Plazerra bilatzean, inhibizioa nagusitu
Desirarik eza da gure gizarteak nozitzen duen sexu-arazorik ohikoenetako bat. Estresa, harremanen baitako liskarrak, intimitate-unerik behin eta berriro ez izatea, astenia krisirik nozitzea eta antzekoak dautza maiz arazo horren sustraian. Konponbidearen bila, ordea, ez da beti-beti espezialistarengana jo behar. Laztanak maitekiro egin, lasaitu bat hartu, hitz-aspertu kuttun bat egin, edo gutizia txiki bati ameto eginik, seguru aski, gustua berreskuratu edo, gutxien-gutxienez, elkartze horien oroitzapena atsegina izango da eta ostera ere bizitzeko desira suspertuko da, egintzak gerorako (ez oso-oso gerorako, badaezpada) uzten badira ere.
Desiraren inhibizioa gaitz iraunkor, ezin gaindituzko edo nekez gaindi daitekeen egoera gisa jotzen denean, apatia aldia luzatu eta luzatu eta horren ondorioz bestelako arazoak sortzen hasten direnean, edo harremanetan aldaketak eragiten saiatu arren, ahalegin horiek emaitzarik agertu ez dutenean, ordea, egonezina kezkagarri bihurtzen da eta halakotzat hartu beharra dago. Desirarik eza ez da txikikeria, apeta edo halabeharrez pairatu beharreko egokierarik, gizakiok egintza afektiboak bizi ahal izateko prestatzen gaituen emozioa baizik. Zenbaitetan, ordea, oso litekeena da, bilatuta ere, ezin sentitu izatea; azaltzeari uko egiten dio desirak, hau agertzeko bulkada borondateak ez ezik bestelako elementu batzuek ere baldintzatzen dutelako: hortxe azaltzen dira faktore inhibitzaile eta kitzikagarriak eta, egoeraren arabera, batzuk edo besteak nagusitu ahala, desira loratu edo zapuztu egingo da. Maitasuna, adibidez, desiraren bultzagile handia da; beldurra, aitzitik, inhibitzaile eraginkorra.
Desira eta kitzikapena, bi kontzeptu
Kontuak kontu, kitzikapen alorreko arazoen ondorioz desira alorrekoak agertzen dira. Kasu horietako askoren sorburua patologia mediko jakin batzuk dira, hala nola diabetesa, hipertentsioa, bihotz-arazoak… Botika edo ebakuntza kirurgikoen alboko ondoreak ere izan daitezke. Kausa-efektu lotura hori ezaguna izateari esker, geroz eta maizago diagnostikatzen dira disfuntzio horiek eta sarriago preskribitzen dira horrelako egoerak konpontzeko hartu behar diren neurriak (farmakologiko eta psikologikoak, eskuarki).
Desira, dena den, bestelako zerbait da. Desirarik eza, plazerraz gozatzeko gogorik eza dela esan dezakegu. Nola liteke horrelakorik? Gertatu egiten da, maiz-maiz gertatu ere, espezialisten kontsultetatik ateratako datu klinikoek adierazten digutenez: hauxe da paziente gehien “ekoizten” dituen arazoetako bat. Ohi-ohiko kontua da eta, aldi berean, oso partikularra, desira berariazko kausa batengatik pizten edo inhibitzen baitu gizaki bakoitzak.
Nolako faktoreek eragiten dute sexu-desiraren inhibizioa?
Sexu-desiraren inhibitzaile eta blokeatzaile behinenak auto-estimu eskasa eta errudun-sentimendua badira ere, horien azpian sarri badautza bestelako kausak ere. Ikus ditzagun:
- Beldurrak, ez bakarra, asko baizik: berarengandik espero zitekeen maila ez agertzekoa, barregarri geratzekoa, arbuiatua jazotzekoa; gorputza erakutsi eta eskaintzekoa; haurdun geratzekoa, sexu-transmisioko gaitzak nozitzekoa…
- Antsietateak: denetan nagusia, orgasmoa erdiestekoa, hori bailitzan sexuaren helmuga bakarra.
- Astirik eza eta estresa: plazerraz gozatzeko ezinbestekoak diren lasaitasun eta baretasunez beste muturrean dauden tentsioak eta presen emaitzak, alegia.
- Haserreak, liskarrak: horietan amildurik, geure burua itxi, blokeatu eta behar dugunaren kontrakoa egiten dugu: desirak, izan ere, harremanetan sartzeko jarrera irekiera ager dezagun agintzen digu eta.
- Tabu eta aurreiritziak: sexu-organoek jasan izan duten debekapena. Zuzentasuna, gizatasuna, garbitasuna eta antzeko kontzeptuen interpretazio xelebreek plazerra sexualitatetik urrundu egin dute.
- Komunikaziorik eza: gustatzen zaigunaz argi eta garbi ez mintzatzea, kutuntasuna ez partekatzea, geure bulnerabilitateaz beste pertsona hori partaide ez egitea… desiraz ez aritzeko modu eraginkorrak dira.
- Bizitzeko ilusio eta pasiorik eza: aldaketaren ondoriozko arriskuei buru egiteko gauza ez den egunerokoikeriazko jarrera pesimista, apatiko, aspergarriak ez du balio gozatzeko.
- Ezjakintasuna: gorputz sexuduna teoriko zein praktikoki ez ezagutzeak (plazerra sakonetik ezagutzeko eta gorputza behar bezala erotizaturik edukitzeko funtsa denez gero) esperimentazioak egitea galarazten du.
Sexu-desiraren inhibizioak eragin berbera al du emakumearengan eta gizasemearengan?
Desoreka horren errealitatea aintzat hartuta, aldaketa eragin eta babesteko berariaz kezkatu da gizartea: hamaikatxo ikerlanek emakumearen sexu-bizitza hobetzeko beharrezkoak diren jarraibideak eman dituzte, emaztekia hain zuzen arazoa onartzeari muzin egin ohi diolako edo, areago, aldaketarik eskatzeko unean motibaziorik sentitu ohi ez duelako.
Sexu-desiraren inhibizioari amaiera emateko,
- Nork bere burua sakon ezagutu behar du, bai gorputzez, bai maila kognitibo-emozionalean.
- Sexualitateari eta plazerari dagokienez, jarrera positiboa, osasungarria, irekia agertu behar dugu.
- Gorputz-entrenamendu egokia egitea, laztanaren bitartez erotismoa mantentzen laguntzeko.
- Gizakiak bere burua maite duela eta, bide batez, gozatu nahi duela adierazteko, osasunaz eta dietaz arduratzen da.
- Ilusioaren, pasioaren, fantasiaren aldeko apustua egitea.
Sexu-desira, bizipen subjektiboa den heinean, hezi eta indartu egin dezakegu eta, horrenbestez, haren inhibizioaren aurkako tratamendua ipin daiteke, gaitza sendatzeko. Plazerraren bila ibili eta gozatzeko trebatuak ditu naturak gizasemea eta emakumea. Aske bizi den gizakiaren gaitasuna da horretan asebetetasunez jardutea, nork bere burua eta gainerakoak errespetatuz, berak eta gainerakoek sinesten dutenarekiko zuzentasunez.