PCa, telebista

Beste pantaila hori

Txartel sintonizatzaileari esker, monitorea telebista-pantaila arrunt bihurtzen da
1 urtarrila de 2003
Img internet listado 104

Beste pantaila hori

Telebista ordenagailuan ikusi ahal izateko, txartel sintonizatzailea eduki behar da, hirurogei bat euro kostatzen dena, hain zuzen. Horren eginkizuna, antenatik seinalea jaso eta, monitorean agertzen diren irudiak sortzearen arduradun izaki, ordenagailu guztiek daukaten txartel grafikora bideratzea da. Txartel sintonizatzaile gehienak PC barruan ezartzen direnez (disko gogorraren edo soinu txartelaren ondoan) horiek instalatu ahal izateko torloju batzuk askatu eta pieza zenbait bertan egokitu behar dira: brikolaje informatikoa, alegia. Arestian, eragozpen hori ere suntsitzeko, kanpoan ipintzen diren txartelak (klasikoak baino garestixeago) agertu dira merkatuan: entxufatu eta prest dago jarduteko.

Nolanahi ere, monitorea ezin erabil daiteke, era autonomoan, telebista ikusteko: programa bat sintonizatzeko ezinbestekoa da ordenagailua ere piztea eta txartel sintonizatzaileak eduki ohi duen berariazko programa exekutatzea. Erabiltzaileak bi aukera ditu: telebista pantaila osoan ikustea (ohiko telebistan ikusten den bezala) edo irudia leiho baten barruan mugaturik, pantailan barrena ekarri, eskalatu edo mugitzeko aukerarekin. Horrela bada, monitorearen goi ezkerreko bazterrean dokumentala ikusten ari garen bitartean, libre dagoen espazioan dokumentu bat idatz dezakegu.

Txartel sintonizatzaileaz hornituriko ordenagailu baten funtzioak eta etxeko ohiko telebista berdinak dira: kanalak errotulatzea, soinu dual edo estereofonikoa eta, areago, teletestua bera ere. Aldea: programak disko gogorrean metatzeko aukera dugu, bideoak balira bezala. PCa bideo-grabagailu bihurtzeko programak dauzkate txartel gehienek. Kontuan izan ordubeteko grabazioak ehunka mega okupatuko duela disko gogorrean (segun-eta, nolako kalitate eta sistemaz grabatzen den). Beraz, erabaki polita da xede horretara disko gogor bat bereziki eskaintzea.

Multzo integratuak

Showshifter (www.showshifter.com) eta antzeko soluzio bateratuak eskaintzen ditu merkatuak dagoeneko: programa beretik, telebistako saioak ikusi eta grabatzea ez ezik, CD, DVD, MP3 eta DiVX erreproduzitzeko aukera ere ematen dute. Eroso gertatzen dira eta, funtzioak martxan jartzeko berariazko programa bat baliatzean, horietako bakoitza hertsikiago kontrola dezake erabiltzaileak.

Ordenagailua telebistatzat baliatzeak duen eragozpen handienetako bat hotsa da. Konputagailu gehienak zaratatsuak dira, azken belaunaldiko eta potentzia eskergako prozesatzaileek sortarazten duten beroa kanporatzeko haizegailuak martxan dituztelako. Horregatik gerta dakiguke nardagarri film bat ikustea edo musika entzutea. Telebista ikusteko, aldiz, potentzia hori gehiegizkoa dela kontuan izanik, ordenagailua etxeko salako multimedia-erdigune baldin bada, aukera polita izango da ezagun-ezagunak ditugun Intel edo AMD horiez bestelako prozesadorea daukan ordenagailua eskuratzea: horrek, potentzia gutxiago eskaintzen badu ere (nahikoa, dena den, telebista ikusi edo MP3 aditzeko) haizegailurik ez du izango eta, hortaz, isilago jardungo du aparatuak.

Baita Internet bidez ere

Aparte aipatzekoak dira Internet bidez emititzen duten telebista-kateak. Horrelakoetan, alferrikakoak dira antenarako hartunea eta txartel sintonizatzailea. Seinalea ekipora Interneten bitartez iristen da, on-line egunkariak edo irratiak legez. Baina egun funtzionatzen ari diren etxeko konexioek ez dute eskaintzen VHS sistemaren kalitateaz bideoa igortzeko aukerarik.

Zuzenean etenaldi eta jauzirik gabe irudiak jasotzeko ADSL konexioa (gutxienez) da ezinbestekoa; halaz ere, telebista konbentzionalean baino okerragoa izango da kalitatea baina, seguruenik, etorkizunean Interneten bidezko kateak ederki garaturik iritsiko zaizkigu: mundu zabaleko emisioak hautatu ahal izango ditu erabiltzaileak, ordutegietara uztartzeko premiarik izan gabe.

Bideograbagailuetako teknologia ez da funtsez aldatu azken hogei urte honetan. Egia da orain irudi zehatzagoa eta soinu biltzailea eskaintzen dutela, baina bideo-zintak lehen bezain handiak dira, errebobinatzea hainbat minutuko kontua da eta pelikula baten hasiera aurkitzea ez da gauza erraza. DVD modernoek ere ez dute arazo hori konpontzen, bideoaren ordezkatzaile izan ordez, osagarri direlako. DVD aparatuek erosi edo alokaturiko filmak ikusteko aukera ematen digute, baina ez dute balio telebistako programak grabatzeko.

Zintarik baliatu ordez, programak disko gogorretan gordetzen dituzten etxeko bideoak salgai daude merkatuan. Hamaikatxo abantaila dituzte horiek: beste grabazio bat egiten ari den bitartean aurretiaz grabaturiko zerbait ikusteko aukera ematen dute, zeinahi sekuentziatara bat-batean iristen dira eta zuzenean emititzen ari den telebistako programa hortik minutu batzuetara emateko “izoztu” egiten dute: irtenbide hori biziki baliagarria da, telefonoak hots egin edo ustekabekorik sortzen denean.

TiVo amerikar enpresa haratago joan da: bezeroari hainbat kanaletako programazio-aldaketen berri etengabe ematen dio, berak komertzializatzen dituen bideo digitalak zentral batera konektaturik daude eta. Horrela, erabiltzaileak ez du zertan programatu “zein kanaletan zein ordutatik zein ordutara” metodo zaharrari jarraiki; alderantziz, menu soil batean, atsegin duen pelikula edo dokumentala aukeratu eta behin grabatu ala gehiagotan ikusi nahiko duen zehaztuko du. Hortik aurrerakoan, iragarkiak ezabatzea eta, emisioa atzeratzen bada, programazioa egokitzea, aparatuaren kontua da.

Nahi adina nabigatzeko

wwiTV

www.wwitv.com
Interneten bidez emititzen duten telebista-kate guztien zerrenda. Kalitatea ez da oraingoz telebista konbentzionalaren parekoa baina, sistema honi esker, bestela ezin ikus litezkeen programa eta informazio saioak konektatzeko aukera izango du erabiltzaileak.

Ver tele

www.vertele.com
Espainiako kanal, programa, aurkezle eta telebistaren inguruko guztia jasotzen duen atari tematikoa. Web honen gehientsuena ikusleari informazioa eskaintzera bideratu den arren, profesionalei ere berariazko atala eskaintzen die.

¿Te acuerdas?

www.teacuerdas.com
Nostalgikoen txoko honetan, duela dozena urte batzuk aldizkariak, irratia, telebista eta publizitatea nolakoak ziren ikus daiteke. Bertako ataletako batean, Espainian telebista hasi zenetik 1989 arte, urterik urte zein telesaiok iraun duten zehatz-mehatz azaltzen ditu.