Kasuen kopurua bikoiztu egin da hogei urte honetan
Haurraren asma, hamalau urtez beherako gaztetxoetan gaitz kroniko ohikoenetako bat da. Aire-bideetako patologia horren ezaugarriak, maiztasun gorabeheratsu batez errepikatzen diren episodioak dira, bestelako gaitzen ondorio ez diren eztula, bronkioetako txistuak eta itoaldiak dira. Haurren %5etik %15era bitarte omen dira gaixotasun hori nozitzen dutenak. Deigarriena, ordea, egunetik egunera izugarri ugaltzen ari izatea da, azken hogei urtean kasuak bikoiztu egin direlarik. Haurtzaroan gizonezkoa sentsibleago da emakumea baino (2:1 proportzioz), baina nerabezaroa hurreratu ahala, sexu bateko eta besteko kopuruak parekatuz doaz. Ume asmatikoak, oro har, pubertaroan hobera egiten duen arren, nerabeen %30-%50ek berriro izango dituzte sintomak 20 urtetik aurrera ere. Kasurik larrienetan pazientea sarri ospitaleratzea ez da gaitz horren ondorio bakarra: eskolan absentismoa eta haurraren jardueraren moteltzea ere hautematen dira.
Aire-bideen buxadura
Aire-bideak itxi edo buxatzearen ondorez, airea biriketara ez iristean gertatzen da asma. Hiru sintoma-mota ditu bereizgarri gaitz honek: bronkio-paretaren hantura kronikoa, bronkioen hiperreaktibitatea eta, ondorioz, hoditxo horien estutzea eta aire-pasabidearen erabateko edo neurri bateko buxadura.
Asmaren kausarik ezagunena berehalako hipertsentsibilitateko alergi erreakzioa da: organismoak kanpotartzat jotzen dituen proteinen presentzia atzematean, bronkio-paretetan erreakzioa sortzen da berehala, estutu eta buxatu egiten direlarik. Horren ondorez, eztula, txistuak eta, tarteka, itoaldiak agertzen dira.
Zergatik sortzen da alergia?
Urtetan pentsatu zuten zientzialariek jaio berria inmunologikoki birjina zela eta, jaiotza gertatu ondoren, ingurunearekin kontaktuan sartzean (ez lehenago) sortzen zela erantzun inmunologikoa. Egun badakigu erantzun hori umetokian bertan hasten dela gorpuzten, alergeno arruntei erantzuteko gai jaiotzen dela haurra, eta erantzun-gaitasun hori jaio ondotik eraldatu egiten dela. Alergenoen eta defentsa inmunologikoak antolatzeaz arduratzen diren zelulen (T linfozitoak) arteko lehen topaketa, umetokian gertatzen da. Amari eta inguruneari dagozkion hainbat faktore -amarengan antigorputz jakin batzuk egotea eta karenean barrenako agerpenak, adibidez- erantzun inmunologikoa zehazteko dihardute haurdunaldi osoan. Ohiko erantzun inmunitarioaren aberrazioa da alergia eta periodo horretan sortzen omen da haurrarengan. Atopia (haur atopikoak) izango dugu, alergeno jakin batzuen aurrean, neurriz gaineko erreakzioak sortzean.
Joera areago dezaketen faktoreak
Jaio ondoren, haurraren erantzun inmunologikoa modulatu egiten da, oraindik ere zehazki ezagunak ez diren ingurune alorreko hainbat zirkunstantziaren arabera. Dena den, badakigu faktore batzuek eragina izan dezaketela:
- Mundu garatuaren higiene handiagoak zoldura bidezko kontagioak murriztu baina, aldi berean, organismoaren erantzun inmunologikoa ere moteldu egiten omen du eta, hortaz, alergien mesedetakoa da.
- Txertaketa ugaltzea, alergien eta atopia kasuen gehikuntzarekin lotu izan ohi dena.
- Lehen haurtzaroko zolduretan antiobiotikoak maiz erabiltzea ere alergien agerpenaren mesedetan omen da.
- Hesteetako mikroflorak berebiziko eginkizuna duenez, oso litekeena da herrialde garatuetan bizimodu eta elikaduraren aldaketek alergi kasuen gehikuntzan eragina izatea.
- Bizitzako lehen hiru urteetan animalia zein landarezko alergenoen aurrean intentsuki agertzea sentsibilizazioa areagotzearekin lotu izan da: horrek, bere aldetik, haurtzaroko azken urteetan eta nerabezaroan asmaren intzidentzia handiagoa eragiten du.
- Gaixotasun alergikoaren biriketako garapena ahalbideratu eta laguntzen dute tabako keak eta bestelako kutsatzaile atmosferikoek.
- Bizitzako lehen sei hilabeteetako biriketako zoldurek sistema inmunologikoa indartu dutenez, haur horiek asma gutxiago agertzen dute. Beste aldetik, arnasketa-birus sintizialaren bitarteko zoldura alergia kasuak maizago agertzearekin lotzen da.
Gauzak horrela izateak, herrialde garatuetan haurren asma eta bestelako gaixotasun alergikoak dezente ugaltzearen zergatia argi liezaguke.
Diagnostikoa
Alergenoen -alergia sortaraz dezaketen sustantziak- kopurua eskerga bada ere, ohikoenak hautsetako akaroak, polena, lizun edo urdinak eta elikagai jakin batzuk dira. Haurraren asmaren diagnostikoa klinikoa da, funtsez, sintometan eta historia eta arakatze klinikoetan oinarritua. Arnastean txistuka edo eztulka aritzea asmaren agerpenak izan daitezke, batez ere ariketa fisikoan jardutean areagotu eta birus bidezko zolduretan larritu egiten badira. Haurrak asma duela susmatzeko beste pista bat da alergeno jakin batzuen aurrean eztulka hastea edo urte-sasoien arabera krisiak aldatzea. Helduetan erraz egiten badira ere, haurrei nekez egin dakizkieke arnasketa-proba funtzionalak: egun, dena den, datu fidagarriak ematen dizkigute aparatu modernoek. Asma diagnostikaturik, tratamendua antolatu beharra dago, koadro klinikoaren larritasunaren arabera finkatuko dena. Krisien intentsitatea eta maiztasuna dira, jakina denez, asmaren larritasunaren adierazle.
Tratamendua
Asmaren tratamendua zail eta korapilatsua da, haurrari egokitu behar zaio, asma motaren, adinaren eta beste hainbat faktoreren arabera. Ahal den guztietan, asmaren aurkako sendabideak inhalazioz eman behar zaizkio haurrari.
Bi botika mota daude, funtsez: epe luzerako kontrola eragiten dutenak, etengabe, maiztasun jakin batez hartzen dira krisiak prebenitzeko eta arnasketa-bideak zabalik mantentzeko (esteroide inhalatuak, leukotrienozko inhibitzaileak, ekinbide luzeko bronkodilatatzaileak, kromolina sodikoa edo nedokromil sodikoa, aminofilina edo teofilina, antiinflamatorio eta bronkodilatatzaileen konbinazioak); eta krisiak berehala arintzeko botikak: hauek, asma-krisia iritsitakoan hartzen dira (ekinbide laburreko bronkodilatatzaileak, ahozko nahiz zain-bidezko kortikosteroideak).
Kontua da gaixotasuna ez dramatizatzea, haurra ez gehiegi babestea, ohiz bestela ez tratatzea. Umeari bere trastornoaz informazioa ematea komeni izaten da: gaitza botiken bidez -horrelakoen premia badu- nola tratatu, eta krisia sor diezaioketen faktoreak azalduz. Gaixotasunak eragiten duen antsietatea moteltzen eta, ahal den neurrian, eskolako absentismoa murrizten saiatu behar da. Horretarako hoberena, osasun egoerak ahalbideratzen duen heinean, eskolako eta aisialdiko jardueretan haurrak parte har dezan sustatzea da. Asma nozitzen duen haurrak tabako keari saihets egin behar dio, bera aurrean dela inork ez erretzea komeni da. Etxean animaliarik ez edukitzea, lumadun burko zein kuxinak ez erabiltzea eta moketa eta alfonbrarik ez izatea komeni da. Etxe barruko hezetasun erlatiboa ez da %50 baino handiagoa izango eta, polen eta lizunekiko sentsibilitatea agertzen badu, polen asko dabilen urte sasoietan leihoak itxi egin behar dira. Etxeko hautsetako akaroen aurkako alergia duten haurrek mesedegarriak dituzte 1.000 metrotik gorako tokietako oporraldiak; polenaren kontrakoa nozitzen dutenek, aitzitik, itsas ertzeko atsedenaldia.
Krisia “lehertzean” beldurra kontrolatu behar da: gurasoen erreakzio horrek haurra are eta urduriago ipin baitezake, krisia larriagotuz. Gaixotasuna ohiz botikekin kontrolatzen bada, eman bekio sendabide hori (inhalatzailea, oro har). Krisia larria bada eta ohiko konponbideekin hobetzen ez bada, zalantzarik ez: deitu sendagileari edo joan berarengana. Kontsultategietan, familiak nola jokatu behar duen azaltzen duten orritxoak eskura izaten dira.