Txertaketa funtsezkoa da infekziorik ez izateko
Arauak dio derrigorrezko dela animalia horiek txertatuta eta aseguruarekin izatea, baina horrek ez du inondik ere esan nahi jabe guztiek agindu hori betetzen dutenik. Sarritan, animaliak norbaiti haginka egin dionean ohartzen da jabea txertatu beharra dagoela (legeak eta gizalegeak hala agindu arren). Orduantxe ohartzen dira txakurraren edo katuaren osasun-kartila osatu gabe dagoela. Baina bi animalia horiek ez dira arazoak sortzen dizkiguten bakarrak. Intsektuak, armiarmak eta sugegorriak ere kontuan izan behar genituzke hozkada edo ziztadez ari garenean, horien zauriek ere larritasun bera izan baitezakete.
Zakurren hozkadak: kontuz infekzioekin
Azken aldian asko ugaritu dira komunikabideetan txakur batek norbaiti eraso egin eta zauri larriak edo heriotza eragin diola dioten berriak. Baina albiste bihurtu gabe ere, txakurren hozkadak sarri gertatzen dira, umeekin batez ere eta zauri larririk eragin ez arren, arriskutsu dira osasunarentzat. Estatu guztiko osasun zentroetan animalien erasoen ondorioz atenditzen diren zaurien %80 txakurrek eragiten dituztela uste da. Bost zauritik bat infektatu egiten da. Zauritu gehienak gazteak izaten dira, animalien jabe eta zaintzaileak eta zango, beso eta eskuetan izaten dituzte hozkadak eta urratuak. Umeen artean zauriak buruan eta lepoan izaten dira batez ere, baina zenbait kasutan txakur indartsuek kalte larriak eragiten dizkiete gorputzeko beste atal batzuetan. Infekzioa ere ohikoa izaten da eta ondorio larriak izan ditzake, txakurrek ahoko flora ugaria baitute, polimikrobiarra. Flora horretan, besteak beste, Staphylococcus aureus, Pasteurella multocida eta D taldeko staphylococcusa, edo Clostridium tetani beldurgarria, tetanoaren arduraduna eta lurrean, gorozkietan eta animaliaren larruan ere egon daitekeena. Zauria infektatu egiten bada, ingurua gorritu eta handitu egiten da eta zornatu egiten da. Botikekin egoki tratatu ezean, infekzioa hedatu egin daiteke eta linfangitia eta ganglioaren hantura agertu. Txakurrenak bezain ohiko ez diren arren, katuen haginkadak errazago infektatzen dira, animalia horien hagin zorrotzak haragian barru-barrura sartzen baitira. Horien haginkada bereziki arriskutsu gerta liteke artikulazio batetik hurbil edo hezurra oso azalekoa den lekuan, artritisa edo osteomielitisa, artikulazioetako eta hezurreko infekzioak, hurrenez hurren.
Amorrua eta tetanoa: arreta bereziko kontua
Katuek eta txakurrek transmiti ditzakete amorrua eta tetanoa, hilgarri ere gerta daitezkeen bi infekzio larriak. Norbaiti horietakoren batek hozka eginez gero, animalia identifikatu eta araudiak eskatzen duenaren arabera txertatuta dagoen jakitea komeni da. Animalia txertatuta egon edo ez, larrialdi zerbitzura joatea komeni da, zauria behar bezala sendatu eta desinfektatzera. Eta, jakina, medikuak agindutako tratamenduak bete beharko dira. Baina ez da ahaztu behar, horrez gain, hozka egin duen animaliarekin eta haren jabearekin albaitariarenera joatea eta animaliaren txertaketa-egoeraren berri ematera. Jabeak, gainera, animaliak egin duen erasoak izan ditzakeen ondorioen berri jakin ahal izango du horrela. Gehienetan antibiotikoak ematen zaizkio afektatuari profilaxi gisa, batez ere hozkada hezur eta artikulazioetatik hurbil gertatu bada. Tetanoaren aurkako inmunizazioa ere beti egin behar da, pertsona askok ez baitu hartua izaten txertoaren dosi indargarria eta tetanoaren aurkako antigorputzen maila oso baxu izaten baitute. Amorruaren aurkako tratamendua beti hartu behar izaten da animalia ezezaguna bada edo amorruaren aurka txertatu gabe baldin badago.
Intsektuak: gaitzik gabeak, baina gogaikarriak
Baina txakur eta katuak ez dira hozka egiten duten bakarrak. Eguraldi ona iristen denean, askoz gehiago irteten dugu mendira eta han hainbat animalia eta intsekturekin topo egiten dugu; itxura batean gaitzik gabeak izan arren, aski dira eguna hondatzeko. Himenopteroen ziztadak, erlastar, liztor, erle eta inurrienak, gogaikarri eta minberak izaten dira; intsektu horien pozoiak histamina, brazidininak, hialuronida eta serotonina ditu, ziztaden sintomak eragiten dituztenak. Kasurik gehienetan ez dira sintoma larriak izaten: ingurua handitu egiten da, gorritu eta azkura agertzen da. Normalean berez desagertzen dira ordu batzuen buruan eta ez dute arazorik sortzen ziztada gertatu eta berehala botikako produktuetakoren bat eginez gero. Mendira, kanpinera edo ibilaldiak egitera joateko asmoa izanez gero, gomendagarria izaten da ziztaden aurkako tratamendua motxilan eramatea. Kasu batzuetan erle edo liztorraren ziztadak hipersentsibilitate koadroa sor dezake berehala: gorputz guztian edemak, bronkoespasmoak eta itomena agertzen dira eta kasurik larrienetan, glotiseko edemak eta shock anafilaktikoa, berehala tratamendu egokia jarri ezik hilgarri ere gerta daitekeena. Hipersentsibilitate hori duten pertsonek desentikortzeko tratamendu aurrerakorra behar dute eta eraginkorra izaten da gehienetan.
Armiarmak, arrazoirik gabe beldurgarriak
Armiarmei beldurra izaten die jende askok, baina ez dago horretarako arrazoirik, hemen bi espeziek baizik ez baitezakete arazo larririk eragin. Horietako bat alargun beltza da: intsektu horren hozkadak eritema handia eragiten du, urtikaria oso mingarria eta kasurik larrienetan sintoma orokorrak sor ditzake (izerditzea, azaldura eta konbultsioak). Kontuan izan beharreko beste araknidoa tarantula da. Oso fama txarra du, baina ez da uste bezain arriskutsua, bere ziztadak mina, erredura eta handitua besterik ez baitu sortzen. Armiarmen hozkada desinfektatu eta tetano aurkako profilaxi bidez tratatu behar da, aipatu sintomak kentzeko aipatu azaleko tratamenduaz gain.
Sugeak: bi bakarrik pozoitsuak
Penintsula mailan pozoitsu gisa hartzen diren sugeak bi sugegorri besterik ez dira (Vipera Aspid, penintsularen iparraldean, eta Vipera latasti gainerako lekuetan). Martxoan eta apirilean eragin ohi dituzte ziztadak. Gainerako sugeak, Montpellierko sugea izan ezik, ez dira arriskutsuak. Sugegorriaren haginkada ezagutzeko, 8 milimetroko tartedun bi puntu dira. Sugeek, berriz, tarterik gabeko hagin ilararen marka uzten dute. Sugegorriaren pozoiak zelulak hil eta odola koagulatzen duten entzimak izaten ditu eta hemolitikoak, hematiak hausten dituztenak. Sartu den pozoi kopuruaren arabera, sintomak arinak izan daitezke, inguru handitzea besterik ez; edo larriagoa, azaleko erreakzio handia, goragalea eta okadak. Kasurik larrienetan giltzurrunen hutsegitea eragin dezake pozoiak eta koagulazio sakabanatua. Sugeak hozka eginez gero, hona hemen jarraibidea: 1)Gune afektatua ibilgetu, zenbat eta gehiago mugitu gehiago zabaltzen baita pozoia. 2)Torniketerik ez egin, 3)zauria ez zurrupatu, 4)Biktima berehala hurbileneko osasun zentrora eraman, sugegorriaren aurkako sueroa jar diezaioten, hozkaden aurkako tratamenduaz gain.