Hiri berdearen bila
Hotsak, kutsadurak, desertizazioak edota aldaketa klimatikoaren inpaktuak probokaturiko arazoen erritmo berean haziz doaz hiriak. Joan den mendean ametsezko eredua zen baserri eta giro urbanoaren uztarpena proposatzen zuen lorategi-hiria baina hiritzarrak neurrigabe haziz joan dira, populazio-dentsitate eskergak eta gune natural eskas dituzte. Horrez gainera, arazo berri zenbaiti aurre egin behar diete: trafikoari, energiari, ur eskasiari, etab. Horregatik, lorategi-hiriaren kontzeptua egun ez da errealista, hiriak ostera asmatu behar dira, berdeago eta iraunkorrago izango badira.
Naturan integraturiko lorategi-hiri baten ametsa da Tapiola. Helsinkitik zortzi kilometrotara, 1953an taxutu zen Finlandiako hiri horrek 41.000 biztanle ditu, XX. mendearen hastapenetako lorategi-hiriaren ereduari jarraiki, eta gerriko berdeez bereizitako hainbat egoitza-gunek osatua dago. Gune edo sekzio horietako bakoitza, merkataritza-eta zerbitzu-gunearen inguruan biltzen diren hainbat herrixkatan antolatua dago; markatu gune horretatik abiatzen diren bide eta parkeetan barrena herrixketara goaz. Aipatu sekzio horien erdigunean “City” area dago eta bertan dautza erakundeen eraikinak, bulegoak eta komertzioak. Fabrika eta industriak, berriz, landarediz inguratutako aparteko zona batean daude (hotsa eta kutsadura murrizteko) baina aski gertu, bertaraino oinez iritsi ahal izateko. Nolanahi ere, Tapiola hori planetako hiritzarretan nagusitu den -eta, zorionez edo zoritxarrez, urbanizazio itsuan oinarritutako- errealitatetik arras urruti dago.
Hiri iraunkortasuna
Planeta osoko biztanleen erdiak (3.200 miloi lagun) hirietan bizi dira. Populazio horren parte bat, herrialde aberatsetan batik bat, txalet eta antzekoetan aurki daitekeen naturatik gertuagoko bizimodu bila dabil. Baina hori ez da aukera hobea: aditu guztien arabera, ekologikoki sostengaezinak dira: laguneko lurzoru asko-asko okupatzen dute, energi gastu handia egiten dute eta automobil partikularretan bakarrik mugi daitezke.
Hiri handia astintzen duen beste arazo latz bat kanpotiko menpekotasunari dagokiona da, baliabideez eta hondakinak osatzeko gaitasun eskergaz ari garela. Mendebaldean, milioi bat lagun bizi diren hiri batean egunero 2.000 tona elikagai, 625.000 tona ur eta 9.500 tona erregai sartzen da. Hondakinak, berriz, ez dira txikiagoak: 500.000 tona ur zikin, 950 tona aire-kutsadura eta 9.500 tona zabor.
Hiri berderako sendak, elkarrekin loturik dauden sei bidegurutze zeharkatuko ditu: ura, hondakinak, elikagaiak, energia, garraioa eta lurraldearen erabilera. Worldwatch Institute-k eginiko “Hiriak gizakientzat eta planetarentzat ostera asmatuz” txostenak bidegurutze horien kudeaketa hobetzeko ideia batzuk jorratu ditu. Hauek azpimarratu ditugu guk:
- Garraioa eta lurraldea Planifikazio integratuko eredu bat Curitiba (Brasil) hiria da: 1970 urtean hirigunetik hasi eta periferiaraino iritsiko ziren errepide zabal batzuk antolatu zituzten, horiexek izan zitezen zirkulazio bide nagusiak; tarteko zonak oinezkoentzat gorde ziren. Curitiban hiru lagunetik batek autoa daukan arren ibilbideen bi herenak garraio publikoan egiten dira; horrelakoei esker, 1974z geroztik trafikoa %30 jaitsi da
- Ura eta berdeguneak Erreka eta ibaiak eta bere bazterrak berezko egoeran iraunaraziz hobe zainduko dugu ur eskuragarritasuna eta uholdeak nozitzeko arriskua arindu egingo da. Natur ingurune gisa mantentzen badira (zementuz estali gabe, urbanizatu gabe, berezko landaredia kontserbatuz) populazioari natur parkea eta inguruko biodibertsitateari babestokia emango zaie.
Ugalduz doan populazioak agertzen duen beste arazo bat hondakin-urak prozesatzeko araztegi gehiago eraikitzeko premia da. Berdeguneak zaintzeaz gainera, hondakin-uren prozesatzeari erantzun eraginkorra emateko modu egokia hezeguneez baliatzea da. Ohiko lantegi industrialek baino lursail zabalagoak okupatzen badituzte ere, merkeago gertatzen zaizkigu, basa-produkzioari saihets egiten zaio horrela eta berdegunea eskaintzen digute. - Elikagaietan eta energian autonomia handiagoa Hiritarrak produkzio organikoaren alde geroz eta interes biziagoa agertzen du: hori saritu egin daiteke, hiritik gertuko baserriak bertan utziz gero. Japonia, Suitza eta Alemanian sortu zuten nekazaritza komunitarioak “agintzen” duenez, kontsumitzaileak nekazariari tasa antzeko bat ordaintzen dio, astero-astero barazki zorro bat jasotzearen truk. Baina hiri barnean ere egin daitezke ortuariak, patioetan, merkatuetako lorategietan edota orubeetan. Horrelaxe dio hiriko baratzeen aldeko kulturak, espainiar udal eta erakunde askotan ugaltzen hasia dena.
Energi autonomia handiagoa erdiets daiteke era askotako energi sistema deszentralizatuak baliatuz, hala nola eguzki panelak, berotasun geotermikoko instalazioak (lurpeko berotasuna eraikinera neguan eta eraikineko berotasuna lurpera udan eroaten dutenak), etab. Bestetik, ekoizten den energia horren parte handi bat ihesi doa eraikinetatik. Eraikinen inguruko berdeguneek berotasunari eta freskotasunari eusten laguntzen dute, energi aurrezkia areagotuz.
Hiriko Ingurune gaietako Akordioak 2005 urtean sinatu ziren. Hiri ingurunea hainbat eremutan hobetzea xede duten hogeita bat egintza betetzeko asmo-adierazpen hori aintzat hartuko da, “hiri berdeei” NBEen titulazio ofiziala (izar bakarretik lau izarreraino doana) entregatuko zaielako. Hona hemen hiritarrarengan eragin zuzena izango duten egintzetako bat:
/imgs/20061201/img.medioambiente.03.jpg 2015 urterako, hiritar bakoitzak gehienez ere kilometro erdira parke publiko bat edo atseden espazio ireki bat izango duela bermatzea.- 2012 urterako, hiriko energi kontsumoa %10ean murriztea.
- Birziklatze politika ezarri eta, 2040 urtea baino lehen, hondakinik ez izatera iristea.
- 2012 urterako, Ibilgailu indibidualen kopurua %10ean murriztea.
- 2012 urterako, alferrik xahutzen den ur kopurua %10ean murriztea, eraginiko komunitate guztiek esku hartuko duteneko birziklatze programak eta planifikazio sistemak martxan jarriz.
- Garraio publikoa zabaldu eta hobetzea, 2015 urterako hiritar bakoitzak gehienez ere kilometro erdira zerbitzu hori eskura izango duela bermaturik.