Mikrouhin labean kuzinatzea

Hona osasun bidea, aukeran

Elikagaiak desizoztu, berotu... beste zerbaiterako balio ote?
1 apirila de 2003

Hona osasun bidea, aukeran

Milaka pertsonaren bizimodua erruz aldatu da gure sukaldeetan mikrouhin labea sartu zenetik; egun, izan ere, askorentzat aparatu hori etxean ez izatea ezinezkoa litzateke. Mikrouhin labearen ontasunak, funtsez, elikagaiak berotzeko azkartasun eta erabiltzeko erosotasun eta erraztasunean dautza. Horri esker, etxetresna elektriko hori distirarik gabeko sukaldaritza nagusi duen eguneroko bizimoduari egokitu zaio, batez ere lehenagotik prestaturiko elikagaiak berotu eta desizozteko.

Mikrouhin labeak, ordea, elikagaien berotze hutsa baino askozaz ere aukera gehiago ematen ditu; areago, frijiki eta saltsak moldatzeko ere balia daiteke.

Mikrouhinen funtzionamendua

Mikrouhin labeak gainerako konbentzionalez zeharo bestela funtzionatzen du. Uhin elektromagnetikoak -mikrouhinak- igortzen dituelarik, hauek elikagai barneko ur molekulei elkar igurtzarazten diete. Igurzte horren ondorioz berotasuna sortu eta gainerako molekuletara doa, kontaktuz. Horrela berotzen da elikagaia. Mikrouhina bat edo bi zentimetroko sakoneraino sartzen da eta, ondoren, berotasuna hedatu egiten da. Berotze abiadura, konbentzionaletan baino lau bat aldiz handiagoa da.

Tresna egokiak

Elikagaiak berotu ahal izateko, mikrouhinek elikagaia eta ontzia zeharkatu behar dituzte. Egokiak dira beira, portzelana, zeramika eta plastikozko ontziak, hauen etiketan mikrouhin labeetan sartzeko modukoak direla berariaz agertzen bada.

Hainbat plastiko, frogatu izan denez, berotzean osagai batzuk galdu eta, ondorioz, toxiko bihur daitezkeenez, mikrouhin labeetan bereziki baliatuak izateko ontziak soilik erabili behar dira (horixe adierazten duen ikur edo etiketa izaten dute). Material lagungarri gisa, paper xukatzaileak, film gardenak, labean erretzeko poltsek, zatar paperak eta paperezko moldeek ere balio dute. Inola ere ez da metalik erabili behar, ezta aluminiozko paper, labana, sardexka edo koilararik ere: horrelakoak baliatzekotan, mikrouhinek labeko paretetan talka egin eta magnetroiak matxura nozi lezake. Beste horrenbeste gertatzen da metalezko elementu, marrazki edo apaingarririk duten baxerekin. Papera eta kartoia, azkenik, erre egin daitezke.

Mikrouhin labearen aukerak

Errezetak prestatzeko azkartasuna
Elikagai deshidratatuak edo ur gutxi daukatenak likido gehiago dutenak baino lehenago berotzen dira eta baliteke gehiegi berotu eta kiskaltzea ere, oso potentzia handiekin kuzinatzen badira. Mikrouhin labeari esker elikagaiak minutu gutxitan desizoztu daitezke, erradiazioek germenak suntsitzen dituztelarik. Elikagaia bere ontzitik atera gabe berotzen du zuzenean edota kuzinatu egiten du, amen batean. Erabiltzaileek sarri diotenez, mikrouhinetan prestaturiko janaria berehala hozten da; horrelakorik ez gertatzeko, berotzen edo kuzinatzen ari den bitartean jakia behin edo birritan eragin eta, labea itzaliz gero, 20 bat segundo pausatzen uztea komeni izaten da, tenperatura guztiak oreka daitezen. Mikrouhin labeari esker hamaika plater egin daiteke oso denbora laburrean eta modu ezin hobean. Horrelaxe gertatzen da frijiki, zuku, saltsa, sarrera, zopa eta beste askorekin.

Erosotasuna
Jango den ontzi berean kuzina daiteke jakia. Mikrouhin labea garbitzeko, gainera, bikarbonato eta limoiz igurtziriko oihal bat pasatzea aski izaten da.

Zapore naturalagoak
Elikagaiak beren zukuan egosten direnez, gatz mineralak mantentzen dituzte eta elikagaiaren egiazko zaporea hobeto atzematen da horrela.

Nutrizio balioan duen eragina

Elikagaien nutrizio balioari dagokionez, egundaino ez da frogatu mikrouhin labeek bestelako egospen-sistemek baino galera handiagoak sortzen dituztenik. Areago, produktu izoztuetan, egosaldia azkarrago gertatzen denez, bitaminen galera urritu egiten da. Horrez gainera, elikagaiak beren zukuan egosten direlarik, ingurune likidoetan gertatzen den mantenugaien galera murriztu egiten da honela.

Nolanahi ere, elikagai jakin batzuk kuzinatzean, arreta handiz aritzea komeni izaten da. Mikrouhin labean, egosteko denbora janariaren bolumenaren arabera kalkulatzen da. Denbora tarte hori pasatakoan, elikagaiek bitaminak galdu eta, horrela, osagai batzuk (hala nola proteinak) desnaturalizatu egiten dira. Mikrouhin labean kuzinatutako elikagaiak usainez ahulago eta bestela prestatutakoak bezain atseginak ez direla frogatu izan da ikerlan askotan. Beste aldetik, elikagaiak ez dira xigortzen, ezta kraskatsu agertzen, aparatuak horretarako berariazko xigorgailua ez badauka.

Osasunari dagokionez…

Mikrouhin labeen arrisku nagusia ez datza uhin elektromagnetikoen izaeran, elikagaiak berotzeko potentzia eta eraginkortasun handiagoan baizik: horrek platerak gehiegi berotu eta, ondorioz, gizakiengan era askotako erredurak sortaraz ditzake. Susmo txarrik ez izateko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS), 1992 urtean bertan ziurtatu zuenez, mikrouhin labeetan prestaturiko elikagaien erabiltzaileen osasuna arriskutan dagoela esateko inongo frogarik ez dago, fabrikatzailearen argibideak zehazki betetzen badira.

Frijiki eta saltsak

  • Frijikiek ez dute ontzeko osagai askoren premia: egosaldia biziki azkar egiten denez, elikagaiak ez du ongailua xurgatzen. Horrela bada, zaporetsu, arin eta digestio errazeko gertatzen da dena.
  • Ahal dela, saltsak ontzi zabal eta apalean egosiko dira, azkartasunaren eta lurruntzearen mesedetan. Ezer ez da ontziari itsatsita geratuko, gainera.

Sarrerak: orea, arroza, zopa eta barazkiak

  • Orea eta arroza mikrouhin labean eta modu tradizionalean berdin egiten dira, praktikan: parte bat elikagai eta hiru parte ur.
  • Hobe izaten da zopa estalkirik gabe egostea, zerbitzatuko den ontzian bertan edo katilu indibidualetan. Salda asko daukatenak bakarrik estaltzen dira, zipriztinik gerta ez dadin.
  • Berotutako ontzia hotza badago ere, likidoak bero-bero egon daitezke. Oso litekeena da beroturiko likidoei lurrunik ez jariatzea, are tenperatura lurruntze-puntutik gora dabilenean ere. Erredura ugari gertatzen da horrela.
  • Barazkiak, garbitzeko baliatu den urez bustirik, ontzian antolatu, estali eta, egosaldiaren erdia eginikoan, eragin behar zaie. Osorik, bere azal eta guzti ere kuzina daitezke (kalabazina, patata, berenjena, tomatea, etab.). Aurretiaz sardexkarekin ziztatu edo labana txikiarekin zulatu behar dira, barne presio handiagoaren eraginez leher ez daitezen.

Jakiak: haragia, arraina

  • Haragi-pusketa handiak hezurgabetu eta potentzia erdian kuzinatu behar dira denbora tarte luzeagoan. Era horretan beroa barneraino iritsiko da, azala kiskali gabe.
  • Arrautzak ez dira oskol eta guzti kuzinatu behar, lehertu egiten direlako horrela.
  • Arrainak ere ederki kuzinatzen dira mikrouhin labean, soilik, ur tanta bat, gatz, olio eta limoi zukuarekin edo, bestela, pusketa txikitan ebakitako barazkiekin, egospena egokiro homogeneoa izan dadin.
Hainbat elikagai prestatzeko trukuak
  • Antolatu janaria era uniformean bere ontzian, estali film edo estalki batez, jana ukitu gabe.
  • Plater bat baino gehiago batera berotzen baduzu, saia zaitez antzeko anoak prestatzen, une berean denak pronto egon daitezen.
  • Beharrezkoa bada, berotzen edo kuzinatzen ari den bitartean, eragin janariari hainbat aldiz.
  • Elikagai gehienak egosteko ez da urik erabili behar, elikagaiaren uraz baliatzen baita mikrouhin sistema hau.
  • Moldeak erdiraino baino ez dira bete behar, honelako egospenak labe konbentzionalak baino harroago bihurtzen dituelako irabiatuak.
  • Biberoiak edo ume txikien janariak prestatzean, ibili arretaz.