Ingurumenarekin errukiorrago
Nekazaritza tradizionalak labore lurretan antzinatik datozen praktikak hedatzen ditu, baina horiek ingurumenari kalte egiten diote. Uzta hondarrak edo uztondoak erretzea bezalako teknikak, edo belar txarrak kontrolatzeko eta ereiteko lurra prestatzeko iraulketa edo goldaketa egitea arazo iturri dira, esate baterako, erosioa eta lurra trinkotzea dakarte. Gainera, teknika konbentzional horietako batzuek, ongarri eta pestizidekin, lur azaleko ura kutsatzen, lurreko materia organikoa murrizten eta atmosferara CO2 gehiago botatzen dute. Bada, ordea, lurra lantzeko beste modu hoberik: lurraren osagaiak, egitura eta biodibertsitatea gutxiago aldatzen duten nekazaritza praktikak dira, eta erosiotik eta degradaziotik babesten dutena.
Bestea bezain errentagarri
Teknika horien artean daude, besteak beste, landu gabeko ereintza edo laborantza minimoa, uzta hondarrak ez gehitzea -edo partzialki gehitzea- eta zur landaketetan (fruituetarako edo egurretarako arbolak eta zuhaixkak) lurra babesteko estalki begetalak.
Antza denez, kontserbazioko nekazaritza konbentzionala bezain errentagarria da, hasieran ereiteko makineria berezia erosteko gastua egin behar bada ere.
Nekazaritza mota honek lurrean goldea murrizten, aldatzen edo kentzen du eta uzta hondarrak erretzea saihesten du, urte osoan behar besteko hondar begetalezko estalkia egon dadin. Ondorioz, lurra erosiotik eta euri uretik babesten da eta, aldi berean, modu natural batez, egonkortasuna, eduki organikoa eta emankortasun maila handitzen dira. Horrek guztiak lur azaleko uraren kutsadura eta atmosferara botatzen den CO2 kopurua urritzen du, eta biodibertsitateari laguntzen.
Lurrean materia organiko gehiago
Nekazaritza konbentzionalean jarduera gehienak lurra solteago jartzera bideratzen dira, baina ez da horrelakorik gertatzen. Laborantzaren ondorioz lurraren oxigeno bolumena handitu egiten da, eta horrek mineralizazioa handitzea eta materia organikoa gutxitzea esan nahi du, eta azken hori da lurraren bizitzarako funtsezko osagaia. Esperientziak frogatu duenez, teknika kontserbazionistak laborantza mekanizatua murriztea baino askoz gehiago esan nahi du.
Urte askotan lantzen ez den lur batean uztaren hondarrak lur azalean geratzen dira, eta estalki edo geruza begetala osatzen dute. Geruza horrek lurra euritik eta haizetik babesten du, eta lurraren hezetasun maila eta azaleko tenperatura egonkortzen du. Horrenbestez, inguru hori hainbat organismorentzako habitat egoki bihurtuko da, horien artean intsektu handiak zein onddo eta bakterioak. Organismo horiek lizuna beratzen eta desegiten dute, harik eta humus bihurtzen den arte, eta horrek lurraren egitura fisikoa egonkortzen lagunduko du. Aldi berean, lurreko materia organikoak ura eta elikagaiak biltzeko zeregina ere betetzen du.
Munduan eta gurean
Kontserbazioko nekazaritza munduko zenbait lekutan sustatu izan da. Kalkuluen arabera, 2001ean planetan 60 milioi hektarea zeuden ereintza zuzena praktikatzen zutenak. Espainian, landuta dauden 15 milioi hektareetatik 1,2 milioi hektarea zeuden nekazaritza mota honetan landuta eta, beraz, rankinean postu on samarrean da. Iberiar Penintsulan kontserbazioko nekazaritzak mesede handia egin dezake. Baldintza klimatologikoak eta topografikoak ezin hobeak dira erosio prozesuek aurrera egin dezaten, eta horiek gainera, laborantza intentsiboaren ondorioz, asko hazi dira azken urteotan. Nekazaritzako lurren %50 erosio arrisku ertain-handian dago, eta eskualde batzuetan proportzioa %70ekoa da.
80ko hasieran, ekar ditzaketen abantailak eta munduko beste eskualde batzuetan erakutsitako egokitzapen ona ikusirik, Espainian hainbat saiakera egin ziren teknika horiek penintsulako ekosistemari nola egokitzen zitzaizkion aztertzeko. Saiakera horietako batzuek dagoeneko 15 urte bete dituzte, eta guztiek erakutsi dute, ingurumenari eta nekazaritzari hobekuntzak ekartzeaz gainera, bideragarritasun ekonomiko handia dutela, kosteak eta denbora aurrezten baitira.
Aplikaziorik handiena neguko zerealei dagokie (garia eta garagarra), 700.000 hektarea ingururekin, baita artoari ere, 50.000 hektarearekin. Gaur egun aukera zabaltzen ari da eta koltza, ilarrak, txitxirioak, erremolatxa, lihoa, kotoia etab. lantzen dira.
Labore iraunkorrei dagokienez, estalki begetalen sistema olibondoetara, fruta arboletara (zitrikoak, madariondoak, muxikondoak eta mahastiak) eta baso sistemetara (eukaliptoa, larreak, baso berritzeak) hedatzen ari da.Laborantzak, lurra irekitzean, estalki naturala hondatzen eta lurreko partikulak sakabanatzen ditu. Lurra estaltzea erosioaren eta degradazioaren kontra borrokatzeko modurik eraginkorrena da. Horretarako, estalki begetal biziak edo hilak erabil daitezke. Estalki begetal biziak, euri uraren tantei bidea oztopatzeaz gainera, lurraren infiltrazio abiadura bizkortzen du.
- Nekazaritza konbentzionalak makineria erosteko eta zaintzeko kontserbazioko nekazaritzak baino inbertsio handiagoak behar ditu, eta erregai eta esku lanean gastu handiagoa dauka. Kosteak aurrezte horrek teknika kontserbazionisten aparteko gastu batzuk konpentsatzen ditu, hala nola “zuzeneko ereintzarako” makinak erosi beharra. Oro har, kontserbazioko nekazaritzan energi kontsumoa murriztu egiten eta produktibotasun energetikoa handitzen da, hau da, lortutako etekin energetikoaren eta produkzioan kontsumitutako energiaren arteko proportzioa.
- Zuzeneko ereintzak (laborantzarik eza) ereiteko operazio edo makina pasatze bakarra behar du, eta teknika konbentzionaletan bi edo hiru operazio egin behar dira lurra prestatzeko eta ereiteko. Ondorioz, makineria erosteko eta zaintzeko gastuak murriztu egiten dira, urteko eta hektareako 97 euro inguru.
- Konbentzionalarekin alderatuz gero, erregaia aurrezten da, zehazki 31,5 litro gasolio hektareako eta urteko.
- Olibondo alorretan, laborantzarik gabeko erregimenean 60 eta 80 litro gasolio artean aurrezten da, eta 3 eta 5 lan ordu artean hektareako eta urteko.
- Nekazaritza sistema honen defendatzaileek diotenez, ez da errendimendu txikiko nekazaritza, eta intentsibo konbentzionalarekin pareka daitezkeen produkzioak ematen ditu. Epe laburrean, eragozpenak ereiteko ekipo bereziak erosi beharretik eta lan dinamika berritik sortutako gastuak izan daitezke, izan ere, nekazaria dinamika berri horretan trebatu egin beharko da.