Nork bere burua aintzat hartu eta jaten ikastea, funtsezkoak
Egungo edertasun-ereduak geroz eta soin lirainagoa ezartzen duela, behartzen duela esan dezakegu eta, jende asko bere gorputzaren mirabe bihurtzearen truk, berebiziko irabaziak eragiten dituzten era guztietako produktu dietetikoek inbaditu dute merkatua. Honelako arazoek, ondorio larriak dituztela, askozaz ere eragin handiagoa daukate emakumearengan gizonezkoengan baino (%90 eta %10 inguru).
Emakumezko nerabe eta gazteen ehuneko lauak elikabideko arazoren bat nozitzen duela kalkulatu da; areago, biztanleriaren sektore horren %20 “arrisku-multzo” jotzen dute espezialistek. Beste aldetik, bai anorexia bai bulimia bera ere egunetik egunera pertsona gazteagotan edota adin ertaineko emakume helduetan agertzen ari dira. Horrenbestez, behar bezain goiz eginiko diagnostikoaren garrantzia nabarmendu dute behin eta birritan adituek, gaixotasuna azaldu eta garatu aurretik, behar bezalako prebentzioa egin eta jarduera burutzeko.
Anorexia, argaltzeko grina
Anorexia ez da bakarrik gizentzeko beldurrez jateari uztea: nori bere burua ez gustatzea, nork bere burua ez onartzea ere bada. Argaltasuna, maiz, zoriontasun eta perfekzioaren bilatzeari lotzen zaionez, gaitza nozitzen duten pertsonek elikagaien kopurua murriztu egiten dute. Gaixotasuna aurrera doala, gorputzaren irudi-bihurkera gertatzen da: gaixoak lodiegi ikusten du bere burua, hala izan ez arren. Isolatzeko joera duten pertsona barnerakoiak ohi dira gaixoak, eskuarki. Erdi baraurik eta ariketa latzean emaniko aldiak eta, hurrena, sekulako sabel-betekadak (ondoren, nahita eraginiko okada eta guzti) tartekatu egiten dira. Argaltzeko produktuak, diuretikoak eta beherakoa probokatzekoak hartu edota gehiegiko ariketa fisikoa egiten da, berealdiko hondamen fisiko eta organikoan amilduz.
Bulimia, jaki eta pisuarekiko obsesioa
Bulimiak, berriz, bere buruaz segurantzia ez duten eta konforme ez dauden pertsonengan, jakiaz eta pisuaz obsesioa duten gizakiengan du eragina. Bulimikoak berebiziko elikagai-piloak irensten ditu oso denbora-tarte laburretan; baina berehala ezartzen dituzte orekatzeko metodoak: okadak, purgak, egundoko jarduera neketsua… hori dena, erruduntasun eta mespretxuzko sentimenduek erraiak janaz. Gurpil zoro horri amaiera ematea zaila da, baina ez ezinezkoa.
Bulimiaren zergatiak era askotakoak izan badaitezke ere, horietako batzuk aipatuko ditugu hemen: egoera emozional latzak, harremanetarako zailtasunak eta gose-sentsazioa, egunean zehar jasaniko debekapenen ondorioz. Gaixotasun hau anorexia baino beranduago agertzen da pertsonengan. Betekadak eta okadak ezkutuan gertatzen dira, gaixoak bizitza bikoitza egiten duelako. Libratzeko zein argaltzeko botiken eta diuretikoen erabilera eguneroko kontua da. Jaten hasiz gero, gelditzeko gauza ez izatearen beldurra ikaragarria omen denez, jokamolde horrek batzuetan alkohola eta bestelako droga batzuk hartzean eta sexualitatean arazoak azaltzen ditu. Anorexikoetan gertatzen denaz beste aldera, bulimikoen itxura osasuntsua da gehienetan: pisua normala (are handixeagoa ere bai) ohi denez, arazoa “kanpotik” hautematea benetan zaila gertatzen da.
Anorexia eta bulimiaren zergatiak
Bai batean bai bestean ere, gaixoak adina zergati aurki litezke, era guztietakoak: nolanahi ere, argaltzeko dietaren bat fakultatiboen kontrolik gabe egitearen ondorioz agertzen dira ehun kasutatik laurogei. Gaixotasun horien hasieran, nerabezaroan gertatzen diren aldaketa anatomiko-fisiologikoak ez onartzearekin ere lotu izan da: pisu-gehitze azkarra, bizitzan aldaketa latzak, itxura fisikoarekiko konplexuak, harremanetan arazoak… elementu askotxok osatzen dute koadroa. Elikadurari dagozkion faktoreez ari garela, nabarmen dezagun hala argaltasunaz nola loditasunaz hitz egiteari ere denbora eskaini behar zaiola, profesionalen kontrolik gabeko dietak egiteari, ordutegi eta janarietan anarkiari saihets egin behar zaiela, elikaduraren inguruko arazoak baztertu behar direla (zenbaitetan, otordu nagusiak liskar eta borroka-gune bihurtzen dira, elikagaientzako arbuioa eraginez).
Ondorio larriak
Anorexia-egoera larrietan, pisu-galera latz eta endakapen fisiko gaitzaren ondorioz, desnutrizio larri-larriko koadroak agertzen dira: ilea galtzea, larruazal lehor eta ubeldua, azkazal hauskorrak eta mota askotako arazo hormonalak, hala nola amenorrea (hilekorik ez da agertzen), osteoporosia nozitzeko arrisku handia, lanugoa (ile fina soin osoan hedatzen da), insomnioa, hipotermia (udan bertan ere gaixoa hotzak dago), idorreria eta behar baino lehenagoko betekadak, bradikardia (taupada kopurua urritu egiten da), tentsio arterialaren jaitsiera, arritmiak, bihotzaren geldiketa eta heriotza bera ere bai (kasuen %5-%10).
Bulimiaren ondoriozko okadek listu-guruinen tamaina handitzea, hortzetako esmaltea hondatzea, karieak, hortzoietan eta ahosabaian kalteak, eztarriaren hanpadura, gastritiak, odol-okadak, bihotzerreak, deshidratazioa eta hipokaliemia (odoletan potasio-maila apalegia eta, honen ondorez, ahulezia muskular, dardar, arritmia eta, oker-okerrenean, bihotza gelditzea) ekartzen dituzte. Betekada eta okadak latzak baldin badira, kasurik okerrenean, esofagoaren urraketa eta urdailaren hausketa gerta daiteke. Libragarri gehiegi erabiltzeak beherakoak, sabeleko mina, kolikoak, heste nagia eta nutrigarri batzuen okerreko absortzioa ondoriozta dezake. Diuretikoak hartzeak ere, deshidratatzeko eta potasioa galtzeko arriskua areagotu egiten duenez, ondorio larriak izan ditzake.
Elikabideko arazoen tratamendua
Arazoak zergati bat baino gehiago dituenez, balizko konplikazio organikoak konpontzeko neurriak bildu eta aplikatu behar dira: beharrezkoa denean, pisua berriro handitzeko plana, psikoterapia pertsonal edota familiarra eta zenbait kasutan, botikak hartzea. Tratamendua anbulatorioa (erietxean sartu gabe) izan daiteke, baina gaixotasunak biziki aurrera jo baldin badu eta eskuhartze zorrotza ezinbestekoa izanez gero, gaixoa ospitaleratu egiten da. Ikuspegi dietetiko eta nutrizionaletik, gizakiaren pisu-galera geldiarazi eta nutrizio-premiak asetzea dira anorexia tratatzeko unean kontuan hartzen diren helburuak. Gero eta oinarrizko elikagai gehiago kontsumitu behar da, tratamenduaren hasierako egiazko pisua, adina, altuera eta sexua gogoan izaki. Horiekin batera, elikatzeko ohiturak egokitu egin behar dira, gaixoaren dieta, egunean zehar, orekaz banatua eta osatua izan dadin. Otorduan sartu beharreko elikagaiak, pertsonak espontaneoki hartzen duenaren arabera arautu behar dira, norberaren tolerantziak eta bilakaerak onartzen dituzten aniztasun eta kopuruak pitinka areagotuz. Horrenbestez, gaixoak nolako jarrera duen, erabateko faktorea da dieta aholkatzeko garaian. Elikabide aldaketak pixkanaka egin behar dira, pisu-handitzea onartzeko beharrezkoak diren aldaketa psikologikoak finka daitezen adinako denbora emanez. Pisuak gora egitea sendabidearen adierazle onuragarria bada ere, gaixoa zenbaitetan urduritu egiten da balantza goraka “azkarregi” doala ikusten badu, tratamenduaren hasieran, batik bat. Horregatik, sendatzen ari den pertsonari garbi azaldu behar zaio gehitze hori gorputza berriro hidratatzearen ondorio dela, ez gantz-metaketa: argibide horrek gaixoaren egonezina urrunduko du. Elikadura zuhurtziaz aldatu behar da, poliki-poliki. Zuhurtziazko jokabidea ez da, noski, platerkada itzelak zerbitzatzea, hark uko egingo diolako jateari. Lehenago hartu nahi ez zituen elikagaiak ere pixkanaka sartuko zaizkio, inola behartu gabe. Ezinbestekoa da berriro jaten irakastea, edozerk gizentzen dueneko aurreiritziari saihets eginez. Bulimia nozitzen duten pertsonen pisuaren kontrola bigarren mailako helburu bihurtzen da: lehentasuna krisiak kontrolpean edukitzea izango da, ordea. Elikabideari dagokion guztian aztura egokiak hartzen lagundu behar zaio bulimikoari: otorduen ordutegi erregularrak finkatzea, egunean gutxienez hiru edo lau otordu xedatzea, hutsik egin gabe, beharrezkoa den denbora osoa eskaintzea eta, noski, dieta zorrotzak ez betetzea eta elikagairik hartu gabe luze ez egotea.
- Esne eta esnekiak: hezurrak eta hortzak mantentzeko garrantzitsuak.
- Arrain, haragi eta arrautzak: ehunak (muskuluak, hezurrak…) eta organoak osatzen dituzte.
- Laboreak, patatak eta lekaleak: bizi-funtzioak (bihotz-punpaketa, arnastea, gorputz-jarduera…) eta muskuluen mugimendua (jarduera fisikoa) garatzeko premiazkoa den energia aportatzen dute.
- Barazki eta frutak: organismoaren funtzionamendua arautzen duten sustantziak eta osasuna sustatzeko ezinbestekoak diren elementuak dauzkate.
- Gantz eta koipeak: organismoak berez ezin ekoitz ditzakeen gaiak dira hauek; beraz, elikaduratik atera behar ditu, ezinbestez; erreserbako energia aportatzen dute.
- Elikadura ahalik eta gehien aldatu eta oinarrizko multzo guztietako elikagaiak hartzea.
- Elikadura hiru otordu nagusitan banatzea (gosaria, bazkaria eta afaria), hutsik egin gabe; goiz partean edo arratsaldean zerbait hartzea.
- Egun batetik bestera ere, otorduen ordutegia zorrotz betetzea.
- Pixkanaka jatea, ongi murtxikatzea, giro lasaian eta interferentziarik (telebista, zaratak, etab) nozitu gabe, lagun edo senitartekoekin, ahal dela.
- Otordu nagusiak topaketa eta elkarbizitzako une atsegin bilakaraztea.
- Eguneroko dietan esnekiak (0,5 l. esne edota esneki), barazkiak (ahal dela, horietako bat gordinik entsaladan) eta frutak (bi ale gutxienez: horietako bat zitriko edo C bitamina ugari duena: marrubiak, kiwiak…) hartzea; astean zehar, zenbatetan haragi hainbatetan arraina kontsumitzea, 5 arrautza gehienez ere, eta arroz, ore, lekale eta patatak, astean bizpahiru aldiz.
- Inoiz edo behin (edo kopuru txikitan) bestelako elikagaiak ere hartzea: hestekiak, gozokiak, opilgintza eta gozogintzako produktuak, aperitiboak, azukredun edariak, etab.