Gehiegizko zaraten sortzailea salatzeko bidea ematen du Legeak
Gehiegizko zarata arazoa dela ez du inork ere auzitan jartzen. Gau eta egunezko aisia-jardueren, obra eta lanen, gertuko errepide eta aireportuen, fabrika zaratatsuen eta abarren ondorioz, kexak etengabe aurkezten ari dira eraginiko auzoak, beren etxebizitza eta kutuntasuna bizi kalitatea endekatzen dien bolumen altuegiko hamaikatxo durundak inbaditurik nozitzen dutelarik.
Europar Batasunaren kalkuluetan, giza jardueren ondorioz giroko hotsa aspaldi honetan bikoiztu egin da kide diren herrialde guztietan. Espainian bakarrik, 9 milioi pertsonak jasaten dituzte batez beste 65 dezibelioko hotsak (Osasunaren Mundu Elkarteak onarturiko gehienekoa, alegia). Adituen arabera, kutsadura akustikoa da egun higuingarrienetako bat, gizakiaren ongizatea gehien eragiten dutenetako bat.
Europako legeek xedatua dute egun argiz 65 dezibelio eta gau ilunean 55 dezibelio direla hotsaren muga onargarriak. Osasunaren ikuspegitik, 75 dezibelioetatik aurrera hasten da entzumena endekatzen, hondatzen, eta 85 dezibeliotik aurrerako bolumenak pairatu ohi dituztenek gorreria sentsorineural progresiboa (neuronak kitzikatzen ez direlako) nozitzeko aukera handiak dituzte. Jakina denez, 125 dezibeliotik gora mina agertzen da eta honen atalasea 140 dezibeliotan kokatzen dute zientzialariek.
Etxebizitza batean onarturiko dezibelio-kopuruak aldatu egiten dira udalerri eta jarduera batetik bestera. Areago, udal batzuek mugak jartzerakoan izugarri zehazten dituztenez, ondorio hauetarako etxebizitzako gelak eta zonak bereizten dituzte: egongelan dezibelio-muga bat onar daiteke eta logelan beste bat, apalagoa.
Horrenbestez, hotsak amai daitezen eskatzeko zeinahi tramiteri ekin aurretik, udal ordenantzek zer xedatzen duten jakitea komeni izaten da: zer den jarduera higuingarria eta zein diren kasuan kasuko muga onargarriak (dezibelioena eta ordutegiena).
Etorkizuneko Hotsaren Legea
Arestian Espainiako Ministro Kontseiluak etorkizuneko Hotsaren Legearen proiektuari onespena eman zion. Testu horren helburua, osasunari zein inguruneari molestia eta kalteak ez eragiteko, kutsadura akustikoaren mailak urritu, zaindu eta aurreikustea da: horrela, hiritarrari hots higuingarrien igorpenaren aurkako eskubide konstituzionalak bermatuko zaizkio. Aurki indarrean sartuko den Lege horrek 30.000 eurorainoko isunak ezartzea aurreikusia du, lege urratze larrien kasuetan (zarata-muga garaienak gainditzen direnean, ingurugiroa edo pertsonen osasun zein segurtasunaren kaltetan).
Nolanahi ere, Lege horrek aplikazio eremua murriztuko duelarik, etxeko jardueretan edo auzotarren erlazioetan sortarazitako kutsadura akustikoa ez du halakotzat jasotzen, tokian tokiko erabileren arabera, pairatzeko modukoak diren mugen barnean.
Hotsaren Legeak arautuko dituen alderdiei dagokiela, lurzoruaren erabilera nagusiaren arabera, bizitoki den lurralde espainiarra area akustikotan sailkatuko da: bizitegi-lurraldea, industriala, aisia eta ikuskizunetakoa, horiez bestelako hirugarren sektorekoak, osasun eta irakaskuntzakoa, garraio-azpiegiturek eragindakoa eta espazio natural zehatzak. Area akustiko bakoitzerako Gobernu espainiarrak kalitate-helburu batzuk finkatuko ditu, emisio-indizeen balioak, biztanleriaren (batez ere, biztanle-talde sentsibleen) egonaldi-arriskua, faunaren eta beronen habitaten sentsibilitatea, ondare historikoa eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa gogoan izaki. Etxebizitza, bizitoki, ospitale, ikastegi edo antzeko erabilerak hartuko dituzten eraikinetako barne-espazioari aplikatzeko moduko kalitate-helburuak ere finkatuko dira. Horrez gainera, 100.000 biztanletik gorako hiriek hotsen mapa egin beharko dute, tokian tokiko zarata emisioen mugak finkatu eta jaisten laguntzeko.
Nola eskatu zaratak amaitzeko
Hots maila handiegia isiltzen laguntzeko lehen aukera, noski, lagun moduan eskatzea da. Baliteke zarata egiten duena eragiten dituen molestiez kontziente ez izatea eta, ohartarazpena jasotakoan, zarata bolumena jaistea. Noiznahi komeni da urrats hau egitea: emaitza onak ekartzen baditu, ez dugu zertan tramite neketsuagorik (ez beti doanekoak) egin. Baina adiskidantza bitartez ezer lortzen ez badugu, bada biderik hots emisioak desagertzeko edo tamaina jasangarrietara ekartzeko.
Gehiegizko zarata Udalean salatu behar da, elkarbizitza lasaiaz gozatzeko herritarrak duen eskubidearen ardura Udaletxearena baita, ordenantzak aplikatuz.
Bete beharreko tramiteak:
- Salaketa hori partikularrak edo talde batek (zaraten molestiak auzokide bat baino gehiagok nozitzen badituzte) egin behar du, idatzizko agiri bat Udalera igorriz.
- Udal teknikarien inspekzioa eta txostena dator hurrena.
- Salatzailearen alegazioak. Kasu jakin batzuetan bada neurriak premia larriz har daitezen eskatzea: jarduera berehala uztea edo instalazioak ixtea, adibidez.
- Alkatearen dekretua, neurri zuzentzaileak eta exekuzio epea xedatuz.
- Larrialdiko kasua izatekotan, salaketa Udaltzaingoan aurkez daiteke; honek lehenbailehen inspekzio-bisita egin beharko du.
- Espedienteari hasiera eman zitzaionetik hiru hileko epean Udalak erabakirik hartu ez badu (isilune administratiboa), salatzaileak errekurtso kontentzioso administratiboa jarri ahal izango du, eskakizunari uko egin zaiolakoan.
Udalean aurkezturiko salaketa eginik ere, baimendutakoez gaineko hots emisioen aurrean inolako erantzunik jasotzen ez bada edo Udalaren permisibitatea baldin bada ihardespena, zaratak isiltzeaz gainera, kalte-galerengatiko indemnizazioa eskatu ahal izango dio herritarrak Udalari, herri-administrazioaren ondare-erantzukizunean oinarriturik.
Zarata emisio higuingarriak sortarazten dituenaren kontrako demanda jartzen da honelakoetan. Hotsen iturri zein den (norberaren eraikina, aldameneko eraikinak, kaleko jarduerak, etab.), tramiteak ere aldatu egiten dira.
Norberaren eraikineko toki edo etxebizitzetan sorturiko zaratak
Estatutuetan galarazita dauden edo finkarentzat kaltegarri gerta daitezkeen jarduerak etxebizitza edo lokaletan gauzatzea debekatzen die Jabetza Horizontalaren Legeak bai jabeari bai maizterrari ere.
Bete beharreko tramiteak:
- Presidenteak, bere kabuz edo beste jabe zein maizterrek hala eskatuta, zarata egiten duen auzokideari idazki fede-emailearen (buro-fax, eskutitz egiaztatua, etab.) bitartez, jarduera higuingarriei amaiera eman diezaien. Bestela, komunitateak egintza judizialetara joko duela ere jakinarazi beharko dio agirian.
- Lege urratzaileak bere horretan segitzen badu, Jabeen Bilerarako dei egingo da eta bertan Presidenteari uzte-egintza judizialari ekiteko baimena emango zaio.
- Demandarekin batera, kautelazko neurriak hartu eta kalte-galerengatiko indemnizazioa ordaintzea eskatu ahal izango da.
- Lege-urratzailea maizter baldin bada, demanda-agirian etxebizitza edo lokaletik kanporatua izan dadin eskatu ahal izango du komunitateak. Hiri Errentamenduen Legeak, gainera, errentatzaileari kontratua indargabetzeko eskumena ematen dio, jarduera higuingarri eta kaltegarriengatik.
- Jabeen komunitateak ez jardutea erabakitzen badu ere, eraginiko zeinahi jabek jo ahal izango du epaietara bere kabuz.
Aldameneko eraikinetik datozen zaratak
Bete beharreko tramiteak:
- Adiskidantzaz, gehiegizko zaraten ondoriozko molestien berri arduradunari jakinarazi eta neurriak har ditzan eskatzea.
- Horrela konpontzen ez bada, taberna, diskoteka, fabrika eta antzekoetatik datozen zaraten kasuan, salaketa Udalean aurkeztea. Premia larria baldin badago (obretan, adibidez), Udaltzaingora jotzea.
- Jarduerak bere horretan segitzen badu, auzitegi zibilean kautelazko neurriak eskatzeko demanda aurkeztu ahal izango da. Balizko argudioak: salatuak eskubideen ariketa antisoziala gauzatzea, erantzukizun estrakontraktuala edo legez kontra sartzea inoren kutuntasunean. Horretarako abokatua eta prokuradorea eduki behar dira. Kaltetua jabeen komunitatea denean, larrialdiz dei egin behar da jabeen Ezohiko Bilerara, Presidenteari legezko egintzei ekiteko baimena emateko.
- Kaltetuaren iritziz, Udalaren jokaera pasibotasunezkoa edo gehiegizko permisibitatezkoa baldin bada, baloratu beharreko kontua da Udalari ondare-erantzukizunagatiko erreklamazioa egitea.
Hil ala biziko auzietan bakarrik jotzen da honelako prozeduretara; zarataren kasuan, hotsak pertsonen osasunarentzat larriki kaltegarri gertatzen direnean (Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua). Hori betearazteko, araua urratzen dutenei 6 hilabetetik 4 urte bitarteko zigorrak ezartzen dizkie Kode Penalak (325. art.)
Bete beharreko tramiteak
- Salaketa edo kereila Auzitegian aurkeztu behar da. Lekukoak eramatea komeni izaten da. Kalte-galerengatiko erreklamazioa egin daiteke.
- Kereila jartzeko (baita prozeduran akusazio partikular gisa jardutean ere) abokatua eta prokuradorea eduki behar da.
Bestelako erreklamazio bideak
Gehiegizko zarataren kontrako erreklamazioa ere egin daiteke Epaitegi Konstituzionalean babes errekurtsoa aurkeztuz, norberaren bizilekuaren intimitate eta bortxa-ezintasun eskubideak urratzeagatik (Espainiako Konstituzioko 18. artikulua). Nolanahi ere, bide honetara jo aurretik prozedura judiziala agortu beharra dago.
Azkenik, badago Arartekoaren aurrean kexa aurkeztea ere.
Hots mailak eta horien eraginak osasunaren baitan
Dezibelioak | Eraginak organismoan | Hots iturriak |
---|---|---|
0-30 | Ez da eraginik. | Txoriak kantari, liburutegia, zuhaitzetako hostoak. |
30-55 | Erreakzio psikikoak. Loak hartzeko zailtasuna. Loaldiaren kalitatearen galera… |
Etxe barnean, ordenagailu pertsonala, hizketaldi arrunta. |
55-75 | Ahozko komunikazioan zailtasunak. Loaldia eteteko aukerak. Ahozko komunikazio nekeza. |
Euria, jatetxearen barruan, zurrunga, aspiragailua, telebistako bolumena altu, zaborreko kamioia. |
75-100 | Sistema neurobegetatiboan eragin fisiologikoak. Erreakzio psikiko eta begetatiboak ugaltzea. Entzumenean lesioaren arriskua. |
Diskotekan, isilgailurik gabeko motorrak, aireportutik gertuko etxebizitza, autobuseko bozina. |
100-130 | Nerbio zeluletan lesioak. Mina eta trastorno larriak. |
Kaleko zulagailuak, eraikinaren gainetik hegazkina igarotzen. |
140 | Minaren atalasea. | Hegazkina aireratzen, 20 metrora. |