Entziklopediak Interneten: paperezkoak baino hobeak ote?
Entziklopedia eta hiztegiak, duela urte gutxi arte orokorki harpidetzaz eskuratu eta hileroko kuotetan ordaintzen baziren ere, pixkanaka-pixkanaka Internetera igarotzen ari dira eta, bertatik, kuota jakin bat ordainduta edo dohain kontsulta egiteko eskura ditugu. Egun, informazioa kontsultatzeko metodo berri horiek etxebizitza eta bulegoan ikusten ditugu, azal gogorreko liburuki tradizionaletatik gertu.
Datuez, kontzeptuez zein hitzen hainbat hizkuntzatako itzulpenez, Internetek kontsulta egiteko eskaintzen dituen gune berri hauek, plazaratzen duten argitaldari eta erakundeen bermea dakarten paperezko liburuetako erreferentziarekin ohituriko erabiltzaileengan mesfidantzarik harrotzen dute. Orri hauetako asko eta asko berriegitzat eta ezegonkortzat ikusten dira: nekez eduki ditzakete fidatzeko moduko datuak, batzuen iritziz.
Erabiltzailearen aburuz -arrazoi osoz, zenbaitetan- ez du balio bera Oxford University Press erakundearen hiztegian eskuz eginiko bilaketaren emaitzak eta -programa eraginkorrik garatu badu ere- inongo ezagutza akademikorik egiaztatzen ez duen enpresa batek Interneten daukan orrian kausitutakoak. Egia aitor dezagun, Sareko kontsulta-orri asko eta hiztegi asko biziki mugatuak daude, bai ikuspegi akademikotik, baita erakutsi duten eraginkortasun eskasagatik ere. Kasu ugari-ugaritan, berriz, Interneteko kontsultak paperezkoetan egiten direnak bezain fidagarriagoak izateaz gainera, badituzte hainbat abantaila ere.
Espazioa da lehendabizi aztertu beharreko kontua. Ordenagailu eramangarri batetik Sarean zeinahi datu kontsulta daiteke. Hori bera paperezko liburukietan egiteko Enciclopaedia Britannica osatzen duten 32 tomoak, Espasa obrako 100 liburutik gorakoak Larousse Entziklopediako 24 aleak eta beste hainbat eduki behar dira. Espazioaren ondotik erosotasuna dator: Interneten kontsultak egiteko ez da beharrezkoa entziklopedia eta hiztegi ale astun handiak esku artean erabiltzea. Kontsulta azkar egitea ere abantaila da, datu jakin bat orriz orri bilatu behar izatea jende askori nardagarri eta nekoso gertatzen baitzaio. Non eta ordenagailua itzalita ez dagoen, noski: piztu arte itxaroteak ere sendoen zizelkaturiko pazientzia urratzeko motiboa izan daiteke eta.
Bilatzen ikasten duen erabiltzaileak Interneten dohain era guztietako informazioa topatuko du, era soil eta eraginkorrean antolatuta. Nork bere ordenagailutik aukera du, era berean, izen akademiko handiko entziklopedietara iristeko aukera. Britannica izeneko entziklopediak teknologia berrietara egokitu beharko zuela hasiera-hasieratik bazekienez, bere edukiak Encyclopaedia Britannica atarian digitalizatu ditu (http://www.britannica.com).
Entziklopedia honek lehen mailako kontsultak egiteko aukera ematen dio erabiltzaile orori doan baina pittin bat gehixeago sakondu ahal izateko, ordea, harpidedun izan behar da. Prezioak aldatu egiten dira: urteko 56 eurotik hasita, hil bakarreko 9,50 eurora arte. Britannica paperezkoaren prezioa mila euro inguru dabil.
Hona Encyclopaedia Britannica horren bertsio digitalak dituen abantailetako bat: dituen 75.000 artikuluez gainera, animazioak eta infrografia ugari eskaintzen du, kontzeptuak ulertarazteko (horrelakorik sartzea ezinezkoa da paperezko bertsioan). Beste aldetik, azal gogorreko ahizpa ez bezala, bertsio digitaleko datuak aski maiz gaurkotzen dira. Erabiltzaile espainiarrarentzat duen arazo bakarra, erabat ingelesez egina izatea da.
Antzeko ereduari jarraitu dio Microsoft enpresako Encarta atariak: dendetan DVD euskailuan dago salgai eta, erositakoan, Internetetik gaurkotuko da aldiro-aldiro. Ia 41.000 artikulu ditu espainieraz eta 40 euro inguru kostatzen da. Encarta atariak euskailu fisikoan komertzializatzea harrigarri samarra da: Sarean kontsultak egiteari dagokionez, CD-ROM eta DVD formatuak ordezkatuak izango baitira. Ordezkapen erritmoa, berriz, Sarean konektaturiko etxebizitzen kopuruaren ugalpenaren arabera aldatuko da. Fundación Eroski delakoaren “2005 Kontsumitzailearen Barometro” izenekoaren arabera, espainiarren %43k ordenagailuan Interneterako sarbidea du.
“Wiki” aurrezkia duen webgune oro, berez, komunitarioa da; hots, edonork dauka bertako edukietan sartu, aldaketak egin eta osagarri berriak eransteko aukera. Partaidetzazko filosofia horretan sostengaturik sortu zen egundainoko entziklopediarik handiena: Wikipedia (http://www.wikipedia.org) 2001ean, Interneten.
Bertan bildu den informazio eskergaz gainera (milioi eta erdi artikulu, horietako 800.000 ingelesez eta 74.000 baino gehiago espainieraz), Wikipedia horrek bereizgarri nagusia sorburu herrikoia du. Bete duen lau urte horretan ehunka mila erabiltzailek osatu dute, gai guztien gaineko artikuluak editatuz eta txertatuz. Beste hainbat ezaugarri garrantzitsu: Wikipedia baliatzearren ez da ordaindu behar, ez da formulariorik bete behar, ez da zertan publizitaterik nozitu bhar.
Entziklopedia honi ezar dakiokeen eragozpen bakarra: bertan agertzen dena ez du inongo agintari akademikok bermatzen; beraz, bisitari eta zuzentzaile gutxi jasotzen dituzten artikulu batzuetan baliteke oker eta akatsen bat topatzea. Lehen mailako -areago, nolabaiteko sakonerako- kontsultak egiteko, beraz, Wikipedia aukera polita da.
Hiztegiak ere entxufatu dira Sarean. Espainierari goazkiola, Internetera egokitzeko kasurik ereduzkoenetako bat Espainieraren Errege Akademiaren Hiztegiarena da (EEAH). Ori horretatik 100.000 hitz baino gehiagoren esanahia aurki daiteke. EEAH horrek, gainera, sagua sakatuz bakarrik hiztegian kontsulta egitea ahalbidetzen duen tresna sortu du. Online bertsioko EEAH (http://www.rae.es) erabat doakoa da eta azal gogorreko bertsioa, berriz, 136 euro kostatzen da.
Hitz bat beste hizkuntza batean nola esaten den kontsultatu nahi dutenentzat, berriz, hona aukera herrikoienetako bat: diccionarios.com (http://www.diccionarios.com). Atari horretan espainolezko era guztietako hitzak eta beren sinonimoak bila daitezke, hitza bera edo, erabiltzaileak hitza zehatz-mehatz gogoan ez badu, antzeko formak abiagune hartuta. Berariazko zerbitzu batean aditz batek har ditzaken plegu guztiak eskaintzen dira. Bestetik, espainiera-ingelera eta alderantzizko itzultzailea dauka eta urtean hogei euro kostatzen da.
Interneten bada maiz erabiltzen den beste hiztegi bat ere, ingeleratik espainierara, italierara eta frantsesera (baita alderantziz ere) ematen dituelako: wordreference (http://www.wordreference.com). Erabatdoakoa da hau.
Zuk behar duzuna testu osoen itzultzailea baldin bada, Babylon (http://www.babylon.com) duzu aukerarik egokiena, ezbairik gabe. Ordaindu behar den sistema honek hizkuntza askotan dihardu.