Arrainetik arrainkira

Itsas zaporea

Arrain kontsumoaren gehikuntza dela eta, inportazioak biderkatu eta lehorreko haztegietan beste espezie batzuk ere ugaldu beharko dira etorkizunean
1 urtarrila de 2003
Img miscelanea listado 193

Itsas zaporea

Espainol bakoitzak urtero 30 kilo arrain jaten ditu: horri esker, Espainiako hiritarra, japoniar eta portugaldarren ondotik, mundu osoko lehen postuetan agertzen da eta, bide batez, Espainia batik bat herri iktiofago gisa azaltzen da. Bertako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak kaleratutako datuen arabera, urteko bi milioi tonatik gora arrain harrapatzen dira. Munta horretatik gehientsua bertako flotak zuzenean lehorreratzen duen arren, arrain kontsumoaren gehikuntza dela eta, inportazioak -egungo kontsumo osoaren %30 baino gehiago- biderkatu eta lehorreko haztegietan -orain bertan arrandegiak lupi, urraburu, erreboilo eta amuarrainez hornitzen dituztelarik- beste espezie batzuk ere ugaldu beharko dira etorkizunean. Arrantza munduan ere tradizioei eusten zaien arren, teknologia berriak sartu behar izan dira, harrapaketan, garraioan eta kontserbazioan lagungarri estimatzen delako; areago, orain arteko enkanteak egiteko era aldarazi dute. Aldatu ez den bakarra, itsasoko arrainak gure mahaian arrainki gozagarria bilakatu arteko bide luzea da.

Arrain bila

Ontziak altuerako arrantzara doazenean, lehorretik biziki urruti dauden arrain tokietaraino iristen dira, bertan gutxienez hiru hilabetez lanean aritzeko. Bikoteka dihardute beharrean: bietako batak arraina metatzen duelarik, kidea lehorrerako bidean doa hamar egunean behin, deskarga egitera. Arrantzaleak ere txandaka ibiltzen direnez, beren bizimoduak neurri batean hobera egin du: gogoan izan aspaldian hiru hilabete ematen zituztela lehorrera etorri gabe. Baxuran diharduten ontziak maizago etortzen dira etxera, itsasoan egonaldi motzak egiten dituzte. Bai arrantza plegu batek bai besteak harrapatzen duten arrain mota, kopuru eta bestelako faktore batzuk baldintzatzen dituzte baina, metodo hutsaz ari garela, amuko arrantzan harrapatzen dira ale bikainenak: arraina zigortu gabe dator, ezkatarik galtzeke, hozkadarik nozitu gabe.

Enkantea

Arrain saltegiak goizeko seiak geroztik bizi duen enkante sistema ez du erraz ulertuko profanoak. Nolakotasun bereziak medio, portu batzuetan enkanteetarako sarrera saltzaileek bakarrik dute: izenak dioen bezala, artekari hauek handizkari eta txikizkariei salduko diete arraina.

Ontzigileak (ontziaren jabeak) edo bere taldeko langileek zuzentzen du arrain enkantea. Harrapatutako arrainaren kalitatea ontzia portura iritsi aurretik ere ezagutzen da eta ezaugarri horiek baldintzatuko dute banakuntza. Erostun handiek (Madril eta Bartzelona) adierazita, merkatuko prezioa jakinik, enkantegileak arrain kiloari prezio jakin bat ezarri dio, hasteko. Kopuru hori beheraka hasiko da, saltzaile batek “Niretzat!” oihukatu arte. Dena den, Vigo, A Coruña, Pasaia, Ondarroa eta beste hainbat saltegi handitan sistema informatizatua daukate. Nork bere eserlekutik botoia sakatzen du, hori zenbaki baten bitartez adierazten da eta horrek anonimotasuna bermatzen du. Enkante garrantzitsuetan saltzaileak arrantza guztia edo nahien dituen kaxak bakarrik erosten ditu. Baliteke ontzigileak enkantea geldiaraztea, gutxienekotzat jotako prezioan inork puja egiten ez duenez, errentagarri ez deritzolako. Horrelakoetan, merkantzia biharamunera arte kenduko du bertatik. Kontuan izan arraina egoera bikainean manten daitekeela 10 egunez portuan bertan. Banakuntza-kate handiek eta handizkariek, eskuarki, ontziaren karga osoa erosten dutenez, prezioak mantendu egiten dira.

Arrandegian

Itsas legeak, harrapaketa-eguraldiak eta kontsumitzailearen zaletasunak baldintzatzen du eskaintza, baina badira noiznahi amuko bisigu edo legatzaren, eta Castelló ala Donostiako antxoaren kalitateari buruzko eztabaidak eta antzeko erreferentziak. Arrandegi xumeetatik azalera handietaraino, itsas produktuen freskotasuna (arrainak lau egun bakarrik iraun dezake salgarri) eta egoera ona denek zaindu eta mantendu behar dute, are izotzaren bitartez ere.

Espainiako arrantza-flota

Europako Batzordeak plazaratutako datuen arabera, Espainia da Europar Batasunean arrantzan lanpostu gehien (132.631) dituen estatua. Harrapaketen balioan ere lehen postuan agertzen da (1.601,7 milioi euro) eta bolumenean, bigarrenean (1.198.900 tona), Danimarkaren atzetik. Espainiako flotak (11.579 ontzi) Europa Batasun osoan zentsaturiko 99.170 arrantza ontzien %18 hartzen du. Erkidegoen arabera, Galizia da ontzi gehien dituena (10.000 ontzitik gora), ondotik Andaluzia (ia 3.000) datorkiola; Katalunia eta Kanariar Uharteak (1.700na ontzi) datoz hurrena eta Valentziar Erkidegoa (1.000 baino gehiago) ondoren; Asturias (628), EAE (593 inguru) Murtzia (450), Kantabria (300) eta, azkenean, Ceuta eta Melilla (100 inguru) doaz atzenak.

Arrain gutiziatuenak

Itsas bazter horretan arrainik ugarien edo ohikoena ez da dagoeneko kontsumitzaileak aukeratzean beti lehenesten duena. Banakuntza-teknika berriek, komunikazioen garapenak eta inportazioak bestelako azoken ateak zabaldu dizkigute. Dena den, errezetak, ohiturak eta zaletasunak oraindik ere baldintza latzak dira honelako edo bestelako arraina eskuratzeko. Espainiak hamaika itsas produktu dauzka eta denetik kontsumitzen du. Kontsumoaren lehen postuetan iparraldeko erkidegoak, Andaluzia eta Gaztela eta Leon daude. Kostaldeko kilometro asko dituzten arren, katalanek, valentziarrek, murtziarrek eta uharteetakoek arrain gutxi kontsumitzen dute, Gaztela Mantxa eta Madrildik ere urruti. Atzenean Extremadura agertzen da.

Gehien kontsumitzen den arraina:

  • Merlenka: 7,6 kg, urte eta laguneko
  • Sardina: 4 kg
  • Oilarra: 3 kg
  • Atuna: 2,92 kg
  • Antxoa: 2,2 kg
  • Itsas aingira: 1,4 kg
  • Arrain zuriaren (legatza, urraburua, oilarra, mihi-arraina…) kontsumoa: 18 kilo, urte eta laguneko
  • Arrain urdinaren (sardina, atuna, txitxarroa…) kontsumoa: 12 kilo, urte eta laguneko.