"Ezkutuko kredituak"

Arazoa, informaziorik eza

Behar bezalako informaziorik jaso ez eta kontsumitzaileak jakin gabe kontrataturiko maileguak dira hauek
1 urtarrila de 2003
Img eco domestica listado

Arazoa, informaziorik eza

Akademia batean ingelesa ikasteko, bidaia bat ordaintzeko edo sukaldeko altzariak erosteko mailegu bat eskatzea ohiko kontua da. Arazoa sortzen da establezimendu jakin batzuetan kontsumitzaileari behar bezain informazio zehatz edo zuzena ematen ez zaionean, hau da, zerbitzua kontratatu edo produktua erosteaz gainera, halako finantza-erakundearekin eta hainbesteko interesarekin kontsumorako kreditu bat kontratatu duela argi eta garbi jakinarazten ez zaionean. Zatikako ordainketaren abantailez itsuturik, bezeroa ez da den-denetan -maiz, dokumentua irakurri ere ez baitu egin- sinatu duenaz jakitun, nahiz horrek izan ditzakeen ondorioak larriak izan.

Eskaturiko zerbitzua baliogabe uzten bada ere, bezeroak itundutako dirua finantza-erakundeari ordaintzen segitu beharko du hilero-hilero, berariaz sinatu duen kredituak horretara hertsatzen baitu hartzailea. Pagatzeari uko eginez gero, kontrataturiko zerbitzua jaso ez bada ere, oso litekeena da banketxeko berankorren zerrendan sartzea. Horra hor, besteak beste, “ezkutuko kredituen” ondoreetako batzuk.

Zehazki informatzea

Home Cinema ekipoa izan, 1.200 euroko ingelesezko ikastaroa izan, beren zerbitzu edo produktua erosteaz balizko bezeroak konbentzitzeko eragile komertzialek duten trebezia inork ez du auzitan jartzen. Hileroko ordainketen erosotasunak, dena den, ez luke kontsumitzailearen burua nahasi behar, honek letra txiki asko irakurri eta sinatzen duen guzti-guztia xehekapen osoz ikasi behar duen arren: kontsumorako kreditua da, izan ere, kontratatu duena, bere interes eta guzti (aski biziak gainera, egiari zor: %7 – 10 bitartekoa, diru gutxi epe motzera mailegutan uztea banketxeari errentagarri gertatuko bazaio). Horrek, berez, ez du zertan arazorik izan, ondasuna edo zerbitzua saltzen duen akademia edo bestelako establezimenduak bezeroa zehatz-mehatz informatzen badu. Horixe da, ordea, kontsumitzaileen salaketa eta kexuen funtsa: agiria sinatzean inork ez diela behar bezalako informaziorik eskaini. Beste aldetik, ez ahantzi, kontsumitzaileok kontziente izan behar dugu, zernahi sinatu aurretik, agiria goitik behera eta behar bezain poliki irakurtzeko ardura dugula.

Hau ez da ordainagiri helbideratua

Produktu baten erosketari edo zerbitzu baten kontratazioari loturiko mailegu hauek “oker informaturiko kontsumorako kreditu” gisa definitzen dituzte kontsumitzaileen elkarteek. Prozesuan hiru alderdi inplikatu daude: akademia edo establezimendua, banketxe edo aurrezki kutxa eta bezeroa. Azken honek bi kontratu izenpetu ditu, bata ikastetxearekin eta bestea finantza-erakundearekin. Lehen kontratuaren arabera, produktu bat (altzariak, bidaia, etxetresna elektrikoak…) jaso edo zerbitzu batzuk (hizkuntzen irakaskuntza…) hitzartuko du. Bigarren kontratua, zerbitzu edo produktu hori ordaintzeari dagokio: eskuratutako ondasunaren prezioa banketxe edo aurrezki kutxa batekin finantzatzeaz da. Nahasketa sortzen da kontsumitzaileak sarri ez dakielako akademia, altzari denda edo bidai agentziari dirutza osoa banketxeak aurreratu diola eta, aurreneko kontratua baliogabe uztea deliberatzean (jasotzen ari den zerbitzuekin ados ez dagoelako, esate baterako) konturatuko da bigarren kontratuak -mailegu pertsonalak, alegia-, hilero-hilero ordaintzen segitzeko obligazioa ezarri diola.

Nahasketa

Kreditu horiek formalizatzeko aukeratzen diren tokiak eta moduak kontsumitzaileengan nahasketa sortarazten dute, mailegu horiek izenpetzera ez baitoaz banketxeko bulegoetara, bertako profesionalak edo zerbitzuak kontratatu dituen establezimenduko ordezkariek hala aholkaturik. Alderantziz, ezkutuko kreditu horiek zerbitzua kontratatu den establezimenduan bertan sinatu ohi dira, gainontzeko agirien artean nahasita.

Bertako ikasleen ikastaroak finantzatzeko ezkutuko kredituen sistemaz baliatzen ziren hainbat hizkuntza akademiaren porrotak agerian utzi du kontsumitzaileari garrantzizko alderdi bat argitu behar zaiola: ez dela gauza bera agiri helbideratu bat sinatzea edo finantza-erakunde batekin ezkutuko kreditu bat kontratatzea. Aldea sekulakoa da: aurrenekoa nahi denean baliogabe utz dezakete alderdiek, baina bigarrena oso-osorik bete beharrekoa da.

Kredituaren hileroko bat ordaindu ezean, kontsumitzaileak ondo asko jakin behar du kale hori banketxe edo aurrezki kutxari egin diola, ez denda edo akademiari. Horrek esan nahi du aurrerantzean berankorren zerrendan agertuko dela eta, hortaz, agindu judizial baten bidez, kontuak bahitzen ahaleginduko zaizkiola finantza-erakunde horiek.

Arazoa ez da betiko kontua

Finantza-erakunde baten laguntzarekin ordainketa zatika egitea eskaintzen duten enpresa guzti-guztiek ez dute horrelako iruzurra egiten, noski. Ikastegi batzuetan, kontsumitzaileari kontratatuko duen zerbitzuaz xehekapen osoko informazioa eman ondoren, banketxe edo aurrezki kutxako bulegoetara eramaten dute, bertan era guztietako azalpenak jaso ditzan. Nolanahi ere, kontratua izenpetzeko bezeroak ez du zertan finantza-erakundeko bulegora joan; tokia toki, kontua da nolako konpromisoa hartu duen zehatz-mehatz jakitea.

Beste aldetik, ikastegi edo establezimenduan proposatu dioten banketxe edo aurrezki kutxarekin loturiko kontratua onartzera ezerk ez du behartzen. Bezeroak bere kabuz aukeratutako finantza-erakundean mailegu pertsonala eskatu ahal izango du, hala nahi badu, eskuratutako ondasunaren prezioa ordaintzeko. Hala izanez gero, kontratuak ez dira elkar lotetsirik agertuko eta, lehen kontratua baliogabetuta ere, bigarrenak -bezeroak bere kabuz sinatu duenak- indarrean iraungo luke.

Hitz batez, honelako kontsumorako mailegu lotetsi baten bidez zeinahi produktu edo zerbitzu ordaintzea aukeratzen duenak, bi gauza izan behar ditu gogoan: batetik, objektua erostearen ziurtagiria edo matrikula izenpetuko duela eta, bestetik, ondasun edo zerbitzu hori ordaintzeko obligazioa hartuko duela, bere interes eta guzti.

Legeak dioena

Zer gertatzen da, ordea, kontrataturiko zerbitzuak jaso ez dituelako, kontsumitzaileak kreditua ordaintzeari uko egitea erabakitzen duenean? Edo, jakin gabe, banketxe edo aurrezki kutxa batekin kontratua sinatzen ari zela ezkutatu bazitzaion? Banketxeak, bere interesen alde, kontsumitzaileari hilerokoak ordainarazten badizkio ere, lotetsiriko maileguak arautzen dituen Kontsumorako Kredituari buruzko Legeko 14. artikulua gogoratzea komeni da: “Kontsumo-premia jakin bat asetzea xede duen kontratuaren eraginik ezak, bera finantzatzea xede zuen kontratuaren eraginik eza ondorioztatuko du”. Artikulu horren edukiaren alde hainbat sententzia eman dira dagoeneko: akademia jakin batekin eginiko kontratua urratzearekin loturiko arazoak sortu zaizkionean kontsumitzaileari eman izan zaio arrazoia. Epaitegietara jotzeko beste bide bat, benetan kontratatzen ari zenaz informaziorik eman ez izana salatzea da.