Helburuak lortzearen kostua: esfortzua eta diziplina
Hainbat ezaugarri pertsonalen jabe izateari inork ez lioke muzin egingo: irudi fisiko ederra, adimena, osasuna, optimismoa, auto-estima, kultura handia, harreman sozialetan trebezia, laneko arrakasta… Zerbait ahaztu zaigu, ordea: eraginkor izatea, hau da, erdietsi nahi duguna lortzeko gauza izatea, aurreikusiriko ahalegin zein baliabideez bestelako edo handiagotara jo gabe. Eraginkortasuna da, gure ustez, bidezko helburuetara iristeko ahalmena, horiek arrazoizkoak izateaz gainera, gure izaera eta testuinguruaren araberakoak ere direnean. Zenbatetan ez ote genuen pentsatu daukaguna baino lan hobea, esker hobeko harreman pertsonalak, bizitza emozional intentsuago edo orekatuagoa izatea merezi genuela? Horixe da eraginkortasuna, hain zuzen: gure eskura, gure irismenean dagoena erdiesteko ahalmena. Zentzu handiagoa du gure bizitzak geure proiektuaren koordenaden arabera antolatzen badugu, bertan, helmugak ez ezik, eskura ditugun baliabideak eta prozesuaren kalte edo mesedetarakoak diren amenazo eta aukerak kontuan izaki. Gainditu beharreko oztopoak eta kudeatu beharreko bitartekoak aintzat hartzetik hasten da hazi, heldu eta eraginkor izan nahi duenaren trebezia. Lan-eskema baten zorroztasuna omen dario horri, baina aurreikuspena, kalkulua eta ahalegina ezinbestekoak dira gure bizitza eraginkortasunez hornitzeko lanean.
Auto-estimari hertsiki loturik
Eraginkortasun eta auto-estima ezin bereizizkoak dira, auto-estima garatzea bizitzeko gauza garela etsi-etsian sinestea baizik ez delako. Ahalmen horren oinarrian ez dautza sentsazioak eta nola edo hala irentsitako sinesmenak, errealitatea baizik, helburuak erdiesteko egin beharreko esfortzua, alegia. Pertsona eraginkorrak bere ahalmenak taxuz kudeatzen ditu, lortu nahi duena erdiesteko ataza zein helburu bakoitzari zor zaizkion denbora eta baliabideak eskainiz. Onura ez da helburua erdieste hutsa, geure buruarengan dugun konfiantza finkatu eta indartzean jasotzen dugun kemena ere horren eskutik etorriko baita. Nor bere buruarengan ezarritako konfiantzazko oinarri hori auto-errealizazioan ezinbestekoa izango dugun segurtasunaren sortzaile izango da. Bizitzan konfiantza horrekin jardun dezagun geure ekintzez kontziente eta arduradun izan behar dugu. Kontzientziak, itzaliko ez den argia izan behar du geure bizitzan, baina bi gidari izango ditu argi horrek ere: gure adimen “intelektuala”, batetik, eta gure adimen emozionala, bestetik.
Eraginkortasuna eta kontzientzia
Lortu nahi dugunaz, erabiliko ditugun baliabideez, jardungo garen zirkunstantziez jabetu ezean eta bidean topatuko ditugun eragozpenak aurreikusten asmatzen ez badugu, behintzat, ezin mintza gaitezke eraginkortasunaz. Geure une emozionalaz, geure bitartekoez eta daukagun kanpo laguntzaz kontziente izan behar dugu. Adimen “intelektual” horri esker pentsaera arrazional eta distortsionatuaren artean aukera egin ahal izango dugu. Errealitatea ezkutatu edo mozorrotu egiten dituzte pentsaera distortsionatuek; beraz, lortu nahi duguna erdiesteko egingo ditugun ahaleginak alferrik galaraziko dizkigute.
Pentsaera distortsionatuak hauek dira: iragazleak (xehetasun negatiboak hartu eta handitu egiten direnean), polarizatuak (manikeoak -zuria ala beltza- izatearren, xehetasunak ikustea eragozten digute), generalizazioak (gorabehera soil batetik ondorio orokorra ateratzen denean), ikuspegi katastrofikoak (hondamendia da amenazoa) pertsonalizazioak (jendeak esan edo egiten duen guztiaren ardatza gure burua da), interpretazio eta “ulertuak” (ba omen dakigu gainerakoek zer nahi eta zer sentitzen duten eta zergatik diharduten horrela), erruduntasuna (gainerakoak dira gure sufrimenduaren errudunak edo, aitzitik, geure burua hartzen dugu besteren arazoen arduraduntzat), “beharko lukeena” (gainerakoen eta, are, geure jarduera nolakoa izan beharko lukeen juzkatzeko arau zorrotzegiak darabiltzagunean), arrazonamendu emozionala (sentitzen dugunak egia izan behar du berehala), beti-beti arrazoia izatea (gure helburu nagusia, arrazoia izatea, beste inori erauzita ere), sariaren falazia (egunen batean “zor zaigun” saria kobratzea espero dugu, egin ditugun sakrifizioen ordainetan. Sari hori iristen ez dela egiaztatzean, erresumina kaltegarria ere izan daiteke).
Adimen emozionala
Gure emozio eta sentimenduak egokiro erabiltzea eta ardura sentitzea inplikatzen du horrek. Errealitatearen azterketa arrazionala egitea bezain garrantzitsua da geure une emozionalaz eta geure buruari adierazi diogun helburua erdiesteko balia ditzakegun bitartekoez jabeturik egotea.
Bidean geldialdi bat eginik, helburu horrekiko edo bizi dugun gorabehera emozionalarekiko, guregandik nolako sentimenduak sortzen diren ikusten ikasi behar dugu, bakoitzari bere izena ipiniz, are arrabia, lotsa edota inbidia direnean ere. Eta aitortu, gure bizitzaren osagaietako bat direla ere aitortu beharko dugu; makurrena ez baita horrelakoak sentitzea, gure baitan txertaturik usteltzen uztea baizik, horien aurka erreakzionatzeko gauza ez garela. Emozionalki adimentsu izateak agintzen digu horrelako sentimenduak aintzat hartu eta beraiez arduradun agertzea, gure erantzunetan nolako eragina izan dezaketen balioetsita. Zenbaitetan, jarduteko gure erraztasuna galarazi eta eraginkortasuna oztopatu ere egingo digute.
Adimentsu izatea bezain ezinbesteko, berriz, gure trebezia sozialak egoki baliatzea da. Hona horien ardatzak: zabalik (nirea ez bezalako iritziak ere badirelako), enpatiko (pertsona horren tokian jarrita, berak esaten, egiten edo sentitzen duena hobeki ulertuko dut), baldintzarik gabe (ez dut balio-judizioak egingo ene mintzakideaz, ez diot etiketarik jarriko) eta errespetuz entzutea.
Lorpenak erdietsi eta eraginkor izateak hainbat eskakizun planteatzen dizkigu: errealitateaz azterketa zuzen-zuzena egiteaz gainera, gu nor garen eta zein une pertsonaletan bizi garen kontuan hartzea, eta -geure egiazko ahalbideetara hobekien egokitzen dena izatearren- ezarri dugun erritmo hori errespetatuz, egunero ahalegin politak egitea ere bai.
- Dena, ordea, ez dago gure esku: zenbait kanpo-aldakik porrotera edo, gutxienez, gure helburuak bete-betean ez lortzera eraman gaitzakete.
- Dela zatikakoa, dela erabatekoa, porrota onartzen jakitea; eraginkorrago izatea lortzeko ikasbidean, etsipenaren gainetik tolerantzia baikor eta mesedegarria garatuz aurrera egingo dugu.
- Asertibitatea dugu giltzarrietako bat: jokamolde asertiboa praktikan jarriz, gure iritzi eta asmoak zuzen, bihurrikeriarik gabe azalduko ditugu, antsietaterik eta beldurrik gabe, zigor- edo amenazo-planteamenduak zokoratuta.
- Ezinbestekoa da gure agresibitatea positiboki baliatzea, kritika eraikitzailea baliatuz, arazoak konpontzea helmuga harturik.
- Gure helburua iristea dela eta, aurrera daramatzagun ekintzek osatzen dituzten etapak zehazteko unean trebezia erakutsi behar dugu, unean uneko baliabideak aplikatuz.
- Nortasunaren ikuspegitik, eraginkor izatea geure garapen pertsonala geroz eta helduago izateko bidean, gure baliabideak optimizatzea, eraginkortasunez kudeatzea da.
- Eraginkor izateak zerikusi handia du helburuak argi eta garbi zehaztearekin, geure buruari adierazi dizkiogun helmugetarako bidean aurrera egitea galarazten diguten oztopoak suntsitzeko edo gainditzeko trebeziarekin.