Ordenagailua erostea

Ordenagailua aukeratzean asmatzeko klabeak

Ekipo egokia erosteko, bederen, erabiltzaileak ez du zertan informatikaz asko jakin; bai, ordea, aukera egitean arras baliagarriak izango zaizkion oinarrizko kontzeptuak argi edukitzea
1 abendua de 2006
Img nntt 01 listado

Ordenagailua aukeratzean asmatzeko klabeak

Eguberritarako ordenagailuen eskaerak ere izugarri egiten du gora. Orduantxe datoz kontsumitzailearen kezka eta zalantzak: gigahertzak, megabyteak, RAM memoria, TFT, USB, VGA eta beste hamaika hitz aldrebes, balizko erabiltzaileetako askok interpreta ezin ditzaketen milioika publizitate orri betetzen dituztenak. Dena den, horrenbeste jakitea derrigorrezkoa ote da ordenagailu bat erosteko? Egiari zor, ordenagailua ekartzeko unean ezagutu behar diren kontzeptuak ez dira ez asko, ez ulertezinak ere. Dena den, garrantzitsuak eta informazio baliagarririk ematen ez dutenen artean ere bereizten jakin behar da.

Ordenagailua

Halakotzat hartzen dugu kutxak, pantailak, teklatuak eta saguak osaturiko ekipoa baina, egia esan, konputagailu lanak kutxak (“dorreak”) bakarrik egiten ditu

/imgs/20061201/img.nntt.01.jpg

Prozesadorea:

hauxe da ordenagailuaren garuna. Bere ahalmenaren arabera aldatuko dira funtzionatzeko abiadura eta aparatuak, eragiketa gutxi edo gehiago egiteko, dituen mugak ere:

  • Nukleo soila / nukleo bikoitza: ordenagailuak lanean ari diren bi prozesadore dituen edo bakarra duen adierazten du nukleo honek. Ordenagailuak nukleo bikoitzeko prozesadorea edukitzeak ez du esan nahi nukleo soila daukanak baino bi aldiz ahalmen handiagoa duenik, baina eragiketa konplexuak egitean dezenteko hobekuntza nabarituko du erabiltzaileak. Bestetik, aparatua behar baino gehiago berotzea galarazten du, ekipoaren hozketa errazten duelako, haren bizitza baliagarria luzatuz. Egungo joeraren arabera, prozesadore guztiak nukleo bikoitzekoak badira ere, nukleo soilekoak oraino ere merkeagoak dira eta erabiltzaile gehienen eginkizunak betetzeko gauza dira.
  • Prozesadorearen marka eta modeloa: ordenagailuentzako prozesadore markarik zabalduenak Intel eta AMD dira. Biek ere produktu bikainak egiten dituzte gama osoan eta bi markek dituzte nukleo soil eta bikuneko prozesadoreak. Mahai gaineko ordenagailuarentzat, Pentium III (Intel) eta Athlon 64 (AMD) modeloetatik aurrera, etekina hobezina da. Kasu jakin batzuetan (bideoak, audioak edo bideojoko berri-berriak editatzeko, alegia) modelo ahaltsuagoetara jo behar da.
  • Erloju maiztasuna: ordenagailuen publizitate katalogoetan nabarmentzen diren datu nagusietako bat, adibidez, 2 Megahertzeko prozesadorea daukala iragarri ohi dute gehienetan. Datu hori prozesadorearen erloju maiztasunari dagokio, hots, prozesadoreak segundoko kudea dezakeen informazio kopuruari. Garrantzi handiegia ematen zaio, erabiltzaile arruntarentzat ez duena.
  • Bigarren mailako memoria: erloju maiztasunarekin batera, prozesadorearen eraginkortasunaren berri ematen du. Honen ahalmena Megabytetan neurtzen da (milioi byte, hots, gehien erabiltzen den oinarrizko informazio unitatea) eta, batez beste, 256 Kilobyte eta bi Megabyteren (aurrekoaren hamar halako) artean kokatzen da. Tarte horretan badabil, arazorik ez da sortuko.

RAM memoria:

prozesadore eta disko gogorrarekin batera, RAM memoria du erosleak erreparatu beharreko funtsezko elementuetako bat, ordenagailuak aldi berean zenbat informazio maneia dezakeen adierazten baitu. Memoria honen gaitasunak 512 eta 2048 Megabyte artekoa behar du izan, Windows Vista aurkiko sistema operatiboarekin aritzeko, batik bat. Prozesadore on batek ezin dezake lana egokiro egin RAM zabal bat izan gabe; bestetik, ordea, oso litekeena da RAM handiegi batek potentzia txikiko prozesadore bat gehiegi berotzea (are eta gehiago, eramangarria bada). Horrenbestez, bi datu horiek ondo konpentsatuak dauden begiratu behar da.

Disko gogorraren gaitasuna:

ordenagailuaren datuen biltegi nagusia da disko gogorra. bere ahalmena Gigabytetan neurtzen da (Gigabyte bat mila milioi byteren baliokidea da) eta ehunka Gigabyte izan ditzake. Erabiltzaile arrunt batentzat, 80 Gigabyteko disko gogorra duen ordenagailua egoki-egokia bada ere, euro gutxi batzuk ordainduta 160 Gigabytekoa eros daiteke (hauxe aholkatzen da). Hortik aurrera prezioa ikaragarri igotzen denez, ordenagailuan film eta musika asko gorde nahi dutenentzat konponbide egokia beste disko gogor bat ekartzea da: bigarren hau kanpoan ipin daiteke, garestiagoa bada ere.

Hozketa:

prozesadoreko tenperatura fresko mantentzeko balio du. Ohiko mekanismoa haizagailu bat da (hots-iturri behinena ere bera da). Likido bitarteko hozketa duten modeloak eraginkorragoak diren arren, energiaren kontsumo dezente handiagoa egiten dute. Halaz ere, prozesadorea arras bortxatzen duten bideojokoen zaleentzat komenigarria da. Makina isilaren bila dabiltzanentzat ere, egokia.

Hari gabeko konektibitatea:

diogun bezala, kablerik izan gabe, datuak igorri eta jasotzeko, Interneten sartzeko aukera ematen du. Wifi da hari gabeko teknologietarako sarbidea ematen duen teknologia, biziki garrantzitsua ordenagailu eramangarrietan, batez ere. Bluetooth, berriz, ordenagailua eta dispositibo mugikorrak (telefonoak, agenda elektronikoak) lotzen dituen teknologia da. Ez ohi dago ekipoan integraturik baina USB bidezko kanpo-egokigailu batek (30 eurotik behera) beteko du zeregin hori.

Irakurketa edo grabazio optikoko dispositiboak:

irakurgailu edo grabagailuak CD eta DVDentzat balio ohi du, eskuarki. Dual (edo “formatuaniztun”) bada, DVD+/-R formatu komertzialak irakurri eta graba ditzake. “Geruza bikoitzekoa” izateak esan nahi du disko optikoan informazio-geruza bat baino gehiago grabatzeko gauza dela eta, horrenbestez, datu gehiago bil dezakeela. Dispositiboa duala izateaz gainera, irakurtzeaz gain grabatzeko ere balio izatea garrantzi handikoa da. Hobe geruza bikoitzekoa bada baina hori ez da ezinbestekoa, non eta disko gogorra tartean behin deskargatu behar ez den, P2P sareen erabilera intentsiboa egitearren, esate baterako.

Txartel grafikoa:

irudi grafikoak interpretatzen ditu eta, berez, ordenagailu txiki bat da, bere prozesadore eta guzti. Marka nagusiak ATI/AMD, NVIDIA eta Intel dira. Ordenagailuek, egiten dituzten funtzio gehienak betetzeko adinako kalitatea duen txartel grafikoa daukaten arren, bideojokoen zaleek eta lanabes grafikoak baliatzen dituztenek txartel “handiagoak” bereiz erosi eta ordenagailuko arrailetan txertatzen dituzte. Merkatuan salgai daude 50 eurokoak (erabiltzaile gehien-gehienentzat, aski) eta 1.000 eurotik gorakoak ere.

Ezinbesteko osagarriak

  • Pantaila: egun, “hodidun” pantailak (CRT) desagertu dira, praktikan, astunegi eta handiegiak direlako. Haien ordez lauago, soilago eta ikusmenarentzat erosoago diren TFT pantailek okupatu dute tokia. Hasierakoek ikuspen-angelu eta kontraste alorretako arazoak agertzen zituzten baina, aspaldi honetan, kalitatea hobetu dute eta hauen prezioak zentzuzko izateraino jaitsi dira (17 hazbetekoak 180 eurotik behera). Pantailaren tamaina diagonalean hazbetetan (“) neurtzen da: zenbat eta handiagoa, hainbat eta garestiagoa. Ohikoenak 17″ eta 20″ tamainakoak dira. Kontuan izan 17 hazbeteko TFT pantaila 19” hazbeteko CRT baten baliokidea dela.
  • Teklatua: arreta handiegirik ematen ez badiogu ere, bera da pieza behinenetako bat. Teklatuaren erosotasunaren arabera arindu edo areagotuko zaizkigu beso, sorbalda eta, batez ere, eskuturretako neke eta minak. Garrantzi handia dute teklatuaren formak, tamainak, teklen arteko tarteek eta, areago, gogortasunak ere. Koltxoia bezala: erosi aurretik, proba ezazu.
  • Sagua: etengabe garbitu behar izaten ziren gurpildun sagu deseroso haiek ordezkatu dituzte optikoek baina hauek azalera opaku eta lakarra behar dute zehazki funtzionatzeko. Hari gabeek kablearen arazo higuingarria ez duten arren, tarteka konexioa galdu egiten dute eta, maizegi, sintonizatu egin behar izaten dira. Amaitzeko, gogoan izan saguaren formak esku eta hatzetan minik proboka dezakeela.

Beste hainbat osagai interesgarri

  • Inpresora. Inprimatzeko teknologiak: tinta zorrotada eta laserra. Lehenak tintadun kartutxoak behar ditu eta koloretan inprimatzeko egokia da, gaiak garestiagoak badira ere. Testuak zuri-beltzean inprimatzeko, berriz, laser sistema merkeagoa da epe luzera. Gogora dezagun: merkeago gertatzen da argazki digitalak makineria aproposa duten establezimendu berezietan errebelatu eta kopiak ateratzea.
  • Webcama: ordenagailutik ordenagailurako bideokonferentziak ugaldu ahala, kamera honen garrantzia egunetik egunera handituz doa. Modu-moduko prezioetan (15 euro inguru) modelo ugari daude salgai. Ez da komeni kamera garestiegia erostea: transmititzen duen irudiaren kalitatean eragin handiagoa du banda-zabalerak optikak baino.

Eramangarria ekartzen badut, ordea?

Erabiltzaileak, toki batetik bestera ibiliko dela uste duelako, ordenagailu eramangarria ekartzea erabakitzen badu, funtsezko lau ezaugarri hartu beharko ditu gogoan: pisua, tamaina, autonomia eta konektibitatea.

Pisuari dagokionez, oinak lurrean ipin ditzagun: ez pentsa hiru kilotik gorako karga batetik leku batetik bestera aise ibiliko zarenik. Izan ere, 2,5 kilotik gora ordenagailua astuntzat jotzen da. Bestetik, ordenagailua zenbat eta arinagoa izan, orduan eta bertako osagaiak ahulagoak dira eta, hortaz, gutxiago iraungo dute; beraz, pisua eta sendotasunaren arteko oreka bilatu behar da. Beso artean erraz hartzekoa eta maneiu errazekoa izan behar du, gainera. Kalitate berdinekoen artean, ordenagailu txikiagoak barruan espazio handiagoa daukan besteak baino aireztatze sistema ahulagoa izango duenez, gehiago berotuko da eta gutxiago iraungo du. Tamainaren arabera, likido bidezko hozketa sistema duten aparatu berriak eraginkorragoak eta isilagoak dira baina bateria gehiago kontsumitzen dute.

Entxufeekiko autonomia bateriaren arabera aldatuko da eta honen iraupena, berriz, prozesadorearen potentziaren arabera: zenbat eta ahaltsuago, hainbat eta gastu handiagoa. Potentzia ertaineko prozesadoreen alde egitea komeni da.

Mahai gaineko ordenagailuaren elementu guztiak eramangarrian sartzen ez direnean horietako asko periferiko gisa konektatzea da zentzuzko aukera. Horregatik, eramangarriak konektibitate handia edukitzea komeni izaten da, era askotako portu ugari, alegia. Ordenagailu eramangarrian hari gabeko konektibitatea funtsezkoa da, noski (Wifi, batik bat).

Estetika hutsagatik erosi nahi bada aparatu eramangarria, aipaturiko elementu horietan ez da derrigorrezkoa biziki zorrotza izatea baina, hori bai, jakitea komeni da: mahai gainekoaren ezaugarri berberak dituen ordenagailu eramangarria garestiagoa da beti eta buruhauste gehiago ekarriko dizkigu, hozketa alorrean arazo ugari dituelako.

Nolako erabiltzailea halako ordenagailua

Bideojokoen zalea

Prozesadorearen ahalmena muturreraino bortxatuko du, bideojoko aurreratuenen konplexutasun grafikoa, besteak beste, berebizikoa baita. Prozesadore ahaltsuenez (Intel Core 2 Duo Extreme Edition eta Athlon 64 FX) eta RAM memoriarik handienarekin hornituriko ordenagailua hartu beharko du. Hozketa sistema, ahal dela, likido bidezkoa; soinu eta irudi txartelak, punta-puntakoak. Mahai gainekoa ekarrita asmatuko du.

Multimedia

Makina bat musika eta film maneiatzen dutenek disko gogor handi-handia ez ezik, disko gogor osagarriak eransteko konektibitatea eta Interneten arazorik gabe sartzeko ordenagailua eduki behar dute. Horiek ez ezik, ordenagailu horrek DVDak grabatzeko (bertan filmak, musika eta irudiak metatzeko) gaitasun egokiena izan beharko du. Erabiltzaile askok ordenagailua egun osoan pizturik edukitzen dutenez, hozketa sistema eraginkor eta isila beharko du. Erabiltzaile hauentzat ere mahai gaineko ordenagailua da egokiena.

Saiatuak

Ekipoa lanerako baliatzen dutenek (testu edizioak, kalkulu orriak, datu base soilak, aurkezpenak…) eta hornidura bereziak nahi ez dituztenek (gehientsuenak) ahalmen ertaineko ordenagailua ekar dezakete. Eramangarria aukera eroso eta praktikoa izan daiteke, baina gogoan izan: kalitate berdinagatik doble prezioa ordaindu behar da; gainera, eramangarri horri beste teklatua, sagua eta monitorea erantsi behar zaizkio, etxean erosoago erabili ahal izateko. Egun badaude merkatuan mahai gaineko ordenagailu duin-duinak salgai 450 eurotan (bere pantaila, teklatu eta saguarekin); horixe bera daukan aparatu eramangarria nahi izanez gero, 700 eurotik gora ordaindu behar da.

Ordenagailuaren larakoak
  • USB portuak dira estandarrik hedatuenak; horrenbestez, aparatuak zenbat eta gehiago eduki, orduan eta hobe. USB larakoak datuak transmititu eta energia kontsumitzen du (horri esker, webcam eta beste periferiko zenbait ez dira elektrizitate sarean entxufatu behar). Egungo teknologia USB 2.0 da, aurrekoa baino azkarragoa.
  • LAN portua telefono larakoaren antzekoa da baina tamaina handiagokoa. ADSL routerrarekin, modem kablearekin eta bi ordenagailu elkarrekin konektatzeko balio du.
  • PS2 portuek (aspaldi honetan, hauen ordez USB portuak hedatzen ari dira) saguarekin eta teklatuarekin konektatzen dute.
  • USB portuak PC99 estandarrekoak ere ordezkatzen ari dira, audioko sarrera eta irteerak egiteko balio dute eta kolore-kode baten arabera aldatzen dira.
  • FireWire eta USB antz-antzekoak dira eta, areago, adituen iritziz, USB baino hobea baina, halaz ere, merkatu-politikek baztertu egin dute
  • VGA irteerak (analogikoa) monitorearekin konektatzen du. TFT monitoreekin konektatzeko DVI portuak balia daitezke (dena den, ez ordenagailu guztiek, ez pantaila guztiek daukate horrelakorik); hauek seinalea modu digitalean prozesatuz, bere kalitatea hobetzen dute.
  • S-Video: ordenagailuko irudia telebistan ikusteko.
  • Barne-modema, telefonoarekin lotzen dena. Geroz eta erabilera urriagokoa.

/imgs/20061201/img.nntt.02.jpg