Hil honetan APDE sariak banatuko dira, Dantzari dagokionez Goya sarien parekoak baina, zinemarekin ez bezala, oihartzun mediatikoa oso-oso txikia izango da. Zer gertatzen da baletarekin arte ederren artean ezezagun gorena izaten jarraitzeko?
Dantzari merezi duena baino jaramon gutxiago egiten zaio eta, garatzen duen jarduera eta hiritarrei eskaintzen dien proposamen kopuru handia kontuan hartuta, bere lanak dagokiona baino oihartzun txikiagoa izaten du.
Hogeita bost urte nahikoa al dira dantza konpainia batek bere nortasuna izan dezan?
Beste konpainia nazional zaharrago batzuekin alderatuz gero, gure gaztetasuna agerikoa da, baina halako erakunde baten berezko ezaugarriak zehaztu ditugu eta gure herrialdean dantzaren arloko aitzindaria izatera iritsi gara. Horrez gainera, dantza konpainia nazionalak koreografiak aztertzen, zaintzen eta sortzen dituzten instituzioak dira. Zilar ezteiak ospatzea aukera polita da orain arte egindako lanaz gogoeta egiteko. Gaur egun, Balet Nazionala autore desberdinen lengoaia guztiak elkartzen dituen konpainia bihurtu da. Ideia hori konpainia pribatu baten jarduerarekin alderatzen badugu ulertuko da hobeto, izan ere, konpainia pribatuak lengoaia jakin bat transmititu nahi du, konpainiarena berarena, edo sortzailearena… Baina hori hemen ez da gertatzen, Balet Nazionalak espainiar dantzaren korronte guztientzako lekua bilatzen du.
Espainiar dantzaz ari gara, baina, termino horrekin zer esan nahi dugu?
Zure galdera adierazpen artistiko honen inguruan dagoen ezjakintasunaren isla da. Egia da flamenkoa ospe garaian dela, baina dantza espainola ez da soilik flamenkoa. Fuenteovejuna da, eta dantza klasikoaren bitartez kultur aberastasun askotarikoa dago. Medea-ren bolero eskola da Miguel Narrosen gidoiarekin eta José Graneroren koreografiarekin, Mariemmaren Danza y tronío da, Balet Nazionalean beste inon errepresentatzen ez den maisu lana. Espainiar dantzaren aberastasun guztia berreskuratzea, proiektatzea eta ezagutaraztea da gure helburua, baina guztiarena, ez bakarrik flamenkoarena.
Zeregin hori ia oharkabean joaten zaio hiritar arruntari.
Berriro diot, komunikabideek oso kasu gutxi egiten digute. Estatuan apenas dagoen oihartzunik Madrildik edo Bartzelonatik kanpo ematen diren emanaldiei buruz. Eta nazioartean ere, ia-ia ez da politika, kirola edota, gehienez ere, zinema ez denari buruz hitz egiten. Balet Nazionalak aldi berean Alacanten, Bilbon eta Madrilgo Teatro Realen ematen ditu bere ikuskizunak.
Dantzari dagokionez, antzokiko foroak ezaugarri bereziak behar al ditu?
Ez, gutxienezko neurria behar du, eta antzoki askok daukate horrelakorik. Gainera, eszenatokia aztertu eta programa horren ezaugarrien arabera egokitzen da. Dantza ez da soilik opera antzokietan ematen.
Antzoki horietako batzuetan, abonuko aforoa baldin badago eta programa dantzari buruzko denean, sarritan aulkiak hutsik ikusten dira.
Tamalez, horrela da. Gure konpainian, publikoa denez gero, errentagarritasuna ez da lehentasunetakoa, eta artea pribatu batek daukan baino aurrekontu handiagoarekin zaintzeko betebeharra daukagu, baina betiere orekari eutsiz. Gainera, atzerrian egin beharreko birak ere sartzen ditugu, gure herrialdeko artearen enbaxadore eginkizuna ere bete behar baitugu.
Musika partitura bat edo opera libreto bat idatzirik geratzen dira eta, ondorioz, baita mende asko igaro eta gero ere, egileak asmatu zuen bezalaxe erreproduzi daiteke. Koreografia bat, ordea, nola iristen da etorkizuneko artistenganaino?
Baletaren sorkuntza, kontserbatzea, transmititzea eta berrinterpretatzea bideoaren agerraldiarekin bideratu zen auzia da. Koreografo batzuek beren ohar sistema garatu zuten, baina dantzaren lengoaia ezin da dokumentu idatzi batera bildu. Ondorioz, koreografia bakar ugari galdu da, eta horiei buruz ohar batzuk baino ez dira geratu. Gaur egun emanaldiak, entseguak eta pausoak ikasteko prozesua filma ditzakegu, eta horrek iraunkortasuna eskaintzen digu. Irudiekin batera, koreografoaren oharrak artxibatzen dira.
Dantzarien iratxoaz hitz egiten denean, berezko sena aipatzen da edo ikas daitekeen interpretatzeko modu batez?
Joan gaitezen zatika. Dantzari baten esfortzua ikaragarri handia da, eta bere ibilbidea oso luzea, arteari emandako edozein pertsonarena bezalakoa, zeinaren sakrifizioa eta ikasketak etengabeak eta oso zorrotzak diren, baina ez da horregatik mitifikatu behar. Dantzaria izateko lehenengo baldintza dantza asko maitatzea da eta, bigarrena, arte honek behar dituen ezaugarriak garatzea. Dantzak exekutatzailea eta bere gorputza jartzen ditu aurrez aurre, eta hor erabakiko da dantzaria izan daitekeen ala ez. Dantzari exekutatzailea izateko nahitaezkoa da ezaugarri fisiko jakin batzuk izatea, eta horietako bat indarra da. Ondoren, musikaren zentzu zorrotza garatzen da, musika irakurtzen jakitea ezinbestekoa ez bada ere. Dantzari batek belarriz jarraitzen dio musikari, interpretatu egiten du. Eta gero iratxoa dator, dantzaren bitartez komunikatzeko ahalmena, artea egiteko gaitasuna.
Gorputzaren garrantziaz mintzo zara. Dantzariek lesio bati nola egiten diote aurre?
Dantzariak fisikoki oso gogorrak dira. Eszenategian denak hauskorra dirudien eta mugimenduek sentsibilitatea transmititzen dituzten arren, dantzariak ia-ia atletak dira. Lesioak mitifikatu egin dira, eta horiek, batzuetan lazgarriak izan badaitezke ere, atzeraezina ez bada behintzat, makina atzera ere bere onera ekar daiteke.
Nola iristen da lehenengo dantzari izatera?
Galdera zuzena nola iritsi behar den litzateke, batzuetan bide harrigarriak egiten baitira. Onena dantzariak ikasketak amaitu eta dantza taldean integratzea da, eta hor onenak nabarmenduko dira. Pixkana-pixkana, bere dantza moldea modu indibidualean garatzeko aukera aurkituko du, eta horrek bakarlari izatera eraman dezake. Bakarlarien artetik onena lehenengo dantzari bilakatuko da. Eta lehenengo dantzarietatik oso gutxi iritsiko dira izar izatera.
Erretiroaren garaian, dantzako izar batzuk koreografo edo konpainiako zuzendari bihurtzen dira, zure kasuan bezalaxe.
Koreografo ugarirekin lan egin denean eta obra asko interpretatu denean, zure baitakoa adierazteko beharraren momentua iristen zaizu, zuk zeuk sortutako lengoaia batez komunikatzeko beharra sortzen zaizu. Lehenengo sortzeko premia sentitzen duzu, eta hori zuzendaritzara edo koreografo izatera iritsi aurretik dagoen unea da.
Balet klasikoarekiko hausturak erromantizismoa, tutuak eta dantzari buruzko ikuspegi arkaiko eta pinpirin samarrak bazter uztea ekarri zuen. Orduan, orain dela zenbait hamarkada, dantza garaikidea sortu zen. Gaur egun bilakaera horren zein unetan gaude?
Beste arte batzuekin gertatu zen bezala, abangoardiek ezarritakoarekin hautsi eta norabidea aldatu zuten. Harrezkero ildo horretan aurreratu da, baina gaur egun ez dago abangoardiarik, momentu hau pasekoa da, eta zer edo zer gertatuko dela iruditzen zait, jende asko lengoaia berrien bila dabil eta. Bien bitartean komertzialtasuna ari da gailentzen, gaizki ulertutako modernotasuna, sorkuntza marka edo etxe ospetsu baten zerbitzutan jartzea, gaizki ulertutako glamourra, korronteen arabera ibiltzea.