Aztertzea eta prebenitzea, funtsezko neurriak
Koloneko minbiziaren -mundu zabalean hilkortasun tasen zerrendan hirugarrena- kausa behinenetako bat, hesteetako polipoak tumore gaizto bihurtzea da. Hesteko polipoa tumore zirkunskribatua edo, hestearen horman, tamaina aldagarriko hanpadura da. Kasu horietan funtsezkoa da horren osaketa mikroskopikoa (nolako zelulez osatua dagoen) zehaztea, horrelako polipoek duten interesa tumore gaizto bihurtzeko gaitasunean baitatza. Polipoak bakarrak edo anitzak izan daitezke eta, batez ere, heste meharrean eta kolonean agertzen dira.
Sindrome poliposikoak
Polipo kopurua handia denean hesteetako poliposia deritzo gaitzari eta “sindrome poliposiko” izendura pean biltzen dira ezaugarri zehazki desberdinak dituzten gaixotasunak. Izaera hereditariokoa ez den eta pazientearen sexuarekin loturarik ez duen Hesteetako Poliposi Familiar Zehaztugabea da denetan ohikoena. Urte askotan sintomarik agertu gabe egon daiteke eta, aurrera egin ahala -endekapen gaiztoa hasitakoan, batik bat-, mina, sabeleko kolikoak, gorotz likido kiratsak, odol-galerak, anemiak eta antzeko sintomak agertzen dira, egoera orokorrean eragina daukatenak. Horrelakoetan kolonaren erresekzioa da konponbide bakarra.
Polipoen garrantzia berorien morfologia histologikoaren (polipoaren ehunen) arabera aldatzen da: badira polipo neoplasikoak -hau da, ehun normalen ordezkoak dituztenak, minbizidunak, eskuarki: adenoma eta kartzinomak- eta ez-neoplasikoak, gaiztoak ez direnak (hamartoma, inflamatorioak eta hiperplasikoak).
Zehaztasun apurreko sintomak
Polipoen diagnostikoa erradiologikoa izaten da, batez ere, errektosigmoidoskopia edo kolonoskopia bidez kolonaren barnealdea bisualizatuz praktikatzen dena. Miaketa-proba hori, lesioaren azterketa histologikoa egin eta gaitza estirpatzeko aprobetxatzen da; izan ere, polipo den-denak lesio gaizto bilakatzen ez badira ere, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko estrategiarik eraginkorrena polipektomia endoskopikoa (polipoa erauztea) egitea da.
Polipo motak
Onberak
- Hanturazko polipoak: ez dute minbizidun tumore bilakatzeko gaitasunik. Tamaina handia hartzen dute batzuetan eta sarri gaitz jakinetan agertzen dira, hala nola kolitis ultzeradunean, ameba bidezko kolitisean edota bazilozko disenterian. Diagnostikoa zuzen eman beharra dago, bestelako polipoekin ez nahasteko. Hamar urtetik beherako pazienteetan agertzen diren polipo guztien %90 dira honelakoak: hortik datorkie “gazteen polipo” izena. Gure inguruko umeen %1engan presente daudela kalkulatu da
- Polipo hiperplasikoak: koloneko polipo mota ugariena da hau eta adinean aurrera doan jendeak ditu honelakoak. Tamaina txikikoak eskuarki, kolonaren behealdean eta ondestean kokatzen dira gehientsuenak. Polipo hauek, berez, lesio gaiztoaren aurreko ez diren arren, pazienteari azterketa histologikoa egin behar zaio eta, miaketa endoskopiko horretaz baliatu gaitza erauzteko.
Gaiztoak
- Kolon eta ondesteko adenomak: gehien-gehienetan kolonean agertzen diren adenoma hauen estruktura histologikoa aztertzea funtsezkoa da: hiru motatakoen artean (tubularrak, tubulo-iletsuak eta iletsuak) iletsuak dira gaizto bihurtzen diren gehienak.
- Koloneko minbizi edo kolon eta ondesteko kartzinoma: Mendebaldean ugarien agertzen den hirugarren minbizia da hau, gizonezkoetan birikakoaren eta emakumezkoetan bularrekoaren ondotik. Intzidentziaz ari garela, bi sexuen arteko bereizketarik ezin da egin, berdin azaltzen baita, 100.000 biztanleko, 30 emakume zein gizasemerengan. Berrogei urteak betetakoan, honelako minbizia nozitzeko aukerak ugaldu egiten dira, 10 urtean behin bikoiztu eta kasu gehienak gertatzen dira pazienteak 75 – 80 urteetara iristean.
Arrisku biziko taldeak dira adenoma onbera edota kolon zein ondestean lesio gaiztoen aurrekinak familian dituztenak, koloneko adenoma daukatenak, hesteetako hanturazko gaixotasunik nozitzen dutenak (kolitis ultzeraduna, Chron-en gaitza), poliposis familiarraren sindromeak dituztenak.
Ondoko agerpen hauek koloneko minbiziaren seinale izan litezke:- Ohiko deposizio-erritmoa aldatzen denean
- Ondestetik odola galtzea (gorozkiekin nahasita agertzen dena)
- Anemia ferropenikoa
- Sabeleko mina, hesteetako buxadura, ondesteko tenesmoa
Minbizizko lesioa koloneko zeinahi alderditan ager daitekeen arren, ohikoenak beheranzko tartekoa, sigmakoa eta ondestekoa dira. Lesioa garaiz diagnostikatzea funtsezkoa da, tumoreari handitu eta ugaltzea galaraziko bazaio, indarrean irauteko aukera hedapen-graduaren araberakoa baita: detektatzen denean, zenbat eta zehaztuago egon, orduan eta bizirik irauteko aukera handiagoa da.
Aldizkako kontrolak
Gaitza garaiz diagnostikatuko bazaie, kolon eta ondesteko minbizia nozitzeko arriskuan dauden gizakiei -50 urtetik gorakoei, batik bat- aldian behin kontrol zenbait egin beharko zaizkie:
- Urtean behin ondestearen ukipena: ondestearen hasierako 8 zentimetroetan daudenak bakarrik atzematen ditu (kasu guztien %15).
- Gorozkietan ezkutuan datzan odola atzemateko hainbat proba urtean behin egitea: azterlan askok frogatzen dutenez, horrelako probak aldian behin egiteak gaitza garaiz diagnostikatzea eta, ondorioz, paziente gutxiago hiltzea ahalbidetzen du; dena den, kasu askotan huts egiten da eta, esate baterako, egiazkoak ez diren positibo ugari ateratzen dira, oraingoz.
- Hastapeneko rektosigmoidoskopia: hori negatiboa izatekotan, proba bera bost urtean behin errepikatzea: kolona ezker angeluraino bisualizatzen da, minbizi guztien bi herenak bertan kokatzen direlako.
- Hastapeneko osoko fibrokolonoskopia: hori negatiboa izatekotan, proba bera hamar urtean behin errepikatzea: hauxe da probarik seguruena -kolon osoa bisualizatzen baita horrela- baina molestia gehien sortarazten duena ere bera da.
Egun, kapsula endoskopikoa ebaluatzen ari dira. Alternatiba garestia da baina, ematen dituen irudiak ikusirik, hesteetako lesioen diagnostikoa dezente hobetzen omen du. Digestio-hodian barrena, 8 orduko autonomiaz nabigatuz doan itsaspeko ontzi gisa, bi segundoz behin irudiak hartzen ditu kapsulak. Irudiok, prozesaturik, bideo-artxibo bihurtzen dira.
Nolanahi ere, koloneko minbizia prebenitzeko bestelako ohiturak hartu behar dira higiene eta elikaduran. Gaixotasun horretan karga handiena duten faktoreak ezagunak dira: gantz ugari baina zuntz urriegi hartzea, kaloria gehiegi eta obesitatea, loditasuna. Bestetik, A, C, D, eta E bitamina, B-karoteno, kaltzio, selenio eta antzeko substantzia antioxidatzaileen eginkizuna erabat zehaztua ez badago ere, badirudi prebentzioan eraginkortasun handia erakusten dutela.
Botika zenbait prebentibo gisa hartzeari dagokionez, esteroide ez diren antiinflamatorioak (AINES, hala nola aspirina eta COX-2 delakoaren inhibitzaileak) dira gehien aztertu direnak. Horrelakoak luzaroan hartzeak adenomak garatzeko aukera txikiago batekin lotura omen du. Eta beste horrenbeste gertatzen da estrogeno eta progestagenoz osaturiko hormona-tratamenduarekin: dirudienez, horrelakoek kolon eta ondesteko adenomen prebalentzia apaldu egiten dute. Dena den, populazioan orokorki koloneko minbiziari saihets egiteko, kimika bidezko prebentzio-tratamendu jakin bat bete beharko litzatekeela aholkatzeko bezainbeste daturik ez daukagu; horien ordez, bizimodua eta dieta aldatzea dugu aukera. Arrisku handiko taldeekin egiten ari diren azterlanetan kimio-prebentzioa probatzen ari dira, dagoeneko itxaropentsu egoteko moduko emaitzak erdietsi direlarik.