Bidezko Merkataritza

Denon mesedetarako kontsumo-plegua

Europar Batasunaren atze-atzealdean doa Espainia Bidezko Merkataritzako produktuen erosketan ere, baina elkartasunezko praktika hori zaleak bereganatuz doa
1 abendua de 2006

Denon mesedetarako kontsumo-plegua

/imgs/20061201/img.informe.01.jpg

Espainiako Bidezko Merkataritzak arrakastatsua bezain zokoratua dago. Arestiko estatistiken arabera, Espainian mila biztanleko 348 euro gastatzen dira horrelako produktuetan; kopuru hori Europar Batasuneko batez bestekoaren (2.318 euro, mila biztanleko) urruti dago, azpitik. Eskulanak, egur tailatua, kafeontziak, mantelak, diru-zoroak, zetazko zapiak, poltsak, nekazaritzako produktuak (kafea, txokolatea, marmelada…) gora datorren eskaintza komertzial solidarioaren osagaietako batzuk dira eta, gainera, Eguberrietako kontsumismoari bestelako adiera emateko aukera polita da. Era askotako produktuak dituzte hor, ez ohi dira garestiak eta dendetan, katalogo bidez telefonoz eta interneten daude salgai.

Ekoizleei Iparraldeko merkatuetarako zuzeneko sarbidea eta lanean ez ezik salmentan ere aritzeko berdintasun eta justiziazko baldintzak eskaintzen dizkien sistema martxan jarriz, Hegoaldeko herrialdeetatik pobrezia hein batez erauzteko modu eraginkorretako bat da Bidezko Merkataritza. Kontsumitzaileari, gainera, erosi duen produktua duintasunez ekoitzi dela bermatzen zaio. Helburu horietara iristeko produktuak nekazariei eta eskulangileek zuzenean erosten zaizkie, bitartekariak ezabatuz, eta ekoizleei ahaleginen araberako soldata justua ematen zaie.

Arestiko historia

Bidezko Merkataritza mugimendua Europan sortu zen joan den mendeko seigarren hamarkadan, 1964 urtean Genevan (Suitza) Merkataritza eta Garapenaz egin zen Nazio Batuen lehen Konferentziaren ostean. Herrialde txiroek aberatsenei bertako nekazaritza produktuen esportazioari ateak zabal ziezazkieten eta Ipar eta Hegoaldearen arteko merkataritza-desorekatik irteteko aukerak eskatzen zizkieten orduan.

Holandan ireki zen 1969an Bidezko Merkataritzako lehen denda Europan; bi urtean mundu zabalean 120 worldshops (munduko dendak) ziren. Harrezkero, Bidezko Merkataritzako establezimenduak Holanda, Alemania, Suitza, Austria, Frantzia, Suedia, Britainia Handia eta Belgikan barrena zabaldu dira.

Europan inauguratu eta handik ia 20 urtera, Bidezko Merkataritza Espainiara iritsi zen, EAEra, zehazki. Handik 10 urtera, 1996an, Bidezko Merkataritza Erakundeen Estatuko Koordinakundea sortu zen, horrelako produktuen salmenta sustatzeko xedez. Egun, koordinakunde horrek 34 erakunde eta 60 saltoki biltzen ditu herrialde nazionalean. Eskaintzen dituen produktuak era guztietakoak dira: ohiz kontsumitzen direnak, hala nola kafea, tea, txokolatea, azukrea, etc., eta beste zenbait espezialitate ere: eztia, marmelada tropikalak, espeziak, gailetak, fruitu lehorrak, likoreak, etab.

Bidezko Merkataritza zifratan

Bidezko Merkataritza zigiludun Nazioarteko Erakundeak (FLO) arestian emaniko datuen arabera, Bidezko Merkataritzako produktuen osoko salmentak 1.100 milioi eurokoak izan ziren 2005ean, hots, 2004 urtekoen aldean, %37 gehiago. Estatu espainiarrean Bidezko Merkataritza urteko %16,9 haziz etorri da azken bost urteotan, Setem Federazioko -Bidezko Merkataritza Espainian, 2006- urtekarian agertu denez. Datu horiek erakusten dutenez, Espainiako Bidezko Merkataritzak egiten dituen salmenten %80 lau erkidegotan banatzen dira: Katalunia (%35″5), Madril (%20″3), Galizia (%15″5%) eta Andaluzia (%9″3). Aurrerapenak aurrerapen, espainiarrek Bidezko Merkataritzan, mila biztanleko, 348 euro baizik ez du gastatzen: horixe da Europar Batasuneko kopuru txikiena -Europan egiten dira mundu zabaleko salmenta guztien %60 – 70 inguru-, aurretik Portugal bakarrik duela (36 euro). Horrelako produktuak dituzten dendez ari garela ere, Europan ditugun auzoekiko aldeak nabarmenak dira: Espainian 80 denda daude eta Holandan, adibidez, 400 baino gehiago.

Orainaldi, lehenaldi eta geroaldia

/imgs/20061201/img.informe.02.jpg

2000 eta 2003 urteetan, Espainian kontsumitu ziren Bidezko Merkataritzako produktuak Afrika, Asia, Amerikako Erdialde eta Hegoaldeko 34 herrialdetatik iristen ziren. 2004-2005 biurtekoan, berriz, inportazio-zirkuitua aldatu egin da, beste herrialde batzuk (zortzi, guztira) ere sartu direlako esportazio-mundu horretan.

Gure zaletasunez ari garela, Bidezko Merkataritzaren eskulangintzak Espainian 3,9 milioi euro saldu zituen 2000n eta 2,5 milioi euro elikagaietan, Setem-ek eginiko txostenaren arabera. Bost urtekoan, ostera, zifrak alderanzturik, 2005ean elikagaietan 9,3 milioi euro gastatu dira, eskulangintzazko produktuetan baino bi aldiz gehiago. Bistan denez, elikagaiak dira Bidezko Merkataritzako egiazko protagonistak (salmenta guztien %62). Etorkizunera begira, Bidezko Merkataritzako arduradunek Espainian hainbat produktu berri jalgitzea aurreikusi dute: fruta zukuak, arroz eta ziza liofilizatuak, eta Europan oso ezagunak ez diren laboreak, hala nola kinoa: Boliviatik inportatzen den proteina-iturri oparo hori egun ile galera geldiarazteko baliatzen da.

Laguntzaren ordez, merkataritza

Ekoizle gehienek beren produkzioaren zati txiki bat baizik ez diote saltzen Bidezko Merkataritzari; gainerakoa merkatu konbentzionalean banatzen da. Dena den, zati bat -txikia izanagatik ere- prezio hobe batean ordaintze hutsak maiz domino efektua izaten du produkzioaren gainerakoan. Bidezko Merkataritzako erakundeek prezio onean erositako parteak baliagarri diren produktuen bolumena murriztu eta bitartekariak, erosi nahi dituzten kopuruak eskuratu ahal izateko, prezio altuagoak eskain ditzaten behartuak ikusten dira. Ekoizle askorentzat, nolanahi ere, Bidezko Merkataritzaren alderdi behinena ez da prezio justua, Bidezko Merkataritzako erakundeek bermatzen dieten aurre-finantzaketa baizik. Abantaila hori funtsezkoa da ekoizle txikientzat: era horretan ekoizteko beharrezkoak diren gai eta lanabesak erosteaz gainera, uzta egin arte bizirik iraun ahal izango du, zekenen merkatura jo beharrik izan gabe eta zorpetzearen gurpil eroan sartu gabe.

Bidezko Merkataritza bilbeko protagonistak
  • Ekoizleak. Nornahi izan daiteke: familiak, kooperatiba txikiak, emakume aldeak, elbarrituen lantegi edo kooperatibak, eta ekoizle-talde txikiak biltzen dituzten tamaina handiagoko enpresak. Gehienbat, Latinoamerika, Afrika eta Asiako eskualderik txiroenetako populazio-taldeak badira ere, horrelako merkatuetan Iparraldeko populazio-sektore zigortuek ekoitzitako produktuak geroz eta maizago topatzen dira.
  • Inportatzaileak. Ekoizleei duintasunez bizitzea ez ezik, hezkuntzarako eta garapen ekonomiko eta sozialerako ateak zabalduko dien hitzarturiko prezioa ordaintzen dute. Bestela ere lagun ditzakete ekoizleak inportatzaileek: ekoizpena aurretiaz finantzatuz, produktuen hobekuntza alorrean aholkularitza emanez, teknika eta kudeaketa alorretan lagunduz, besteak beste. Produktuen jatorria bermatzen dute eta merkataritza-harremanetan irizpide etikoak tartekatzeko premia errebindikatzea xede duten sentsibilizazio kanpinetan parte hartzen dute.
  • Dendak. Saltoki izateaz gainera, Bidezko Merkataritzaren printzipioei dagokien sentsibilizazio- eta hedapen-lanetan dihardute, honelako merkataritzak ateratzen dituen etekinak ekoizleentzat izan daitezen bereziki zainduz.
  • Bezeroa. Bidezko Merkataritza posible bihurtzen duen azken kate-begia da. Kontsumo arduratsuari esker ekoizle-komunitateen bizi baldintzak hobetu eta ingurugiroa errespetatzeaz gainera, merkatu konbentzionalean bidegabekeriazko neurriak eraldatzeko presioa ere eragiten da.
  • Nazioarteko erakundeak eta hirugarren sektorea. Horien helburua Bidezko Merkataritzaren irizpideak bete daitezen bermatzea eta garapena sustatzea da; horretarako, merkataritza zikloko eragileei ikuskaritzak egiten zaizkie.

Bidezko Merkataritzaren printzipioak

Printzipioak:
  • Duintasunezko soldatak eta lan baldintzak. Hegoaldeko langileak jasotzen duen soldata urriak pobreziaren esklabutzan kateatzen du.
  • Umerik ez ustiatzea. Hegoaldeko herrialde askotan haurrak heldu gisa dabiltza lanean. Jornalariei seme-alabek laguntzen diete, diru-sarrerak ugaltzeko. Etorkizun hobea bermatuko dien eskolarik gabe, ordu gehiegi sartzen dituzte lanean eta osasun gabeko baldintzetan bizi dira, gaixotasunean amiltzeko arriskuan noiznahi. Horiez gainera, lanagatik gutxiago kobratzen dute eta ondorio fisiko eta psikikoak uzten dizkieten trastornoak nozitzen dituzte maiz.
  • Gizaseme eta emakumeen arteko berdintasuna. Eskuarki, lan berbera egitearren, emakumeak gizonezkoak baino gutxiago kobratu ohi du. Erabateko pobrezian bizi diren pertsonen %70 emakumeak dira. Emazteek jasotzen duten ordaina eta gizartean betetzen duten eginkizunaren artean berebiziko aldea dago.
  • Eskubide laboralak. Hegoamerika eta Afrikako herrialde askotan langileburuek arma daramate; aldian aldiko langileak aterpe prekarioetan bizi dira elkar gainka metaturik; gaixotasun edo istripuak prebenitzeko osasun-estaldurarik ez dago; sindikatu edo erakundetan afiliatzea debekatzen dute legeek eta, onartzen badute, aktibisten jazarpenean dihardute sikarioek.
  • Epe luzerako harreman komertziala. Jarraipena bermatzen zaio ekoizleari.
  • Aurretiazko finantzazioa. Produktuaren parte bat (%60rainokoa) aurrez ordaintzen zaie.
  • Ekoizleak atera dituen mozkinen parte bat bere komunitatearen garapenera bideratzen du.
  • Ingurugiroaren aurreko errespetua. Natur baliabideen gehiegizko ustiakuntzak Hegoaldeko herrialdeen garapena arriskutan ipintzen du. Aspaldi honetan sailetan ongarri eta pestiziden erabilera biziki areagotu da. Hirugarren Munduko herrialdeetan urtero 400.000 tona pestizida (horietako asko, Iparraldeko herrialdeetan debekatuak) baliatzen omen dira, inongo kontrolik gabe. Epe laburrera izurriteak desagertzen badituzte ere, produktu horiek gizakiaren larruazalean eta arnas bideetan eragina izaten dute, lurzoruen endekapena eta ingurunearen kutsadura eragiten dute eta, ondorioz, laboreak murriztu egiten dira gerora. Produktu kimikorik gabeko kafe-ekoizpen batek urteko eta hektareako 10.000 edo 20.000 pezeta aurreztuko luke, lurren oparotasuna urriagoa balitz ere.

Iturria: Intermón Oxfam

Bidezko Merkataritza zigiluduna

/imgs/20061201/img.informe.04.jpg

Espainian merkatu solidarioko produktu gutxi saldu izan denez, duela bi urte Bidezko Merkataritzaren Estaturako Koordinakundeak Bidezko Merkataritza Produktuak Zigiluaren Elkartea sortzea bultzatu zuen. Erakunde horren helburua, horrelako produktuak bai supermerkatuetan, baita Munduko Denda izenekoetan ere saltzeko aukera lortzea izan zen; horretarako, Bidezko Merkataritzako produktuak eta produktu konbentzionalak Bidezko Merkataritza Zigiluaren bitartez bereiziko lirateke, kontsumitzaileari ere berma zekion nazioartean Bidezko Merkataritzak onarturiko irizpideak (lan baldintza eta soldata duinak, gizonezko eta emakumeen arteko berdintasuna, haurrik ez ustiatzea, ingurugiroa errespetatzea, epe luzerako harreman komertzialak, ekoizpenaren zati bat aurretiaz ordaintzea eta kalitatea zaintzea, alegia) betetzen dituztela produktu horiek.

Elkarteak, Nazioarteko Federazioan (Ipar Amerika, Europa, Australia, Zeelanda Berria eta Japoniako beste 19 herrialdetan ere dabiltza egun) biltzen diren antzeko beste erakunde batzuekin elkarlanean jardungo du. Federazioaren arabera, Fairtrade Zigilua duten hemeretzi herrialde horietan (Espainia kanpo) Bidezko Merkataritzako produktuak eskaintzen dituzte 100.000 hotel, jatetxe eta establezimenduk. Izan ere, 2004 urtean merkataritza honek ia 1.000 milioi euro fakturatu zituen, hots, 2003 urtean baino %43 gehiago.

Duela bi urte, ordea, Koordinakundeko kide diren erakundeen artean FLO (Nazioarteko Federazioarena) zigilua onartzeaz sortu zen eztabaidak bertako kontsentsua hautsi zuen eta, 2006 honetako otsailean, Bidezko Merkataritzaren aldeko Espazioaren sorrera ondorioztatu du: plataforma horrek bere baitan sektoreko eta ONG inportatzaileek osaturiko hogeita hamar bat denda biltzen ditu.