Kalefakzio sistema aukeratzea

Etxebizitza eta eskualde geografikoaren arabera hautatu behar

Etxeko energi kontsumo guztiaren %64 kalefakzioa den arren, gastu hau murritz daiteke, sistema egokiena instalatuz gero
1 urtarrila de 2003
Img informe listado 201

Etxebizitza eta eskualde geografikoaren arabera hautatu behar

Neguak berezko duen tenperatura hotzak aginduta, etxe askotan martxan jarri dira era guztietako kalefakzio sistemak. Espainian, milioi bat etxebizitzak du kalefakzio kolektiboa eta hiru milioitik gora dira sistema indibiduala dutenak (elektrizitatea, gas naturala, propanoa, butanoa, fuel-olioa, etab.): horrek, noski, energi kontsumoa areagotu egiten du.

Espainiako Industria eta Energiaren Ministerioaren menpeko erakunde den Energia Aurreztu eta Anizteko Institutuaren (IDAE) datuen arabera, CO2 gasaren igorpen eta energiaren azken kontsumoaren laurdena baino gehiagok espainiar etxeetan (etxebizitza eta ibilgailua) du sorburua. Organismo horrek eginiko azterketak dioenez, batenaz beste 1.200 euro gastatzen ditu urtean familiak energiatan eta 4,6 tona CO2 igortzen du atmosferara. Famili gastuaren batuketa 15.000 milioi eurotik gora doa, hau da, Barne Produktu Gordinaren %3,5. Kontsumoa erdika banatzen da, etxebizitza eta ibilgailu pribatuen artean.

Etxebizitzaren energi kontsumo osoaren %64 kalefakzioak irensten du, baina gehiegizko gastu hau murriztu egin daiteke kalefakzio sistema behar bezala baliatzen badugu. Etxebizitza eta familia bakoitzaren araberako kalefakzio sistemarik egokiena aukeratzea eginkizun zaila da eta, halakotzat, hiru faktore aldagarri aztertu behar ditugu: gure etxearen nolakotasunak, onar dezakegun gehieneko kostua eta bizi garen tokiko klima. Eskaintza zabala baita, izan, eta premia guztiak asetzeko moduko sistemak daude salgai.

Espainiako etxebizitzen %34 berotzeko hautatu den energia gas naturala da. Katalunia, Madril, EAE, Kantabria eta Balearrak dira, hurrenez hurren, etxea berotzeko gas naturala gehien baliatzen duten autonomi erkidegoak. Klima samurragoa duten erkidegoek elektrizitatea aukeratu dute, guztirako energi kontsumoaren %12an kokatuz. Andaluzia, Murtzia, Extremadura, Balear eta Kanaria Uharteetan, batik bat, elektrizitatea dute bero iturri.

Kalefakzio motak

Kalefakzio elektrikoa. Metagailuak

Bero-metagailuak, itxura aldetik, estufa edo erradiadore tankerakoak dira; berotasuna sortu eta metatzeko, energia elektrikoa kontsumitzen dute gauean, gaueko tarifaren abantaila -egunekoa baino %53 merkeago baita- baliatuz. Metagailuari egunean zehar beroa “dario”, kalefakzio premiak eskatu ahala.

Bi metagailu mota daude: estatikoak eta dinamikoak. Aurrenekoak, kalefakzio premia iraunkorra duten gela txikietarako dira egokiak, tenperatura zehatz-mehatz kontrolatzea ezinbesteko ez denean. Dinamikoen deskarga-erregulazio hobea dutenez, horrelakoak instalatzea komeni da espazio handiagoetan eta tenperatura-erregulazio zehatzagoa edo berotasun-ezartze azkarragoa lortu nahi den tokietan.

  • Aldekoak. Aparatu hauen mantenua hutsaren hurrengo izaki, etekin handia ateratzen zaie. Gaueko tarifaren kostua gasarena baino merkeago da. Etxebizitzan hainbat tenperatura desberdin erregulatzeko aukera ematen du eta nonahi instala daiteke, obrarik egin gabe. Ekoizpen-gunean ez du oxigenorik kontsumitzen, ezta ke nahiz gas kutsatzailerik ere, eta gasa eta elektrizitatea elkarren ondoan egotearren arriskua murrizten du.
  • Kontrakoak. Prezio altua, aparatu elektriko tradizionalen aldean. Nolanahi ere, galdara eta ur-zirkuituz osaturiko sistemekin konparatuz gero, pare-parera hurbiltzen dira kostuak. Bero-deskargaren erregulazioa aparatu elektriko konbentzionaletan baino okerrago da, metaturiko berotasun parte bat erabiltzaileak esku hartu gabe deskargatzen baita. Instalazio elektriko eskasa duten etxebizitza zaharretan, instalazio elektrikoaren erabateko erreforma egin behar izateak azken prezioa dezente garestitzen du. Horrez gainera, orduko kilowattaren prezioa, egunez, %3an garestiago izaten da.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 1.700 eurotik gora.

Kalefakzio erradiatzailea

Kalefakzio erradiatzailea beroa igortzeko sistemarik naturalena da. Lurpetik barrena doazen hodiek ur beroa daramate. Bero-azalera handiagoa da eta gorputzak ez du nozituko ez berorik ezta hotzik ere, berezko tenperaturan (35ºC – 36ºC) mantenduko baita. Sabaian, paretetan eta zoruan integra daitekeen arren, lehen bietan eraginkorragoa da, energia erradiatzailea espazioan barrena baitoa espazioa bera berotu gabe: azalera hotzago batekin kontaktu egitean bakarrik bihurtzen da berotasun.

  • Aldekoak. Ikusezin eta konfortagarria izanik, bero osasuntsuagoa ematen du, eguratsa ez du lehortzen eta. Epeltasuna etxe osoan barrena berehala eta uniformeki barreiatzen da, zeinahi tokitan tenperatura homogeneoa lortuz. Zoru erradiatzaileak beroa espazio barrenera zuzentzen du eta kanpoko paretetako zein sabaietako gehiegizko tenperaturak murriztu edo suntsitzen ditu. Sistema honek energi kontsumoaren %10 eta %30 bitarteko aurrezkia eragin dezake. Zoru erradiatzaileko sistemek giroa freskatu ere egin dezakete, ur beroaren ordez ur freskoa bideratuz gero.
  • Kontrakoak. Instalatzeko eta balizko matxurak atzeman eta konpontzeko etxebizitzako zorua altxatu beharra dago. Ez da komeni honelakoa jartzea etxe txikietan, ezta klima epelekoetan ere. Alternatiba garestia da, urtean bizpahiru hilabetez baizik erabiliko ez bada.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 3.000 eurotik gora.


Bero-punpak

Aire egokituko aparatuen antzekoa izaki, sistema honi esker ere urte osoan tenperatura egokia goza dezakegu: kalefakzioa neguan, aire egokitua udan eta hezetasun-suntsiketa tarteko sasoietan, aparatu bakar batekin. Hotz nahiz beroa emateko aukera horri esker, bero-punpako aparatua egokiena da eskualde epel edo beroetan. Ahalik eta konfort handiena erdiesteko, premiazko frigoria eta kalorien kalkulua behar bezainbesteko sinesgarritasunaz egitea ezinbestekoa da. Adibide bat eman dezagun, logela bat hoztu nahiz berotzeko, 1.750 frigoriako/kaloriako aparatua ezarri behar dela esaten da; 25 metro karratuko sala egokitzeko, berriz, 3.000 frigoria edo kaloriakoa.

  • Aldekoak. Bero-punparen abantaila nagusia, kalefakzioan lortzen duen eraginkortasun energetikoan datza, kontsumitzen duen energia baino (bizpahiru aldiz) gehiago emateko gauza delako. Efektu bera erdiesteko, beste kalefakzio aparatu edo sistema zenbaitek baino energia gutxiago kontsumitzen du (%30 eta %65 bitartean) eta gutxiago kostatzen da, gainera. Aparatu eta instalazio bakar batekin bi zerbitzu emateak inbertsioak murriztu eta instalazioak soildu egiten ditu. Sute edo leherketaren arriskurik ez dago, erregaien metaketarik edo hoditeriarik nahiz su-garrik ez baitago. Toxikatzeko arriskurik ez dago, ke-irteerarik ez baitu.
  • Kontrakoak. Neguko eguraldia benetan latza duten eskualdeetan edo kanpoko tenperatura hotz-hotza denean, sistema honek zailtasunak izan ditzake behar den berotasun guztia emateko. Bero-punpa konduktuen bitartez instalatzen bada, inbertsioa dezente igotzen da (6.000 euro ingurura), hainbat lan egin behar direlako: etxebizitzako sabaiak jaitsi, konduktuak instalatu, etab.
  • Aholkatua: klima epeletan.
  • Prezioa: 1.200 eurotik gora.

Gas naturala

Kalefakzio sistema hau dugu erabilienetako bat, gas naturala garbia eta eraginkorra izateaz gainera, kutsatzen ez duelako. Gas naturalezko kalefakzio indibidualak etxe osoan barrena sakabanaturiko erradiadoreen bidez berotzen du etxebizitza. Erregai erosoa da, banakuntza eta metaketa ez baititugu kezka bide. Instalatuz gero, bai kalefakziorako, bai ura berotzeko zein elikagaiak kuzinatzeko erabil daiteke.

  • Aldekoak. Beroa erraz erregulatzeaz gainera, erregaia ez da deposituetan bildu behar: beraz, ez da zertan aldian behin mantenua, ikuspenak eta eskaria egin beharrik. Etxe osoa tenperatura berean eduki daiteke, gela batetik bestela igarotzean hozbero-jauzi deserosorik nozitu gabe. Erradiadoreak estrategikoki ipintzen badira, etxe guztian tenperatura homogeneoa izango dugu. Erradiadore sistemak berotasun osasuntsua, gehiegikeriarik gabea, uniformea eskaintzen digu, arnasketa edo alergi arazoak nozitzen dituen pertsonarentzat biziki kaltegarri diren aire-sistemak bazterturik, gas kutsatzaileak igortzen dituzten errekuntzak bezala.
  • Kontrakoak. Herri guzti-guztiek ez dute gas naturalik. Instalazioa (galdara, hodiak, erradiadoreak, etab.) jarrita ez dituzten etxebizitzetan izugarri igotzen da kostea.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 2.400 eurotik gora.

Kalefakzio egokiena hautatzea

  • Zure etxebizitza eskualde hotz batean bada, aukera ezazu berotasun iraunkorra mantentzen duen sistema bat.
  • Zure etxebizitza eskualde epel edo bero batean baldin bada, nahi denean tenperatura egokia lortzea ahalbideratzen duen sistema aski izango duzu.
  • Azter itzazu instalazio-obrak egiteko ahalbide teknikoak. Balioetsi nolako dirutza ordaindu beharko duzun eta kontuan izan zenbat urte beharko dituzun hori ordaintzeko.
  • Etengabeko hornikuntza eskatzen duen energi iturri baten alde egiteko, ezinbestekoa da zure etxebizitza dagoen tokian banakuntza-sarea egon eta hartunea (eraikineko giltza) edukitzea.
  • Erregaia soltean (butanoa, gasolioa, etab.) kontsumitzen duten sistemak direnean banakuntza zerbitzua eta maiztasuna ezagutzeaz gainera, erregaia garraiatzen duten ibilgailuak zure etxeraino sar daitezkeen jakin beharko duzu aurretiaz. Zure eskualdea maiz elurretan baldin badago, izan kontuan erregai-hornikuntza etenik gerta daitekeela, banakuntza egiten duten ibilgailuak ibili ezinik daudelako.
  • Izan kontuan aukeratuko duzun kalefakzio sistemak gerora eskatuko duen mantentze-lana, hori aparatuaren bizitza baliagarri osoko gastua izango baita. Elektrikoa izan ezik, kalefakzio instalazio guztiak aldian behin aztertu edo ikuskatu behar izaten dituzte baimendutako enpresa instalatzaileek.
  • Sistema baten edo bestearen alde egin aurretik, ez ahaztu zenbaitetan erregaia metatzea derrigorrezkoa dela eta horrek eztandak, ihesak edo suteak eragin ditzakeela.

Izan gogoan, nolanahi ere:

  • Etxebizitzaren neurriak, orientazioa, erabilera eta osorik edo partzialki berotzeko premia
  • Aukeratutako sistema kokatzeko zenbat espazio erabilgarri duzun
  • Lehenagotik ba ote dagoen beste sistemarik
  • Ur beroaren hornikuntza edukitzea premiazkoa den ala ez
  • Instalazioa noiz erabiliko den (zenbat ordutan izango zaren etxean).