Ultzera peptikoak

Tratamendua konplikatua da baina eragingarria

Farmakoen konbinazioan oinarritutako terapia da eragingarriena
1 apirila de 2003

Tratamendua konplikatua da baina eragingarria

Hamar pertsonatatik bik bizitzan zehar ultzera peptikoa jasaten dutela kalkulatzen da. Urdailaren edo duodenoaren mukosaren lesioa da, eta horren sorreran azido gastrikoak eta pepsinak zerikusi handia daukate; azken hori urdaileko muki mintzak jariatzen duen entzima da, proteinak digeritzen dituena.

Ultzera peptikoen artean nagusi eta ohikoenak ultzera gastrikoa (urdailekoa) eta duodenoko ultzera dira.

Ultzera gastrikoa urtero mila biztanleko 0,5 kasutan diagnostikatzen da, eta batez ere 55 eta 65 urte bitarteko adinetan agertzen da -40 urte baino gutxiago duten pertsonen artean ez da normalean ageri-, eta bi sexuei berdin erasaten die. Duodenokoa ohikoagoa da, eta urtero mila biztanleren artean kasu bat agertzen da. Batez ere 45 urtetik gora dutenek jasaten dute, baina gazteagoengan ere ageri ohi da. Orain dela urte batzuk gizonezkoei eragiten zien gehien, baina horien artean kopurua murriztu egin da eta emakumezkoen artean, aldiz, igo; gaur egun bi sexuek antzera jasaten dute.

Helicobacter pylori

Aipatu bi gaitz horiek kronikoak dira, eta ultzera gastrikoa jasaten duten kasuen %80tan eta duodenokoa jasaten duten guztiengan Helicobacter pylori baziloak sortua da. Ultzera peptikoari buruzko ezagutza zientifikoak oraindik ere osatu gabe dauden arren, Helicobacter pylorik rol nagusia jokatzen duela pentsatzen da, baina azido gastrikoa eta pepsina ere beharrezkoak dira. Ultzera baten garapena faktore erasokorren (batez ere azido gastrikoa eta pepsina) eta mintzaren defentsan edo ultzerazioaren aurreko erresistentzian parte hartzen dutenen arteko orekan datza. Ingurune gastrikoa oso garratza da, eta bakterio gehienek ezin diote aurre egin; Helicobacter bestelakoa da, ordea. Izan ere, bazilo hau pertsona helduen urdailen %60tan dago, baina pertsona kolonizatu gehienek ez dute sekula ultzerarik ezta sintomarik ere izango.

Arrisku faktoreak


Ultzera peptikoari lotutako arrisku faktoreak dira:

  • Aspirina eta AINES botiken kontsumoa (antiinflamatorio ez esteorideoak), patologia osteomuskularretan oso erabiliak. Urte batez AINE kontsumitzen duten pazienteetatik %2 eta %4 bitartean ultzera sintomak edo arazo larriren bat garatuko dutela kalkulatzen da. Espainiako Erreumatologiako Elkarteak egindako azterketa baten arabera, Espainian urtero AINE kontsumitzen duten 6 milioi pertsonetatik 123.000 baino gehiagok ultzera gastrointestinala garatuko dute, eta 40.000 kasutan digestio hemorragia handiak agertuko dira.
  • Helicobacter pylori bidezko infekzioa: AINEren kontsumoak, gastritis kronikoak eta 50 urte baino gehiago edukitzeak infekzioari laguntzen diote. Antza denez, A motako odola duten pertsonengan gehiago agertzen da.
  • Tabakoaren kontsumoa: tabakoak jariaketa garratza eragiten du, digestiorako muki mintzera odol gutxiago iristen da, urdailaren mugikortasuna aldatzen du eta mintza babesten duten bikarbonatoen jariaketa murrizten du.
  • Ez da frogatu alkoholaren kontsumoa kontuan hartu beharreko arrisku faktorea denik. Gauza bera esan daiteke estresari eta gehiegi gozaturiko jakiei dagokienez.

Ultzeraren sintomak

Ultzerari libre garatzen utziz gero, bilakaera kliniko kronikoa aurkezten du, eta bat-batean atzera egin dezake eta gaixoa bat-batean berreri daiteke, eskuarki urte sasoien aldaketari lotuta: udaberria eta udazkena dira ultzera jasaten dutenentzat garairik txarrenak. Sintoma nagusia urdailaren ahoan min epigastrikoa sentitzea da, eta min hori handia , bihotzerrea, min garratza edo gose sentsazio mingarria izan daiteke. Jan eta ordu bat eta hiru ordu bitartean agertzen da, eta berriro janda edo antiazidoak hartuta joaten da. Ultzera jasaten dutenen %80, gainera, gauez ere minez egoten dira.

Ultzeraren beste sintoma batzuk dira apetitua eta pisua galtzea. Beste erakusle batzuk ez dira hain nabarmenak, hala nola botagura, aupatsak edo sabelaldeko distentsioa. Ultzera batek konplikazioak izan ditzake. Horien artean ohikoenak digestioko hemorragia eta zulaketa dira; azkena duodenoko ultzera duten gizonezkoengan agertzen da gehien, eta min handiko koadroa aurkezten du, peritoneoko narritadura sintomekin (abdomen akutuko koadroa) eta peritonitiseranzko bilakaera azkarrarekin. Hain ohikoa ez den arren, ondoko erraien bat ere zulatuta gera daiteke, hala nola pankreasa, gibela edo behazuneko biak, eta estenosi pilorikoa edota piloroaren mailan estutasuna gerta daiteke (urdaileko zati txikia da, hesterako atea dena, eta jakiei pasatzen uzteko edo ez uzteko ireki eta itxi egiten dena); horrek duodenoa eta urdaila bereizten ditu, eta erretentziozko janari gonbitoak, min jarraituagoa, apetitua galtzea eta argaltzea ekar ditzake.

Diagnostikoa

Ultzera peptikoaren diagnostikoa batez ere sintometan oinarritzen da. Endoskopia lesioa bistaratzeko eta azterketa histologikoa osatu ahal izateko eta Helicobacter pylori identifikatzeko laginak hartzeko erabiltzen da, baina oraindik ere arazoak daude proba hau biztanle guztien esku azkar jartzeko. Dena dela ere, proba endoskopikoa egin gabe ere detekta daiteke Helicobacter delakoa: arnasatsean markatutako urearen gaineko testa oso fidagarria da, baita gaixoen odolaren antigorputz jakin batzuk agertzea ere.

  • Helburua: sintomak arintzea, muki mintzaren osotasuna berrosatzea eta berriz gaixotzea eta konplikazioak prebenitzea.
  • Zer egin behar den: funtsezkoena Helicobacter pylorik sortutako infekzioa gainditzea eta jariaketa gastrikoa neutralizatzea da. Bizimoduari buruzko ohiturei dagokienez: erretzeari utzi, eta ez hartu antiinflamatorio, aspirina edota mukosa alda dezaketen medikamenturik.
  • Farmakoak: tratamenduaren Helicobacter errotik kentzea da. Sintomen intentsitatea dena dela ere, ultzera peptikoa duten pazienteek baziloa kentzeko tratamendua hartu behar dute. Medikamentu ugari probatu izan da, eta horietatik bat ere ez da bera bakarrik baziloari aurre egiteko gauza. Ondorioz, tratamendua farmako konbinaziorik eragingarrienean oinarrituko da. Helicobacterra kentzeko, ultzera sendatzeko eta berriro ez gaixotzeko terapiarik eragingarrienetakoa terapia hirukoitza da (bismutoa, metronidazola eta amoxizilina), bi astez emanda, eta H2ren kontrako hartzaileen antagonista batekin konbinatuta.
  • Eragozpenak: bi asteko tratamendua da, eta 200 konprimitu hartu behar dira egunean lau alditan, ondorio sekundario asko uzten dutenak. Mentalizatu beharra dago, informazioa eskatu, eta medikuaren preskripzioaren aurrean ez ikaratu.