DVDentzako grabagailuak

Ikusgarria

DVD aparailua, berez, gaitasun handi-handiko CDa da; izan ere, film bat ere kabitzen da bertan
1 apirila de 2003

Ikusgarria

Hasi berri diren teknologia berri guztiekin gertatzen den modura, DVDarentzako grabagailua presaka eta korrika erostea inbertsio eskasa izan daiteke erabiltzailearentzat.

Bada datuak DVDan biltzeko modu bat baino gehiago, grabagailuen marka eta modeloak bat baino gehiago diren legez. Denetan bakarra gertatuko da irabazle, ordea. DVD batean datuak biltzeko erak ez luke kontsumitzailearentzat inongo garrantzirik izango arrazoi soil batengatik ez balitz: oso litekeena da erabiltzaileak ustekabe desatsegina hartzea, formatu jakin batzuetan (elkartezinetan) grabaturiko hainbat DVD erreproduzitzeko garaian bere irakurgailua gai ez dela egiaztatzean. Hasieran “Bideo Disko Digital” bataiaturik eta geroago “Disko Aldagarri Digital” izendatu bazuten ere, egun DVD ez da akronimoa, aurki etxe guztiez jabetuko den teknologia baizik. Duda-mudako hasiera eginik, atean kas-kas dugu DVDa deika, etxean dauden tresna guztiak konkistatzeko prest.

Etorkizuneko formatua

Plazaratu zenetik bost urte ozta-ozta iragan direnean, elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa bilakatu da DVDa. Merkatuko lehia izugarria izaki, prezioak harriaren abiaduran amildu dira: dagoeneko, PC batentzako grabagailuaren prezioa 300 euro ingurukoa (edo 1.000 eta 1.500 euro bitartean, telebistatik zuzenean grabatzen baldin badu) eta disko birjinen kostua hiru eurotik jaitsi dira.

DVDa, datuak biltzeko sekulako ahalmena duen disko optikoa denez, euskarri egokiena da datu kopuru eskergak maneiatzeko, CD baino kalitate handiagoko audioa entzun edota zineko kalitatez bideoa ikusteko orduan. Itxuraz, CD-ROMen berdin-berdintsua delarik, euskailu horren 650 MB baino edukiera dezente handiagoa du. Hona DVDen alderdi erakargarrienetako bat: musikako CD eta CD-ROMekin elkargarria denez, horiek DVDen irakurgailuetan arazorik gabe erreproduzitu ahal izango dira etorkizunean ere. Horrelako abantailei esker, aurki CD-ROMaren ondorengo bihurtuko da eta, nola ez, VHS bideoarena ere bai, epe ertainera. Era berean, CDen erreproduzitzailearen, “laserdisk” (binilo baten tamainako zilar koloreko disko haiek) eta bideo-jokoen kartutxoen ordezko izateko aukera handia omen du.

Pelikulak baino gehiago

Zinemarekin identifikatu ohi da DVDa baina, izenak zehazki dioskunez, erabilera anitzeko diskoa da, era askotako datuak bil ditzakeen euskailua, alegia: programak, jokoak, musika, bideoa …

DVDaren edukiera handia dela medio, irudi “bizidunaren” (mugikorraren) eroale egokia da. Soilenek 4,7 GBraino grabatzen dute (hots, CD-ROM baten edukieraren 7,2 halako): espazio horretan aise sartzen da bi orduko bideoa, 5 + 1 kanaleko surround soinu-banda eta azpitituluak hainbat hizkuntzatan. Dena den, badira 17 GBren edukiera dutenak ere, datuak azkarrago irakurri eta idazteaz gainera.

Ez da harritzekoa, beraz, DVD bakar batek pelikula osoa kalitate handiz gordetzeko balio baitu, bideoaren ordezko bilakatu izana. Nolanahi ere, hortaz aparte, DVD-ROM disko gogorraren osagarri baliagarria ere bada, PCetako datuak gordetzeaz ari garela.

Siglen galmendian

DVDentzako grabagailuek siglen saski-nahaskia ekarri dute gure artera, kontsumitzailearen kaltetan. Garrantzi handikoa da “aplikazio formatuak” (bideoa, audioa eta datuak, funtsez) eta “grabazio formatuak” (DVD-RAM, DVD-RW eta DVD+RW) bereizten jakitea.

Batez ere pelikulak grabatzeko baliatzen delarik, DVD-Bideoa dugu denetan ezagunena (izan ere, “DVD” soilik esan ohi zaio), eta DVD-Audio motakoak oraino ez dira biziki herritartu. DVD-ROM (datuak biltzekoa) dugu CD-ROMen ahaide nagusia, eta ordenagailuen irakurgailuetan bakarrik erreproduzi daiteke. Era askotako datuak gordetzen dituzte, noski, baita pelikulak ere. DVDak erreproduzitu ez ezik, grabatu ere egin daitezke… etxean bertan. Grabagailuen eskutik etorri da disko molde eta grabazio erei dagozkien siglen nahaste-borrastea.

Sistemen arteko lehia

Industriak ere guda-zelaian diharduenez, orain lasterketa zein zaldik irabaziko duen apustua egitea garai batean VHS sistema mugatua Betamax ahaltsuari nagusituko zitzaiola asmatzea bezain zaila da.

Lehia benetan bortitza izaki, DVDak grabagailuen sailetik “birgrabagailuenera” jauzi egin dute zuzenean, hauetan datuak behin eta birritan ezabatu eta grabatzeko aukera baitago, higadurarik edo kalitate galerarik nozitzeke.

Sistema batekoak zein bestekoak izan, erabilera bakarreko diskoak erosteko arrazoia soila da: bestelakoak baino merkeago izateaz gainera, elkargarritasun alderditik arazo gutxiago izaten dituzte. Kontuak grabazio formatuak (elkarren artean elkartezinak) bereizten dituzten “+” eta “-” zeinuen artean aukeratu behar izatean agertzen dira.

DVD-R/RW grabagailuak eta horien disko elkargarriak dira denetan merkeenak. DVD+R/RW aukerak abiadura eta irakurgailuekiko elkargarritasun handiagoak eskaintzen ditu. Liskar horretan, formatu guztiekin elkargarri den estreinako grabagailua plazaratua du Sony markak. Nolanahi ere, modelo baten zein bestearen aldekoek amore emateko prest ez daudela iragarri dute.

Informazioa jasotzeko
www.dvddemystified.com

DVD diskoez jakin beharreko guztia ez ezik, askozaz ere gehiago. Orria ingelesez idatzirik dagoen arren, beste hizkuntza askotako itzulpenak ditu, are espainolezkoa ere.

Filmak direla eta
www.dvdgo.com

Pablo Carbonell, Santiago Segura eta Gran Wyoming “adiktuek” beren artikuluak idazten dituzte DVDen tituluez josiriko orri honetan.

DVDaren garaia
www.timefordvd.com

Eskuliburuak, albisteak, pelikulak, hardwarea, softwarea… denetik agertzen da errealitatean bi hankak ipini dituen orri honetan: DVDen helduaroa iritsi da.

Grabazio formatuak

Aurreko hamarkadaren hasieran, fabrikatzaileak elkarren aurkako zeuden bideorako CDaren baliokidearen teknologia ikertzean. Azkenean, bideo analogikoaren sistemekin gertaturiko enfrentamendurik berriro jazo ez zedin, proiektuak DVD sistemara bateratu ziren.

Gerra, orain, grabazio estandar baten sorrerari iritsi zaio. Une hauetan, DVD birgrabagarriaren merkatuan hiru teknologiak dihardute lehian. R hizkiak esan nahi du diskoan behin bakarrik graba daitekeela (DVD-R edo DVD+R); RW bikoteak, aitzitik, DVD-RW eta DVD+RW diskoek hamaikatan idatzi eta grabatzeko balio dutela adierazten du.

  • DVD-RAM diskoak aitzindari izatearen abantaila eta eragozpenak ditu. Bost urteko adina izateak esan nahi du, batetik, zuku guztiak erauzi zaizkiola eta, bestetik, gainditu egin dutela besteek: mantsoa eta erabilera zailekoa da, belaunaldi berrikoen aldean. Eta merkea den arren, ez da DVD irakurgailu konbentzionalekin elkargarri.
  • DVD-RW, berriz, telebista eta PCrako DVD irakurgailu konbentzional gehientsuekin elkargarri da, eta erabilera bakar (DVD-R) edo anitzeko (DVD-RW) diskoak grabatzeko aukera ematen du. DVD-RW bat grabatzeko, hasi baino lehenago diskoa formateatu behar da eta, amaitutakoan, “itxi” egin behar da: horrek guztiak prozesua mantsotu egiten du.
  • DVD+RW, bere aldetik, DVD-RW baino 2,5 aldiz azkarrago da (ez da zertan diskoa hasieratu, ezta itxi ere), eta irakurgailuekiko elkargarritasun aldetik arazo gutxiago ematen du. Grabazio soila egiteko, DVD+R sistema baliatzen du.