakoen artean ebakera egokiena burutzen duena. Protector 3D izenekoa, erabilera enitzeko bi xafladun aitzurretan erabiltzaileek hobekien baloratu zutena, alegia, beste aukera polit bat dugu, bere ergonomiari eta azken belaunaldiko babesgailuei esker: FX Performer lagina baino merkexeagoa da, ordezko osagarriak garestiago eta zaharkitze azkarragoa dituen arren.

Hiru xafladun erabilera anitzekoa, kalitaterik hoberenekoa

Multzo honetan Gillette Mach3 modeloa bakarrik sartu dugu: banda lubrifikatzaileaz hornituriko hiru xafladun buru baskulagarriko aitzur berri honen buruaren diseinua ondo berezia da: alde bakarrera baskulatzen duen arren, oso angelu zabala hartzen du. Xafla bakoitza bereiz mugitu ahal izateak, babes handiagoa ematen dio erabiltzaileari. Baskula-angeluaren handiari esker, arrunt maneiagarria da eta alde bakarrera baskulatzen duenez, gainera, xaflak automatikoki tolesten dira larruazalarekiko ukitze-planoan. Xaflak piskanaka moldatzeak leuntasunaz apaintzen du ebakera. Erabiltzaile taldeak Gillette Mach3 jo zuen aitzur hoberentzat, aztereturiko zortzietan. Malgutasun, moldagarritasun eta erosotasuna gogoan izaki, baita eraginkortasun eta leuntasunagatik, oso produktu ona dela berretsi zuten denek. Aitzurraren diseinu eta estetika ere gustatu zitzaien erabiltzaileei. Prezioa du kontrako alderdia, aparailu garestiena baita denetan: kirtena gehi ordezko bi osagarriak 968 pezeta kostatzen dira eta, hortik aurrera, ordezko pieza bakoitza 258 pezeta. Horiek ez ezik, modelo honetako xaflak dira azkarren zaharkitzen direnak: horrek produktua garestitu egiten du, noski. Aurkako azken alderdi gisa, Gillette Mach3 modeloaren ordezko piezak ezin molda dakizkioke beste inolako aitzurri.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Zortzi aitzur aztertu dira: hiru, erabili eta botatzekoak; eta bost, ordezko xaflak dituztenetakoak. Erabiltzaile taldearen arabera, zortzietatik erdiek bakarrik (Wilkinson Extra II, Wilkinson FX Performer, Wilkinson Protector 3D eta Gillette Mach3) egiten dute ebakera segurua, larruazalean narritadura edo ebakirik gabea.
  • Erabili eta botatzekoen artean hoberena Wilkinson Extra II (66 pezeta unitatea) da, bi xafla finko dituena. Lea (denetan merkeena, 16 pezeta) soilen eta txarrena da. Gillete Blue II Plus (bi xafla baskulagarri dituena) erosoa izateaz gain, ebakera egokia egiten du, baina xaflen posizioak larruazalean ebaki eta narritadurak eragiten ditu.
  • Erabilera anitzeko eta bi xafladunen artean, Wilkinson markakoak Gillette baino hobeak dira: bigarrenok, bizarra ongi ebakitzen badute ere, ebakiak eta narritadurak eragiten dituzte. Wilkinson markakoetan, aukeraketa egokiena FX Performer da (ebakeraren leuntasun eta eraginkortasunagatik) baina Protector 3D laginak, oso modernoa izaki, ebakera segurua eskaintzen du.
  • Erabiltzaile-taldeak aitzur garestien eta teknologikoki aurreratuenen alde egin zuen, argi eta garbi, erabiltzeko erosoagoak eta bizarra kentzean seguruagoak direlako. Denetan hoberena Gillette Mach3 dela erabaki zuten, hau da, hiru xafla eta buru baskulagarriaz horniturik dagoen bakarra. Garestiena ere bera da: 968 pezeta, aitzurra eta ordezko bi pieza; osagarri bakoitza, bestetik, 258 pezeta kostatzen da.
  • Erabili eta botatzekoen artean, aukera egokiena Wilkinson Extra II da: soila izaki, erabiltzeko erosoa da eta bizar ebakera ona eskaintzen du, gainera. Erabilera anitzekoen artean, hautu hoberena Gillette Mach3 da, zortzi aitzurretan onena. Prezio handia duen arren, ez da garestia.

Banan-banan

AITZURRAK, BANAN-BANAN

Gillette Mach3

  • Hiru xafla, buru baskulagarria. Kirtena gehi ordezko bi osagarri 968 pezeta kostatzen dira. Osagarri berri bakoitza 258 pezeta.
  • Hoberena, baita garestiena ere. Hiru xafla dituen bakarra. Ezaugarri teknikoak, asebetetzeko modukoak. Larruarekiko ukitze-planoaren arabera kokatzen dira xaflak. Bi akats: xaflen ebakitzeko ahalmena aitzurra erabili ahala azkar murrizten da eta, bestetik, ordezko piezak ezin zaizkie beste aitzurrei egokitu. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Hoberena. Malgua, moldagarria eta erabiltzeko erosoa. Ebakera leun eta eraginkorra”.

Wilkinson Extra II

  • Erabili eta botatzekoa, bi xafla finko dituena. Unitatearen prezioa, 66 pezeta.
  • Aukera polita. Erabili eta botatzeko aitzurren artean onena, bai teknikoki, bai proba praktikoan. Botoi bat sakatuz gero, errazkiago garbitzen da aitzurra. Soila baina eraginkorra da. Aztertutako erabili eta botatzeko aitzurretan, larruazala narritatzen ez duen bakarra. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Seigarren hoberena. Ebakera ona, erosoa, ergonomikoa”.

Wilkinson FX Performer

  • Bi xafla, buru malgu baskulagarria duena. Kirtena gehi ordezko bi osagarri 825 pezeta kostatzen da. Osagarri berri bakoitza, 162 pezeta.
  • Hau ere aukera polita. Teknikoki, oso ona. Ebakera-angeluak eta -indarrak, asebetetzeko modukoak. Baskula-angelua, ahula; halaz ere, buru malguak gehiegizko presioaren edo xaflen balizko posizio okerretik larruazala babesten du. Ordezko piezak ez zaikie egokitzen beste aitzurrei. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Hirugarren hoberena. Ebakera ona, leuna”.

Wilkinson Protector 3D

  • Bi xafla, burua birakaria. 712 pezeta kostatzen delarik, ordezko bi osagarri ditu. Osagarri berri bakoitza 206 pezeta kostatzen da.
  • Teknologikoki oso aurreratua, ebakeraren segurtasunak du lehentasuna. Ebakitzeko gaitasuna beste aitzurretan baino apalagoa da honetan eta, gainera, erabili ahala, azkar murrizten da. Ordezko piezak ez zaikie egokitzen beste aitzurrei. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Bigarren hoberena. Segurtasuna. Diseinu ergonomikoa”.

Gillette GII Plus

  • Bi xafla, buru finkoa. Kirtena gehi ordezko bi osagarri 590 pezeta kostatzen dira. Osagarri berri bakoitza 135 pezeta kostatzen da. Ebakitzeko gaitasun on-ona, baina larruazalarekiko ukitze-planoa xaflek gainditzen dutenez, horrek narritadura eta ebakiak eragiten ditu. Ordezko piezak aitzur finko batzuei moldatzen zaizkie. Iraupen luze samarra dute: ebakitzeko ahalmena nekez galtzen dute xaflek. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Bostgarren hoberena. Ebakera akatsgabea, baina ebaki eta narritadurak eragiten ditu”.

Gillette Contour Plus

  • Bi xafla, buru baskulagarria. Kirtena gehi ordezko bi pieza 725 pezeta kostatzen dira; ordezko pieza bakoitza, 134 pezeta. Ebakera-angeluak eta ebakitzeko gaitasuna, asebetetzeko modukoak. Xaflen posizioa, banda lubrifikatzailearen higaduraren araberakoa da, hein handi batean. Ordezko piezak egokitzen zaikie beste aitzur baskulagarri batzuei. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Laugarren hoberena. Labaindu eta ebaki ongi egiten du, baina ebakiak eragiten ditu”.

Gillette Blue II Plus

  • Erabili eta botatzekoa. Bi xaflakoa, baskulagarria.
  • Ale bakoitza 95 pezeta kostatzen da. Ebakitzeko angeluak eta gaitasuna, asebetetzeko modukoak. Aurpegiarekiko ukitze-planoa xaflek gainditzeak larruazalean ebaki eta narritadurak eragiten ditu. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Bigarren txarrena. Ebakera erosoa, baina narritadura eta ebakiak eragiten ditu”.

Lea

  • Erabili eta botatzekoa. Bi xafla finko dituena. Merkeena, askozaz ere: aitzurra 16 pezeta besterik ez da kostatzen. Kalitate teknikoz, zortzietan okerrena. Kirten laburregia. Larruazalarekiko ukitze-planoaz, xaflak ez daude ongi antolatuta (azala ukitzen ez dutenez, gutxi ebakitzen dute). Alderdi onuragarri bakarra: zaharkitze ona dute. Erabiltzaile-taldearen adierazpena: “Txarrena denetan. Maneiatze traketsekoa; bizar-ebakeraren kalitatea, txarra; narritadura eta ebakiak eragiten ditu, urez garbitzea kontu zaila da”.