Lanbide baten gainbehera
Gredos-en ez dago mandazainik. Lanbide baten azken gainbeheraren testigantza dira irudi hauek. Eroritako enborrak, inoiz tona batetik gorako arbola tantaiak, bide bazterretik kentzeko xedez malkar erpinetatik gora gizaseme mardulak eta abereak eroaten zituen ogibide latz honek. Mandoen tokia makinak bete du orain eta aurrerakuntza bide bazter horretatik ikusten du mandazainak, goibel. Mandoa eta gizakia gorago eta urrunago iristen ziren basoko pistetan barrena, baina makinaren abiadarekin ezin lehiaturik, amore eman behar izan dute. Atzo bai, atzo egur enkanteraino heldu behar… Hura bai ogibide latza, folkloretatik urruti!
Goiztiria mendian. Behe lainoa azpian. Egunsentiko brisa epelak bero errea iragartzen du. Mandoak uztarpean sartzeko zain, artega. Behinola harkaitzetan taxuturiko bidezidor latzetatik eramango ditu nagusiak. Esanekoa da aberea, mardula, baina zerikusirik ez du dagoeneko suntsituak diren Vall d’Aran-eko haiekin. Leon-en ere, San Andres ferian ere, ez dira aurkitzen halakoak. Egun Espainian mandorik bada, Rocio erromeriara doazen karroei tira behar dutelako bizi dira. Bestela, argazkietako kontua ziren.
Mendilerroaren goialdera heldu behar da, lepoa gibelean utzirik, granitozko sabel hanpatu horietara igotzeko: bertan dautza euriak, haizeak eta urteek eraitsitako enborrak. Usteltzen hasita, sutarako bakarrik balio izan aurretik iritsi behar. Ez da lantegi erraza, ordea, hemen aritzea. Behe aldeko zura eta bide bazterrekoa makinak eraman du. Aise biltzen dena.
Labar eta amildegia nonahi, mandazainak enborra aukeratu eta uztarriko kateei erantsi die. Tantai batzuk zazpi metrotik gorakoak dira baina, nagusiak akuilaturik, bideraino ateratzeko ahaleginetan dihardu mandoak. Eta berriro, eta ostera ere bai, tokia garbitu arte. Mandazain zaharrak gogoan du: behera iristeko lehiarik ez zen garaietan pinua zuritu eta azala bertan uzten zen, lurraren mesedetarako.
Goitik beherako pendiz malkartsuan mandoak poliki ibili behar du, amilduko ez bada: aurrerabidea galarazten dien karga galanta eta beherantz bultzatzen duen inertzia orekatu behar dira. Jardunez ikasten da teknika. Aitak semeari pasatu dio ogibide honetako altxorra belaunalditan. Goizean goiz, orga kargatu eta mendi aldera abiatzean, etxeko txikienek ere ez zuten galderarik egiten. So zeuden, aurki ikasi beharko zuten lanbidera.
Egun osoan hamar enbor. Orgaren parteaz traktoreak darama orain karga enkante-tokiraino. Merkatu prezioari egokitu behar zaio zur hau ere. Gizaki eta abereen ahaleginez, jakituriaz, ingurugiroarekiko errespetuz atera izanak; egurra hor izateak gailurra garbi egongo dela, suterik izango ez dela eta lurra saneatuko dela bermatzeak. Alferrikako ahalegina da.
Mandazainik ez dago Gredos-en dagoeneko. Ogibideak ez du balio ogia ekartzeko. Agur esan die mandoei. Eta gailurrei. Eta egurketarako goiztiriei. Behinolako testigantza dira irudi hauek. Hor ez da folklorerik. Mandazainena lana zen, latza zen.