Rodriguez de la Fuente, bere ahots imitatu eta bereziarekin, aitzindaria izan zen telebistarako programa dokumentalak egiten eta astero 25 milioi ikus-entzule telebistaren aurrean jartzea lortu zuen “El Hombre y la Tierra” ikusteko.
Aire berria iritsi da
Genero liluragarri hori indartsu dago oraindik ere telebistan. Era guztietako dokumentalak (aktualitateko gaiak, etnikoak, natura eta animalien bizitza, zientzia…) erruz agertzen dira eta argi uzten dute edukidun telebista ez dela gutxiengo batzuen apeta hutsa (audientzia eta publizitateko sarreretan, horrela neurtzen baitira kontu hauek), batzuetan hala dela sinestarazi nahi badigute ere.”Al filo de lo imposible”, “La Ruta de Samarkanda”, “Documentos TV” edo “National Geographic” eta antzeko programek ikusleen onarpena eskuratu dute eta horietako zenbait %10 share (une horretan telebista ikusten ari den ikusle kopuru osoarekiko programa ikusten duten pertsonen portzentajea) lortzera ere iritsi da.
Dokumentalen jatorria
1950eko hamarkadan zine aretoetan ikusten zituzten dokumentalak Estatu Batuetako ikusleek. Filmaren aurretik ematen ziren, baina garai hartan dokumentalaren zuzendari eta produktoreek ez zuten inolako amurik erabiltzen ikuslea entretenitzeko. Dokumentalek ez zuten musikarik eta gidoigileak egindako testurik izaten, grabazioaren soinu erreala baizik. Ikuslegoak, horrenbestez, ez zien dokumentalei harrera onik egin, narrazio, musika eta dramatizaziorik ez zutelako eta, ondorioz, astun eta aspergarriak izaten ziren, ondoren ematen zen fikziozko film luzearen aldean. Telebistako lehen dokumentalekin ere beste horrenbeste gertatu zen. Eta espero zitekeenez, hasierako dokumental haiek desagertu egin ziren zinema-sare komertzialetatik eta telebistatik. Urte batzuk geroago, testua, musika, gidoia eta abar erantsi zitzaizkion dokumentalari eta horrelako programa batek ikuslegoa asetzea lortu zen. Hala ere, dokumentala (dagoeneko telebistan bakarrik ematen dena) ez da sharearen arabera neurtzen, sekula ez baitu ikusle kopuru handirik biltzen, futbolak, lehiaketek, musika galek, filmek eta telesailek bezala.
Negozio errentagarria
Dokumentalen gero eta onarpen handiago horren froga John Hendriks Alabamako unibertsitateko ikasle gazteak dauka (bere banketxean); 80ko hamarkadan kable bidezko telebista zerbitzua sortu zuen, natura, zientzia eta teknologia, historia eta esploratzaileen abenturei buruzko dokumentalak emateko. Gaur egun Discovery Channel famatuak, 111 milioi harpidedun ditu 145 herrialdetan eta 100 milioi dolarretik gorako irabaziak ekarri dizkio sortzaileari. Telebistako produktu espezifiko hauen loraldiaren beste adibide bat National Geographic-en dokumentalak ditugu. Mundu guztian zehar 200 talde ditu lanean eta azken 30 urteotan 800 sari eman dizkiote.
Nor dago dokumentalen atzean?
Hainbeste jarraitzaile dituzten telebistako programa berezi hauetako kameraren atzean, kasu askotan abentura maite duten aditu eta teknikariak izaten direla eta segundu batzuetako irudiak hartzeko urteak eta urteak ematen dituzte sarritan. Miguel de la Quadra Salcedo, Luis Pancorbo, González Green eta beste hainbat abenturazale, traje eta gorbatadun munduari uko egin eta txoko babesgabe eta aldenduetan sartzen dira. Pazientzia amaigabea izaten dute egun eta gauetan zehar irudi jakin baten zain egoteko. Adituak dira larrialdiko laguntzetan, mekanikan eta egoerarik latzenetako biziraupenean. Eta esperientzia zailak eta traumatikoak ere izaten dituzten arren, zenbaiten ustez bidaietan primeran pasatzen duten bohemioak besterik ez dira. Baina eurek langile sofritutzat dute beren burua eta dokumental bat grabatzeak eskatzen duen ahalegina jendeak ez duela ulertzen esaten dute.
Garesti eta neketsua
Ordubeteko dokumentalaren kostua 100 milioi pezeta ingurukoa izaten da sarri (batez beste, grabaturiko 15 ordutik bakarra aprobetxatzen dela kalkulatzen da). Baina zergatik kopuru izugarri hori? Zine-formatuan lan egitea (askoz abantaila tekniko handiagoak dituen arren) bideoan egitea baino askoz ere garestiago delako. Zineko kamerek asko lente luzeagoak, arinagoak eta konpontzeko errazagoak dituzte bideokoek baino. Bideoa ahula da hauts eta euriarekin eta zaila da urrutiko lekuetara eramatea. Zinemakoak aitzitik, ez du hainbeste ardura sortzen. Gainera, denbora konprimitzeko mekanismoari esker, adibidez, goiz guztian zehar zabaltzen ari den lorearen irudia 20 segundotan ikusteko aukera ematen du. Argi dago, baina, zinematografoko formatuan filmatzeak %40 garestitzen duela azken kostua. Ezaugarri horietako grabazioaren ondoren, filma bideo formatura pasatzen da edizioko eta aplikazio informatikoko aukera guztiak baliatu ahal izateko.
Zorroztasun zientifikoz informatzea
Informatu, hezi eta entretenitu egin behar du dokumentalak. Entretenitua eta atsegina izatea da ikusleek katea alda ez dezaten lehen baldintza. Beste ezaugarri garrantzitsu bat ere badago: oinarri zientifiko zorrotza izatea. XX. mendearen ezaugarri behinena aurrerapen teknologikoa da. Dokumentalgileek bereganatu egin dute teknologia hori eta gaur egun, besteak beste, lapitzaren neurriko kamerak erabiltzen dituzte, adibidez inurritegi batean sartzeko. Dokumentalak egiten dituzten taldeen materialen artean aurkituko ditugu hainbat kamera, grabatzaile digitalak, bereizmen handiko monitoreak, ezaugarri desberdinetako mikrofonoak, karelez kanpoko motordun zodiac-ak, argindar-sorgailuak, 4×4 ibilgailuak… Telebistako kanalen eta horien arrakastaren atzean dokumentalen egileak ere egoten dira. Dokumentalen egilea, neurri batean, errorik gabeko pertsona da, 20 edo 30 egun etxetik kanpo pasatzen baitu.Gainera, lankideekin eta erosotasunik gabe bizi izatera egokitu behar du. Himalaian edo Aconcaguan adibidez, elur ekaitz handiak izaten dira eta horrelakoetan 15 egunez kanpin dendan babestuta egotea beste erremediorik ez da izaten, haizeak eraman ez dezan dendari eutsiz, gainera. Gehienetan, larrialdiko laguntzen ikastaroa egiten dute langileek filmatzera joan aurretik. Injekzioak nola eman, ziztaden aurkako sueroa nola jarri edo erori den pertsona bat nola garraiatu jakin behar izaten dute.
Ikus-entzunezko hizkera berria
Belaunaldi zaharrek ez dute ezagutu gaur egungo ikus-entzunezkoen hizkera. Ordenadoreko jokoak abiadura izugarrian aldatzen dira eta telebistak eta zinemak ere horixe imitatzen dute gaur egun. Ondorioz, dokumentalen egileek ere egokitu egin behar izan dute. Garai batean dokumental bateko panoramikak 4 minutu irauten bazuen, orain bi minutura laburtzen da, erritmo arina lortzeko.
Hauexek dira gaur egun estatuko telebistek eta satelite bidez eskaintzen dituzten programa dokumentaletako batzuk:
- La 2 de Televisión Española: “La aventura del saber”, “Lo que el siglo nos dejó”, “Jara y sedal”, “La ruta Quetzal”, “A vista de pájaro”, “Documentos TV”, “Línea 900”, “La ruta de Samarkanda”, “Hit Naturaleza” eta “Grandes Documentales”.
- Antena 3 y Telecinco: Noizean behin dokumental bereziren bat egiten dute, Gran Wyoming-ek drogei buruz egin zuena (Tele 5) esaterako.
- Canal Plus: “Documental Naturaleza y otros”, “El partido del siglo”, “National Geographic”, “Abierto en canal” eta “24 horas”.
- Canal Satélite Digital: Gaikako kanalak: Documanía, Discovery Channel, AXN (hainbat programa dokumentalak dira), Viajar eta Season.
- Vía Digital: Gaikako kanalak: Natura, Cultura, Hispavisión, Odisea y BBC Prime.