Croissant ontziratuak

Kaloria ugari eta gantz asko

Kilo laurdenaren inguruko pisua duten formatuetan ontziratutako zazpi croissant lagin aztertu dira oraingoan. Lagin batetik bestera alde handiak daude, bai aleen kopuruan (seitik hamazortzira arte), baita prezioan ere: kiloko 3,31 eurotik (Horno de Oro, Panrico) 5,08 euroraino (Madame Brioche, Bimbo).
1 urtarrila de 2003
Img analisis listado

Kaloria ugari eta gantz asko

Kaloria ugari (443 ehun gramoko, batez beste) eta gantz asko (%16tik %32ra arte) daukate, honen parte handi bat (%30 eta %75, laginen arabera) saturatu edo aseak izanik, hots, osasunarentzat komeni ez diren horiexek, hain zuzen. Nutrizioaren ikuspegitik agertzen dituzten ezaugarri horiek esan nahi dute croissant hauetatik, batez ere haurrek eta gaztetxoek irensten dituztenak izaki, ez dela asko kontsumitu behar eta ez direla gosari nahiz askariko ohiko dietan sartu behar, gainera. Ehun gramo ogi zurik, adibidez, 260 kaloriaz hornituko gaitu eta %1 gantz baizik ez du. Harrigarria bada ere, croissant hauetako batzuen gantz proportzioa txerriki edo behiki erdi gantzatsuaren eta hainbat hestekiren (solomo hesteratu, mortadela edota saltxitxa freskoena, esaterako) parekoa da. Bestetik, har dezagun %16tik %32rainoko gantz horren presentzia eta gosaltzeko tipiko diren croissantez bestelako produktu zenbait: moldeko ogiak %4,5 dauka eta maria motako gaileten gantza %14ra ozta-ozta iristen da.

Gantz osaketarik (gantz-azido ase eta asegabeen arteko proportzioa) osasuntsuena Mildred laginarena da (2,17) eta beste muturrean Madame Brioche (Bimbo) dago (0,35). Gainerako lagin guztiena berdintsua da (1,2 eta 1,66 bitartean) eta osasungarritzat jo daiteke. Gogora dezagun gantz ase asko edo maiz hartzeak kalte egiten diola gure osasunari, gaitz kardiobaskularren arriskua areagotu egiten baita horrela.

Produktu honen ontziak ematen duen informazioa oker edo osatu gabe doa oraino: La Bella Easo eta Madame Brioche (Bimbo) laginek bakarrik dute behar bezalako etiketa. Gainerako bost laginek araua urratu egiten dute, hainbat akats direla medio (Ikus “Banan-banan” atalean).

Azterketa mikrobiologikoan, La Bella Easo laginean hauteman zen legamia kopurua legez onartutakoa baino handiagoa izan zen; irregulartasun hori, dena dela, ez da arriskutsua kontsumitzailearen osasunarentzat.

Mildred lagina da nutrizio aldetik orekatuena, karbohidrato gehien (%55) eta gantz (%16) eta kaloria (400 kaloria ehun gramoko) dauzkalako. Horrez gainera, bertan dagoen gantza osasuntsuena da, azido linoleiko (gure organismoarentzat funtsezkoa) gehien daukalako. Azkenik, lan honetan aztertu diren guztietatik aditiborik ez duen bakarra da.

Dastaketa haurrek egin dute, honelako produktuak sarrien kontsumitzen dituztenak beraiek direlako. Epai-mahai horren iritziz, hoberenak Horno de Oro (Panrico) eta Madame Brioche (Bimbo) izan dira. Zerrendaren beste muturrean Martínez lagina nabarmendu da, proba gainditu ere egin ez duelako.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Mildred laginak agertu zuen: nutrizioaren ikuspegitik orekatuena izateaz gainera, bigarren merkeena da eta dastaketan emaitza polita jaso zuen.

Zer daukaten: osagaiak

Aukeran, croissant hauek gari-irin, gantz (landarezkoa, olioak, gurina, margarina), arrautza (fresko edo pasteurizatua), azukre (sakarosa, glukosa, glukosa-sirop), esne-hauts, legami eta gatzarekin moldatzen dira. Zenbaitek, aditiboak baliatzen dituzte: emultsionatzaileak, egonkortzaileak, antioxidatzaileak, koloratzaileak eta lurrinak.

Azterturiko croissant hauek gari-irina daukate, batik bat, Panrico laginak izan ezik (honek malta, soja eta gari-irina baliatzen du orea osatzeko). Gantzari dagokionez, Txindoki markak landarezkoa darabil, La Bella Easo-k landarezko hidrogenatua eta Martínez laginak, partzialki hidrogenatutako landare-gantza, ekilore-olioa eta partzialki hidrogenatutako olioa. Mildred eta Dulcesol produktuek landarezko margarina eta Horno de Oro (Panrico) laginak, margarina bakarrik (bi margarina-motak, partzialki hidrogenatutako landare-gantzak dira). Madame Brioche (Bimbo) opilek gurina baizik ez dute (%17). Mildred, La Bella Easo, Martínez, Txindoki, Horno de Oro (Panrico) eta Dulcesol croissantek arrautza daukate beren formulan.

Lagin guztiek azukrea daukate eta marketako batzuek bestelako gozagarriak ere bai, hala nola Horno de Oro markakoak (glukosa-siropa), Dulcesol-ek (sorbitola), La Bella Easo-k (destrosa) eta Txindoki-k (azukre alderanztua). Mildred, Madame Brioche (Bimbo) eta Martínez laginak dira azukre hutsa (sakarosa) bakarrik darabiltenak.

Aditiboak

Emultsionatzaile edo egonkortzaileek, berez nahastezin diren sustantzien elkarketa iraunkorra errazten dute, nahaskia homogeneo mantenduz. Mildred laginak izan ezik, gainontzeko guztiek emultsionatzaileak baliatu dituzte. La Bella Easok, horiek ez ezik, egonkortzaileak eta Martínezek, lodigarriak ere bai. Bestetik, Horno de Oro (Panrico), Dulcesol eta La Bella Easo croissantek antioxidatzaileak (E-300, L-askorbiko) darabiltzate, produktuari jangarri iraunarazteko. Horno de Oro eta Txindoki laginek kontserbatzaileak (E-282, kaltziozko propionatoa) sartu dituzte. Lurrin-aditiboak dauzkate Horno de Oro (Panrico), Martínez, La Bella Easo eta Dulcesol produktuek. Bukatzeko, koloratzaileak hauteman dira Horno de Oro (S hori-laranja eta tartrazina: biak ere azoikoak dira, hau da, bestelako koloratzaileak bezain osasuntsu ez direnak) eta Dulcesol (B-karotenoa, koloratzaile ez-azoikoa) laginetan. Mildred markakoak dira aditiborik ez duten bakarrak. Datu hauek guztiak ontzietako etiketetatik jaso dira.

Mantenugaiak: azterketak erakutsi duena

Croissant hauen hezetasun-edukia apala da: %12 (Dulcesol) eta %20 (Txindoki) bitartekoa. Mantenugai ugarienak karbohidratoak dira. Dulcesol lagina nabarmendu da, gainerako guztiek baino proteina (%7) eta karbohidrato (%47) gutxiago eta gantz gehiago (%31) dituelako. Croissant horiek dira, beraz, kaloria gehien dituztenak (502 kaloria 100 gramoko). Beste muturrean Mildred agertu zen, karbohidrato gehien (%55) eta gantz gutxien (%16) zituelarik; berau zen, gainera, kaloria gutxien zeuzkana (400 kaloria 100 gramoko).

Proteina gehien dauzkana (%10) Horno de Oro (Panrico) da. Martínez eta Txindoki errauts gehien dituztenak dira (%1,5, biek ere) eta La Bella Easo laginak %0,9 baizik ez du.

Gantz-azido asegabeak (mono- eta poli-) eta aseen arteko erlazioak gaztigatzen digu nolako gantza erabili den orea osatzerakoan. Insaturatu edo asegabeak osasunarentzat mesedegarri eta saturatu edo aseak kaltegarri direla kontuan izaki, aipatu indize hori zenbat eta altuago izan, orduan eta osasuntsuago izango da elikagaia. Madame Brioche-k izan ezik, gainontzeko lagin guztiek 1etik gorako indizeak erakutsi zituzten; beraz, gantz asegabeen presentzia aseena baino handiagoa zen. Mildred croissantak dira osasuntsuenak (2,17 indizea) eta gantz-azido asegabe gehien dauzkatenak (%31,5). Beste izkinan Madame Brioche (Bimbo) agertu zen, 0,35 indizea eta gantz aseen portzentaje handienarekin (%74).

Funtsezko gantz-azidoen (gure organismoak ezin sintetiza ditzakeenak: geureganatzeko modu bakarra, beraz, elikagaietan irenstea dugu) kopurua ere neurtu zen. Bi azido horiek asegabeak eta, horrenbestez, osasunarentzat mesedegarri dira: linoleikoa eta linolenikoa. Mildred laginak dauka azido linoleiko gehien (gantzaren %25). Madame Brioche (Bimbo) laginak dauka, berriz, azido linoleniko gehien (%3,8) eta linoleiko gutxien (%2,9). Martínez produktua da denetan linoleniko gutxien daukana (0,39%).

Bai gantz saturatuen eduki altu hori, baita opilgintza industrialeko hainbat produktu fabrikatzean baliatzen den landare-gantza partzialki hidrogenatzean eratzen diren zenbait gantz-azidoren trans isomeroen presentzia ere, guztirako kolesterola, LDL kolesterola eta triglizeridoak gehitzearekin lotu izan dira. LDL motako kolesterola (HDL ez bezala) osasunarentzat kaltegarri da, gaitz kardiobaskularren arriskua areagotu egiten duelako.

Mineralei goazkiela, kaltzioaren (40 mg/100g) eta magnesioaren (19 mg/100g) ekarpen txikiak bakarrik azpimarra ditzakegu; sodioaren edukia (178 mg/100g), berriz, biziki kontuan hartzekoa da, gatzaren kontsumo handiak hipertentsioarekin lotura zuzena baitauka. Bestetik, croissant horiek hainbat bitamina liposolubleren iturri dira, hala nola A bitamina (150 mikrogramo/100g) edo D bitamina (1,2 mikrogramo/100g). Kopuru txikiagotan agertzen dira zenbait bitamina hidrosoluble, hala nola niazina (1,5 mg/100g).

Ondorioz, croissant horien kaloria ugariek (kontu jakina bada ere gosariak behar bezainbeste energiaz hornitu behar gaituela) eta gantz aseen eduki handiak aholkatzen digute oso neurriz kontsumitzea, haurretan loditasun eta plasmaren profil lipidikoaren aldaketak ez nozitzeko, bata zein bestea arazo kardiobaskularren eragile izan baitaitezke. Hortaz, gosari zein askarian bestelako elikagaiak hartzea komeni da: nutrizioaren ikuspegitik hobeak dira, osasuntsuagoak, ogi zuria, moldekoa, maria motako gailetak, fruta, jogurta, laboreak edo, areago, hestekiak (neurriz, dena den).

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Kilo laurdenaren inguruko pisua duten formatuetan ontziratutako zazpi croissant lagin aztertu dira. Batetik bestera alde handiak daude, bai aleen kopuruan (seitik hamazortzira arte), baita prezioan ere: kiloko 3,31 eurotik (Horno de Oro, Panrico) 5,08 euroraino (Madame Brioche, Bimbo).
  • Kaloria ugari (443 ehun gramoko, batez beste) eta gantz asko (%16tik %32ra arte) daukate, honen parte handi bat (%30 eta %75, laginen arabera) saturatu edo aseak: osasunarentzat kaltegarrienak.
  • La Bella Easo eta Madame Brioche (Bimbo) laginek bakarrik dute etiketa zuzen.
  • Mildred lagina da nutrizio aldetik orekatuena, karbohidrato gehien eta gantz eta kaloria gutxien ditu eta. Lagin horretako gantza, gainera, osasuntsuena da: gure organismoarentzat funtsezkoa den azido linoleiko gehien daukana eta, gainera, aditiborik baliatzen ez duen bakarra da.
  • La Bella Easo laginean hauteman zen legamia kopurua legez onartutakoa baino handiagoa izan zen; baina, dena dela, hori ez da arriskutsua osasunarentzat.
  • Dastaketa haurrek egin zuten: Horno de Oro (Panrico) eta Madame Brioche (Bimbo) izan ziren bi produktu hoberenak.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Mildred da: nutrizio aldetik orekatuena eta bigarren merkeena izanik, dastaketan “ongi” puntuazioa jaso zuen.
Marka MILDRED HORNO DE ORO
(PANRICO)
TXINDOKI LA BELLA EASO
Saltzeko
izena
“Croissants” “Croissants” “Croissants Txikiak” “Croissants”
Prezioa
(euro kiloko)
4,11 3,31 4,50 4,36
Etiketa Akastun Akastun Akastun Zuzen
Hezetasuna (%) 18,6 15,2 19,8 15,9
Proteina (%) 8,7 10,0 8,4 8,3
Gantza (%) 16,2 20,7 23,0 23,3
Karbohidratoak(%) 55,2 52,9 47,5 51,6
Kaloriak
(kcal/100 g)
401,4 437,9 430,2 449,3
Errautsak (%) 1,3 1,3 1,5 0,9
GAI/GAS erlazioa (1) 2,17 1,26 1,18 1,34
Gantz azido
insaturatuak (%)
31,5 44,3 45,8 42,8
Gantz azido
monoinsaturatuak (%)
42,5 37,1 42,9 46,4
Gantz azido
poliinsaturatuak (%)
25,9 18,6 11,4 10,8
Funtsezko gantz azidoak (2)
Azido linoleikoa (gantzaren %) 25,10 17,51 9,16 10,03
Azido linolenikoa (gantzaren %) 0,84 1,08 2,22 0,74
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Akastun
Dastaketa
(1 5) (3)
3,5 3,9 3,5 3,3
Marka MARTÍNEZ MADAME BRIOCHE
(BIMBO)
DULCESOL
Saltzeko
izena
“Croissants” “Croissants” “Mini croissants”
Prezioa
(euro kiloko)
4,32 5,08 4,93
Etiketa Inorrecto Zuzen Akastun
Hezetasuna (%) 15,9 18,9 12,7
Proteina (%) 9,0 7,9 7,3
Gantza (%) 24,6 22,8 31,4
Karbohidratoak(%) 49,0 49,0 47,4
Kaloriak
(kcal/100 g)
453,4 432,8 501,8
Errautsak (%) 1,5 1,4 1,1
GAI/GAS erlazioa (1) 1,22 0,35 1,66
Gantz azido
insaturatuak (%)
45,1 74,0 37,6
Gantz azido
monoinsaturatuak (%)
37,9 19,3 49,8
Gantz azido
poliinsaturatuak (%)
17,0 6,7 12,6
Funtsezko gantz azidoak (2)
Azido linoleikoa (gantzaren %) 16,61 2,87 10,59
Azido linolenikoa (gantzaren %) 0,39 3,81 2,00
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen
Dastaketa
(1 5) (3)
2,9 3,8 3,0

(1) GAI//GAS erlazioa: gantz azido insaturatuak (monoeta poli-) eta saturatuen arteko proportzioa. Indize hau zenbat eta handiagoa izan, orduan eta osasuntsuago da gantzaren osaketa

(2) Funtsezko gantz azidoak: beharrezkoak ditugun gantz azido hauen iturri bakarra dieta dugu

(3) Dastatzaileak haurrak direnez, puntuazioa 1 eta 5 puntu bitartekoa da, bertan 3 puntua lortzea proba gainditzea izaki

Banan-banan

Zazpi croissant ontziratuak, banan-banan

MILDRED

  • 4,11 euro kiloko: kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • 270 gramoko ontzia, 8 ale dituena.
  • Nutrizio aldetik hoberena, osasuntsuena. Banan-banan ontziratutako bakarrak. Etiketa akastuna: ez du adierazten zenbat ale dituen. Gantz (%16) eta kaloria gutxienekoa (401 kaloria/100 gramo). Gantz-azido asegabe eta aseen arteko indizerik osasuntsuena (2,17). Aditiborik ez duen bakarra.
  • Dastaketan, ongi: 3,5 puntu. Haur dastatzaileek croissant hauen zaporea eta bukaerako zaporea goretsi, baina ukitu “gogor eta lehorra” kritikatu zuten.

TXINDOKI

  • 4,50 euro kiloko.
  • 240 gramoko ontzia, 12 ale dituena.
  • Nutrizio aldetik hoberena, osasuntsuena. Banan-banan ontziratutako bakarrak. Etiketa akastuna: ez du adierazten lotearen zenbakia. Hezetasun (%19,8) eta errauts (%1,5) ugarikoa. Kontserbatzaileak eransten ditu.
  • Dastaketan, ongi: 3,5 puntu. Haur dastatzaileek croissant hauen itxura goretsi, baina bukaerako zaporea kritikatu zuten.

HORNO DE ORO (PANRICO)

  • 3,31 euro kiloko: denetan merkeenak.
  • 260 gramoko ontzia, 12 ale dituena.
  • Nutrizio aldetik hoberena, osasuntsuena. Banan-banan ontziratutako bakarrak. Etiketa akastuna: ontzian grafikoki adierazitako osagaien kopuruak ez ditu adierazten. Proteina gehien (%10) dauzkana. Osasunarentzat besteak baino kaltegarriago direlarik, koloratzaile azoikoak (E-102 tartrazina eta E-110 hori-laranja S), baliatzen dituen bakarra. Kontserbatzaileak ere erantsi ditu.
  • Dastaketan, hoberenak: 3,9 puntu. Haurrek croissant hauen zaporea goretsi zuten.

LA BELLA EASO

  • 4,36 euro kiloko
  • 250 gramoko ontzia, 10 ale dituena.
  • Egoera higieniko-sanitarioa, akastuna. Legeak onartu baino legamia gehiago, nahiz eta osasunarentzat arriskutsua ez den.
  • Dastaketan, 3,3 puntu. Croissant hauen kolorea, bukaerako zaporea eta ukitua ez zitzaizkien gustatu dastatzaileei.

MARTÍNEZ

  • 4,32 euro kiloko
  • 250 gramoko ontzia, 10 ale dituena.
  • Etiketa akastuna: ontzian grafikoki adierazitako osagaien kopuruak ez ditu adierazten.
  • Dastaketan, okerrena: 2,9 puntu. Kontrako iruzkinak, oro har; zapore geza, batik bat.

MADAME BRIOCHE (BIMBO)

  • 5,08 euro kiloko, denetan garestienak
  • 260 gramoko ontzia, 6 ale dituena.
  • Gantz-osaketarik kaltegarriena osasunarentzat: gantz-azido asegabeen eta aseen arteko erlazioan, indize apalena (0,35) eta gantz-azido aseen proportzio handiena (%74).
  • Dastaketan, bigarren hoberena: 3,8 puntu. Croissant hauen zaporea eta bukaera izan ziren azpimarragarriak, baina ukitu “gogor eta lehorra” ez zitzaien gustatu dastatzaileei.

DULCESOL

  • 4,93 euro kiloko
  • 225 gramoko ontzia, 18 ale dituena.
  • Etiketa akastuna: ontzian grafikoki adierazitako osagaien kopuruak ez ditu adierazten. Gantz (%31) eta kaloria gehienekoa (502, 100 gramoko). Koloratzaile ez azoiko bat baliatzen du.
  • Dastaketan, bigarren okerrena: 3 puntu. Kolore polita, baina ukitu lehor eta gogor samarra.