Pizzak: erromatar erakoak eta atunezkoak

Ore, gazta eta tomateak ia %90a osatzen dute

Zortzi pizza ultraizoztu aztertu dira, bi motatakoak: atunezko pizzak (olibak ere dauzkatenak) eta erromatar erakoak (txanpinoiez eta urdaiazpiko nahiz kalitate apalagoko fianbreaz hornituak. Aukeratutako marka (La Cocinera, Pescanova, Findus eta Frudesa) bakoitzetik bi motatako laginak aztertu dira.
1 apirila de 2000

Ore, gazta eta tomateak ia %90a osatzen dute

Pizzen formatua oso berdintsua zen denetan (290 – 315 gramo) eta prezioetan ere ez zegoen alde handiegirik: kiloko 816 pezetatik (Findus) 969 pezetaraino (La Cocinera). Pizza ultraizoztuak aurrez prestaturiko jakiak dira, produktuaren ezaugarri organoleptikoak (zaporea, usaina, itxura) eta nutrizio-alorrekoak zaintzen dituen izozte azkarra nozitu dutenak. Azterketan jasotako datuak ikusirik, pizza hauek ongi landu eta etiketaturiko produktuak dira, osasun- eta higiene-egoera onean daudenak (bi laginek kontaminazio arina agertu bazuten ere). Nutrizioaren ikuspegitik, interesgarriak dira, baina (gatz, gantz eta kalorien kopuru altu samarrak medio) ez dira otorduko ohiko sarreraren ordez (lekaleak, barazkiak, arroza) hartzeko egokiak. Pizza bataiatzen duen osagaiaren agerpena hutsaren hurrengoa izatea deigarria da oso, baina horrelaxe gertatzen da maiz. Atunezko pizza batean, adibidez, arrain horren edukia ez zen produktu osoaren %12ra iristen. Atun gutxien daukanak (La Cocinera) %6 du elikagai hori.

Erromatar erako pizzetan, urdaiazpiko edo fianbrea gehi txanpinoiak baturik, gehien dauzkan laginean (Pescanova) %20ra iristen dira, ozta-ozta iritsi ere. Gutxien dituena (La Cocinera), berriz, %6 apalean geratu dira. Ohikoa da pizzaren azpiak (galirin, ur, legamia eta gatzak osatua) eta gainak (gazta, tomatea eta espeziak, gehi pizza-mota bakoitzaren berariazko osagaiak) proportzio beretsuan agertzea. Kasu guztietan ere, gazta eta tomatea dira gainaren gehientsua osatzen dutenak. Ore gutxien (%48) eta osagai gehien dituen marka Findus da eta azpi handiena ipintzen dutenak, aldiz, La Cocinera eta Frudesa (%60aren inguruan). Nutrizio-alorreko osaketan karbohidratoak (%22-%30, laginen arabera) dira nagusi. Gantz eta proteinek produktu osoaren %5etik %12ra bitarte osatzen dute eta zuntzaren agerpena %1 eta %4,5 artean dabil. Ekarpen energetikoa handia da (170 eta 250 kaloria bitarte, 100 gramoko), baina ez gehiegizkoa. Beste horrenbeste gertatzen da gatzarekin, %0,4 inguru baitago.

Erromatar erako pizzetan, Pescanova, Findus eta Frudesa markakoek dezente urdaiazpiko eta txanpinoi gehiago ipini dute La Cocinera laginak baino. Baina Frudesa markak bakarrik darabil urdaiazpiko egosia, beste gainerakoen haragizko osagai bakarra urdaiazpiko-fianbrea edo txerri-giharra baita, hau da, osagai merkeago eta kalitate okerragokoak. Atunezko pizzetan, Findus eta Frudesa dira atun eta oliba gehien jarri dituztenak. La Cocinera laginak makarela eta atuna ipini ditu. Atunezko pizzak erromatar estilokoak baino kaloria gehiago eta zuntz disolbaezin gutxiago aportatzen du. Zuntz hori eguneroko elikabidean sartzea interesgarria da, hesteen mugikortasuna eragin eta idorreriaren kontrakoa baita. Frudesa pizzetako gantz-kopurua (%10etik gorakoa) gainontzekoetan baino handiagoa denez, ekarpen kalorikoa ere altuagoa du. Osagaien ugaritasuna, zaporea eta ukitua (orearen krakatsu eta gogortasuna) balioztatu zituzten dastatzaileek, baina laginetako bat bera ere ez zuten nabarmendu: kalifikazio guztiak apalak izan ziren (bakar batek ez zuen 6 puntukorik gainditu). Bi motetako pizzetan, Frudesak eraman zituen nota hoberenak. Azterturiko bi pizza-motetan, kalitate-prezio erlaziorik egokiena Findus markakoa da, bietan ere ore gainean osagai gehien ipini dituelako, gantz eta kaloria gutxien izaki eta, gainera, merkeena delako batean zein bestean.

Pizzak, oro har, orea

Pizzaren bi atal nagusiak dira azpiko orea (galirin, ur, legamia eta gatzez osatua) eta gaineko estalkia, hainbat osagai izan ditzakeena, barietate edo moten arabera. Horietako batzuk ber-berak dira denetan, hala nola gazta urtua, tomatea eta espeziak (oreganoa, esate baterako). Erromatar erako pizzak, horiez gain, urdaiazpiko eta txanpinoiak ditu eta atunezkoak, berriz, arrain hori eta olibak agertzen ditu gainean. Pizza-errazio batek (75 gramo, gutxi gorabehera) 150 eta 175 kilokaloria bitartean aportatzen ditu, hau da, dilista edo orez osaturiko lehen plater arrunt batek bezainbeste. Energia nola banatuta dagoen, ordea, honela azal dezakegu: %25-%30 karbohidratoak dira, %7-%12 gantza eta, azkenik, pare horretan, proteinak (%7,5-%10). Gantz-edukia batik bat gaineko osagaiek aportatzen dutenez, portzentaje horrek gorabehera handiagoak izaten ditu, pizza-mota desberdinen arabera. Kolesterol-edukia, berriz, apala da (20 mg 100 gramoko, gutxi gorabehera). Pizzak dauzkan proteinak landarezkoak (galirina, etab.) zein animaliazkoak (gazta, arraina, urdaiazpikoa…) izan daitezke. Mineralei dagokienez, eta aurrez prestaturiko beste produktu batzuetan bezala, pizzek ere gatza dezente (340 mg 100 gramoko), kaltzio eta potasio-kopuru handiak eta, hein apalago batean, burdina eta zinka dauzkate. Era berean, B multzoko bitaminez eta C bitaminaz hornitzen gaituzte. Bestelako labore-jakien aldean, pizza-errazio batek arroz edo orez osaturikoak baino kaloria gehiago aportatzen digu, energiaren banaketa okerragoa agertzen duelarik: plater horiek baino gantz gehiago eta proteina eta karbohidrato gutxiago baitu pizzak.

Erromatar erako pizza

Mota horretako pizzaren osagaiak hurrengoak dira: galirina, ura, legamia, gatza, azukrea, tomatea edo tomate-saltsa, gazta urtua, haragizko osagaia (txerri-giharraren fianbrea La Cocinera eta Pescanova laginetan, urdaiazpiko-fianbrea Findus laginean, eta urdaiazpiko egosia Frudesa markakoan), txanpinoiak, landare-olioa, espeziak (oreganoa, bereziki) eta lurrinkiak. Almidoi aldatua ere erantsi ohi du marka zenbaitek (Findus eta La Cocinerak) eta arto-almidoia beste batzuek (Frudesa eta Pescanovak). Marka batzuetako pizzek bestelako osagaiak izaten dituzte: esne-proteina (Pescanovak), animali gantza (Frudesak), baratxuria hautsetan (Frudesak), glukosa (Frudesak), eta salda deshidratatua (Findusek). Aditiboak ere gehitzen dituzte, baina ez askorik, hala nola destrosa (Findusek), emulgentea (Pescanovak) eta antioxidatzailea (Findusek). Gogora dezagun, osagaien proportzioari goazkiola, lantze-prozesu guztiak berdinak ez izatearren, osakera ere desberdinak izan daitezkeela. Orearen pisuan, berriz, baloreak ez dagozkio ore hutsari bakarrik, honek tomatearen eta gainerako osagaien pisuaren parte bat xurgatzen, bereganatzen duelako. Beste zenbait osagai (atuna, esaterako) erraztasun osoz ezin bereiz daitezkeenez, hemen adierazten diren kopuruak gutxi gorabeherakoak dira. La Cocinera laginak ore gehiago (%58) du estalki baino. Pescanova eta Frudesa markakoek ere beste horrenbeste agertzen dute, baina era orekatuagoan; Findus markako laginak dira estalki gehien dutenak (%53). Gazta eta tomatezkoa handiagoa da La Cocinera (%36) eta Findus (%39) markakoetan Frudesa (%31) eta Pescanova (%28) laginetan baino. Berariazko osagaiez ari garela, ostera, Pescanova markakoan %20ra iristen direlarik, txanpinoia (%13) da, gehienbat. Findus eta Frudesa laginetan %15ean agertzen dira, txanpinoi gehiago Findus-ek, eta urdaiazpiko egosi gehiago Frudesa-k daukatela. La Cocinera markako erromatar erako pizzaren berariazko osagaien edukia askozaz ere apalagoa da: %6a baizik ez. La Cocinera eta Pescanova marketako haragikia txerriaren gihar-fianbrea da eta Findus laginean, urdaiazpiko-fianbrea. Frudesa-n aldiz, urdaiazpiko egosia da, hots, beste hiru laginek daukatena baino osagai garestiago eta kalitate hobekoa. Laboratorioan eginiko azterketek erakusten dutenez, pizza hauen %55 ura eta nutrigarri nagusia karbohidratoa (%25) da. Proteinak, batenaz beste, %7an aurkitu dira, gantzen parean, nonbait. Frudesa markakoak besteek baino gantz gehiago du (%10). Zuntz disolbaezinari (hau da, hesteetan aldakuntzarik nozitzen ez duen eta idorreriaren kontrako lagungarri den zuntzaren partea) doakionez, kopuru handian agertzen da denetan (%3a, batez beste), Pescanova lagineko kopurua handiagoa delarik, txanpinoi gehiago baititu. Biziki kalorikoak dira pizza hauek: Frudesa laginak, adibidez, 231 kaloria aportatzen ditu 100 gramoko. Gainontzekoak 200 kaloriatara iristen ez direlarik, Pescanovak ditu gutxien.

Atunezko pizza

Erromatar erako pizzak dauzkan osagai orokorrez gainera, atunezkoak arrain hori eta olibak ditu berariazkoak. La Cocinera da makarela (atunarekin batera) eta oliba beltzak baliatzen dituen marka bakarra. Pescanova, Frudesa, eta Findus markek, mota honetako pizzetan, esne-proteina, animali gantza eta salda deshidratatua erantsi dituzte, hurrenez hurren. La Cocinera laginak ez du almidoirik ezarri. Aditiboetan betikoak agertzen dira beriro ere: destrosa Findus laginean, emulsionatzailea Pescanova markakoan, eta antioxididatzailea, Frudesan. Berrikuntza gisa, Findus-ek ardo-ozpina eta baratxuria sartu ditu eta La Cocinera-k garraztasuna zuzentzeko aditiboa. Honelako pizzetan ere osagai nagusia orea da: produktu osoaren %57ra iristen da. Gaztak eta tomateak, baturik, %32a osatzen dute eta atuna eta olibak, azkenik, batenaz beste ez dira %9raino heldu. La Cocinera, Pescanova eta Frudesa laginetan orea eta estalkiaren arteko proportzioa 60/40 inguru dabil. Findus markakoan bestelakoa da (47/53), erromatar erako pizzan ere agertzen zen bezala. Gazta eta tomatearen proportziorik handiena marka horrexek erakutsi zuen (%39) eta urriena, aldiz, Frudesa-k (%25). Berariazko osagaiei dagokienez, Findus laginak gehixeago du (%14): horren gehientsua atunak osatzen du. Frudesa markakoetan %13ra iristen direlarik, atuna da berriro ugariena. La Cocinera eta Pescanova marketako proportzioa txikiagoa da (%9), atun-edukia Pescanova laginean handiagoa izaki. Pizza-mota honek ur gutxiago (%50) dauka erromatar erakoak baino; karbohidrato, gantz eta proteinak, berriz, ugariago dira honetan: beraz, kaloriez ere gainetik dabiltza atunezko pizzak (227 kaloria 100 gramoko, batenaz beste). Zuntz disolbaezina, ordea, erromatar erakoetan baino urriagoa da (%1,4, bataz beste). Azterturiko lau marken arteko funtsezko aldeak hezetasunean daude (handiagoa Findus laginean, %54koa delarik). Frudesa laginak du hauetan ere gantz gehiena (%12a, gainerako atunezko pizzen %7-%8aren aurrean). Proteinen edukia antzekoa da denetan eta zuntzari dagokionez, bukatzeko, La Cocinera (%0,8) markakoak besteek baino gutxiago dauka.

Osasun-egoera: zuzena baina hobetzeko modukoa

Era askotako elikagaiez (honelako pizzetan, haragizko eta landarezkoak) osaturiko produktuak direnez, baliteke balizko arazo mikrobiologikoen jatorria osagai bakoitzean zein maneiaketan bilatzea. Era berean, elikagai ultraizoztua izatearren, kontserbazio-tenperaturan (-18掳 C edo hotzago) mantentzea ezinbestekoa da. Kontsumitzailearen etxean pizzak tratamentu termiko bizia nozituko du (8 -10 minutu 200潞 C-tan, Frudesa laginak izan ezik, marka honek 15-17 minutuz berotzea aholkatzen baitu), izozkailutik atera ondoren: horri esker, bakterioen bitarteko balizko kontaminazio baten garrantzia biziki urritzen du. Arauak ez du xedatua pizzentzat muga mikrobiologikorik; elikagai hauek patogenorik ez dutela agertu behar, besterik ez dio berariaz. Halaz ere, Estatu espainoleko Osasun Ministerioak eginiko proiektu batek arautuak ditu mikroorganismo batzuen gehieneko kopuruak. Honelako mugak kontuan izaki ere, lagin guztiak osasun-egoera onean daude. Nolanahi, Frudesa markako erromatar erako pizzan Listeria monocytogenes hauteman zen: mikroorganismo patogeno hori kaltegarria da biztanle talde batzuentzat, emakume haurdunentzat eta inmunitate-sistema ahul duten gizaki guztientzat, alegia. Dena den, listeria horren agerpena urri-urria zen: 10 ufc/g baino kopuru txikiagotan. Bakterio hori aski termosentibera denez, Frudesa-ko erromatar erako pizzan aurkiturikoa baino kopuru askozaz handiagoak ere ez lirateke onik aterako pizzari aplikatu ohi zaion bero-tratamendutik. Horrenbestez, pizza horren egoera mikrobiologikoa ez da kaltegarri gertatzen kontsumitzailearen osasunarentzat. Goian aipaturiko arau-proiektuan listeriaren agerpena onartzen da, 100 ufc/g edukiraino, tratamendu termikoa nozitu behar duten jakietan. Proiektu horrek Europako beste herrialde batzuetan indarrean dauden irizpideekin bat egiten du, beraz. Beste alde batetik, Frudesa markako lagin horretantxe eta Pescanova markako atunezko pizzan aerobio mesofiloen agerpenik ere atzeman zen, proiektu-arau horretan xedatuko diren mugetatik gertu. Mikroorganismo hauek gure osasunarentzat kaltegarri gertatzen ez diren arren, bi lagin horien higiene-egoera hobetzeko modukoa zela adierazten digute.

Etiketak, ongi

Etiketari buruzko arau eta xedapenak zehazki betetzen dituzte zortzi laginek. Adierazitako pisu garbiak zuzenak dira eta osagaiak zuzen adierazirik agertzen dira. Produktua behar bezala prestatzeko moduari buruzko argibideak ematen dituzte denek etiketan, nutrizioari buruzko informazioa erantsita. Elikagai ultraizoztuek, etiketaz ari garela, berariazko arauak dituzte bete beharrekoak: kontserbatzeko era jakinarazi behar dute, esate baterako. Izozteko ahalmenaren arabera, izozkailuan produktuak gehienez ere zenbat iraun lezakeen marka guztiek adierazten dute. Era berean, desizoztuz gero berriro jelatzerik ez dagoela ere ohartarazten dute. Osagaien artean ura sartzen ez duen marka bakarra Findus da. Elikadurako produktuen etiketak xedatzen dituen arau orokorrak dioenez, erantsitako ura ere aipatu beharra dago, produktu osoaren %5etik gorako proportzioan gehitu baldin bada. Pizzaren orea egitean ura nolako proportzioan erantsi den ez dakigun arren, gure iritziz %5 horretatik gora ibiliko da. Beste alde batetik, produktuaren izenari Frudesa markak ez dio gehitu “ultraizoztu” adjektiboa: aldez aurretik prestaturiko jakia dela baizik ez dio. Ontziaren diseinua ikusita nabaritzen da produktu ultraizoztua dela, baina ez du berariazko aipamenik egiten, adiera horretan, produktuaren izenaren ondoan.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Lau markako zortzi pizza ultraizoztu aztertu dira (La Cocinera, Pescanova, Findus eta Frudesa): lau, atunezkoak eta beste gainerakoak, erromatar erakoak. Prezio guztiak berdintsu dira: 1000 pezetatik behera, kiloko.
  • Ongi landu eta etiketaturiko produktua da hau. Osasun-egoera zuzenean daude (bi laginek kontaminazio arina agertzen badute ere). Nutrizioaren ikuspegitik interesgarriak diren arren, lekaleak oinarri dituen lehen platera (orea, arroza) ordezkatzeko modukorik ez dira.
  • Atunezko pizza bakar batean ere arrain hau ez da %12ra iristen. Erromatar erakoetan, urdaiazpiko edo fianbrea gehi txanpinoiak batuz gero, laginik oparoenean %20ra iristen dira ozta-ozta; urrienean, %6a baizik ez.
  • Ore gutxien (%48) eta osagai gehien dituzten pizzak Findus dira; ore gehien baliatzen dutenak, La Cocinera eta Frudesa (%60 inguru).
  • Energi ekarpena handia dute pizzok: 170-250 kaloria 100 gramoko, baina ez da neurrigabea. Gatzarekin ere beste horrenbeste gertatzen da.
  • Erromatar erako pizzetan, Pescanova, Findus eta Frudesa laginek La Cocinera markakoak baino urdaiazpiko eta txanpinoi gehiago ipini dute. Atunezkoetan, berriz, Findus eta Frudesa dira arrain eta oliba gehien sartu dutenak.
  • Dastaketan ez zen bataren edo bestearen aldeko zaletasunik nabarmendu: balorazioak apalak izan ziren, altuena 6 puntukoa izaki. Bi motetako pizzetan, Frudesa kokatu zen hoberenen artean.
  • Bi motako pizzetan, Findus gertatu zen aukerarik hoberena, prezio-kalitateari dagokionez, orearen gainean osagarri gehien eskaintzen dituztenak direlako, gantz eta kaloria gutxien dituztenen artean agertzen baitira eta, gainera, merkeenak direlako.

Banan-banan

Erromatar erako pizzak eta atunezkoa, banan-banan

Findus (Erromatar erakoak )

  • 816 pezeta kiloko. Merkeena, kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
  • Gainerakoek baino azpi gutxiago (%47). Berariazko osagai gehien dauzkana (%15), txanpinoiak batik bat. Etiketan akats arin bat: osagaiak adieraztean ez du ura aipatu. Dastaketan (5 puntu), tomate eta espezien zaporeak nabarmentzen dira. Itxura ez zitzaien asko gustatu dastatzaileei.

La Cocinera (Erromatar erakoak )

  • 969 pezeta kiloko.
  • Pizza honek berariazkoak dituen txanpinoi eta haragizko osagaien proportziorik txikiena (%6). Dastaketan (6 puntu), itxura ongi baloratu zen, osagaien agerpena orekatua baita. Azpiaren eta tomatearen zaporeak, nagusi. Ukitu gogor eta kraskatsua.

Pescanova (Erromatar erakoak )

  • 927 pezeta kiloko.
  • Denetan, berariazko osagai gehien dauzkana (%20), txanpinoiak batez ere. Ure asko (%58). Karbohidrato gutxien dituena (%22). Zuntz disolbaezin ugari (%4,5). Kaloria gutxien dituena (169 kaloria 100 gramoko). Dastaketan (5 puntu), azpiaren, gaztaren eta txanpinoiaren zaporea nabarmentzen da, baina oreganoarena motela da.

Frudesa (Erromatar erakoak )

  • 984 pezeta kiloko, garestiena.
  • Berariazko osagaien kopuru polita, bertan urdaiazpikoa nabarentzen delarik (pizza honek bakarrik dauka urdaiazpiko egosia, fianbreen ordez), txanpinoien aurrean. Gantz (%10) eta kaloria gehien dituena. Osagaietan animali gantza daukan bakarra. Listeria monocytogenes mikroorganismo patogenoaren agerpena hauteman zen, kopuru txiki-txkitan bada ere, osasunarentzat inongo arriskurik ez duena. Dastaketan (6 puntu), gazta eta urdaiazpikoaren zaporeak nabarmentzen dira, ez horrenbeste txanpinoiarena. Ukitu gogor eta kraskatsua.

Findus (Atunezko pizzak)

  • 816 pezeta kiloko.
  • Merkeena, kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
    Ore gutxien eta bestelako osagai gehien dituen lagina (%14): hauen artean atuna da nagusietako bat (%10). Kaloria gutxien dituena. Dastaketan (5 puntu), tomate eta oreganoaren aztarnak nabarmentzen dira.

La Cocinera (Atunezko pizzak)

  • 969 pezeta kiloko.
  • Makarela eta atuna arrainetan eta, oliba berdeen ordez, beltzak darabiltzan bakarra. Karbohidrato (%31) eta kaloria (224 100 gramoko) ugari-ugariak. Dastaketan (5 puntu), tomate- eta atun-zapore sakona, oreganoarena motela. Ore fina eta kraskatsua.

Pescanova (Atunezko pizzak)

  • 927 pezeta kiloko.
  • Proteina-eduki handia (%10). Egoera mikrobiologiko zuzena, baina hobetzeko modukoa. Dastaketan (6 puntu), gazta eta atuna nabarmendu ziren, itxuran, eta zapore xuabe orekatua. Ore gogor eta kraskatsua.

Frudesa (Atunezko pizzak)

  • 984 pezeta kiloko, garestiena.
  • Ore gehien daukana (%62). Berariazko osagaien eduki handia (%13). Atun gehien ipini duena (%11). Hezetasun txikia (%47), karbohidrato (%29), gantz (%12) eta kaloria ugari. Osagaietan animali gantza daukan bakarra. Dastaketan (6 puntu), azpiaren zaporea nagusi, osotasunaren gustua motela da.