Formula magikorik ez
Light produktuen kontsumoa aspaldion izugarri areagotu da eta, gainera, joera horrek ez omen du amaierarik, kontsumitzaileak bere osasunaz eta itxura fisikoaz geroz eta kezka biziagoa agertzen baitu. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak 2003 urtean eginiko Famili Aurrekontuen Inkesta Jarraituak eman zituen datuen arabera, elkarrizketaturiko pertsonen %6k erantzun zuenez, horrelako produktuak osasuna hobetzeko erosten ditu (emakumezkoak, batez ere).
Zein produktu da light?
Baliagarri edo premiazkoak al dira light produktuak?
Osasun ona duten pertsonen kasuan horrelako produktuetara jotzeak ez du justifikaziorik; aldez edo moldezko trastorno zein gaixotasunik nozitzearren, elikadurako ekarpen energetikoa, gantz- edo azukre-kopurua mugatu behar dutenen kasuan, aldiz, egokiak dira. Funtsezko kontzeptuak zehaztuz
- Light produktuek ez dute argaltzen. Elikagaien ontzietan “light”, “azukre erantsirik gabe”, “koipe gutxidun” eta antzeko esakuneak agertzeak ez du esan nahi elikagai horiek argaltzen dutenik. Egiari zor, imitatzen dituzten elikagaiak baino ekarpen kaloriko urriagokoa diren arren, horietako batzuek dezenteko gantz eta azukreak dauzkate. Horrela gertatzen da maionesarekin, gaztatxoekin edota patearekin, adibidez: izaeraz, gantz ugariko elikagaiak baitira horiek, are light bertsioetan ere. Beraz, horrelako produktuak aukeratzen dituen kontsumitzaileak kopuru txikiagotan kontsumitu behar ditu. Horrela ez egitekotan, jangai horien efektuak kontsumitzaileak erdietsi nahi dituenez kontrako alderakoak izango dira eta, areago, zenbaitetan pisuaren gehikuntza ekarriko diote. Ideiak garbiago izan ditzagun: koilarakada bat ohiko maionesak (15 gramo) 100 kaloria inguru eta 10 g gantz ditu; light bertsiokoak, aldiz, 50 kaloria eta 5 gramo gantz dauzka. Hortaz, kontsumitzaileak, light produktua izatearren, bi halako edo gehiago har dezakeelakoan badago, azkenean ohiko maionesa balitz bezala kontsumituko du, hots, kaloria eta gantz kopuru berberak.
- Horrelako produktuen erabilera indiskriminatuak osasunean trastornoak eragin ditzake. Produktu horietatik gehiegi hartzen baditugu, nutrizio-alorreko desorekak nozitzeko arriskuan gaude. Gantz eta azukreak beharrezkoak ditu organismoaren funtzionamendu onak baina, hori bai, tamainan hartuta: ez gutxiegi, ezta gehiegi ere. Elikagai konbentzional askoren partez light motakoak kontsumitzen baditugu, funtsezko nutrienteen (hots, organismoak berak bakarrik ezin ekoitz ditzakeenak; are eta nekezago, dieta egokiro taxuturik ez dagoenean) gabezi arriskuan egon gaitezke. Garrantzi itzeleko funtzioak betetzen dituzten funtsezko gantz azidoen (linoleiko eta linolenikoak) eta gantzetan disolbatzen diren bitaminen (A, D, E, K) eroale da gantza. Bestetik, karbohidrato gutxi kontsumitzen ditugunean, oso litekeena da organismoaren ohiko funtzionamenduan eraldaketak gertatzea. Horrela jazotzen da karbohidrato ugari dituzten elikagaiak dietatik erabat edo hein handi batean kentzen direnean: laboreak eta hauek osatutakoak (ogia, orea, etc.) patatak, lekaleak, fruta eta barazkiak, gozokiak. Egoera harik eta larriagoa izango da horri guztiari “azukrerik gabeko” produktuen kontsumoa eransten bazaio. Gure erregai energetiko behinenak direnez gero, behar bezainbeste karbohidrato hartu ezean, metatuak dauzkan erreserbetatik kontsumitzen hasiko da gorputza: horrek osasunean ondorio kaltegarriak izan ditzake.
- Etiketa irakurtzea, ezinbestekoa. Light produktu bat ohiko dietan sartu aurretik, etiketak adierazten dituen datuak irakurri behar dira, nutrizioari buruzkoa eta osagaien zerrenda (legez, pisu handienetik hasita, hurrenkeran agertzen dira horiek; hau da, pisu handienekoa aurrena dator eta ondoren gainerako guztiak, aditiboak barne), bereziki. Light produktuaren eta erreferentziako elikagai tradizionalaren osagaien zerrendez gainera, bien osaketa energetiko eta nutrizionala ere elkarrekin alderatzea komeni izaten da: 100 gramoko datuak ez ezik, kontsumituko dugun anoa edo zatia ere aintzat hartuta, ustekabe galantik gerta daiteke eta. Esate baterako: bi gaileta motaren -light eta normalak- osaketen 100 gramoko konparazioa egiten bada, kalorien aldea nabarmena izan daiteke; lau unitatez osaturiko anoa kontuan hartuz gero, berriz, distantziak laburtu egiten dira. Light produktuen eta beren baliokide tradizionalen ezaugarrien alderaketak erakutsiko digu produktu horiek gizakiaren benetako premietara ongi egokituak dauden, jaten ari garen produktuaren osaketa egokia den eta, nola ez, kalitatea eta prezioaren arteko erlazioa.
/imgs/20060101/galletas.jpg Light elikatzea, light produkturik gabe. Pertsonak bilatzen duena, oro har, tradizionalen antzeko elikagaiak kontsumitzea da, baina ekarpen energetiko txikiagoa eginez. Dietaren ikuspegitik, kontsumitzaileak gantz eta azukre gutxiagoko jangaiak hartu nahi izatea egokia da, baina horretarako ez da ezinbestekoa light produktuetara bakarrik jotzea. Elikagai batzuetatik gutxiago hartuz eta janariak behar bezala kuzinatuz gantz eta azukreak urritzea lortzen da, light produktuak aukeratu beharrik izan gabe; kontuan har dezagun horrelakoak eskuarki garestiagoak izateaz gainera, imitatu nahi dituzten elikagaiak bezain erakargarriak ez direla.
Zerk arautzen ditu light produktuak?
Egun, elikadura sektoreko enpresek beren produktuak “ligth” kalifikatzeko daukaten erreferentzia bakarra, Espainiako Elikagaiak Ordenatzeko Ministerioen arteko Batzordeak 1990 urtean harturiko akordioa da. Testu hori hainbat aholkuk osatua dagoenez, gaur egun ez dago proposaturiko baldintzak (erreferentziako produktuarekiko, light produktuaren balio energetikoaren murriztapenak gutxienez %30koa izan behar duela, adibidez) betetzera behartzen duen lege-markorik. Horren ondorioz, akordio hori ez dute betetzen enpresa guzti-guztiek eta, horrela, merkatuan salgai dauden light produktu batzuen (gailetak, kakao hautsa, patata frijituak, zukuak, etc) ekarpen energetikoa erreferentziako baliokidearen parekoa da (berdina, kasik), baina prezioa dezente biziagoa du bertsio arinekoak. Etiketa aztertzea eta, gehienetan, light produktuaren “energi aurrezkiak” elikagai hori egoki bihurtzen duen bilatzea, beraz, kontsumitzailearen zeregina da.
Light produktu motak
/imgs/20060101/salsa.jpg Gantz gutxiagoko produktuak. Dietako gantz kopurua kontrolatu behar dutenen elikadura dibertsifikatzeko balio dute; kasu horretan daude hiperkolesterolemia, hipertriglizeridemia, gibeleko edo behazuneko trastorno zenbait, pankreaseko arazo batzuk edota obesitatea nozitzen dituzten pertsonak. Hona gehien saltzen direnak: maionesa arin eta antzeko saltsa meheak, light margarina eta gurina, gantz urriko gazta eta urdaiazpiko egosia, esnea, jogurt gaingabetuak, etc./imgs/20060101/azucar.jpg Azukrerik ez duten edo ohi baino gutxiago duten produktuak. Diabetes, hipertriglizeridemia, gehiegizko pisua edota obesitatea, adibidez, nozitzen duen eta, hortaz, azukre-kontsumoa kontrolatu behar duen jendearentzat egokiak. Nabarmen dezagun, dena dela, “azukrerik gabea”, “erantsitako azukre gabe”, “fruktosaz gozatua”, “diabetikoentzat egokia” edota antzeko mezuak daramatzaten produktu guzti-guztiak ez direla light. Kaloria gutxidunak dira baldin eta, jangaiak gozatzeko, edulkoratzaile ez-kalorikoak baliatu badituzte; azukre arrunt edo sakarosaren ordez fruktosa (fruta, barazki eta eztiak daukaten azukrea) baldin badute, oso litekeena da elikagai tradizionalen pareko kalori ekarpen berbera edo handiagokoa izatea, gainerako osagaien arabera. Kasu horretan, beraz, gehiegizko pisua duen jendearentzat ez lirateke egokiak.