Listeria monocytogenes oso presente dago naturan (lurrean, hondakin-uretan, ibaietako uretan, ganadu-jatekoan, intsektuetan, gizakiaren hesteetan…).
Listeria eta osasuna
Horregatik, berarekin bizi beharra dugu, baina zoritxarrez, elikagaien industriako osasun kontrolak ez dira erabat eraginkorrak bakterio horren aurka. Hainbat elikagaitan antzeman da listeria: barazkietan, esne gordin eta eratorrietan, izozkietan, arrautzetan, haragi gordin edo gutxi egindakoetan, arrain gordin eta keztatuetan eta plater onduetan.
Listeriak osasun arazo larriak eragin ditzake, batez ere emakume haurdun, haur txiki, adineko, diabetiko, minbizidun, transplantatu eta hiesa edo beste inmunoeskasiak dituztenengan. Arrisku talde horiei gazta fresko eta krematsurik eta jaki gordin edo ongi egin gaberik ez hartzea gomendatzen zaie. Eta aurrez prestaturiko platerak ia irakite puntura arte berotzea kontsumitu aurretik.
Egia esan, listeriak oso toxikazio gutxi eragiten du gizakietan.
Eta bakterio patogeno horren kopuru handiak izan behar dituzte hori gertatzeko; kopuru txikiak ez du arazorik sortzen. Bakterioa izateko arriskurik gehien duten produktuak ugalketarako baldintzetan ez edukitzen saiatu beharko dugu, beraz. Funtsezkoa: hotz-katea ez etetea jakien elaborazio eta banaketan eta kontsumitzailearen etxean. Baina hori ez da nahikoa; elikagaien elaborazio guneetan gutxitu egin behar da listeriaren presentzia. Presazkoa da industriak eta agintari publikoek behar diren neurriak hartzea bakterio horrek kontsumitzaileen osasunean arazo gehiago sor ez dezan.